Greba edo mobilizazioa, hor dago gakoa

Joan den asteartean, Euskal Herriko hegoaldeko lau probintzietako langileok greba orokorrera deituta geunden. Honela laburbil daiteke lerroburua: mobilizazio handiak, baina oso bestelako jarraipena lantokietako lanuzteetan, xumea izan baitzen eta ia erabateko normaltasuna nagusitu baitzen mobilizatutako geruzetatik kanpo. Alderdi mobilizatzailearen eta grebaren arteko kontraste garratz horren aurrean, kontua da: zilegi al da greba orokorra horrela instrumentalizatzea, mobilizazio jendetsuak izateko? Zein preziotan?

Horregatik, greba orokorrak arrakasta izan duen ala ez baloratzerakoan, komeni da erantzutea ea norentzat eta zertarako. Deitzaile nagusien kasuan, ELA eta LAB, hilaren 17a baino lehenagotik ere iragartzen ari ziren jada deialdiaren arrakasta, eta, azkenean, berretsi egin da autobetetako profezia. Izan ere, balirudike helburua ez zihoala grebaren eszenifikaziotik askoz harago, greba benetan egin beharrean. Inork ez du mobilizazioen arrakasta ukatzen, baina hori modu bidegabean grebaren ustezko arrakastarekin nahasteak irakurketa arriskutsua berretsi baino ez du egiten.

Alde bateko eta besteko balorazioak alde batera utzita, ezin ditugu ulertu azkenerako izan diren emaitzak, horien zergatiak sakonago aztertu gabe. Askorentzat deialdi hau nekez uler zitekeen, sindikatu handietako buruzagitzen aldebakarreko planteamendu gisa eta goitik ezarritako greba gisa; modu burokratikoen bidez eta interes partikularrei erantzunez. Hainbesteraino, non deialdia arrotztzat hartu duten langile-sektore zabaletan sortu ahal izan duen harridurak zerikusi handia baitu emaitzarekin: ez da izan aurretiazko borroka-ziklo batean mugarri, ez eta gori-gorian dagoen gairen bati emandako erantzuna ere, lantokietan termometroa falta baita. Kupula sindikalen agenda korporatiboaren inposaketa horrek nabarmen baldintzatu du lortutako emaitza.

Hasierako deialditik planteamenduan markatzen zen alboratzeaz gain, hilabeteak igaro eta data hurbildu ahala, zentral deitzaileek grebaren kudeaketan izan duten arduragabekeria berretsi da, eta utzikeriaz egin diote uko aldeko testuinguru nahikoa sortzeari. Isilpeko sekretu bat zen: ez zen greba-giro orokorrik sumatzen. Milaka liberatuk, ordezkarik eta afiliatuk osatutako egitura erraldoien gaitasunak ez dira aktibatu horrelako zeregin baterako espero zitekeen mailan. Beren oinarrien zati handi batek informazioa ematetik harago lantokietan greba antolatzeko orduan izan duen utzikeria (inplikazio militanteko salbuespen ohoragarri batzuez salbu, derrigor aitortu beharrekoak) egiturazko arazo baten sintoma baino ez da izan, eta horren erroa sindikatuetako zuzendaritzetan eta haien erabaki kontzienteetan bilatu behar da. Hain justu, beren egituretatik beherantz bidali dute greba hau aurrera ateratzeko ardura, eta nola edo ahala egin dute hori. Are gehiago: joera hori modu itxaropentsuan hautsi da greba orokorraren aurretik eta modu independentean mobilizazio- eta gatazka-dinamika errealak zeuden lekuetan. Izan ere, langileen artean nagusi diren bake soziala eta pasibotasuna errealitate bat dira, bai, baina hori elikatu edo borrokatu egin daiteke. Eta hor, nola galderaren baitan, eztabaida aberasgarriak izan genitzake antolatzearen esanahiaren inguruan.

Elementu horietako asko aurreko greba-deialdietan ere ikus daitezke. Izaera politiko garbiagoa eta protagonismo sindikal txikiagoa baldin bazuten ere (feministak, Palestinaren aldekoak...), oraingoan ere errepikatu egin dira elementuok. Azken urteotan garatzen ari den greba orokorraren eredu debaluatu oso batez ari gara, langile-mugimendu indartsu eta independente baten garapenean interesa duten guztientzat mutur kezkagarrietara iristen ari dena. Elementu sinbolikoa eta mobilizazioa lehenesten dira, ekoizpena eteteko eta herrialdea modu eraginkorrean blokeatzeko asmo erreal eta objektibo baten aurrean. Greba-eredu horretan, bat egitea norberaren kontzientziaren mende dago, eta ez indar, antolaketa eta presio kolektiboaren mende. Horregatik elikatzen ditu diskurtso liberal desklasatuak eta hegoak ematen dizkio eskirolajeari. Eta, azken batean, borrokarako pedagogia negargarria egiten du, eta langileriaren borrokarako tresna historikoa degradatzen du. Horrek atxikimendu falta, ezkortasuna eta etsipena sortzen ditu langilerian, batez ere, bere borroka-elementu onenen artean.

M17aren kasuan, zentral sindikalen interes korporatiboez gain, zilegi zen cui prodest klasikoa galdegitea: alegia, ea nori egiten zion mesede. Begi-bistakoa da Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen hauteskunde aurreko giro betierekoa, EAJ gainditzeko aspirazioa baitu jada EH Bilduk. Eskumen autonomiko sozialen aldarriaren buru izatea trofeo mamitsua da lehendakaritzara heltzeko, sindikatuen eskaerak gauzatuko lituzkeen ordezkari politiko bihurtzeaz gain. Eta bide parlamentarioak eta mediatikoak hartu duten protagonismoak, horietara azpiratu baita taktika sindikala eta hilaren 17a baino lehenagotik agortu baitzen horietan, patronalaren aurkako konfrontazio-bide bati eutsi beharrean, susmo horiek berretsi baino ez ditu egiten. LABen kasuan ez da harritzekoa, baina bai, ordea, ELArenean. Izan ere, ELAren ustezko autonomia sindikalaren eta kontraboterearen eredua ez dator bat greba orokorra parlamentarismoaren apendize soil bihurtzearekin, bestela isolatuta geratzeko arriskuan. Gaiaren benetako legegintza-ibilbide eskasak (azken finean PSOEren esku baitago Madrilen) eta dinamika sindikalaren jarraipenari buruzko zalantzek, azkenerako, esku-hartze honen izaera artifiziala gogorarazten digute.

Egoera horren aurrean, komunistok arduraz jokatzea erabaki genuen, greba orokorrerako deia eginez, ez baita horretarako arrazoirik falta. Koiunturak behartuak, egia da, baina arrazoi horregatik guztia baimendu gabe eta partekatzea ezinezko egiten zitzaigun planteamendu itxi bat elikatu gabe. Sindikatu handien formekiko eta edukiekiko distantziak ezarriz, baina ekarpen positiboa eginez eta modu eraikitzailean. Borroka-eskola egiten saiatuz, bai lurraldetik bai lantokietatik, apalki eta gure gaur egungo gaitasun mugatuetan oinarrituta. Oso kontziente gara ekoizpenean antolatzeak etorkizunerako dakartzan erronkez, hain zuzen ere, hor ez baikara gai dinamika despolitizatzaileari buelta emateko gaur egun. Gainera, hainbat mobilizazioren bidez (merezimenduzkoak izan direnak gutxien-gutxienean), gu bezala kritikoak ziren sektore sindikalekin bat egitearen alde egin genuen, beharrezkoa zen alternatiba bat sustatuz; langile-mugimendu independente bat eraikitzearen alde eta horren inguruan sektore borrokalariak aktibatuz. Gutxiengoan egoteaz jakitun, baina langile-klase osoaren interes orokorrei lehentasuna emanez, nola ez. Eta, zehazki, greba orokorra duinduz eta defendatuz, proletario guztien ondarea den borrokarako tresna gisa. Gai horiek ez ditugu patrimonializatu nahi, eta horren ordez, sindikatuek kontuan har ditzaten eskatzen dugu, hausnarketarako deia eginez. Uste baitugu guztioi eragiten digula grebaren gainbeheratze deliberatu horrek eragiten duen kalteak, borrokarako baldintzak suntsitzen dituen neurrian.

Zintzoki uste dugu zuzen jokatu dugula, baina triunfalismorako arrazoirik gabe, gainerakoen kasuan seinalatzen dugun bezala. Izan ere, esperientzia honek berriro berresten digu klase-independentzia eraikitzeko bide luzea jarraitzeko beharra, borrokarako baldintzak berehalako interesen defentsan jarriko dituena gaur, biharko klase-emantzipazioari lotuta.