AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia

1

Unibertsalki baieztatzen da orain parlamentarismoaren auzia ez dela printzipioen auzia, soilik taktikoa baizik. Bere egiazkotasuna zalantza ezina izan arren, tesi honek badu, hala ere, argitasun falta alderdi desberdinetan. Tesi hori ia esklusiboki parlamentarismoa -praktikoki- babesten dutenek soilik sostengatzen dutela albo batera utzita, eta, horregatik, formulazioak ia beti parlamentarismoaren aldeko posizioa hartzea esan nahi duela, auzi bat printzipiozkoa ez denaren egiaztapenarekin, taktikoa baizik, egiazki oso gutxi esan da. Bereziki – benetako epistemologia sozialista baten gabeziaren ondorioz- auzi taktiko bat eta printzipioen arteko erlazioa oraindik argitua izan ez delako.

Arazo honi ezta aipamen gisa heldu gabe, beharrezkoa da azpimarratzea, hala ere, hurrengoa. Taktikak forma teorikoan zehaztutako printzipioen aplikazio praktikoa esan nahi du. Taktika, ondorioz, helburu baten postulazioa eta berehalakoan emandako errealitatearen arteko lotura  da. Bi perspektibatik determinatua aurkitzen da, bada. Alde batetik, komunismoak modu apelaezinean determinatutako helburuen printzipio eta postulazioen bitartez. Bestetik, etengabe aldatzen ari den errealitate historikoaren bitartez. Sarri taktika komunistaren harikortasun handiaz hitz egin bada ere (behintzat taktika horren nolakotasunari dagokionez), ez da ahaztu behar, tesi hori zuzen ulertzeko, taktika komunistaren  zurruntasun falta komunismoaren printzipioen zurruntasun faltaren ondorio zuzena dela. Soilik aldaezinak diren komunismoaren printzipioak etengabe aldatzen ari den errealitate historikoa modu bizi eta probetxuzko batetan aldatzera deituta daudelako ahal dute printzipio horiek malgutasun hori kontserbatu.  Realpolitik” oro, printzipiorik gabeko ekintza oro, zurruna eta eskematikoa bilakatzen da; are zurrun eta eskematikoagoa printzipiorik gabeko izaera hori gero eta gogorrago azpimarratzen denean (adibidez, alemaniar politika inperialista).  Izan ere, aldaketan irauten duena, oparotasunean erabakigarria dena, ezin da inongo “Realpolitik”-ak ezabatua izan.  Funtzio hori ez bada ekintzetan probetxuz eragiteko, eta hauei esker probetxuzkoa bilakatzeko, baldintzetan dagoen teoria batengatik bereganatua, agertu behar dira, teoria horren ordez, ohitura, eskema, errutina, eta teoria da, orduan, uneko eskakizunei moldatzeko ezgai. Preseski teorian, printzipioetan, ainguratze honengatik, taktika komunista “Realpolitik”-ean oinarritutako taktika orotik desberdintzen da, izan hau orientazio burgesekoa edo sozialdemokrata-burges txikikoa. Bada, Alderdi Komunistarentzat auzi bat auzi taktiko gisa determinatuta aurkitzen bada, galdetu behar da: lehena, zein printzipioen araberakoa da auzi taktiko hori?; bigarrena, zein egoera historikori aplikatu ahal zaio taktika hori, dependentzia horren arabera?; hirugarrena, zein motatakoa izan behar da taktika, berriz dependentzia horren arabera?; laugarrena, nola ulertu behar da auzi taktiko indibidualak beste auzi taktiko indibidualekin duen lotura berriz, auzi taktiko horiek printzipioen auziarekin duen loturaren arabera?


 2

Parlamentarismoa komunismoaren auzi taktiko gisa zehaztasun handiagoz determinatzeko helburuarekin, beti abiatu behar da, alde batetik, klase borrokaren printzipiotik; bestetik, uneko egoeraren analisi zehatzetik, elkar aurkakotutako klaseen arteko erlazio material eta ideologiko zehatzetik. Hemendik bi galdera erabakigarri ondorioztatzen dira. Lehena: noiz hartzen da kontutan parlamentarismoa arma gisa, proletalgoaren bitarteko taktiko gisa? Bigarrena: nola erabili behar da arma hau proletalgoaren klase borrokaren mesedetara?

Proletalgoaren klase borrokak, bere esentziaren arabera, gizarte burgesa ukatzen du. Honek ez dakar Marxek justifikazio osoz irrigarri utzitako Estatuarekiko axolagabekeria, kontrara, gizarte burgesak bere helburuetarako eraiki dituen forma eta bitartekoetara lotuko ez dituen borroka modu bat baizik borroka modu bat non iniziatiba ez den inondik inora ere proletalgoaren aldean aurkitzen. Hori bai, ez da ahaztu behar proletalgoaren klase borrokaren forma guztiz puru hau inoiz edo behin soilik garatu daitekeela purutasunez. Bereziki, proletalgoa, bere misio historiko-filosofikoaren arabera, gizarte burgesaren izatearekin etengabe borrokan egon arren, egoera historiko jakinetan, sarritan, burgesiaren aurrean defentsibara aurkitzen delako. Proletalgoaren klase borrokaren ideia kapitalismoaren aurkako ofentsiba handia da; historiak ofentsiba hau proletalgoari inposatua izango balitzaio bezala azaleratzen du. Kasu bakoitzean proletalgoaren egoera taktikoa modu sinpleenean deskribatua izan daiteke, ondorioz, bere izaera ofentsiboa edo defentsiboaren arabera. Esandakotik espontaneoki deduzitzen da egoera defentsiboetan proletalgoaren klase borrokaren ideia bere esentzia sakonenean ezeztatzen duten bitarteko taktikoak erabili behar direla. Benetan beharrezkoa den bitarteko horien erabilera beti aurkitzen da lotuta, horregatik, bitarteko horien erabilpenaren helburuak arriskuan jartzearekin hots, proletalgoaren klase borroka.

Parlamentua, burgesiaren tresna bereizgarriena, proletalgoaren arma defentsiboa izan daiteke soilik, bada. “Noiz” aplikatu behar den zalantza espontaneoki ebazten da, beraz: klase borrokaren fase bat non proletalgoari ezinezko egiten zaion —izan kanpo indarren ondorioz, izan bere heldutasun ideologiko ezaren ondorioz— burgesiari eraso bitarteko propioekin borrokatzea. Aktibitate parlamentarioan parte hartzeak adierazten du, beraz, alderdi komunista ororentzat, iraultza epe motzean pentsaezina denaren kontzientzia eta onarpena. Defentsibara moldatutako proletalgoak tribuna parlamentarioa propaganda eta agitazio helburuekin erabili dezake, orduan; parlamentuko kideei burgesiaren “askatasunak” ziurtatzen dien aukerak aplikatu ahal ditu, beste modu batera debekatuak dituen adierazpen formen suzedaneo gisa; borroka parlamentarioak baliatu ditzake burgesiaren aurka bere indarrak kontzentratzeko, burgesiaren aurkako borroka erreala, benetakoa, prestatzeko. Berez ulertzen da horrelako fase batek, aldizka, luze iraun dezakeela; baina ez du aldatzen alderdi komunista batentzat aktibitate parlamentarioa inoiz ezin dela izan benetako borrokarako prestaketa besterik.


3

Taktika parlamentarioa zein momentutan aplikatu daitekeen determinatzea baino zailagoa da frakzio komunista bat parlamentuan nola gidatu behar den adieraztea. (Auzi biak estuki erlazionatzen dira, osterantzean). Ia beti Karl Liebknecht2 eta Dumako frakzio boltxebikearen kasuak aipatzen dira. Bi adibideek erakusten dute, ordea, zein zaila egiten zaien komunistei jokaera parlamentario zuzena aurkitzea; zein aparteko gaitasunak eskatzen dizkien legegile komunistei. Zailtasuna laburki sintetizatu daiteke modu honetan: legegile komunistak parlamentuaren barnetik borrokatu behar du parlamentuaren aurka; eta, gainera, burgesiaren terrenoan, parlamentarismoan, une bakarrean ere kokatzen ez den taktikaren bitartez. Ez gara hemen parlamentarismoaren aurkako “protestaz” ezta honen aurka “eztabaidetan” ematen den “borrokaz” ari (hau dena parlamentarista eta legalista da, fraseologia iraultzaile hutsa da), parlamentarismoa, burgesiaren hegemonia parlamentuan, ekintzaren bitartez borrokatzeaz baizik.

Ekintza iraultzaile horrek proletalgoaren defentsibatik ofentsibarako igarotzea ideologikoki prestatzea besterik ezin du egin; hau da, ekintza horren bitartez burgesia eta, berarekin batera, bere konplize sozialdemokratak klase diktadura diktaduraren beraren biziraupena arriskuan jar dezakeen modu batetan azaleratzera behartuta ikusten dira. Parlamentuan burgesia agerian uztera bideratutako taktika komunistan, ez da hitzen bidezko kritika egitea bilatzen (hau izan daiteke, kasu askotan, burgesiak onartutako hitzontzikeria iraultzailea), burgesia probokatzea baizik, hau, une jakinean, kaltegarriak izan ahal zaizkion ekintzen bidez agerian gera dadin. Parlamentarismoa proletalgoaren taktika defentsiboa denez, beharrezkoa da, hala ere, defentsiba antolatzea iniziatiba taktikoa proletalgoaren eskuetan gera dadin eta burgesiaren erasoak honentzat kaltegarri izan daitezen3.

Oso laburki eta orokorrean garatutako esposizio honek taktika honen zailtasun handiak argitasun nahikoz erakuts ditzan espero dugu. Ia salbuespenik gabe talde parlamentarioek aurkitzen duten lehenengo zailtasuna parlamentuaren barnean parlamentarismoa benetan gainditzea da. Izan ere, klase agintariaren ekintza baten kritika zorrotzenak hitz hutsa izaten jarraitzen du, hitzontzikeria iraultzaile hutsa, parlamentuaren markoa gainditzen ez badu; ez badu ondorio gisa klase borroka preseski une horretan piztea; klase antagonismoak modu agerikoago batetan adieraztea eta, horregatik, proletalgoaren ideologia forma bizkortu batetan azaleratzea. Oportunismoak —taktika parlamentarioaren arrisku handia— hemen aurkitzen ditu preseski bere azkeneko fundamentuak: parlamentua esentzian eta efektuetan gainditzen ez duen aktibitate parlamentario orok ez du ezta marko parlamentarioa gainditzeko joerarik. Aldi berean, marko horren barnean hedatzen den kritika zorrotzenak ezin du aldaketa txikiena ere eragin. Kontrara. Preseski parlamentuaren markoan gizarte burgesaren kritika zorrotz bat posible dela ematen duelako, horrek burgesiak bilatutako klase proletarioaren kontzientziaren nahasmenean lagunduko du. Demokrazia parlamentario burgesaren fikzioa parlamentua klase zapalkuntzako organo gisa ez agertzean datza, “herri osoaren” organo gisa baizik. Hitzezko erradikaltasun orok —parlamentuaren barnean posible delako— oraindik iratzarri ez diren kapen ilusioak indartzen dituen neurrian, oportunista eta mespretxagarria da.

Parlamentua, beraz, parlamentu gisa saboteatua izan behar da; aktibitate parlamentarioa parlamentarismotik haratago eraman behar da. Baina komunisten ordezkaritza parlamentarioak tamaina zeregina hartzen duenean, lan hori arriskuan jartzeko gai den beste zailtasun taktikoa agertzen da, oportunismoaren arriskua gainditu dela ematen duenean ere. Arriskua da, nahiz eta frakzio parlamentario komunistak esfortzu guztiak egin, iniziatiba eta, ondorioz, nagusitasun taktikoa, ordea, burgesiaren eskuetan jarraitzea. Izan ere, nagusitasun taktikoa borrokan dauden aurkarietako batek besteari mesedegarriagoak zaizkion borroka baldintzak inposatzeko gaitasunak determinatzen du. Jada azpimarratu da parlamentarismoari zedarritze orok burgesiaren garaipen taktikoa adierazten duela; kasu askotan, proletalgoa aukera honen aurrean aurkitzen da: edo borroka erabakigarritik banatzen da (parlamentarismora zedarritzen da: oportunismoaren arriskua), edo parlamentarismotik haratago doa, masak apelatuz burgesiari maniobra hori aldekoa zaion unean. Auzi honen izaera konponezinaren adibide argiena italiar proletalgoaren gaur egungo egoerak eskaintzen du4. Hauteskundeek -bandera komunistaren menpe, “agitazio” eskuzabal gisa, modu ireki batetan bultzatuak izan zirenak- Alderdiari mandatu kopuru handia eman dizkiote. Eta orain zer? Edo parlamentuaren “lan positiboan” parte hartu, Turati eta bereek nahi duten bezala, oportunismoaren garaipena ondorio duena, mugimendu iraultzailearen ahultzea. Edo parlamentua modu ireki batetan saboteatu, zeinak, goiz edo berandu, burgesiarekin konfrontazio zuzenera eramango duen, proletalgoa konfrontazioa noiz gertatuko den aukeratzeko baldintzetan egon gabe. Ez dadila gaizki ulertu: ez gara iraultza zein unetan gertatuko den erabakitzea posible dela uste duen aurresuposiziotik abiatzen; kontrara, eztanda iraultzaileak masen ekintza espontaneoak direla uste dugu, non alderdiari helburuaren kontzientzia pizteko eta norabidea zehazteko funtzioa dagokion. Baina konfrontazioaren jatorria parlamentuan dagoenez, espontaneitate hori arriskuan aurkitzen da. Ekintza parlamentarioa adierazpen hutsean bilakatzen da (zeinaren ondorioak, luzera begira, masak akitu eta lokartzen dituen) edo burgesiaren partetik probokazio arrakastatsuak eragiten ditu. Italiar frakzioa -azken aukera horren beldur-, ezegonkor, adierazpen hutsak eta fraseologia iraultzailearen oportunismo sotilaren artean kulunkatzen da. (Gainera, metodo akats taktiko hauekin batera egin dira, baita ere, nolabait esatearren, edukizko akats taktikoak; adibidez, errepublikaren aldeko manifestazio burges txikia).



 4

Adibide horretan proletalgoarentzat “hauteskunde-garaipenak” izan dezakeen arriskuaren irakaspena argitasun osoz azaleratzen da. Izan ere arrisku handiena, italiar alderdiarentzat, bere aktibitate parlamentarioak parlamentuaren suntsiketara eraman dezakeela da…; italiar proletalgoak oraindik borroka erabakigarrirako beharrezkoa den ideologia eta antolakuntza, heldutasuna ez badu ere. Hauteskunde-garaipena eta prestaketa faltaren arteko kontraesanak parlamentarismoan proletalgoaren “desfile militar” modukoa ikusten duen parlamentarismoaren aldeko argumentuaren balio eza argiztatzen du. Irabazitako “botoek” benetako komunistak adieraziko balituzte, kezka horiek baliogabeak lirateke eta jada heldutasun ideologikoa existituko litzateke.

Honen bitartez azaleratzen da, ere, hauteskunde agitazioa ez dela arriskuetatik kanpo aurkitzen, nahiz eta bitarteko propagandistiko soila izan. Alderdi Komunistaren propaganda masa proletarioen klase kontzientzia pizteko baliagarria izan behar da, masa horiek klase borrokara bultzatzeko. Bada, proletalgoaren barneko desberdintze prozesua, ahal den neurrian, bizkortzera bideratu behar da. Soilik modu horretan lortuko da, alde batetik, proletalgoaren nukleo kontziente eta irmoa (Alderdi Komunista) kuantitatibo eta kualitatiboki garatzea; bestetik, alderdiak, ekintza iraultzailearen bitartez, kapa erdikontzienteak gidatu eta beraien egoeraz kontzientzia iraultzailea hartzera eramatea. Izan ere, ez da soilik botoen harrapaketa ekintza bat ez dela, zerbait okerragoa baizik: itxurazko ekintza da, ekintza baten ilusioa; horregatik ez du kontzientzia pizten, baizik eta, kontrara, nahastu. Itxuraz handia den armada osatzen da, serioski eutsi behar den unean guztiz huts egiten duena (alemaniar sozialdemokrazia 1914ko abuztuan).

Egoera ezinbestean alderdi parlamentarioen berezko forma burgesetik eratortzen da. Gizarte burgesaren antolakuntza orotan gertatzen den bezala, alderdi burgesen azkeneko helburua, nahiz eta gutxitan kontzientea, klase kontzientzia iluntzea da. Desagertzera kondenatutako biztanleriaren gutxiengoa den neurrian, burgesiak bere menderakuntza bere lerrotan ideologikoki zalantzakorrak eta nahasiak diren sektoreak lerratuz bermatu dezake soilik. Alderdi parlamentario burgesa, ondorioz, klase interes anitzen emaitza da (gainera, kapitalismoaren ikuspuntutik, konpromisoa beti errealki dena baino handiagoa da). Baina proletalgoari alderdi egitura hau hauteskunde borrokan parte hartzen duen gehienetan gailentzen zaio. Ezinbestean ahalik eta “garaipen” handiena lortzeko lan egiten duen hauteskunde-mekanismo ororen bizitza autonomoak, kontsignak “jarraitzaileak” erakartzera bideratzen ditu. Baita hau gertatu ez zenean edo, gutxienez, kontzienteki izan ez zenean, aukeraketaren teknika orok “zaletuen” erakartzea inplikatzen du; honek ziurtasuna eta ekintzaren arteko banaketaren eta, modu horretan, burgesterako, oportunismorako, joera ekoiztearen arrisku latza ezkutatzen du. Alderdi komunisten obra hezitzailea, nahasi eta zalantzakor agertzen diren proletalgoaren taldeen gaineko efektua, haiengan limurtze iraultzailea ekintza iraultzailearen adibidearen bitartez finkatzen duenean soilik bilakatu daiteke egiazki emankorra. Hauteskunde-kanpaina orok -bere izaera burgesarekin bat- norabide guztiz kontrajarria erakusten du, kasu urritan soilik gainditu daitekeena errealki. Alderdi italiarra arrisku horretan erori da, ere. Eskumako hegalak Hirugarren Internazionalera afiliatzeko aukera aztertzen ari zen, kontseiluen errepublika baten aldarrikapena, hauteskunde-kontsigna soil gisa. Desberdintze prozesua, ekintza komunista bidezko masen benetako konkista, beraz, beranduago has daiteke soilik (egiazki, baldintza aproposagoen menpe). Ekintzarekin erlazio zuzenean ez aurkitzeagatik, hauteskunde-kontsignek kontraesanak borratzeko, elkarrengandik urruntzen diren orientazioak ukatzeko, joera miragarria erakusten dute; preseski klase borrokaren egungo egoeran oso arriskutsuak diren ezaugarriak, bilatzen dena proletalgoaren benetako batasun aktiboa denean, eta ez alderdi zaharren arteko itxurazko batasuna.

 

5

Parlamentuko ekintza komunista baterako zailtasun ia gaindiezinen artean alderdiaren barnean talde parlamentarioak daukan independentzia, eta baita logika autonomoa, aurkitzen da. Nabarmena da -nahiz eta hemen zehaztasun handiagoz ezin analizatu- honek alderdi burgesentzat abantaila adierazten duela5 . Baina burgesiarentzat onuragarria dena, arriskutsua da, ia salbuespenik gabe, proletalgoarentzat. Honela, kasu honetan ere, non, lehenago adierazitako taktika parlamentarioaren arriskuen ondorioz, hauek soilik saihestu daitezke, arrakasta aukeraren batekin, aktibitate parlamentarioa, bere dimentsio osoan eta baldintzarik gabe, parlamentu kanpoko gidaritza zentralera azpiratua aurkitzen denean. Honek plano teorikoan bistakoa ematen du, baina esperientziak alderdia eta frakzio parlamentarioaren arteko erlazioa ia salbuespenik gabe inbertitzen dela erakusten digu, eta alderdia frakzio parlamentarioagatik arrastatua izaten da. Honela, adibidez, Liebknecht-en kasuan, guda garaian, berak Reichstag-eko frakzioaren aurrean alderdiaren programaren izaera loteslea aipatu zuenean (alferrik jakina)6.


Frakzio parlamentarioa eta alderdiaren arteko erlazioa baino are zailagoa da lehena eta langile kontseiluaren artean existitzen dena. Galdera modu teorikoki zuzen batetan formulatzeko zailtasunak proletalgoaren klase borrokan parlamentarismoak duen izaera problematikoa azaleratzen du berriz. Langile kontseiluek, proletalgo osoaren antolakundeak diren heinean (kontzientea nola inkontzientearenak), bere existentzia sinplearen bitartez, gizarte burgesetik haratago seinalatzen dute. Bere esentziari dagokionez, proletalgoaren hedapenaren, ekintza gaitasunaren eta boterearen antolakunde iraultzaileak dira; hori diren heinean, iraultzaren garapenaren benetako termometroak dira. Langile kontseilutan garatu eta lortzen den oro erresistentzia burgesari kendutakoa da eta, horregatik, ez da baliagarria emaitza gisa, guztiaren aurretik klase kontzientziadun ekintzarako tresna hezitzaile gisa baizik. Langile kontseiluak “konstituzioan” “ainguratzeko” ahaleginek, ekintza esparru determinatu bat ziurtatzeko, “ergelkeria parlamentarioaren” puntu gorena adierazten dute, beraz. Legalitateak langile kontseilua hiltzen du. Proletalgo iraultzailearen antolakunde ofentsiboa den heinean, langile kontseilua gizarte burgesaren existentzia arriskuan jartzen duen neurrian existitzen da soilik, gizarte horren suntsiketa eta, berarekin, gizarte proletarioaren eraikuntza pausoz pauso borrokatu eta antolatzen duen neurrian.  Legalitate orok -hau da, konpetentzia muga zehatzekin, gizarte burgesera adaptazioa- kontseiluen existentzia itxurazko existentzian bilakatzen du: langile kontseilua eztabaiden kluba, batzorde eta parlamentuaren karikaturaren arteko konbinazioan bilakatzen da.


Batera existitu ahal daitezke, bada, langile kontseilua eta frakzio parlamentarioa proletalgoaren arma taktiko gisa? Erraza izango litzateke, lehenengoaren izaera ofentsibotik eta bigarrenaren defentsibotik, osagarritasun erlazio bat deduzitzea.7 Adiskidetzeko ahalegin horiek ahazten dute, hala ere, ofentsiba eta defentsiba, klase borrokan, kontzeptu dialektikoak direla, zeinetako bakoitzak ekintza mundu oso bat konprenitzen duen (hau da, bi kasutan: maniobra ofentsibo eta defentsibo indibidualak), eta solik aplikatu daitekeen klase borrokaren fase determinatu batetan, zeinaren ondoren bestea aplikatu behar den. Bi faseen arteko aldea modu laburrenean determinatua izan daiteke eta, era berean, argiago, tratatzen ari garen auziarekin erlazionatuta, honela: proletalgoa defentsibara aurkitzen da kapitalismoaren disoluzio prozesua hasi ez den bitartean. Behin eboluzio ekonomikoaren fase hau hasi dela -eraldaketa hori kontzientea bihurtu den edo ez albo batera utzita; eta zientifikoki konstatatu eta demostratzea posible iruditu edo ez-, proletalgoak ofentsibara pasatzera behartuta ikusten du bere burua. Baina, ideologiaren garapen prozesuak ez duenez sinpleki kointziditzen ekonomiarenarekin, eta ez da ezta paraleloan ematen, klase borrokaren ofentsiba fasearen aukera objektiboak, nola bere beharrezkotasunak, gutxitan aurkitzen dute proletalgoa plano ideologikoan nahikoa prest. Egoera ekonomikoaren ondorioz, masen ekintza espontaneoak orientazio iraultzailea hartzen du; baina etengabe bide okerretatik gidatua da, edo guztiz saboteatua, gidaritza oportunistagatik, fase defentsiboari dagozkion ohituretatik askatu nahi ez eta ezin duena. Klase borrokaren ofentsiban, beraz, jada ez dira proletalgoaren aurka etsaitasunez burgesia eta honek gidatzen dituen sektoreak soilik agertzen, baizik eta baita proletalgoaren aurreko gidaritza bera ere. Kritika zuzendu behar den objektua ez da, bada, lehenengo lerroan burgesia (jada historiagatik epaitua izan dena), langile mugimenduaren eskuin eta zentroko hegala baizik, sozialdemokrazia, zeinaren laguntza gabe kapitalismoak ezingo zukeen inongo herrialdetan egungo krisia gainditu, nahiz eta aldi baterako izan.

Baina, era berean, proletalgoaren kritika ekintzaren kritika da, ekintza iraultzaile bidezko zeregin hezitzailea, adibide bidezko irakaspena. Langile kontseiluak helburu hori erdiesteko imajinatu daitezkeen tresna aproposenak dira. Izan ere, bere funtzio hezitzailea kontseiluek proletalgoari erdietsi ahal dizkioten lorpen guztiak baino garrantzitsuagoa da. Langile kontseilua sozialdemokraziaren heriotza da. Parlamentuan oportunismo zehatza fraseologia iraultzaile bitartez ezkutatua izan daitekeen bitartean, langile kontseilua ekitera behartuta dago… edo existitzeari utzi. Ekintza horrek, zeinaren lider kontzientea Alderdi Komunista izan behar den, oportunismoaren disoluzioa eragiten du, egun beharrezkoa den kritika sortzen du. Ez du harritu behar sozialdemokrazia hemen inposatzen zaion autokritikaren beldur izatea. Errusiako langile kontseiluen eboluzioa, lehenengo iraultzatik bigarrenera, argiki erakusten du norantza gidatu behar den garapen hori.

Honekin, langile kontseiluaren eta parlamentuaren posizioa teoriko eta taktikoki definituta geratuko litzateke: langile kontseilu bat posible denean (nahiz eta marko xumeenean izan), parlamentarismoa ez beharrezko ondorioztatzen da. Hau arriskutsua ere bada, izan ere, bere eremuan egingarria den kritika burgesiaren kritika da soilik, eta ez proletalgoaren autokritika. Hau, ordea, askapenaren lur santua zapaldu aurretik, autokritika honen purgatoriotik igaro  behar da. Autokritika honen bitartez, proletalgoak aro kapitalistan duen itxura disolbatu, alboratu eta, modu honetan, purifikatzen du; sozialdemokrazian modu zehatzenean azaleratzen den itxura.

OHARRAK


1 Artikulu hau, Kommunismus-en agertu zena [1/6 (1920), pp. 161-172], Hirugarren Internazionaleko kide guztiek sakonki landu zuten auzian Lukács-ek egindako aportazioa da. Askotan Lukács-ek Alemaniako Alderdi Komunistaren (KPD) baitan jazotako gertakariei erreferentzia egiten diela ikusita, garrantzitsua da alderdi hori 1918ko abendua eta 1919ko urtarrila artean, Alderdi Sozialdemokrata Independenteak (USPD) guda osteko lehenengo Reichstag-erako hauteskundeetan parte hartzeko hartutako erabakiaren harira Liga Espartakistak berarekin hautsi zuenean eratu zela kontutan hartzea. Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht-en erailketen ostean (1919ko urtarrila), zuzendaritza Paul Levik hartu zuen, KPDren (Alemaniako Alderdi Komunista) Bigarren Kongresuan, 1919ko urrian Heidelberg-en ospatu zena, “Parlamentarismoaren inguruko tesiak” ezarri zituena, non hauteskundeetan parte hartzea sustatzen zen. Honek Alderdian zatiketa eragin zuen, eta Leviri aurre egin ziotenek Langileen Alderdi Komunista (KAPD) eratu zuten. Alderdi honen desafioa eta herrialdean haziz zihoan erreakzio eskuindarraren indartzearekin (1920kpo Kapp kolpeak erakusten duen moduan) aurkakotua, KPDren Laugarren Kongresuak, 1920ko apirilean Berlinen garatu zena, ekaineko hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuen. Bertan, KPDk botoen %2a eskuratu zuen, eta Levik eta Klara Zetkin-ek Reichstag-en eserlekuak lortu zituzten. Urte bereko abenduan, Alderdia USPDren ezker hegalarekin batu zen, Alemaniako Alderdi Komunista Bateratua (VKPD) izena hartuz. Orduz geroztik, KPD ekintza parlamentarioarekin konprometitua mantendu zen. Lukács-en artikulua Leninek auzi honi eskainitako Ezkerkeria, komunismoaren haur-gaixotasuna artikulua baino hiru hilabete lehenago argitaratu zen. Leninek Lukács-en perspektiba ezkerkeria gaixotasunaren sintoma zela kontsideratzen zuen, eta Kun-en fakzioak etengabe Lukács erasotu zuen hemen hartutako posizioengatik. (jatorrizko itzultzailearen oharra)

2 Berriki, Karl Radek-ek Die Entwicklung der Weltrevolution und die Taktik der kommunistischen Parteien im Kampfe um die Diktatur des Proletariats [Mundu mailako iraultzaren garapena eta alderdi komunisten taktika proletalgoaren diktaduraren aldeko borrrokan]. Berlin, 1920, 29 or.


3 Taktika hauek, seguruenik, Engelsek bere hitzaurrean buruan dituenak dira, sarri gaizki ulertutako hitzaurrea -neurri handi batetan nahita- “Frantziako klase borrokak” lanari, ordenaren alderdiak beraiek sortutako “legaltasun” estatuak suntsituak izan zirela esaten duenean. Zalantzarik gabe Engels egoera defentsibo bat deskribatzen ari da.


4 Bordigaren frakzio “abstentzionista” txikia izan ezik, Italiako Sozialistek (PSI) 1919ko azaroko hauteskundeetan parte hartu zuten, eta 150 eserleku lortu zituzten, alderdi parlamentario handienean bilakatuz. Filippo Turati Alderdiaren eskuin hegaleko liderra zen. Hirugarren Internazionaleko Bigarren Kongresuak bere kanporatzea eskatu zuen (eskuineko beste liderrenarekin batera) 1920ko udan (itzultzailearen oharra)

5 Hau burgesiak gobernuaren botere banaketa deitutakoari esker lortutako abantailekin lotzen da.

6 Karl Liebknecht, Klassenkampf gegen den Krieg [Gudaren aurkako klase borroka]. Berlin, 1915, 53 or.

7 Langileen kontseiluaren proposamena bigarren ganbera gisa, Max Adler-ek egina.