AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia

1

 Leninen idatzi orok bezala, liburuxka 2 berri honek komunista guztien azterketa zorrotzena merezi du. Hemen proletalgoaren garapenean modu erabakigarrian berria den fenomenoa ulertzeko Leninek duen aparteko gaitasuna ikusten da berriz; fenomeno horren nukleoa modu esentzialean ulertu eta ulerkor egiteko gaitasuna. Aurreko idatziak polemikara zuzenduago zeuden heinean, proletalgoaren borroka antolakundeak aztertzen saiatzen ziren neurri handiago batetan (lehenengo lerroan, Estatua), hau gizarte berriaren germen orain indartsuei zuzenduago dago. Ekoizpen modu kapitalista, indarkeria ekonomikoak (gosea) determinatutako diziplinarekin, basailutzako biolentzia soila baino bikainagoa zen bezala, modu berean gizaki askeen elkarlanak aise gaindituko du, gizarte berrian -baita produktibitateari dagokionez-, kapitalismoa. Preseski puntu honetan aurkitzen dira eszeptikoenen sozialdemokratak, mundu mailako iraultzaren aurrean perspektiba etsikorra onartzen dutenak. Lan diziplinaren leuntzeari erreferentzia egiten diote, produktibitatearen txikitzeari; hitz batean, disoluzio bidean den ordena ekonomiko kapitalistaren beharrezko fenomeno konkomitanteei. Eta, intentsitateari dagokionez, kapitalismoaren aurreko pazientzia eta tolerantziarekin soilik konparatu daitezkeen pazientziarik eza eta intolerantziarekin, Errusia Sobietarrean gertakari horiek aldatu ez direla seinalatzen dute. Haien begietara, lehengaien gabezia, barne borrokak, antolakuntza zailtasunak, aitzakia dira soilik Estatu kapitalistentzat -ordena sozial proletario batek, haien arabera, bere jaiotzaren unean erlazio guztien barne eta kanpo eraldaketa inplikatu beharko luke, egoeran aurrerapena esparru guztietan. Iraultzaile puruenak, guztien aurrean Lenin, utopismo horren ezaugarri burges txikiaren aurrean, ilusio faltagatik desberdintzen dira. Badakite zer espero daitekeen Mundu Gudan hondoratu den ekonomiaz eta, guztiaren aurretik, kapitalismoak usteldu eta degradatutako gizakiengandik; berekoikerian hezitako gizakiengandik. Baina ilusio faltak ez du esan nahi, benetako iraultzailearentzat, desesperazioa eta konfiantza falta, baizik eta fedea, ezagutzak baieztatutakoa, proletalgoaren misio historiko unibertsalean; bere errealizazioaren moteltasunagatik, eta askotan kontrakoak diren aurre egin beharreko egoerengatik, hunkitu ezin den fedea; benetako iraultzaileak hori dena onartzen du, eta ez du inoiz uzten perturbazio eta oztopo horiek guztiek helmuga eta hurbilketa zantzuak bistatik galtzea.

Larunbat komunistak, Errusiako Alderdi Komunistak ezarritako lanerako mobilizazioa, sarritan eta ikuspuntu desberdinetatik kontsideratuak izan ziren. Modu ulerkorrean, enfasia konkretuki eragindako ondorio ekonomikoetan eta balizkoetan jarri zen beti. Baina ondorio horiek garrantzitsuak badira ere, larunbat komunistek, posibilitateak eta sortze moduak, zerbait desberdina inplikatzen dute, berehalako ondorio ekonomikoetatik askoz haratago eramaten duena. “Larunbat komunistak”, dio Leninek, “ondorioz, garrantzia historiko handia dute, langileen partetik iniziatiba boluntario eta kontzientea adierazten dutelako: lan-produktibitatearen hedapenean, lan-diziplina berrirako igarotzean, baldintza ekonomikoen eta izaera sozialistako bizitzaren sorreran”.

Sarri aurpegiratzen zaie,  errusiarrak ez diren alderdi komunistei, haien ekintza eta eskakizunetan, eredu errusiarra zurikeria gehiegiz imitatzea. Puntu askotan (ez direnak bigarren mailakoak) justu kontrakoa gertatzen dela iruditzen zait: alderdi komunista europearrek ezin dituzte edo ez dituzte errusiar mugimendu komunistaren boterearen benetako iturriak aztertu nahi; eta elementuren baten kontzientzia hartzen dutenean ere, ez dute irakaspen horiek ekintzara eramateko indarrik biltzen.


Larunbat komunistak, ordena ekonomiko kapitalistaren lan-diziplinatik sozialistarako lehenengo trantsizio germen gisa; “beharraren erreinutik askatasunaren erreinurako saltoaren” zantzu gisa, ez dira inondik inora ere gobernu sobietarraren ekintza instituzionalak, Alderdi Komunistaren ekintza moralak baizik. Eta hain zuzen ere Errusiako Alderdi Komunistaren errealitatearen alde erabakigarri eta determinante hori bere alderdi anaiek gutxien balioesten dutena da; hain beharrezkoa den irakaspena ez da inoiz praktikoki eskuratzen; ia inoiz ez da eredu hau imitatzen. 

 

2

Denok dakigu eta behin baino gehiagotan azpimarratzen dugu: Alderdi komunista proletalgoaren borondate iraultzailearen antolakuntza adierazpena da. Ez dago behartuta, beraz, inondik inora ere proletalgo osoa barne hartzera; iraultzaren lider kontzientea den heinean, iraultzaren ideiaren pertsonifikazioa den heinean, honen bultzatzaile kontzienteenak bildu behar ditu, errealki kontzienteak diren eta  klase kontzientzia duten langileak. Iraultza bera indar ekonomikoen lege naturalek ekoizten dute ezinbestean. Alderdi komunisten eginbehar eta eginkizuna, alde batetik, mugimendu iraultzaileari, zeina, neurri handi batetan, haiekiko modu independentean sortu den, orientazioa eta helburua eskaintzea da; bestetik, ordena ekonomiko kapitalistaren kolapsoaren harira sortutako eztandek salbaziorako bide egingarri bakarra, proletalgoaren diktadura, kontzienteki har dezaten lortzea.  

Beraz, alderdi zaharrak konpromisoetan oinarritutako taldeak ziren bitartean, azkar burokratizatzen ziren masa heterogeneoak zeinak, horregatik, azkartasun berdinarekin, masetatik banandutako aldeko ofizialen eta azpi ofizialen aristokrazia bat sortzea baimentzen zuten, alderdi komunista berriek klase borrokaren adierazpen purua, iraultzarena, gizarte burgesaren gainditzearena, ordezkatu behar dute. Gizarte zaharretik berrirako trantsizioak ez du esan nahi, hala ere, eraldaketa ekonomiko eta instituzional hutsa, baizik eta baita eraldaketa morala ere. Ez dadila gaizki interpretatu esaten ari naizena: ezer ez dago gugandik urrunago gizartean eraldaketa gizakien barnean emandako eraldaketaren ondorioz soilik imajina dezaketen burges txiki horien utopismoa baino. (Ulerkera horren izaera burges txikia, besteak beste, bere ordezkariek -kontzienteki edo inkontzienteki- gizartearen eraldaketa atenporalitatearen urruntasun hondogabera mugitzean datza). Azpimarratzen dugu, aitzitik, gizarte zaharretik berrirako igarotzea indar eta lege ekonomiko objektiboen ondorio ezinbestekoa dela. Baina igarotze hau -bere izaera objektiboki beharrezkoagatik ere-  loturatik eta kosifikaziotik askatasuna eta humanitaterako igarotzea da preseski. Eta horregatik, askatasuna ezin da soilik fruitu bat izan, garapenaren emaitza, baizik eta garapen une bat hasi behar da non bera indar bultzatzaileetako batetan bilakatzen den. Bere garrantzia indar bultzatzaile gisa etengabe hazi behar da, ordutik gizarte humanoa bilakatu den gizartearen gidaritza sasoi betean hartzen duen unea heldu arte; non “gizateriaren aurrehistoria” bukatu eta gizateriaren benetako historia hasten den.

Gure ustez, fase horren hasierak kontzientzia iraultzailearen jaiotzarekin, alderdi komunisten sorrerarekin, bat egin behar du. Izan ere, alderdi komunista orok -gizarte burgesarekin aurkakotasunean aurkitzen ez den bezala, ekintzan bilakatutako bere ukazioa pertsonifikatu baizik- ez du alderdi sozialdemokrata zaharrekiko aurkakotasun soila ordezkatzen, hauen suntsiketaren, desagerpenaren, hasiera bazik. Langile mugimenduaren tragedia sakonena -ideologikoki- kapitalismoaren terrenotik osoki askatzeko ezintasuna izan zen. Alderdi sozialdemokrata zaharrak ez dira banaketa hori serioski gauzatzen saiatu ere egin: bere esentziarekin bat, alderdi burgesak izaten jarraitu dute; konpromisoa, botoen ehiza, demagogia merkea, intriga, goranahia eta burokratismoa bere ezaugarrietako batzuk dira, hala nola alderdi burgesena. Alderdi burgesekin koalizioak, beraz, ez dira soilik behar politiko objektiboen ondorio, baizik eta baita barne egiturarena, alderdi sozialdemokraten benetako esentziarena. Bada, guztiz ulergarria da, benetan iraultzaileak diren, baina ez argiki kontzienteak, langile mugimenduaren korronteetan ez soilik alderdi zaharren esentzia burges txikia, ustela eta kontrairaultzailearen aurka, baizik eta baita alderdiaren kontzeptuaren aurka orokorrean, jotzen zuen joera batek adierazpidea izatea. Sindikalismoaren jaiotza eta erakargarritasuna justifikatzen duen arrazoietako bat, zalantzarik gabe, alderdi zaharren gaitzespen etikoa da.

Errusiar Alderdi Komunistak inoiz ez du honetan aurkitzen den arriskuaren aurrean amore eman. Alderdi zaharren eta sindikalismoaren dilemei, antolakuntza burokratikoaren eta alderdiaren suntsiketaren dilemak, tertium datur (hau da, hirugarren aukera) argia kontrajarri zien. Orain arte, hirugarren aukera horrek Errusiar Iraultzan dituen ondorioak pixkanaka hauteman ahal izateko koldarregiak eta alferregiak izan gara; baita tertium datur horren kausak, indar bultzatzaile gisa, ezagutu eta gure mugimenduetan txertatzeko ere.

 

3

Errusiar Alderdi Komunistaren botere horren arrazoiak, lehenik, bere barne antolakuntzan aurkitzen dira; bigarrenik bere eginbeharra eta eginkizuna kontzebitzeko duen eran; hirugarrenik (lehenengo bien ondorio gisa), bere kideen gain eragiten duen moduan. Errusiar Alderdi Komunista -alderdi sozialdemokrata zaharrak eta errusiarrak ez diren alderdi komunisten gehiengoak ez bezala- alderdi itxia da, eta ez irekia. Ez soilik kide gisa edonor erakartzen tematzen ez delako (ustelkeria eta konpromisoaren arrazoi nagusietako bat), alderdi horretako kide izan nahi duen orok bere betebeharra ere ezin duelako bete baizik. Jarraitzaile gisa (“komunisten lagunak”) ezagututakoen kapak bahe bezala funtzionatzen du; errusiar komunista bati aurkezten zaizkion exijentzia moralak asebetetzen dituzten jarraitzaile horiek alderdira txertatuak dira. Baina alderdiak ez du bere atentzioa inondik inora ere bere kideen kopurua handitzera bideratzen; aitzitik, bere lerroetan jarraitzen duten horien kalitateari erantzuten dio. Horretarako, alderdia garbitzeko iraultzaren esfortzu handiek eskaintzen duten aukera aprobetxatzen du alderdiak. “Komunisten gerra-mobilizazioak” dio Leninek, “honetan lagundu zigun: koldarrek eta lunpenek bizkarra eman zioten alderdiari. Alderdiko kideen kopuruan tamaina gutxitzeak honen indarrean eta prestigioan hazkuntza esanguratsua esan nahi du. Garbiketarekin jarraitu beharko genuke, “larunbat komunistak” iniziatiba aprobetxatuz”. Alderdiaren garbiketa hori, bada, “benetan komunistak diren errendimenduetan emandako exigentzien handitze jarraituan” oinarritzen da.

Errusiar Alderdi Komunistaren barne egitura horrek gure kontsiderazioen bigarren aldera eramaten gaitu. Alderdi Komunista, iraultzaren abangoardia gisa, gutxienez masen garapenarekiko pauso bat aurrerago egon behar da beti. Iraultzaren beharra, Alderdi Komunistan, dagoeneko kontzientea zen bezala masa zabalek, gehienez jota, haien egoerarekin haserre txiki bat jasaten zuten garaian, modu berean askatasunaren erreinuaren kontzientzia bizirik egon behar da alderdi komunistetan, eta hauen ekintzak determinatu behar ditu jarraitzen dituzten masak oraindik kapitalismoaren zoru usteletik askatzeko baldintzetan ez daudenean. Alderdi Komunistaren paper hori, hala ere, aktuala izango da bere dimentsio osoan solik kontseiluen gobernuaren osaketaren ondoren. Hau da, behin proletalgoak bere boterea instituzionalki ezarri duenean, kontseiluetan bizi den izpirituaren araberakoa da dena, eraginkorki komunismoaren, sortzen ari den gizateri berriaren izpiritua den edo gizarte zaharraren produktu berri bat. Soilik Alderdi komunista izan daiteke printzipio argitzailea, garbitzailea, progresista. Gobernu formen eraldaketak ezin duenez aldi berean gizakiaren barnean eraldaketarik sortu, gizarte kapitalistaren fenomeno kaltegarri guztiak (burokrazia, ustelkeria, etab.) instituzio sobietarretara gehitu behar dira; arrisku handia dago hauek, errealki eratu aurretik, galbidera joatekoa edo zaharkitzekoa. Hemen, Alderdi Komunista kritiko, eredu, harresi, ordenatzaile eta konpontzaile… gisa agertu behar da eta soilik bera dago hau egiteko baldintzetan.3

Horrela, Alderdi Komunistak, proletalgoa iraultzarako hezi ostean, gizateria askatasuna eta autodiziplinarako hezi behar du. Eginkizun hori soilik bete ahalko du hasieratik zeregin hezitzaile hau bere kideekin praktikatzen badu. Baina pentsaera antimarxistan, antidialektikoan, eroriko ginateke aurretik aupatutako bi garapen faseak zakarki banandu nahiko bagenitu. Kontrara, fase horiek elkar erlazionatzen dira etengabe, eta inor ezin du determinatu noiz hasten den bat eta noiz bukatu bestea. Horregatik, alderdi komunistetan, askatasunaren erreinuaren giza ideala bere jaiotzatik bertatik ekintza printzipio kontziente gisa aritzen da, alderdi horien bizi-motore gisa. Antolakuntza formak ezartzea, hezkuntza eta propagandaren bitartez kontzientziak piztea: hauek bitarteko erabakigarri eta esentzialak dira. Hala ere, ez dira ezta gutxiago ere bakarrak. Gauza asko -eta gainera, azken instantzian, erabakigarrienak- komunistek berauek egin behar dituzte gizaki diren neurrian.

Alderdi Komunista askatasunaren erreinuaren lehenengo pertsonifikazioa izan behar da; bere baitan lehenengo lekuan anaitasun izpiritua nagusitu behar da, benetako elkartasunarena, borondatearena eta sakrifizio gaitasunarena. Hau gauzatzea lortzen ez badu, edo ez badu, gutxienez, esfortzu seriorik egiten praktikan jartzeko, Alderdi Komunista beste alderdietatik soilik bere programagatik desberdintzen da. Badago, gainera, oportunista eta zalantzatietatik programa aldetik banatzen dituen amildegi gaindiezina pixkanaka borratzeko arriskua, eta komunistek soilik “langileen alderdien” “muturreko ezkerra” ordezkatzekoa. Orduan, beste arrisku bat agertzen da,  zentroko alderdiek egindako Hirugarren Internazionalaren aitorpen itxuratiaren harira asko larritzen dena: komunistak eta besteen arteko banaketa kualitatiboa kuantitatiboan baino ez bilakatzea, eta gainera pixkanaka berdintzea. Alderdi komunista batek gero eta gutxiago gauzatu bere ideala antolakuntza esparruan eta intelektualean, orduan eta gaitasun gutxiago izango ditu, alde batetik, konpromiso izpiritu unibertsal horri indarrez aurka egiteko; bestetik, elementu inkontzienteak, baina egiazki iraultzaileak (sindikalistak, anarkistak) benetako komunistetan bilakatzeko hezitzeko.


Konpromisoa eta gainbehera iturri berdinetik eratortzen dira: komunisten berauen barne eraldaketa eskasetik. Gero eta gehiago lortu komunistek (eta, haiekin eta haien bitartez, Alderdi Komunista) bizitza kapitalista eta sozialdemokrataren aldeko hondarretatik askatzea, burokraziatik, intrigatik, goranahitik, etab., orduan eta gehiago adieraziko du alderdira afiliazioak benetako adiskidetasuna eta elkartasun intelektuala; orduan eta baldintza hobeagoetan egongo dira haien eginkizuna betetzeko: indar iraultzaileak batu, zalantzatiak indartu, kontzientzia piztu kontzientziarik ez dutenetan; baina baita lunpenak eta oportunistak behin betiko kanporatu eta suntsitu. Iraultzaren garaia, borroka aspergarri eta gogorretan aberatsa, gure aurrean aurkitzen dena, autoheziketa honetarako aukera anitzak eskaintzen ditu. Burkide errusiarrek erakusten digute, bai antolakuntza aldetik nola gizalegez, desira daitekeen adibide hezigarriena. Garaia da honetan ere adibide errusiarra emulatzen hasteko.