AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia

I

Alderdi proletarioaren kontzeptuak posizio zentrala hartzen du Marx eta Engelsen pentsaera eta aktibitate politikoan. “Klase jabetzadunen botere kolektiboaren aurka” egindako borrokan, honakoa babesten zuten: “proletalgoak ezin du klase gisa aritu ez bada klase jabetzadunek osatutako alderdi zaharrekiko desberdin eta kontrajarria den alderdi politiko propioan eratzen”. Hau “iraultza sozialaren eta bere helburu gorena, klaseen abolizioa, ziurtatzeko ezinbestekoa” zen. Hala ere, Alderdi komunistaren manifestuaren egileek ez dute inon modu sistematikoan aurkezten alderdi proletarioaren teoria bat, bere izaera eta ezaugarriena, ez behintzat klase soziala edo estatuari dagokionez egiten dutena baino gehiago, zeinekin teoria hori zuzenki erlazionatuta dagoen. Gainera, klase borrokaren eta iraultzaren teoriaren marko orokorraren barnean, Marx eta Engels alderdi proletarioen forma eta funtzioen inguruko ideiak garatzen joan ziren, eta sarri oso desberdinak ziren egoera historikoen analisiekin erlazionatu zituzten. Ez zuten proletalgoaren alderdi iraultzailea sortzeko “plan” bat aurretik garatu, zeinari ondorengo lan teorikoa integratu behar zitzaion, eta inoiz ez ziren alderdi politiko bat osatzera dedikatu. Jada 1844 urtearen hasieratik proletalgoa teorikoki emantzipazio sozialaren indar gidari gisa ikusi ostean, klase horretako sektore aurrerakoiek sortutako antolakundeetan oinarritu ziren eta sektarismo gisa kondenatu zuten langile klasearen gainean, eta kanpotik, aldez aurretik pentsatutako antolakuntza formak inposatzeko ahalegin oro. Alderdiaren eraikuntzaren esferan, Marxek Moliere-k bere antzerki obren argumentuen inguruan esandakoa errepikatu ahal zuen: Je prends mon bien oú je le trouve.

Alderdi antolakundeen kide eta lider soilik urte gutxiz izan ziren arren, Marxek eta Engelsek denbora handia dedikatu zioten, bereziki haien bizitzen azken urteetan, herrialde desberdinetako langile alderdien programa eta garapenaren inguruan aholkularitza emateari, “Alderdiaren estatu nagusi orokorraren” eta “sozialismo internazionalaren ordezkari gisa posizio berezia” betetzen zutela kontsideratuz. Alderdi aktibitate hauen eta alderdien inguruan mende erdiz zabaldutako kontzepzioen osotasuna aztertzen dugunean, aniztasun eta konplexutasun handi batekin aurkitzen gara, lehenengo begiratuan kontraesan asko dituena. Gainera, gure zailtasuna handitu egiten da Marx eta Engelsen bizitzetan zehar alderdi politikoaren nozio oro honi irekitako aktibitate formekin batera garatu eta aldatu behar zelako; beste alde batetik, ikusiko dugun bezala, biek esamoldea zentzu desberdinetan erabiliko zuten, zentzu horiek definitu gabe. Ondorioz, haien aktibitateetan selektiboki oinarritzea erraza izan zen eta, bereziki, haien idatzietan, haien ikuspuntuen bertsio kontrakoenak babesteko.

Marx eta Engelsen ideiak alderdi proletarioen inguruan soilik uler daitezke, kasu bakoitzean oso aldakorrak diren testuinguru historiko eta semantikoen barnean kokatzen badira. Hori da saiatuko naizena egiten haien obretan aurkitzen diren alderdiaren “eredu” nagusiak aztertzean, zeinetako bakoitza aldi batetan edo herrialde partikularretan emandako langile klasearen mugimenduaren garapenaren etapa bat edo gehiagorekin bat etortzen den. Eredu hauek honela kontsideratuko ditut: (a) kuadro komunisten antolakunde internazional txikia (Komunisten Liga – 1847-1852); (b) antolakuntzarik gabeko “alderdia” (langile mugimenduaren beheraldian zehar – 1850eko hamarkada eta 1860ko hamarkadaren hasiera); (c) langile antolakundeen federazio internazional zabala (Lehenengo Internazionala – 1864-1872); (d) masa alderdi marxista nazionala (alemaniar sozialdemokrazia – 1870 eta 1880ko hamarkadak eta 1890eko hamarkadaren hasiera); (e) langileen alderdi nazional zabala (Bretainia Handia eta Estatu Batuak – 1880ko hamarkada eta 1890eko hamarkadaren hasiera) eredu kartistan oinarritua. Nahiago izan dut Marx eta Engelsen ikuspuntuak batera aztertzea hemen landutako puntuei dagokionez oinarrizkoenean ados daudelako, eta aldi luze batez eta bien artean adostutako lanaren banaketaren arabera Engelsek, biak ordezkatuz, munduko parte guztietatik jasotako aholkularitza politikoaren eskaerei erantzun zielako, eta ondoren jarraitu eta hedatu zuelako lan hau Marxen heriotzatik Bigarren Internazionalaren arorarte.

 

II

1844-1845ean marxismoaren oinarrizko printzipio batzuetan kointziditu eta gero, Marxek eta Engelsek haien bizitza osoa iraun zuen kolaborazioa hasi zuten, non haien ideia teorikoen ondorengo garapenera eta “proletalgoa europarra irabazi, alemaniarretik hasita” ahaleginera dedikatu ziren. 1846 hasieran, Brusela base izanda, Korrespondentziazko Komite Komunisten osaketa hasi zuten, bereziki Belgika, Ingalaterra, Frantzia eta Alemanian. Hauek Engelsek ondoren “ernatzen dagoen Alderdi Komunista” deituko zuenaren barne-arazoez arduratu behar ziren, nahiz eta aldi horretan bai berak nola Marx-ek ere “Alderdi Komunista” eta “gure alderdia” esamoldeak societé de pensée baten zentzu tradizionalean erabiltzen zuten -klase baten interesen adierazpen gisa ikusten zuten arren- zentzu modernora hurbiltzen den antolakunde politikoa baino lehenago. Bruselatik bidalitako zirkularren eta litografiatutako eskuorrien hartzaileen artean Justuen Ligako buruzagiak aurkitzen ziren, 1836an sortua, elkarte sekretu internazional txiki bat zena, bereziki alemaniar artisauek osatua, eta urte horietan langileen heziketa-asoziazioen barnean ezarri eta lan egiten saiatu zena. Marx eta Engels antolakunde horretan sartu ziren liderrek gonbidatuta, zeinek lehenengoen ikuspuntuen zuzentasun orokorraz konbentzituta zeudela esan zuten eta antolakundearen iragan blanquistari lotutako forma konspiratibo zaharrak albo batera utzi beharrarekin ados zeudela adierazi zuten. Antolakundea Komunisten Liga gisa berrantolatua izan zen 1847ko udan egindako kongresuan, eta urte horren amaieran egindako bigarren kongresu batetan komunismoaren helburu ofizialak ematen zizkion arau berriak ezarri zituen. Konstituzio demokratiko eta guztiz berri batek urteroko kongresuak “Ligaren autoritate legislatiboa” izango zirela ezarri zuen eta zuzendaritza batzordeak aukerakoak izango zirela, haien aukeratzaileen aurrean erantzule, eta horiengatik kargugabegarriak edozein unetan. Alderdi Komunistaren Manifestua Marx eta Engelsi “Alderdiaren programa xehetu, une berean teorikoa eta praktikoa” bezala enkargatu zitzaien.

Liga Komunista herrialde europear askotan funtzionatzen zuen langileen asoziazio internazionala zen, non gehiengoak alemaniarrak ziren eta Alemaniari atentzio berezia eskaintzen ziona. Nahiz eta “gutxienez ohiko bake garaietan” Marxek eta Engelsek “esklusiboki propagandarako elkarte” gisa kontsideratzen zuten, garaiko baldintzek bere 50 urtetako existentziaren gehiengoan elkarte sekretu gisa aritzera behartu zuten. Bere jatorria -idatzi zuen Engelsek 1892an- “bi korronte independenteetan” aurkitzen zen: alde batetik, “langileen mugimendu purua” eta, bestetik, “mugimendu teorikoa, filosofia hegeliarraren desintegraziotik eratorria”, nagusiki Marxekin lotuta. “1848ko Manifestu Komunistak”, gehitzen zuen, “bi korronteen fusioa markatzen du”.

Manifestuan Marx eta Engels-en alderdiaren kontzepzioaren oinarrizko osagai batzuk azaltzen dira. Bertan komunisten pretentsioa formulatzen da, langile klasea haien kontzientzia teoriko hobeago baten oinarriaren gainean gidatzekoa, kontzepzio honen esentziaren parte dena. Aurreko urtean, Proudhon-ekin izan zuen polemikan, Marx-ek sozialista eta komunistak “klase proletarioaren teoriko” gisa definitu zituen. Orain, Engels-ekin batera, komunistak klasearen abangoardia teoriko gisa aurkezten ditu, eta azpimarratzen du “ez dute(la) interesik ez direnak proletalgo osoaren interesak” eta “ez dutela printzipio sektariorik aldarrikatzen zeinetara moldatu nahi luketen mugimendu proletarioa”. Komunistak “gainontzeko alderdi proletario(etatik)” desberdintzen ziren borroka nazionaletan soilik “proletalgo osoari komunak zaizkion interesak azpimarratu eta balioan jartzen dituzte(lako), nazionalitatea dena izanda ere”, eta burgesiaren aurkako borrokaren garai desberdinetan “beti mugimendu osoaren interesak ordezkatzen dituzte(lako)”. Praktikan “herrialde guztietako langile alderdien sektore ausartena zen, gainontzekoak beti aurrera bultzatzen zituen sektorea”, teoriari dagokionez, “gainontzeko proletalgoaren gainean mugimendu proletarioaren baldintzen, ibilbidearen eta emaitza orokorren ikuspegi argiaren abantaila” zuten bitartean; “gehiengo handiaren aldeko gehiengo handiaren mugimendu independente” gisa ulertzen zuten mugimendu proletarioa.

Marxek eta Engelsek Manifestuan “proletalgoaren antolaketa klasean eta, beraz, alderdi politikoan” aipatzen dutenean, Marxek aurreko urtean Filosofiaren miseria lanean deskribatutako eredu ingelesa dute buruan. Bertan demostratu zuen nola bere borrokan, aurrena sindikatuetan eta ondoren ere “alderdi politiko handi bat, kartistak izenarekin” osatzean, langileen masak an sich klase potentziala izateari utzi zion, amorfoa eta fragmentarioa, für sich klasean bilakatzeko, nazionala eta kontsumatua, borroka politikora ezinbestean dedikatua.

Europear kontinenteko langile klasearen garapen eta antolakuntzaren etapa primitiboan, Komunisten Liga Mendebaldeko Europatik sakabanatutako 200-300 kideko inguruko organismo txiki bat zenean, Manifestuak seinalatzen zuen “komunistek ez dute(la) beste langile alderdiekiko aurkakoa den alderdi bereizirik osatzen”. Izan ere, garai horretan eskala nazionalean antolatutako langileen alderdi bakarra zegoen: kartistak, eta Julian Harney eta Ernest Jones komunista ingelesek bertan lan egiten zuten bere ezker hegaleko buru gisa. Gainontzeko herrialdeetan, Ligako kideak alderdi desberdinetara batu behar izan ziren, Ledru-Rollin eta Louis Blanc-en Alderdi Sozialista Demokratikoa kasu, zeina Marx-ek burgesia txikia eta langileen arteko koalizio gisa deskribatu zuen. Alemanian, 1848ko iraultza bitartean, Ligako kideak Alderdi Demokratikora batu ziren, “burgesia txikiaren alderdia”, non 1849ko udaberrirarte hegal progresistena eratu zuten. Nahiz eta taktika hauen forma uneko baldintzengatik behartua zen, denek Marx eta Engels-en alderdi eredu guztiei komuna zaien elementua barnebiltzen dute: isolamendu sektarioa saihestea, lan esparruak bilatzea non komunistak langile klasearekin sintonizatu daitezkeen.

Aurrekotik argi ondorioztatu behar da Liga Komunista, militanteen “nukleo txiki batera mugatzen zen” elkarte sekretua, ezin dela alderdi politiko gisa deskribatu, ezta garai hartan esamoldeari gehienetan ematen zitzaion zentzuan, nola, Manifestuan bertan, antolakunde nazional handiei, zeinetan komunistek lan egun behar zuten, aplikatzen zaien zentzuan ere. E. Ligaren inguruan agertutako liburuetako batetan -zoritxarrez gutxi- P. Kandel ikertzaile sobietarrak babesten duen bezala, Marx-ek eta Engels-ek Liga alderdiaren “germena, nukleoa” kontsideratzen zuten, nahiz eta haien programa alderdi komunistaren Manifestua izendatu. Garaiko baldintzak, idazten du Kandel-ek, “ez zuten posible egiten Komunisten Liga benetako alderdian bilakatzea”. 1848-1849ko iraultzan Ligak betetako paperaren inguruko azaleko begirada batek errealitate hau agerian utziko du.

1848 udaberrian, iraultza hasi ondoren, Marx eta Engels Koloniara joan ziren kanpoan bizi izandako Ligako kide gehienekin batera. Ligaren Komite Zentralak bertatik jardun zuen hasierako aldiaren ondoren, ematen du haiek euren esfortzuak, maiatzaren erdialde ingurutik aurrera, Neue Rheinische Zeitung-en ekoizpenean kontzentratu zituztela. Egunkari aurrerakoi ospetsu horrek, zeinaren lehen alea ekainaren 1ean kaleratu zen, Marxen zuzendaritzapean iraultza demokratiko-burges horren eginbehar demokratikoak bururaino eramateko esfortzu irmoa egin zuen. Ligak sakabanatuta zeuden aldeko kideei gidalerroak igortzeko zituen zailtasun handiak ikusita, Marx-ek eta Engels-ek gidalerro horiek “prentsa bidez askoz hobeto helarazi zitezkeela” ondorioztatu zuten. Azken urteetan Boris Nicolaevsky, 1966an Estatu Batuetan hil zen mentxebike zaharra, eta E.P. Kandelen arteko eztabaida gogorra hasi zen, ustez 1848ko udan emandako Ligaren disoluzioaren inguruan.  Marxek 1848ko ekainan Liga disolbatzeko eskumeneko botereak erabili bazituen, Nicolaevsky-k defendatzen duen bezala, Kolonian 1852an Ligako buruen aurka egindako prozesuan sententziatuetako P.G. Roser-ek kartzelan emandako testigantzan oinarrituta,  edo, Kandelek baieztatzen duen bezala, disoluzio horren posibilitatea ukatua bada “Marx-ek eta Engels-ek Ligak 1847-1852 artean betetako paperagatik zioten benetako estima” dela eta, zeinek Ligaren aktibitateen erregistroetan ez zuten inoiz disoluzio hori aipatu, seguruenik inoiz ziurtasunez jakingo ez dugun kontua da. Inbestigazio berriek dokumentu berriak argitara atera ezean, gure ondorioak probabilitateen kontsiderazioan sostengatu beharko ditugu. Hala ere, eztabaidaezina da, Engelsek beranduago adierazi zuen bezala, “Komunisten Ligara afiliatutako ehunka gutxi horiek, euren artean isolatuak, bat-batean mugimenduan jarritako masa handi horren erdian galdu zirela”. Kandelek onartzen du 1848ko udan Koloniako Komite Zentralak funtzionatzeari utzi ziola eta (orain pentsatzen den bezala, abuztu amaieran edo irailan) disolbatu egin zela eta bere botereak Londreseko Distrituko Komiteari transferituak izan zirela. Gainera, historiadore sobietarrek “onargarria” dela uste dute Röser-ek Marx eta ustez Londreseko Komite Zentralak Alemanian Liga berrantolatzera bidali zuen Joseph Moli-ren artean 1849ko udaberrian gertatu omen zen bilera baten inguruan egiten duen deskribapena. Röser-en arabera, Marxek orduan “uneko hitz eta prentsa askatasunarekin Liga ez zela beharrezkoa deklaratu zuen”.

Tamalez, historiadore marxista garaikide askok taktika hauek alderdiaren ulerkera marxista, eta a fortiori leninista, berri baten terminoetan interpretatzea beharrezko ikusi zuten: ondorioz, “Neue Rheinische Zeitung-en zuzendaritza Alemanian alderdi proletarioaren, Liga Komunistaren, buruzagitzaren zentro politikoa zela” babesten dute, “alderdi proletarioaren benetako buruzagiak”, zeinari “praktikan, hortaz, komunisten Ligaren Komite Zentralaren eginbeharrak zegozkion”. 1860 eta 1880ko hamarkadetan Marxek eta Engelsek idatzitako Ligaren eta Neue Rheinische Zeitung-en historiaren kontakizunetan ez da horren moduko formulazio anakronikorik aurkituko. Ezta ere Leninen, marxismoaren historiaren aditu sakona, 1905ean hurrengoa idatzi zuena: “1849ko apirila zen, egunkari iraultzailea ia urtebetez publikatu eta gero, […] Marx eta Engels langileen antolakunde berezi baten alde lerrokatu zirenean! Ordurarte “demokraziaren organo” bat publikatzera dedikatu ziren, langileen inongo alderdi independenterekin antolakuntza loturarik ez zuena. Honek, izugarria eta sinestezina gure egungo perspektibatik ikusten denean, argi erakusten digu garai hartako langileen alderdiaren eta egungo errusiar langile Alderdi sozialdemokratikoaren arteko diferentzia”. 1849ko apirilean, Leninek aipatutako pasartean esaten duen bezala, Marx eta Engels-en estrategia iraultzailean aldaketa garrantzitsua gertatuko zen. Lehenak, beste komunista batzuekin batera, deklarazio bat ezagutzera eman zuen non Elkarte Demokratikoen Rhineland-eko Distritu Komiteari uko egiten ziola iragartzen zuen, eta “langileen elkarteen arteko batasun estuago bati” dei egiten zion, zeinentzat kongresu nazional bat proiektatzen zen. Dirudienez, alemaniar langileek langile elkarteetan oinarritutako eta demokrata burges txikiekiko eta haien “zalantzekiko, ahultasunarekiko eta koldarkeriarekiko” independentea zen langileen alderdi masibo baten alde lanean jartzeak zentzu praktikoa eduki zezan esperientzia politiko nahikoa zutela ondorioztatu zuten. Hala ere, beranduegi zen plan horiek zehazteko. Matxinadaren eztanda Alemaniako hegoalde eta mendebaldean (Reichsverfassungskampagne) pixka bat beranduago hasiko zen, eta bere porrotak, uztailaren erdialdera, alemaniar iraultzaren amaiera ekarriko zuen.

1849ko udazkenean Ligako lider zaharren gehiengoa batu egin zen Londresen exiliatuta zeudela, non Komite Zentrala berreraiki eta Liga Alemanian berrantolatzen ari zen, ezinbestean elkarte sekretu gisa. “Iraultza berri bat gertu da” suposizioarekin, Marx eta Engels 1850eko martxoko mezu ospetsua idatzi zuten Ligaren Komite Zentrala ordezkatuz. Bertan aipatzen da iraultzaren bi urteetan zehar, nahiz eta Ligako kideak, norbanako gisa, borrokaren lehen lerroan egon, “Ligaren antolakuntza primitibo eta sendoa asko ahuldu” dela. Alderdi demokratikoa Alemanian gero eta antolatuago zegoen bitartean, “langile alderdiak” (hemen langile mugimendu osoa edo proletalgoaren klase interes orokorra bezala ulertu behar dena)  “bere oinarri bakarra galtzen zuen” (hau da, Liga Komunista). Diskurtsoaren 11 orrietatik Leitmotiv gisa ondorioztatzen dena honakoa da: “Egoerarekin bukatu behar da, langileen independentzia berrezarri behar da”, eta hauek ezin dira iritzi demokratikoaren ñabardura guztiak hartzen dituen oposizioko alderdi handi batera arrastatzen utzi. “Langileak, eta bereziki Liga”, idazten dute Marx-ek eta Engels-ek, “langile alderdiaren antolakunde independentea ezartzen saiatu behar dira, une berean legala eta sekretua dena”. Jakina, Liga antolakunde sekretua izango da, eta bere adarrak “proletalgoaren jarrera eta interesak influentzia burgesetik kanpo eztabaidatu daitezkeen langile elkarteen zentro eta nukleoan” bilakatuko dira. Langile elkarte hauek, Alemania osoan existitzen direnak eta normalean izaera sozial, kultural eta hezitzailekoak, sortu beharreko langileen alderdi independenteari masen oinarri zabala eta antolakunde publikoa eskainiko liokete. Itxarondako iraultza demokratikoaren ondoren, langileek hauteskundeak egin behar zituzten ordezkari propioekin asanblada nazional bat eratzeko, “ahal den neurrian, Ligako kideek” eratua.

Eduard Berstein-ek Martxoko Mezua “blanquista” gisa ezaugarritzearen moda hasi zuen, beste batzuen artean George Lichtheim-ek eta Bertram Wolfe irakasleek jarraitu dutena. Ezin da zalantzan jarri Mezuko alderdiaren eta iraultzaren kontzeptua blanquista izatetik oso urrun dagoela, hitz horri normalean ematen zaion zentzuan, nahiz eta, argi dago, Blanqui-ren 1848ko taktikekin kointzidentzia puntuak dauden, zentzu askotan oso tipikoak ez zirenak, eta baita emigratutako blanquistek gertu zen iraultzarako aurreikusitako borroka formekin ere, zeinekin Marxek eta Engelsek iraupen txikiko akordioa itxi zuten 1850ean. Mezuak argi uzten du ez duela elite iraultzaile batek aurrera eramandako putsch bat aurreikusten, ahalik eta zabalena den langileen alderdiaren antolakunde batek aurrera eramandakoa baizik, hurrengo iraultzan demokrata burgesekin batera arituko dena, zeinak boterera heltzera lagunduko dituen eta ondoren jabetza kapitalistan ahalik eta pitzadura gehien egiteko bultzatuko duen. “Eszitazio iraultzailean”, langileek “ahalik eta denbora gehien mantentzen saiatu behar direna”, “guardia proletario gisa independenteki antolatzen saiatu behar dira”, haiek hautatutako buruzagi eta Estatu Nagusi zentral batekin. Esanguratsua da, Rudolf Schlesinger doktoreak seinalatu zuen bezala, Mezuak, isilpeko izaerakoa, destakamentu hauek kontrol komunistara subordinatu behar izatea ez iradokitzea, baizik eta adieraztea langileek eratu beharreko “udal-kontseilu iraultzaileen ordenetara jarri” behar direla. Mezuak langile alemaniarrek boterea hartu aurretik “garapen iraultzaile luze” bat igaro eta “haien klase interesen kontzientzia hartzea”-ren beharra azpimarratu beharko dutela onartzen du, Ligak propaganda elkarte bat bezala aritzeari uzteko ondorio argiarekin.

1850eko udaren amaieran Marx, kapitalismo europearra oparotasun aldian sartua zela eta hurrengo urteetan ez zela inongo iraultzarik egongo ondorioztatu zuenean, Willich eta Shapper buru zituen Ligako kideen sektore garrantzitsu baten oposizioarekin aurkitu zen. Hauen boluntarismoa borrokatuz, baldintza errealak aztertu beharrean “borondate hutsa iraultzaren indar bultzatzailea” bilakatu zutela baieztatu zuen. Arazo honen aurrean, Londreseko Liga zatitu zen eta Komite Zentrala Koloniara lekualdatu zen berriz, non funtzionatu zuen bere kideak atxilotuak izan ziren arte eta, 1852ko azaroan, hiri horretako auzitegi batek kondenatuak. Hortik gutxira Londreseko Liga Marx-ek proposatuta disolbatua izan zen eta “bere jarraipena kontinentean jada ez zela egokia deklaratu zen”.

 

III

1850eko udazkenean zehar gertatutako Komunisten Ligaren zatiketaren ostean eta bi urte beranduago gauzatutako disoluzio formalaren aurretik, Marx eta Engels hasiak ziren “benetako isolamendu” batetara erretiratzen, “idazle independentearen posizioa” nahiago izanez “ustezko alderdi iraultzailearena” baino. 1851ko otsailaren 11an “elkarrekiko kontzezioen sistema, itxura mantentzeko onartutako oieskeria” bukatzean Marxek Engelsi adierazitako lasaituak oihartzuna aurkitu zuen Engelsek sentitutako poztasunean, soilik haien aurrean erantzule izaten hasi eta bi egunetara. “Nola adaptatu daitezke gu bezalako bi pertsona, posizio ofizialetatik izurritik bezala aldentzen direnak, ‘alderdi’ batetara?”, oihukatzen du. “Guretzat, ospea dariogunak, ze onura ekar dezake ‘alderdi’ batek, hau da, beraiekiko berdinak garela uste dutelako gure alde zin egiten duten astoen banda batek?” Hitz gogorrak, nahiz eta okerra litzatekeen, Franz Mehring-ek esaten duen bezala, erabilitako esamoldeen zentzu literala seriotasun gehiegiz hartzea, eta Bertram Wolfe-k egiten duen bezala, hogeitahamar edo berrogei urte beranduago egindako deklarazioekin  (batzuk Wolfe-k zitatzen ditu)  kontrastatzeko, zeinak ustez “besteen begietarako idatzitakoak” diren, haien testuinguru konkretutik banatu eta alderdiaren inguruko haien benetako iritzi pribatuak ordezkatzen dituztela argudiatzea erabat justifika ezina den bezala. Deklarazio horiek erbestearen lehenengo aldi zailaren frustrazioa islatzen dute, iraultzaren porrotaren eta iraultza berri bat ez zela berehala gertatuko onartzearen ondorengoa. Marx eta Engels-en erreakzioa ordezkatzen dute emigrazioaren “liskarzale txikien” aurrean, zeinetatik aldentzen ziren ikasketei berriz heltzeko, 1848tik etenda zeudenak, “gure alderdiarentzat garaipen zientifiko” bat irabazteko esperantzarekin, bereziki ekonomia politikoaren esferan.

Zein zen, baina, “alderdi” hori, 1852an Liga Komunista disolbatu ondoren aipatzen jarraitzen zutena, aldi batetan non Marx-ek 1860an Freiligrath poetari idatzi zion bezala, “inoiz ez nintzateke berriz ere elkarte sekretu baten parte izango”, eta non bere “lan teorikoak langile klasearentzat kontinentean zaharkiturik geratutako elkarteetan parte hartzea baino onuragarriagoak” direla kontsideratzen zuen?  Hemen ez dugu aurkitzen alderdi bat Engels-ek, 1852ko abenduan, “alderdi politiko bakarra ere ezin da existitu antolakunderik gabe” aipatzean zehazten zuen zentzu normalean, baizik eta, batez ere, lehenengo instantzian, 1840ko hamarkadaren erdialdera Marx eta bere ikuspuntuak konpartitzen zituen talde txikia, polizia prusiarrak eta Marx-en aldekoek, aldi horretan, “Marx-en alderdia” deitzen zutena, adierazpenari ematen zioten zentzura itzulerarekin. Jada 1853ko martxoan, Ligaren disoluziotik lau hilabete pasa zirenean, Marx-ek Engels-i honako idazten dio: “Jakina, gure alderdia berriz errekrutatu behar dugu”, aipatzen dituen aldeko gutxi horiek, kualitate onekoak izan arren, ez zirelako alderdi bat osatzera heltzen. Talde hori biltzean –“gure kamarilla”, Engelsek 1853an Estatu Batuetan aurkitzen zen Weydemeyer-i zuzendutako eskutitzean  modu nahiko barregarrian deitzen duen bezala- helburua azterketaren bitartez etorkizunean etortzekoak zituzten borroketarako prestatzea zen. Marx “alderdiaren enbrioi” honen (beranduago Wilhem Liebknecht-ek deituko zuen bezala) kideen aktibitate publikoak koordinatzeko grinatsu zegoen. 1859an Lasalle-k urte horretako italiar gudaren inguruko liburuxka bat publikatu zuenean, non ikuspuntu bat aurkezten zuen zeinarekin Marx eta Engels ez zetozen bat, Marx-ek Engels-i eskutitz bat idatzi zion non bere burkide menderakaitza aurretik haien iritziaz informatu ez izana kritikatzen zuen. “Alderdiaren diziplinan tematu behar gara edo dena ezerezean bukatuko da”, gehitzen zuen.

Hala ere, Marx-ek “gure alderdiaz” modu transzendentalago batetan ere hitz egiten zuen, 1860an, lehenago aipatutako Freiligrath-i gutunean, “zentzu efimeroan” ulertutako alderdiari -Liga Komunistaren forman, esaten du, “nire ustez orain dela zortzi urte existitzeari utzi” ziona- “alderdia zentzu historiko handian” kontrajartzen dionean bezala. Liga Komunista, Blanqui-ren Societé des Saisons eta beste ehundaka elkarte bezala, “Alderdiaren historian pasarte bat baino ez zen izan, leku guztietan gizarte modernoaren zorutik espontaneoki jaiotzen dena”. Marxen arabera, zentzu honetan alderdia langile klasearen “misioaren” inguruan zuen ideiaren zehaztapena zen, “gizartearen interes iraultzaileak” bere baitan kontzentratzen dituena, gizarte horren beraren existentziaren baldintza orokorretatik “automatikoki sortzen diren eginbehar historikoak” gauzatzeko. Zentzu honetan ulertzen zuen Marxek ere “alderdia” hitza 1859an Engels-i langile alemanen talde baten ordezkaritza bati uko egin ziola esan zionean: “Gutaz gain, ez gintuen beste inork alderdi proletarioaren ordezkari izendatu. Hala ere, izendapen hau mundu zaharreko alderdi eta frakzio guztiek guri diguten gorroto esklusibo eta unibertsalak onetsi zuen”. Deklarazio honek Marx-engan “hautaketa karismatikoaren kontzepzioa” eta “profetismo” ideiak erakusten al ditu? Baieztapena idazteko forma harroputza albo batera utzita (eta zalantzarik gabe Marx harroputza izan ahal zen, bereziki pobrezia eta osasun txarreko urte horietan erbestean zeuden kide desberdinen burugabekeriek zauritzen zutenean), Marx-ek eta Engels-ek, zientifikoki garatutako ulerkeraren bertutez, euren burua momentuz “existentzia teorikoa” zuen langile klase alemanaren alderdiarentzat locum tenens bat bezala ikusi ahal zutenaren ideiak irauten du. Hala ere, hau behin-behineko eta ezohiko kontzepzioa da eurengan, ez dena inondik inora ere haien pentsamenduaren korronte nagusian tipikoa eta oraindik gutxi garatutako langile klase alemanaren etapa goiztiarrean soilik aurkitzen dena, Liga Komunistaren desagerpena eta, haien arabera, Ligaren lekua betetzeko agertzen ziren langile klasearen antolakunde berrien sorreraren arteko hiatoan. Segurtasunez, ez zuten beraiek orduan existitzen ez ziren antolakunde horiek ordezteko inongo intentziorik. 1860ko hamarkadan mugimendu erreal berri bat sortu eta gero, ez zuten euren burua alderdi proletarioaren ordezkari autoizendatu gisa berriz ikusiko. Kontrara, langile klasearen mugimendu berri bat jaio eta uneko ordenaren aurka borrokatu zuen bakoitzean, nahiz eta haiekin alde teoriko nabarmenak zituzten pertsonek bultzatua izan, mugimendu horrekin identifikatu ziren eta alderdiaren, “zentzu historiko handian”, adierazpen gisa ikusi zuten. Modu honetan, Marx-ek Kugelmann-i esan zion Parisko Komuna “Parisko ekaineko matxinadatik egin den gure alderdiaren ekintza gogoangarri loriatsuena” dela, Engelsek Komunaren inguruan hitz egin zuen modu berdintsuan, “zalantzarik gabe, intelektualki Internazionalaren alaba, nahiz eta Internazionalak ez zuen atzamarrik altxatu bera sortzeko”, esan zuenean. 1892an, sozialista frantziarrei zuzendutako mugimendu alemanaren inguruko lan batetan, Engels-ek azpimarratu zuen hitz egiten zuela “soilik nire izenean, eta inondik inora ere alderdi alemanaren izenean. Soilik alderdi honek aukeratutako komite eta delegatuek dute hori egiteko eskubidea.”

Agian merezi du seinalatzeak, 1850eko hamarkadan Alemanian langileen alderdi antolatu batzentzat inongo oinarririk ikusten ez zuen arren, 1857an Ernest Jones lider kartistari dei egin ziola Ingalaterran “alderdi bat” formatu zezan, “horretarako industria-distrituetara joan behar delarik”. Buruan zuena National Charter Association-ek eremu industrialetan burututako errekrutatze kanpaina zen, tradizio kartista zaharretan oinarritua, oinarri zabaleko langile klasearen alderdian bilakatzea helburu zuena eta non Jones berak zuzendari papera beteko zuen, zeina 1869 hil zenean Engelsek “gure alde egon zen edukazio oneko ingeles bakarra izan zen” gisa deskribatu zuen. Modu honetan, baita baztertze urteetan ere, Marx-ek eta Engels-ek alderdiaz zuten oinarrizko kontzepzioa, antolakunde bat non teoria sozialista langile mugimenduarekin fusionatzen den, kontserbatu eta errealizatzen saiatu ziren.

 

IV

Lehenengo Internazionalaren sorrerak, 1864ean, Marx-i (eta pixka bat beranduago Engelsi) bere isolamendu erlatiboa apurtu eta Mendebaldeko Europako mugimenduan integratzeko aukera eman zion, orduan 1840ko hamarkadako mugimendu kontinentala baino eskala askoz handiagoan birjaiotzen ari zena. Lan teorikoa alde batera utzi gabe, Marx-ek bere atentzioa gero eta gehiago 1872ko Hagako Kongresuan jarri zuen, langile klasearen antolakunde afiliatuen federazio internazional hau antolatu, batu eta zuzentzeko. Liga Komunista bezala, Internazionala ez zen Marx-ek eta Engels-ek sortua izan, baizik eta garaiko langile mugimendutik espontaneoki jaio zen, baina, bere nagusitasun teoriko eta intelektualaren bertutez, haiek norabidea eta perspektiba ematera heldu ziren. Liga Komunistarekin gertatu zenarekin alderatuta, baina, etapa bakarrean ere ez zuten kontsideratu Internazionala Alderdi Komunista bezala. Ez zuten ezta ere bere jarraitzaileekin lan egin Internazionalaren markoaren barnean antolatutako alderdi, frakzio edo elkarte sekretu bat izango balitz bezala. Dena den, Internazionalaren Inaugurazio-Manifestuan “norbanako asko […] elkarteak batuak eta jakintzak gidatuak” aipatzean, Marx-ek teoria sozialista eta langile mugimenduaren arteko fusioaz zuen kontzepzioa parafraseatzen zuen, eta Internazionalean, bereziki Parisko Komunaren ostean, berak eta Engelsek ordura arte alderdiaren antolakuntzaren inguruan izandako ideiak guztiz garatuko zituzten. Liga Komunistaren programa teoriko aurreratuarekin kontrastean, Marx-ek Internazionalaren –zeinaren estatutuen hitzaurrea idatzi zuen- programari forma eman zion, “modu onargarri batetan langile mugimenduaren egungo ikuspuntutik”, Engels-ek baieztatu zuenaren arabera. 116 Mugimendu honek sindikatu britainiarren lider liberalak, Proudhon-en aldekoak Frantzia, Italia eta Espainian, eta Lasalle-ren aldekoak Alemanian barne hartu behar zituen. Kide indibidualak nola afiliatutako antolakundeak onartu zituen. “Sektore orori bere programa teorikoari libreki forma ematen utzi” behar zitzaiola esaten zuen printzipioak, 1868an sartzeko eskakizuna egin zuten Bakunin-en Demokrazia Sozialistaren Aliantza Internazionalaren frakzioak Internazionalean onartuak izan zitezen proposatzera eraman zuen Marx, nahiz eta bere programari objekzio indartsuak zituen eta Bakunin Internazionalean sartzera bultzatzen zuten arrazoiez hasieratik susmatu zuen.

Internazionalaren lehenengo urteetan, bere dokumentuen erredakzioan, Marx “langileen berehalako akordioa eta ekintza hitzartua bermatu, nahiz klase borrokaren eskakizunei eta langileen klase antolakuntzari elikatze zuzena eta bultzada ematen dioten puntu” horietara mugatu zen. Hasieratik ulertu zuen “denbora jakin bat beharko zela mugimendu berpiztuak adierazpen ausardia zaharra berreskuratzeko”. Hala ere, “Manifestuan esposatutako ideien azkeneko garaipena lortzeko […] soilik eta esklusiboki ezinbestean ekintza eta eztabaida hitzartuetatik sortu behar den langile klasearen garapen intelektualean” konfiantza izaten, mugimenduak, garatu ahala, izaera sozialistagoa zuten aldarrietarako babesa lortu zuen. Hala, 1868an, Proudhon-en aldekoen oposizio minusbaliatuagatik ere, Internazionala, jabetza publikoarekiko inongo konpromisorik gabe eratua, meatze, trenbide, nekazaritza-ur, baso eta komunikabideen jabetza kolektiboaren alde ofizialki lerratu zen.

1871ko udaberrian Parisko Komunak, Marx-ek Kontseilu Orokorraren izenean Frantziako Guda Zibila obran gogoangarriki defendatua, langile klasearentzat botere politikoa lortzera bidean ekintza politikoaren forma eraginkorren auzia oso zorrozki planteatu zuen, langile klasean sufragioaren hazkuntzak, hala nola bakuninistek Internazionalean egindako kanpaina “abstentzionistak” ere gai garrantzitsu bilakatzen lagundu zutenak. Marxek eta Engelsek parte hartu zuten eztabaida baten ondoren, Londreseko Konferentziak bere IX Erresoluzio ezaguna onartu zuen, saiakera honen hasieran aipatua, zeinarekin Internazionala, lehenengo aldiz bere historian, “langile klasea alderdi politikoan eratzearen” alde ofizialki adierazten zen. Helburu hau Internazionalaren estatutuetan sartu zen Hagan urte bat beranduago egindako Kongresuan. Zer esan nahi du hemen, baina, hainbestetan aipatutako baina gutxi aztertutako formulazio honek? Londreseko Konferentziaren inguruko ikerketan -bizigarria eta ongi dokumentatua, nahiz eta askotan polemikoa- Miklos Molnar doktoreak, Genevakoa, erresoluzio hau interpretatzen du, kuota eta estatistikei dagozkienekin batera, Internazionala “alderdi internazional zentralizatu moduko batetan bihurtzeko” bidea prestatzeko modu gisa. Nahiz eta une hori arte Marxek Internazionala “elkarte afiliatuen sare” gisa ikusi zuen, Molnar-ek babesten du Marx-ek, Londreseko konferentzian modu irekian adierazi zuen bezala, “gizarte eta pilaketa heterogeneo horiek alderdi internazionalean bihurtzeko ideiarekin” kontzebitu zuela.

Molnar-ek ezin ditu Marx edo Engels-en deklarazioak aipatu Londreseko Konferentziaren erresoluzioaren inguruan egiten duen interpretazioa oinarritzeko eta haien intentzioak oso bestelakoak zirela erakusten duten datu oso sendo batzuk bazter uzten ditu. Horregatik, 1893an, Engels-ek Bretainia Handiko Alderdi Laborista Independentearen sorrera agurtu zuen, 1871ko Konferentzian “alderdi politiko independente baten aldeko” erresoluzioa iragarri zutenean, “alderdi berri hau Internazionaleko kide zaharrek osatu zedin nahi zuten alderdi berdina dela” esanez. Gainera, Manchesterreko Kanpo Sailak Britainiar Federazioko sail eta kide guztiei bidalitako agirian, Engels-ek 1872ko abenduan idatzi zuena, erresoluzioak “herrialde guztietan klase ertainaren alderdi guztien aurkako langile klasearen alderdi independente baten sorrera soilik eskatzen ” duela idatzi zuen. Esan behar da, jarraitzen du, “hemen, Ingalaterran, langile klaseak ‘alderdi Liberal handiaren’ atzeko muturra izaten jarraitzeari utzi behar dio eta bere alderdi independente propioa eratu, mugimendu kartista handiaren garai loriatsuetan egin zuen bezala. Mugimendu masibo kartistaren –“gure garaiko lehen langile alderdia”- eredura bueltatzen gara, beraz, azaldu zen bezala, Manifestu komunistaren autoreen pentsamenduan zegoena “proletalgoaren antolakuntza klasean eta beraz, alderdi politikoan” aipatzen zutenean.

1871n Marx-ek eta Engels-ek beste eredu berriago bat ere zuten buruan. Hori Langile Alderdi Sozialdemokrata Alemana zen, Eisenach-en bi urte lehenago osatua. Bebel eta Liebknecht buruzagiek Reichstag-en aurreko urtean gudaren aurka hartutako posizioa Marxek Londreseko Konferentzian parlamentu nazionaletan langile ordezkariak edukitzearen garrantziaren adibide gisa aipatu zuen, Engelsek egin zuen bezala 1871ko otsailaren 13an Internazionalaren Kontseilu Federal Espainiarrari idatzi zionean. Gutun garrantzitsu honetan, Parisko Komunaren aurretik idatzia, Engels-ek “esperientziak leku guztietan erakutsi du langileak alderdi zaharren menderatzetik emantzipatzeko modu onena herrialde bakoitzean politika propioa duen, gainontzeko alderdien politikarekiko erabat desberdina den politika duen alderdi proletarioa sortzea” dela babesten du.

Modu honetan, 1871tik Marx-ek eta Engels-ek Internazionalak langile alderdi nazional independenteak sortzeko lan egin behar zuela kontsideratzen zuten. Ez zuten inolako nahirik forma bat herrialde guztientzako eredu gisa preskribatzeko, ezta alderdi mota “marxistenaren” forma ere, Eisenach-en “(bere) ikuspuntu teorikoen influentziapean” garatutakoa bezalakoa, ezta mugimendu kartistaren forma ere, garapen teoriko txikiagoarekin baina oinarri zabalagoa duena. Ez zuten, ezta ere, Molnar-ek baieztatzen zuen bezala, “doktrina komuna zuen” Internazional bat edukitzeko helburua. “Programa teoriko komuna” -Marxek 1869an aurreikusi bezala, Internazionalean emandako ideien trukaketa bidez “gradualki” sortua izango zena- termino nahiko zabaletan kontzebitzen zen. Londreseko Konferentzia itxi eta bi egunetara, Marxek delegatuentzako bazkari batetan diskurtso bat bota zuen non azpimarratu zuen “internazionalak ez du(ela) inongo kredo partikularrik aurkezten. Bere eginbeharra langileen indarrak antolatzea da, langile mugimendu guztiak elkartu eta konbinatzea”. (Modu nahiko ironikoan, diskurtso honen erregistro oso bat apendize gisa aurkezten du Molnar-ek!) 1872koa abuztuan ere, anarkistekin izandako borroka gogorraren puntu gorenean, zeintzuen teoriei Marxek eta Engelsek ezin adiskidetuzko moduan aurka egiten zieten, bigarrenak argi utzi zuen haien ustez Bakuninek eta bere aldekoek, Internazionalaren barnean, “haien programaren alde propaganda” egiteko eskubidea zutela.

Marx eta Bakunin-en arteko gatazka, Julius Braunthal-ek Geschichte der Internationale-n seinalatzen duen bezala, “ez zen kontraesan teorikoen ondorio izan, Internazionalaren antolakuntzaren arazoarena baizik”. Bere demagogia libertarioagatik ere, Bakunin antolakunde hori hierarkikoki antolatutako elkarte sekretuen babes ezkutuko eta arduragabean kokatzen saiatu zen. “Diktadura kolektibo eta ikusezin hau osatzen baduzue, irabaziko duzue, ondo zuzendutako iraultzak arrakasta izango du. Ez baduzue egiten, ez da hori gertatuko”, idatzi zion Bakuninek 1870eko apirilaren lehenean bere aldekoa zen Albert Richard-i.

Internazionala antolakunde publiko eta demokratiko bezala zuzendu behar ote zen, bere kongresuetan zehaztutako arau eta politikekin bat, edo Bakunin-ek “(bere) aktibitatea intriga sekretuen bidez gelditzea” eta federazioek eta sailek ados ez zeuden kongresuetako erabakiak onartzeari uko egitea onartu behar ote zen; hori zen Marx eta Bakunin-en artean jokoan zegoen benetako aukera. Nahiz eta zalantza ezina den batzuetan Marx-ek eta Engels-ek Bakunin-en elkarte sekretuen benetako adarkadurak balioetsi zituztela (konspiratzaile zaharrari batzuetan zaila egiten zitzaion horiek guztiak bistatik ez galtzea eta errealitatea eta bere burmuin azpikariaren proiektu fantastikoen artean bereiztea), eta borrokaren berotan batzuetan gehiegikeria polemikoetan eta oinarri eskaseko eraso pertsonaletan erori zirela (zeinetako bakarra ere, baina, ez zen jaitsi ustezko militante internazionalista honek Marx-i egindako erasoetan txertatutako militantzia antisemitaren mailara), Bakuninek arrazoi zabalak eman zizkien haien lerrotan ixteko, 1872ko iraileko Hagako Kongresuan bere porrota eta kanporaketa ziurtatu ahal izateko.

Ez da pentsatu behar Marx-ek eta Engels-ek Kontseilu Orokorraren botereak handitzeko egindako proposamenak, kongresu horretan adostutakoak, “langile klase europearren gobernu zentral antzeko” baten aldeko proposamen mazzinistaren bertsio bat praktikan jartzera zuzenduta zeudenik,  zeinaren gaitzespena Marx-ek Internazionalaren lehen garaitan lortu zuen, ezta blanquista frantziarrek Internazionala “iraultza proletarioaren abangoardia internazionala” izatea eskatu zutenean -Hagako Kongresuaren ondoren, neurri handiegi batetan, “instituzio parlamentarioa” izateagatik kritikatu zutena- buruan zuten buruzagitza guztiz autoritarioa ere. Marx-ek eta Engels-ek proposatzen zutena Kontseilu Orokorrak sailak kanporatzeko zuen eskubidea,  1869ko Basileako Kongresuan Bakunin-en babes osoarekin adostutakoa, federazioak barne hartzeko helburuarekin zabaltzea zen, baina “Kontseilu Orokorra kontrol baten azpian jartzeko” baldintzak izanda soilik.

Parisko Komunaren ondorengo gertakarietan, Europako indar erreakzionarioen jazarpenari eta bakuninisten banaketari aurka eginda, Marxek eta Engelsek ez zuten beste alternatibarik Internazionalari buruzagitza zentralizatu eraginkorra emateko borrokatzea baino. Guztiarekin, hori egitean antolakundearen amaiera azkartu zuten. Haien proposamenek Bakunini Suitzan, Italian, Espainian eta Belgikan plataforma “antiautoritario” bat eskaini zioten Kontseilu Orokorrari oposizioa mobilizatzeko,  zeinera britainiarren sektore handi bat batuko zen, aurretik Marx Proudhon-en aldekoen aurka babestu zutenak eta anarkistekiko begikotasunik ez zutenak. Kontseilu Orokorra etorkizun hurbilean blanquistek kontrolatuta egotera arriskatu aurretik –zeinekin batu behar ziren Bakunin garaitzeko edo agian beranduago bakuninistak- Marxek eta Engels-ek Hagako Kongresua bere egoitza New Yorkera lekualdatua izan zedin konbentzitu zuten. Kongresu honek, Engels-ek 1874ko udazkenean onartuko zuen bezala, Lehenengo Internazionalaren amaiera markatu zuen. “Mundu proletarioa, idatzi zuen, gehiegi handitu da “herrialde guztietako alderdi proletario guztien aliantza hori” berriz existitu ahal izateko. Hurrengo internazionala, pentsatzen zuen, Marx-en lanen influentzia zabaldu eta gero, “komunista izango da eta gure printzipioak modu irekian aldarrikatuko ditu”.

Paradoxikoki, Marx-ek eta Engels-ek Hagako Kongresuaren ondoren etorritako lehen aldian itxarotako Lehenengo Internazionalaren birjaiotza eragotzi zuen faktore garrantzitsua langile alderdi nazionalen garapena izan zen. Kongresuaren estatu berriek alderdi horien garapena sustatzea izan zuten helburu, baina hauek, praktikan, antolakunde autonomo gisa garatzean, bata bestearen aurka jartzeko joera izan zuten. Molnar zuzenean dago Internazionalak alderdi hauei “bizitza eman zien eta haien ondorioz hil egin zen” esaten duenean. Roger Morgan doktoreak, alderdi hauetako lehena eta garrantzitsuenaren inguruan egindako ondo informatutako ikerketan, detaile handiz erakutsi zuen nola Eisenach-eko Alderdiaren sorrerak, J.P. Becker-ek Geneva-tik gidatutako Internazionaleko alemaniar hizkuntzako taldea ordezkatzean, Internazionalaren Alemaniako aktibitate zuzenean txikitze batera eraman zuen Eisenach-eko kideek haien kanpaina nazional propioekiko zuten ardura zela eta. Marx eta Engels inoiz ez ziren antolakuntza forma zehatz batetara gogor atxikitzen mugimendu errealak gainditu zuela eta honen garapenerako “traba” batetan bilakatu zela pentsatzen zutenean. Nahiz eta 1871-1872an hartu zuten posizioak ez zuen Lehen Internazionala salbatu, sortu behar ziren alderdi politiko berriei printzipio politiko eta organizatiboak ematen, eta gehienetan gutxi gorabehera marxista zen izaera bat hartzen lagundu zuen. Bigarren Internazionalak, 1889an Engels-en babes sutsuarekin sortua, nahiz eta “zuzenean komunista” ez izan, marxismoaren oso eragin handia izatea lortzen ere lagundu zuen.  1891ko Bigarren Kongresuan talde anarkisten ordezkariak kanpo uztearen alde aho batez hartutako  erabakia komentatzean, Engels-ek idatzi zuen: “Honekin Internazional zaharra amaierara heltzen da; honekin Internazional berria hasten da. Hau, puruki eta sinpleki, hemeretzi urteko atzerapenarekin heltzen den Hagako Kongresuaren erresoluzioen berrespena da”.


V

Lasalle-k 1863an Langile Alemaniarren Batasun Orokorra sortu zuenean (LABO), hamabost urtez baretuta egondako langileen mugimendu independentea indartzeko “betiereko zerbitzua” bete zuen, Marx-en iritziaren arabera. Guztiarekin, Marx-ek LABO bezalako langile antolakunde independente batetan positiboa zena onartu bazuen ere eta denbora laburrez, 1864-1865 bitartean, bere egunkariari ekarpena egin zion arren, berak eta Engelsek ohikoan “langile sekta” gisa deskribatzen zuten, langileen alderdi gisa baino. Langileei “errezeta dogmatiko zehatz baten arabera” jarraitu beharreko bidea agintzeko saiakera lasallearra, askatasun politiko oso baten aldeko bere agitazio desegokia (behintzat 1868aren aurretik), lidergoari gurtza eta antolakuntza “hertsia”, LABOk bere adierazpen gisa sortutako sindikatuei ere inposatzen saiatzen ziena, bere izaera sektarioaren adierazpen gisa ikusten zituzten. Honi guztiari oposizioan, 1868an Marx-ek LABOren lehendakaria zen Schwitzer-i “garrantzitsuena independentziaz jokatzen erakustea” dela idatzi zion, bereziki Alemanian, “non langilea haurtzarotik burokratikoki diziplinatua den eta autoritatean eta bere gainetik kokatutako organismoetan sinesten duen”.

1865etik aurrera Marx-ek bere esfortzuak Alemanian Internazionalaren sailak sortzen kontzentratu zituen, horietarako kide indibidualak biltzen zituelarik. Sail horiek langileen alderdi nazional batentzat terrenoa prestatzen zutela uste zuen, Bismarck-ek batasun alemanaren alde burututako agitazioak errazten zuena. Kapitalaren lehenengo liburukiaren argitalpenak, orain dela mende bat, zeinarekin Marx-ek “Alderdia ahal zen guztia jasotzea” espero zuen, eta hurrengo urtean bi langile antolakunde aleman garrantzitsuenen kongresu nazionaletan ongietorriak jasotzeak: LABO eta Alemaniako Langile Antolakundeen Elkartea, Bebel-ek eta Liebknecht-ek gidatua, zentzu hori zuen ere. 1869an Eisenach-en egindako kongresu batetan Bebel-en Elkartea LABOren oposizioko elementuekin batu zen marxismoaren eragina erakusten zuen programa baten gainean Alderdi Sozial Demokratiko Alemana sortzeko, “herriarentzat askatasun estatua” aldarrikapena eta zenbait formulazio lasallearrek Marx eta Engels-en oniritzia izan ez zuten arren. Nahiz eta zentzu batzuetan ez izan LABO bezain zuzenki sozialista, alderdi berriak, Marx-ek eta Engels-ek ikusten zuten bezala, Bismarck-en nazionalismoari trabarik gabe aurre egiteko eta guztiz demokratikoak ziren lerrokatzeen arabera antolatua egoteko abantaila zuen lehenengoaren gainean. Beragan Marx eta Engels benetako alderdi proletarioa ikustera heldu ziren eta, 1862an Liga Komunista desegin zenetik, lehenengo aldiz “gure alderdia” adierazpena aplikatu zioten garaiko alderdi politiko antolatu bati.

1875ean Gotha-n langileen bi antolakunde alemanen artean kongresu bateratu bat egitea adostu eta alderdi berrirako programaren zirriborroa ezagutzera eman zenean, Marx-ek eta Engels-ek programaren eskasia teorikoen inguruko kritika ezagunak idatzi zituzten Eisenach-eko liderrek pribatuan hausnar zitzaten. “Mugimendu errealaren pausu bakoitzak dozena bat programek baino gehiago balio du”, idatzi zuen Marx-ek. “Beraz, Eisenach-eko programatik haratago joatea… ez bazen posible, sinpleki etsai komunaren aurkako ekintzarako akordioa adostera mugatu behar zen”. Mesfidantza hauengatik ere, Marx eta Engels alderdi bateratu berriarekin asoziatu ziren eta ez zen denbora asko pasako hari “gure alderdi” esateko, eta bere bizitzaren amaieran Engels-ek fusioa goraipatu zuen ekarritako “indarren areagotze izugarriagatik”.

Alderdi berriaren hazkunde izugarriaren aurrean poztu egiten ziren arren, Marxek eta Engelsek kritikak egin zituzten "alderdiaren eta teoriaren baldartze (Verluderung) baten zantzuak" ikusi zituzten bakoitzean. Honela, 1879ko irailean, hitz gogorrekin zirkular bat bidali zieten Alderdiko buruzagiei, non hauek "burgesia txikiaren ordezkari" batzuekiko zuten jarrera adiskidetzailea kritikatzen zuten, Alderdiaren izaera proletarioari aurre egiten saiatzen zirenak, eta horrela, alderdi horren barnean "elementu adulteratzaile" bezala jokatzen zutenak. "Ulertezina" iruditzen zitzaien Alderdiak "[...] bere baitan" langileak bere kontuz emantzipatzeko landugabeegiak zirela zioten pertsonak" onartzen jarraitzea ". 1882an Engels-ek Bebel-i idatzi zion ez zuela ilusiorik egiten "egun batean burgesiarantz makurtutako Alderdiko elementuekin borroka batera eta ezker eta eskuin hegalak bereiztera iritsiko" zirenaren inguruan, ahal zela 1878an sartutako Lege Antisozialista indargabetu ondoren.

Bere bizitzako azken urteetan, Engelsek, Alderdiak jarraitutako ildoa eta honek hartu zuen programa berria onartu zituen bere funtsezko elementuetan, 1891ko Erfurt-eko kongresuan bere lehen zirriborroa kritikatu eta gero. Bere harrotasuna adierazi zuen 1893an bi milioi botoen mugara hurbiltzen ikusten zituen hauteskundeetako “gure” arrakastengatik, eta baikortasun handiegiarekin, 1900 eta 1910 urteen artean hauteskundeetan gehiengoa lortu eta boterean gobernu sozialista bat egongo zirela aurreikusi zuen. 1895ean, hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago, Marxen Klase borrokak Frantzian 1848tik 1850era lanari egindako sarreran, "proletalgo erabat berriaren borroka metodoa"-ren justifikazio teorikoa landu zuen, sufragio unibertsalaren erabilera eraginkorraren bidez ireki zena, iraganera baztertuz "ustekabeko erasoen garaia, masa inkontzienteen gidaritzan gutxiengo txiki kontzienteek egindako iraultzen garaia”. Hala ere, han zirriborratutako taktikak Frantzian, Belgikan, Italian eta Austrian ezin zirela erabat errepikatu adierazi zion Paul Lafargue-ri, eta "Alemanian bihar aplikaezinak" izan daitezkeela gaineratu zuen.

Engelsek “sozialdemokrata” errotulua desegokia ikusi zuen “programa ekonomikoa ez soilik orokorrean sozialista baizik eta zuzenean komunista, eta azken helburu politiko gisa estatu ororen abolizioa eta, modu honetan, baita demokraziarena ere” duen alderdi batentzat. Harold Laski irakasleak, alderdi laboristaren mendeurrenean argitaratutako manifestuaren edizioaren sarreran, ez zuen onartu nahi izan Marxek eta Engelsek 1848 urtearen ondoren garatu zutela alderdiaren kontzeptua. "Errusiako iraultzatik dator alderdi komunista independente baten ideia", adierazten du, "ez zegoen Marxen ezta Engelsen pentsamenduan", zeinak, adibidez, "ez ziren inoiz saiatu Alemaniako Alderdi Komunista Independentea sortzen". Ez du ikusten beraientzat "komunismo alemana" -Engelsek 1874an Sorge-ri idatzi zion bezala, "oraindik ez zena langile alderdi bezala existitzen"- gradualki 1869 ondoren existitu zela Bebel-ek eta Liebknecht-ek zuzendutako alderdi sozialisten forman.

Marxek eta Engelsek Frantzian garai berean alderdi marxista bat garatzeari buruz izandako kontzepzioek ere ez diote babesik ematen Laskiren baieztapen orokorrari, “haiek beti babestu zituzten langile klasearen alderdiak, nahiz eta komunistak ez izan, alderdi bereizi eta propio bat osatu gabe", alde batera utzita "horrelako alderdiak programa desegoki bat izan dezakeela", esaten duena. Izan ere, 1882an Engelsek babesa eman zion Guesde-ri eta ezkerreko gutxiengoari Langileen Alderdi Frantsesaren St. Etienne-ko Kongresutik erretiratu zirenean, orduan alderdi guesdista batean eta alderdi "posibilista" batean zatitu zuten alderdia. Engelsek "elementu bateraezinen" banaketa hau "saihestezina" eta "ona" bezala deskribatu zuen. Bernsteini zuzendutako gutun batean jakinarazi zuenez, eskuin "posibilistak" Marxek idatzitako 1880ko alderdi programaren "hitzaurre komunista ordezkatu" zuen "1866ko Internazionalaren arauekin", zeinak, esan zuen "hain modu zabalean erabaki ziren Proudhon-en aldeko frantsesak oso erreakzionarioak zirelako eta, hala ere, ez zelako zuzena izango kanpoan uztea". Posibilistek egiten zuten bezala, “programarik gabeko alderdia” sortzen bazen “edonor sartzeko modukoa, orduan jada ez zen alderdirik izango”, babeste zuen.  Une batez gutxiengoan egotea programa zuzen batekin “antolakuntzari dagokionez- soilik izenez aldeko kontsideratu daitezkeen jarraitzaile asko izatea baino hobea da”.

 

VI

Langile alderdi zabal baten ideia, Marx-ek eta Engels-ek Britainia Handia eta Estatu Batuen kasuan defendatua, eta bere lagunaren heriotzaren ondoren, 1880 eta 1890eko hamarkadetan herrialde bietan langile mugimendu espontaneo bat sortu zenean, azkenekoak gehiago garatua, Alemanian eta Frantzian ukatzen zuten hori bera zela ematen zuen. Florence Kelley Wischnewetsky-ri 1886 urtearen amaieran bidalitako gutun batean, Engelsek dio, Ipar Amerikako hurrengo hauteskundeei buruz, "bat edo bi milioi langilek […] fede oneko langile alderdi baten alde, gaur egun doktrinalki perfektua den plataforma batek lortutako ehun mila boto baino askoz gehiago balio” dutela. Nahiz eta ez zen inolako ilusiorik egiten Knights of Labour-en eta Henry George-n atzerapen teorikoari dagokionez, alderdi honek altxatutako “bandera” zena, ez zuen uste horietako edozeinen kritika osoa egiteko unea iritsi zenik. "Akats handitzat hartuko nuke… langileen alderdiaren sendotze nazionala atzeratu edo eragotz lezakeen guztia -berdin dio bere plataforma zein den", zioen. Finkatze hori "gorputz independenteak langileen armada nazional batean bateratzearen" bidez gerta zitekeenm idatzi zuen Langile klasearen egoera Ingalaterran lanaren Ipar Amerirako 1887ko edizioari egindako hitzaurrean. Armada horrek "Kapitolioaren eta Etxe Zuriaren konkista izango luke jomugatzat".

1881ean "Labour Standard"-en agertutako artikulu sorta batean, Engelsek "langileen alderdi politiko" propioa osatzeko eta bere ordezkari propioak legebiltzarrera bidaltzeko eskatu zion langile mugimendu britainiarrari. Bi hamarkada geroago Alderdi Laboristak hartuko zuen antolaketa moduaren aurrerapen bikain batean, honako hau idatzi zuen: "Gremio espezifikoen sindikatuekin batera -edo gainetik-, sindikatu orokor bat sortu behar dute, langile klase osoaren antolaketa politiko bat". 1888-1889ko altxamendu militantetik eta 1892ko hautagai laborista independenteen lehen arrakastetatik abiatuta, 1893an Alderdi Laborista Independentea sortu zenean, Engelsek publikoki "sozialista guztiei eskatu zien alderdi horrekin bat egiteko, uste baitzuen, zuhurtasunez gidatuz gero, denborarekin beste edozein erakunde sozialista xurgatuko zuela". Nahiz eta ALIko buruzagien artean "mota guztietako pertsona irrigarriak" egon, "masak haien atzean daude eta nola gidatu irakatsiko diete edo kareletik botako dituzte" idatzi zion garai horretan Engels-ek Sorge-ri .Alderdi berriaren garapenak hurrengo bi urteetan, baina, ez zituen bere itxaropenak elikatu, eta 1895eko hasieran ez zuen langile britainiarren artean "sektak besterik ikusten, eta alderdi bakarra ere ez". Jakina, Engelsek ez zuen alderdi berria epaitzen teoria marxistarekiko zuen atxikimenduagatik, baizik eta "langileen alderdi politiko independentea zen" neurriagatik, "mugimendua bera (masena)” sustatzen eta islatzen zuena, “hori egiteko modua edozein izanda ere, betiere masen mugimendua bera baldin bazen".

Engelsek (eta Marxek) alde batetik, Alemaniari eta Frantziari buruz eta, bestetik, Britainia Handiari eta Estatu Batuei buruz emandakoak bezalako ulermen teoriko zuzenaren garrantziaren, programaren izaeraren eta bere aldekoen kopuruaren balorazio hain desberdinek, zalantzarik gabe, alderdi proletarioaren bi ikuskera desberdin adierazten dituzte. Dena den, ezberdintasunak ez dira absolutuak, eta sozialismo zientifikoaren sortzaileen pentsamenduan azaldu ezin den kontraesanik ere ez dute adierazten. Aitzitik, logikoki osagarritzat hartuko dira, baldin eta, kasu bakoitzean, Engelsek arestian aipatutako Mrs. Kelley Wischnewetsky-ri idatzitako gutunean "gure teoria ez da dogma bat, eboluzio prozesu baten azalpena baizik, eta prozesu honek ondoz ondoko etapak suposatzen ditu"-enaren zentzuan emandako azalpenean oinarrituta, haren aplikazioa aztertzen bada. Garai hartan, Britainia Handiak eta Estatu Batuek langile industrialen funtsezko motak zituzten, gremio-erakunde garrantzitsuak garatu zituztenak, eta, sarritan, militanteak, baina non sozialismoaz zerbait ulertzen zutenak oso gutxi ziren. Kasu honek analogia bat zuen, Engels-ek Sorge-ri adierazi zion bezala, Alemanian "Liga Komunistak 1848 baino lehen langile elkarteetan betetzen zuen paperarekin". Ondorioz, guztiz koherentea zen Engelsek marxista iparramerikarrei gomendatzea "Europako sozialistek langile klasearen gutxiengo txiki bat besterik ez ziren garai batean egin zuten bezala jokatzea", Manifestu komunistak komunistek ez zutela "alderdi independente eta langile klaseko gainerako alderdien kontrakoa" osatzen adierazten zuen garaian. 1848tik aurrera, baina, sozialistek kontinentean zuten posizioa nabarmen hobetu zen. Alemaniak, 1869an eta, neurri txikiagoan, Frantziak, 1880an, alderdiak langile klasean gutxi gorabehera garatutako programa sozialistetan oinarrituta errotzen ziren etapa erdietsi zuen, eta Marx eta Engelsentzat, programa horien “faltsutze” edo narriadurari esker beste erakunde batzuekin fusionatzeko edo boto gehiago irabazteko edozein saiakera "atzerapauso erabakigarria" zen. Baina Britainia Handiarentzat eta Estatu Batuentzat, non langileak alderdi burgesei politikoki lotuta egon ziren, edozein mugimendu alderdi bateratu zabal eta langileen berezko baterantz, nahiz eta oinarri teorikoak atzerakoiak izan, aurrerapauso bat zen: "eman beharreko hurrengo urrats handia".

Marxisten talde antolatu nagusiek beren buruari egotzi zioten isolamenduak Engels kritika egitera bultzatu zuen, sekta izateagatik eta modu horretan jokatzeagatik, zeinak "garapenaren teoria marxista dogma zurrun batera murrizteko balio izan zuen" . Funtsezkoa izan zen "sektarismo anglosaxoi" horri egin zion objekzioa, Hyndman-en "ukipenik gabeko" jokabidearen erresumina baino lehenago -Cole eta Postgate aurrena, eta beranduago Carew Hunt-ek arrazoirik gabe baieztatu bezala- Engels Britainia Handiko Federazio Sozialdemokratatik eta Estatu Batuetako Lanaren Alderdi Sozialistatik aldendu izana azaltzen duena . Hala ere, pentsatzen zuen erakunde horiek, "gure programa teorikoa onartu eta, horrela, oinarri bat hartu ondoren", geroagoko etapa batetan eginkizun bat izango dutela, baldin eta langileen "masa oraindik nahiko plastikoaren" artean lan egiten badute, "mugimendua eta haren helburuak ulertuko dituen eta, ondorioz, gidaritza hartuko duen jende nukleo gisa". Esperientziak erakutsi zuenez, "posible da langile klasearen mugimendu orokorrarekin batera lan egitea etapa bakoitzean, gure posizioa eta gure erakundea arindu eta ezkutatu gabe". Ondorioz, marxistek ekarpen handia egin ziezaioketen beren herrialdeetako langile mugimenduaren "behin betiko plataformaren" sorrerari, "Europako langile klase militante osoak orain onartutakoaren berdina izan behar duena eta izango dena". Garai honetan, zalantzarik gabe, Engelsek "alderdi berri" baten sorrera aurreikusten zuen, lau hamarkada baino gehiago lehenago "sozialismoaren eta kartismoaren bat-egitetik, frantziar komunismoaren erreprodukzio inglesetik" sortuko zela iragarri zuen bezala, kartisten bat-egitetik, "teorikoki atzeratuagoak, ez hain garatuak", baina "benetako proletarioak", sozialistekin, "perspektiba zabalagoa dutenak", langile klasea bere herrialdearen “benetako lider intelektuala” bilakatzeko.

 

VII

"Alderdiaren nozioa baztertu [...]klasearen nozioari berriz ekiteko" egitetik urrun, Sorel-ek baieztatzen duen bezala, Marx-ek eta Engels-ek alderdia proletarioen garapenaren une gisa ikusi zuten, zeina gabe "honek ezin du klase bat bezala aritu". Langile klasea "egun erabakigarrian garaile izateko bezain indartsua izan dadin", Engelsek 1889an Trierri idatzi zionez, "Alderdi independente bat osatu behar du, beste guztiez bestelakoa eta haien aurkakoa, alderdi klasista eta kontzientea", gehiegizko sinplifikazioz gehituz, "hori da Marxek eta nik 1847az geroztik aldarrikatu duguna". 1865ean, "Auzi militar prusiarra eta langile alderdi alemana" lanean, argitaratu aurretik Marx-ekin aztertu zuena, Engels-ek langile alderdia -une hartan existitzen zen Alemaniako langile antolakunde bakarra zen Lasalle-ren LABO-rekin identifikatzeko prest ez dagoena- "klasearen interes propioez jabetu den langile klasearen zati hori" gisa definitzen du. Haiek alderdi proletarioaz axolagabe klase osoaren berdin-berdina balitz bezala hitz egiten dutenean , testuinguruek argi eta garbi erakusten dute klaseari buruz ari direla sinekdoke moduan, errealitatean "politikoki aktiboa den sektoreari" buruz ari direnean, zeinari klase horrek gero eta laguntza handiagoa emango dion “bere burua emantzipatzeko heldutasuna" lortu ahala.

Langile klasearen kontzientzia teorikoa eta Selbsttatigkeit-a (bat-bateko jarduera) Marx eta Engelsen pentsamenduan eta jardueran agertzen dira, alderdi proletarioaz duten kontzepzioaren funtsezko elementu gisa, 1844tik aurrera, egoera ezberdinen aurrean proportzio ezberdinetan konbinatuz. Marxen pentsamenduan "dualismo" bat adierazi beharrean -Maximilian Rubel-ek dioen bezala-, beti faktore osagarriak dira proletalgoaren heldutasun eta Selbstbewusstsein (kontzientzia) osorainoko eboluzioaren kontzepzio marxistaren barruan. Marxek alderdiaz duen ikusmoldea ixten saiatzen da Rubel, bere obran bere soziologia materialistaren eta iraultza sozialerako "postulatu" gisa balio dion etika utopiko baten artean "funtsezko anbiguotasuna" dagoela dioen teoria oso eztabaidagarriaren Procustoren ohantzean. Marx eta Engels-en lan sorta zabal batetik modu erabat ahistorikoan ateratako aipamenen laguntzaz, Rubel bien obran "alderdi proletarioaren kontzepzio bikoitza" bereizten saiatzen da, “alde batetik, langile alderdiaren kontzeptu soziologikoaren eta, bestetik, alderdi komunistaren kontzeptu etikoaren artean” bereizketa egiten. Karl Marx-ek, dio Rubel-ek, "langile alderdiaren eta arlo teoriko eta hezitzailean lan egiten duten komunisten arteko bereizketa formala egiten du; horrela, komunistak ez dira inolaz ere funtzio politikoak betetzera deituak". "Mugimendu proletarioa ordezkatzen duen instituzionalizatu gabeko ordezkaritza modu bat delako, hitzaren zentzu 'historikoan'", azkenak "ezin dira identifikatu alienazio politikoaren murrizketen menpe dagoen benetako erakunde batekin" eta "formalki ezarritako arau eta estatutuei men egiten diena". Proletalgoaren mugimendu klasista, dio Rubelek, ezin da alderdien agitazio politikoarekin identifikatu. "Aitzitik", jarraitzen du, "sindikatuek ordezkatzen dute, hauek beren eginkizun iraultzailea ulertzen dutenean eta behar bezala betetzen dutenean". (Marx eta Engels sindikalista gisa aurkeztu nahi dituen azken baieztapen honek, besteak beste, ez daki haiek Johann Philip Beckerren argudio berdin-berdin bat baztertu zutela Eisenach-eko Kongresua baino lehen. "Becker zaharrak arrazoia galdu du", idatzi zion orduan Engels-ek Marx-i. "Bestela nola dekretatu ahal izango luke sindikatuek langileen benetako elkartea eta antolakunde ororen oinarria izan behar dutela".)

Alderdi Komunistaren Manifestuak, Rubel-ek aipatzen duena, bere egileen alderdi lanaren historia guztia bezala, non gu oinarritu garen, argi eta garbi erakusten du beraiek uste zutela komunistek beren aurreikuspen teorikoa erabiliko zutela -Rubel-entzat borroka politiko usteletik oso urrun dagoen ezaugarri etiko transzendentalen bat dena-, hain zuzen ere, politikoki ekiteko, garaiko borroka politikoak "bultzatu" eta zuzentzeko helburuarekin. Gainera, Manifestua Liga Komunistaren programa gisa agertu zen, "formalki ezarritako arau eta estatutuei men egiten dien" erakunde politiko bat!

Garai berezienetan eta aldi baterakoetan baino ez zuten komunistek "benetako erakunde" batetik kanpo jardun, nahiz eta -lehen Internazionalaren kasuan bezala- erakunde horrek ez zuen beti Alderdi Komunista bat izan behar. Azkena "langile klaseko gainerako alderdiekiko” desberdina zen, programa komunista bat izateagatik eta teoria komunistak gidatua izateagatik. Hala ere, langileek "beren klase sentimenduagatik" teoria marxista onartu arte "beren bidea irekiko" zutela uste zutenez, "teorikoki garbiak ziren adimenak" zituztenen laguntzarekin prozesua nabarmen laburtzeko, Marx-ek eta Engels-ek pentsatzen zuten, lehenago edo geroago, alderdi horietako asko programa komunistak bereganatzera iritsiko zirela edo bereganatuta zuten beste batzuek xurgatuko zituztela. Sineste hori indartu egin zen bere bizitzaren amaieran, Alemaniako sozialdemokraziaren adibideagatik, funtsean komunista zen masa alderdi motarantz garatzen ari baitzen, eta helburu horretara, uste zutenez, aurrera egingo zuten gainerako langile alderdiek, abiapuntu desberdinetatik eta beren forma nazionalen arabera. Uste zuten alderdi proletario guztiz garatu horrek teoria sozialistaren fusioa erakusten zuela, ez soilik langile aurrerakoien sorta txiki batekin, Liga Komunistan bezala, baizik eta langile klaseko sektore ugariekin eta gero eta handiagoekin.

Marxek eta Engelsek uste zuten barne demokraziarik handiena alderdi proletarioaren funtsezko ezaugarria zela. Ezkerreko oposiziogile nagusiak Danimarkako Alderdi Sozialistako zuzendaritzatik kanporatu izanagatik kezkatuta, Engels-ek honako hau idatzi zion Trierri arestian aipatutako gutunean: "Langile alderdia egungo gizartearen kritikarik zorrotzenetan oinarritzen da; kritika da bere funtsezko elementua; nola ekidin ditzake, orduan, kritikak, eta eztabaida debekatu? Posible al da besteei hitz egiteko askatasuna eskatzea soilik geure lerroetatik berehala kentzeko? " 1890ean alderdi alemaniarraren zuzendaritzak Jungen (zeintzuen jarrera politikoekin Engels ez zetorren bat) deiturikoen aurka modu autoritarioan erreakzionatu zuenean, eurek kontrolatzen zituzten lau egunkari sozialdemokrataren bidez adierazia, Engels-ek Sorge-ri honakoa idatzi zion: "Alderdia hain da handia, ezen barne eztabaidarako askatasun osoa beharrezkoa baita. [...] Herrialdeko alderdirik handiena ezin da existitu hura osatzen duten iritziaren ñabardura guztiak bete-betean sentiarazi gabe ". Engels-en arabera, barne demokrazia, aniztasuna eta eztabaida ez ziren kontrajartzen Alemaniako sozialdemokraziaren existentzia moduarekin, zeina "Alderdi Sozialista indartsuena, diziplinatuena eta hazkunderik bizkorrena zuena" zen, baizik eta baldintza berauek ziren eskatzen zutenak, modu inbertso batean, berak eta Marxek, Lehen Internazionalaren historiaren etapa jakin batean, ez ohiko kasuetan erabiltzeko diziplinazko botereak zituen Kontseilu Orokor indartsuago bat kontsideratu zuten zen bezala, zeina bere funtzionamendu demokratikorako ezinbesteko baldintza zen.

Marx-en printzipio ospetsua, "langile-klasearen emantzipazioa langileek berek egin behar dutela", Engels-ek eta berak behin eta berriz errepikatu zutena, alderdiari buruz duten ikusmoldeak osatzen du -eta ez ezeztatu-. "Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak, hain zuzen ere langile alderdia delako, 'politika klasista' bat jarraitzen du, langile klasearen politika", idatzi zuen Engelsek 1873an Etxebizitzaren arazoa lanean. "Alderdi politiko bakoitzak estatuan bere nagusitasuna ezarri nahi duenez, modu berean Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak bere nagusitasuna, langile klasearen nagusitasuna eta, beraz, 'klase nagusitasuna ezartzeko borrokatzen du'". Proletalgoaren partetik, alderdi propioaren antolakuntza langile klasearen borrokaren "ezinbesteko baldintza" zen eta "proletalgoaren diktadura […] bere berehalako helburua". Marx eta Engels ez ziren inoiz baieztapen horretatik haratago joan alderdi proletarioaren eta proletalgoaren diktaduraz zuten kontzepzioaren arteko harremanaren azterketan, kapitalismoaren eta komunismoaren arteko "trantsizio-aldi politiko" gisa ikusten zutena. Bere obran ez dago ezer Stalinek bere teoria, sozialismoak alderdi bakarreko sistema eskatzen duela dioena, marxista gisa aurkezteko saiakera justifikatzen duenik, eta ezer baino gutxiago berak egindako moduan, non kamarilla tiraniko txiki batek langile klasea ordezkatu zuen sozialismoaren oinarrietako batzuk ezartzeko zereginean. Aitzitik, Engelsek Blanquiri egiten dion kritika, hain zuzen ere, erregimen mota horren aurka zuzenduta dago. "Blanquik iraultza orori buruz duen ikuskeratik abiatuta, gutxiengo iraultzaile txiki baten coup de main gisa", idatzi zuen 1874an, "iraultza hori diktadura batek jarraitu behar duela ondorioztatzen da: diktadura, jakina, ez klase iraultzaile osoarena, proletarioarena baizik, coup-a egin zuten eta aldez aurretik gizabanako baten edo batzuen diktadurapean antolatuta dauden gizon kopuru txikiarena. Komuna, Marxek "langile klaseek botere politikoa konkistatzea" bezala deskribatua, eta Engelsek "proletalgoaren diktadura" bezala (zeinarekin gauza bera esan nahi zuen), ez zen alderdi bakar bateko estatua eta boto unibertsalaren bidezko funtzionario guztien hautaketan oinarritzen zen, eta "bere diputatu eta funtzionarioen aurka neurriak hartzean, guztiak, salbuespenik gabe, edozein unetan ezeztagarri deklaratuz”.

Hilda dagoen Carew Hunt, Marxism Past and Present liburuan, oso segurua ez den terrenoan aurkitzen da alderdi bakarraren sistema "diktaduraren doktrina marxistan inskribatuta" zegoela dioen argudio oso erabiliaren birformulazioan oinarritzen duenean: "pentsaezina da Marxek, oposiziogile sozialista bat zapaltzeko edozer gauza egingo lukeena”, bere aurkariak “iraultza egiteko helburuen zehaztapena saihesteko politikoki antolatzea” baimenduko zuenik. Argi dagoenez, Carew Huntek buruan duen adibide bakarra Bakunin eta bere aldekoena da, zeinaren Lehen Internazionaleko agerpenaz E. H. Carl-ek honakoa idazten duen: "Zurezko zaldia troiar gotorlekuan sartu zen". Bolte-ri 1873an bidalitako gutun batean, Marxek honako hau idatzi zuen: "Internazionalarekin duten oposizio irekian, pertsona hauek ez dute minik egiten, baizik eta baliagarriak dira, baina, bere barneko elementu etsai bezala, mugimendua hondatzen dute nolabaiteko garrantzia hartzen duten herrialde guztietan". Berak eta Engelsek, Bakuninen argudioa arbuiatzen zuen, zeinaren arabera, Internazionala, kapitalismoaren aurkako eguneroko borrokaren beharrei erantzutera behartuta zegoena, etorkizuneko gizarte libertario batekin ahal zen guztia bat etortzeko moduan antola zitekeen. Marxek eta Engelsek gerra zibil batean edo "esklabismoaren aldeko matxinada" batean aurkari erreakzionarioen aurka salbuespenezko neurri autoritarioak hartu zituztela zalantzarik ez dagoen arren, ez dago oinarririk oposizioa eta desadostasun politikoa proletalgoaren diktaduraren ezaugarri arrunt gisa ezabatzea sustatu zutenik suposatzeko.

Alderdi proletarioaren zeregina Marxek eta Engelsek azaldutako dialektikaren eta garapen historikoaren ikusmolde berak mugatzen du. Langile klasearen bizitzako une jakin batean jaioa, klase horren garapenaren etapa ezberdinekin batera herrialde eta aldi ezberdinetan garatuz, aldi berean garapen honen aurrean erreakzionatuz eta azkartuz, langile klasea boterea konkistatzen laguntzeko duen gaitasunak bere desagerpenaren oinarria osatuko luke. Pentsa daiteke boterean dagoen langile klasea, biztanleriaren sektore zabalenen kontzientzia handitzean hezkuntzaren hedapen handi baten bidez, "pertsonek beren kabuz eta beren buruarentzat jarduten dutela" zainduko luketen "erakunde benetan demokratikoak" ezartzean, pixkanaka-pixkanaka itxi egingo litzatekeela alderdiko ehunka mila kideren "nukleo aditu eta hezi” eta klaseko gainerakoen arteko arrakala, horrela eskaloi desberdina den alderdiaren raison d’etrea ezabatuz. Azkenik, Marxek hori gertatzeko azkartasunari buruzko ilusiorik egiten ez zuen arren, boterean zegoen proletalgoak hartutako neurri ekonomikoek bere nagusitasunarekin amaituko zuten, klase bezala zuen existentzia abolitzean, eta, horrekin batera, estatuaren existentzia "egungo zentzu politikoan". Klaseak eta haien antagonismoa baztertuko dituen elkartean — Marxek uste zuen proletarioaren diktadura trantsizionalari jarraituko ziola —, alderdi proletario baten iraupena anakronismo bat izango litzateke, noski.