EDUKIEN AURKIBIDEA
Mediku egoiliar lanetan hasteko atarian harrapatu nau Covid-19aren pandemiak. Urteetan ikasteko garatutako inertziak lagunduta, koronabirus berriaren ikasketan murgildu naiz egunotan. Ekoizpen zientifikoak, oraindik ere murritza den arren, birusaren inguruko nozio orokor batzuk eskuratzeko eta argitzeke dauden hutsuneak identifikatzeko aukera ematen du. Hala ere, hasieratik argi utzi nahiko nuke Covid-19aren pandemia ez dela medikuntzara mugatzen den kontu bat; eta agerraldi berri honen aurrean koronabirusa aztertzea bezain garrantzitsua dela analisi, ikasketa eta ondorio politikoak ateratzea.
Munduko Osasun Erakundeak martxoaren 16an kaleratutako datuen arabera, baieztatutako 167.511 kasu eta 6.606 heriotza izan dira oraingoz. Lehen aldiz, Txinatik kanpoko kasuek eta heriotzek bertakoak gainditu dituzte. Krisialdi kapitalista berri baten atarian, burgesiaren nazioarteko aparatuek, birusaren kontrola errealki lehenestetik eta horretan guztian duten erantzukizuna onartzetik urrun, kalkulu politiko eta ekonomikoan dihardute buru-belarri. Helburu argia dute: Covid-19aren hedapena gutxitzen hastearekin batera irekiko den agertokian posizio ahalik eta onena izatea. Bien bitartean, salbuespen-egoera mugagabe eta orokortuak eragiten duen mendekotasun testuinguruan eta oraingoz guztiz ezagutzen ez den gaixotasun bat pairatzera kondenatuta, langileria hasi da jada horren guztiaren zama jasotzen.
1. KORONABIRUSA
Koronabirusak animalia ornodunetan ohikoak diren birus familia dira. Egun arte, gizakia kutsatzeko gai diren zazpi koronabirus mota identifikatu dira.[1] Horietatik lau goi arnasbideetako infekzioen (katarroa, laringitisa, trakeitisa...) ohiko eragileak dira (kasuen %30eraino), beste hainbat mikoorganismorekin batera: rinobirusak, gripea eragiten duen influenza birusa, arnas birus sinzitiala edo A taldeko estreptokokoak, besteak beste.[1] Birus horiek udazken eta neguko hilabete hotzetan hedatzen dira, sasoiko gripearen antzera.
Ondorengoak dira beste hirurak: 2003an Txinan gertaturiko epidemia baten eragile izan zen Arnas Sindrome Akutu Larria eragiten duen koronabirusa (SARS), 2012an isolatutako Ekialde Ertaineko Arnas Sindromea eragiten duena (MELD), eta egun pandemia izatera igaro den Covid-19aren (Coronavirus Disesase 2019) eragilea den koronabirusa (argitzearren, testuan zehar Covid-19 terminoa erabiliko dut birusa izendatzeko).[1] Azken horien ezaugarri bereizgarria behe arnasbideak (birikak) erasateko duten gaitasuna da, neumonia zein arnas gutxiegitasuna sor ditzaketelarik.[1,2]
Hori dela eta, hiru birus horiek hilkortasun tasa (denbora epe batean, oro har, urte batean, gaixotasun batengatik gertatzen diren heriotza kopurua biztanleria osoarekin alderatuz) altuagoak dituzte aurretik aipaturiko koronabirusekin alderatuta, baina desberdintasun nabariak daude beraien artean. MELDena %35 ingurukoa da, eta SARSena, %9,5ekoa.[3] Covid-19aren birusari dagokionez, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) emandako azken datuen arabera, % 3-4 artekoa litzateke.[4,5]
Argitu gabe jarraitzen duen kontu bat birus berri honen jatorria da. Birusak, mutazio edo aldaketa genetiko baten edo horien segida bat jasatearen ondorioz eskuratu du gizakia erasateko gaitasuna; mutazio horren jatorriaren gaineko bi hipotesi daude: lehena, birus basatiak berez mutazioa jasan izana, eta bigarrena, laborategiren batean birusa manipulatu izana.
Txinako ikertzaileek egiaztatu dute Covid-19 birusak %70-80ean SARS birusaren konposizio bera duela,[6] era berean, beste ikertzaile batzuek bi birusak beren artean hain antzekoak izatea "deigarria" dela baieztatu dute.[7] Joan den otsailaren 18an, birusa gizakiaren manipulazioaren ondorio zelako hipotesia zabaltzen ari zenean, nazioartean izena duen medikuntza aldizkari batean adierazpen bat argitaratu zen; bertan, birusaren jatorria naturan gertatutako mutazio bat delako inolako zalantzarik ez dagoela baieztatu zuten.[8] Sinatzaileak AEBtako eta Europako zenbait ikerlari ziren, eta izenen artean ez zegoen Txinako ikerlari bat bera ere. Oraingoz horiek ez dute hipotesi hori erabatean baieztatu. Kontua da, birusa gizakiaren manipulazioren produktu izan denaren hipotesia egia izanez gero ere, ziur aski, ez genukeela inoiz jakingo.
Dena den, benetan beldurgarria dena eta irmoki salatzea dagokiguna da potentzia inperialistek munduko biztanleriaren zati handi bat arriskuan jartzen duten birusak manipulatzen ibiltzea, edo are gehiago, horretarako aukera bera izatea. Potentzia horien goseak ez du etenik, eta zalantzarik ez dago edozein arrisku onartzeko prest daudela gerra inperialistan posizioak irabazteko eta beren klase interesak bermatzeko. Ezin aipatu gabe utzi, birus berriaren agerraldia hasi zen hirian, Wuhanen, Frantziak eta Kanadak parte hartzen duten Wuhaneko Birologia Institutua dagoela, non birusak manipulatu eta horiekin ikerketak egiten diren. Halaber, mota horretako instalazioek duten biosegurtasun eskalan maila altuena du (4. maila edo arrisku maila oso altua), eta bertan koronabirusak manipulatzen ibili izanaren aukera erreala da.
2. COVID-19AREN ETA GRIPEAREN BIRUSAREN ARTEKO KONPARAKETA
Covid-19aren larritasuna edo dimentsioa testuinguratze aldera, gure artean nahiko ezaguna den sasoiko gripearen birusarekin konparaketa labur bat egitea egokia delakoan nago. Dena den, komeni da gogoraraztea oraingoz ezin dela ziurtasun osoz Covid-19aren gaineko ondoriorik atera, eta hemen aipatutakoa berrikuspen etengabean dagoenez, gerta daitekeela ondorengo lerroetan aipatuko dudana etorkizunean okerra izatea.
Hasteko, bi birusek antzeko sintomak sortzen dituzte, eztula eta sukarra direlarik ohikoenak, nahiz eta Covid-19aren kasuan sintomak sortzen dituenetan, oro har, arinagoak eta progresiboak diren.[2,4,9] Horretaz gain, transmisio bide berak dituzte: doministiku edo eztula egitean zein hitz egitean askatzen ditugun "tantatxoak" (metro bateko distantziaraino iritsi daitezkeenak), pertsonen arteko kontaktu zuzena, zein aurretik aipaturiko "tantatxo" horiekin kutsatutako objektuak. Dena den, badirudi Covid-19aren kutsakortasuna handiagoa dela.[2,4]
Gaixotasunaren larritasunari dagokionez, Covid-19 gaitza dutenen gehiengoak, %80k, infekzio arina edo sintomarik gabekoa pairatzen du, %15ek infekzio larria, eta %5ek, berriz, bentilazio mekanikoa behar izaten duten infekzio oso larriak.[4] Infekzio larria edo oso larria garatzen dutenen portzentajeak gripearenak baino handiagoak dira MOEren arabera.[4] Hala ere, gaitz larriak eta heriotzak batez ere adineko pertsonetan, inmunogutxituetan eta aurretiazko gaixotasun nabarmenak dituzten pertsonetan gertatzen direla ikusi da.[1]
Hilkortasun tasari dagokionez, aldiz, Covid-19arena (%3-4) sasoiko gripearena (%0,1 inguru) baino altuagoa da, baita 1918ko Espainiako gripea delakoa baino altuagoa ere (%0,5-%1 artekoa izan zen). Gogora dezagun Espainiako gripeak edo H1N1 gripeak eragindako pandemia historian heriotza gehien eragin dituena izan dela; 50 milioi, hain zuzen ere. Esan beharra dago aipatu datuak ezin direla gaur egunera modu automatikoan itzuli.[7]
Bi birusen arteko konparaketa hau, ordea, tentuz egin beharra dago, koronabirus berriaren hilkortasuna nabarmenki aldatzen baita estatu batetik bestera; funtsean, osasun sistemaren osaera, estaldura eta baliabideak direla eta. Gainera, joan den asteartera arte, koronabirusak eragindako heriotza gehienak Txinako Hubei probintzian gertatu ziren,[10] eta ondorengoak dira hori azaltzen duten zenbait gako: osasun sistemaren kolapsoa, batez ere ospitale berriak eraiki eta hasiera batean izandako mediku-baliabideen gabezia konpondu bitartean gertatu zena; osasun publikoari eta batez ere prebentzioari dagozkion neurriak hartu bitartean gaixotasunaren hedapen handiagoa gertatu izana...[11]
Europaren kasuan arazo berberak ari dira gertatzen, baina dimentsio handiagoan; hortaz, badirudi ez dela denbora asko beharko Txinako zenbakiak gainditzeko.[10] Ondorioztatu genezake, beraz, gaixotasunaren berezko hilkortasun tasa, berez, emandako datuak baino zerbait txikiagoa izango litzatekeen arren, Europak birusaren hedapenari aurre egiteko dituen zailtasunak lurralde honetan datuak zertxobait altuagoak izatea eragin ahalko lukeela.
3. COVID-19AREN BILAKAERAREN GAINEKO HIPOTESIAK ETA PANDEMIA GAINDITZEKO BURGESIAK JARRAITU DITUEN ESTRATEGIA POLITIKOAK
Egun bizi dugun pandemiari dagokionez, aurreikusgarria da lehenengo kolpe baten ondoren, hilabete hotzenak pasatutakoan birusaren transmisioa eta hedapena murriztu egingo direla; gainerako koronabirusekin gertatu izan den modura, urteko hilabete hotzenetan berragertzen den sasoiko birus bat bilakatuz.[12] Nabarmendu beharreko beste ideia bat immunizazioa litzateke, hau da, gure gorputzak birusaren aurkako defentsa zehatzak sortzeko prozesua. Hori bi modu nagusitan eskura liteke: txerto bidez edo gaixotasuna gaindituz.
Hipotesi horiei jarraituz, bi estrategia nagusi nabarmendu dira koronabirusaren hedapena gelditze aldera. Lehena Txinak gauzatutakoa da, pertsonen mugimenduak ekidinez eta berrogeialdi zorrotzak ezarriz, birusaren hedapena murriztea edo gelditzea helburu izan duena. Txinak abiaturiko estrategia horretan bi konponbide posible leudeke: hurrengo urteko udazken-neguan sor litezkeen kasu berrien diagnostiko goiztiarra egitea, pertsona horiek isolatu eta gaixotasuna zabaltzea ekidinez, edo hurrengo olatua etorri baino lehen gizartearen gehiengoa txertoaren bidez immunizatzea. Aldi berean, eraginkorra izateko, estrategia horrek ekoizpena ere gelditzea eskatzen du, langileak lantokira joateko mugitzen badira, berrogeialdia edo isolamendua ez baita betetzen, birusaren hedapena gelditzeko aukera galduz.
Estrategia horren bidez apustu nabaria egin zuen Txinak, eta dirudienez, dena alde jarri zaio. Ekoizpena geldituta epe ertain-luzera irabazien jaitsiera onartu eta bere ekonomia arriskuan jarri duen arren, oso epe laburrean birusaren hedapena kontrolatzea lortu du. Horren bidez, birusaren hedapenak Europa kinka larrian jartzearekin batera eta AEBek etxean dutenarekin nahikoa arazo izanik, mundu mailan, gainerako estatuei osasun laguntza eta laguntza ekonomikoa emateko posizioan geratu da Txina. Europa Txinaren laguntza jasotzen ari da jada, eta ikusteko dago bentilazio makinak, maskarilak, medikuak eta aholkulari politikoak bidaltzen hasi den bide hau non bukatuko den.[13]
Aurreikusgarria da, beraz, Txinak aurrera eramandako estrategiak bere posizio politikoak nabarmen sendotu dituela, eta Europaren ezintasun politiko zein ekonomikoak potentzia nagusiarekiko duen epe luzerako mendekotasuna gehiago handitu duela.
Bigarren estrategia, berriz, Erresuma Batuak kritika nabarien pean abiatu duena da.[14] Estrategia horren muina birusaren zabalpena ahalbidetzea eta hedapena ez moztea da. Modu horretan, populazioaren ehuneko handi batek gaixotasuna pasatuko luke talde immunizazioa lortuz (beren kalkuluen arabera populazioaren %60k pasa beharko luke gaixotasuna talde immunizazioa lortzeko), hori bai, heriotza kopuru handi baten trukean.
Estrategia horrek burgesiak urteetan zehar izan duen laissez faire (egiten uztea) kontzeptu liberal klasikoa du oinarrian. Modu horretan, birusa ekonomian eragiten duen beste faktore baten moduan onartu eta bere eraginak kudeatzera mugatu dute esku hartzea. Estrategia horrek, agerikoa da, onura nabariak eskainiko dizkio Erresuma Batuari epe labur-ertainera, ekoizpena gainontzeko herrialdeek baino gutxiago gelditzean, ekonomikoki Europako gainerako estatuen gainetik geratuko baita. Horrek, ordea, ondorio lazgarriak utz ditzake bertako langileriarentzat, gaixotasunaren hedapenari mugarik ez jartzean, heriotza kopuruak izugarri igoko baitira. Erresuma Batuak lehenetsi egin du bere ekonomia ahal duen heinean mantentzeak emango liokeen onura, argi utziz, beste behin ere, bost axola zaiola langileria.
Europako gainerako estatuek Txinaren estrategia imitatu nahi izan dute. Hala ere, ekoizpena gelditzeak eragingo lizkiekeen ondorioak ezin bere eginda, erdi-bideko isolamendu politikak jarri dituzte martxan. Modu horretan, gaixotasuna gelditu beharrean, kutsatuen gailurra leundu eta zabalpena moteltzearen eta luzatzearen apustua egin dute, kutsatuen gailurrak osasun sistema "saturatzea" eta heriotza kopurua izugarri haztea eragingo bailuke. Neurri politiko horiek, ordea, ekonomiaren geldialdi eta gainbehera mugagabe batean sartu dute Europa. Aurrerago helduko diogu sakontasun gehiagorekin gai horri.
Munduko Osasun Erakundeak, joan den otsaila bukaeran ateratako adierazpenean, Txinak garatutako estrategia goraipatu du, Txinak epidemia kontrolatzea lortu duela baieztatzearekin batera.[15] Horri jarraiki jakinarazi du Txinaren estrategia imitatu beharko luketela gainontzeko estatuek. Txinako gobernuak lezioa eman die munduko gainerako estatuei, eta paper erabakigarria hartzen ari da munduan, bai birusaren inguruko ekoizpen zientifikoa garatze aldera, bai gainerako estatuei ezinbesteko osasun laguntza eskaintze aldera.
Historia errepikatzen dela diote batzuek. Koronabirusaren zabalpenak irekitako testuinguruan Txinak bere hegemonia ekonomiko, zientifiko zein humanitarioa sendotu du gainerako estatu eta bloke politikoen aurrean. Badirudi Europa, berriz ere, Marshall Plan berri bat behar izateko zorian dagoela. Oraingoan, ordea, ez dirudi AEBetatik etorriko denik, Ekialdeko Asiatik baizik.
Badago, beraz, nabarmendu nahiko nukeen kontu bat. Argi eduki behar dugu koronabirusaren aurrean hartzen ari diren erabakiak ez direla erabaki mediku zuzenak, kalkulu politikoak baizik. Osasun ikerketa eta bide-orri epidemiologikoak kontuan hartzen diren arren, egun bizi dugun egoerak burgesiak egindako kalkuluan du jatorria. Izan ere, kapitalaren egiturazko dinamikak eta burgesiak dute, azken beltzean, gaixotasuna hedatzearen ardura zuzena; baita munduan zehar salbuespen-egoera mugagabeak ezartzearen erantzukizuna ere.
Zentzu horretan, akats politiko nabaria da burgesiaren nazioarteko zein estatuko kontrolpeko aparatuei men egitea eta beste agertoki posiblerik ez dagoela onartzea. Orain artean garatu diren psikosi sozialak, desinformazioak, beldurrak eta gezurrek langileria eta sozialdemokraziaren agente politikoak estatuaren aurrean erabateko subordinazioa onartzera eraman ditu, horren guztiaren arduradun zuzenak seinalatu beharrean, burgesiarekin lerrokatuz. Elkartasuna estatuaren sumisio posizioa hartzera eta asistentzialismora murriztu da, estatuak ezarritako neurriak betetzen ez dituztenak, edo sinpleki, salbuespen-egoera kritikatzen duten pertsonak eta agenteak gaixotasuna hedatzearen arduradun bezala seinalatuz eta elkartasun falta leporatuz.
Azter ditzagun, bada, Covid-19aren hedapena kontrolatzeko testuinguruan pisuzkoak bilakatu diren zenbait elementu: diagnostiko eta neurri politiko goiztiarren beharra, mediku-arreta eta txertoa; kontrol soziala; eta populazioaren mugimenduaren murrizketa eta isolamendu politikak.[1,16]
3.1. Diagnostiko eta neurri politiko goiztiarren beharra, mediku-arreta eta txertoa
Osasun publikoan egungoa bezalako pandemiei aurre egiterako orduan, badago oinarrizko printzipio bat: birusaren hedapena gelditu nahi bada, beharrezkoa da birusaren aurretik joatea. Covid-19ak duen transmisio tasa altuak eta munduaren punta batetik bestera erraztasun osoz mugitzeko duen aukerak, beharrezko egiten du neurri politikoak oso azkar hartzea. Zentzu horretan, nabaria da desberdintasun nabarmena dagoela Txinak hartutako neurrien eta Europan hartutakoen artean. Adibide bat ematearren, urtarrilaren 23an Wuhan hirian (11 milioi biztanle) berrogeialdia ezarri zuen Txinako gobernuak, hiriko garraiobide guztiak, mugak, eskolak eta lantokiak ere itxiz (familia bakoitzeko kide bat atera zitekeen bakarrik etxetik, bi egunean behin, janaria eta botikak erostera).[1,17,18] Momentu horretan Hubeieko probintzian zeuden kasuak 375 ziren.
Hurrengo egunetan neurri berak ezarri zituzten Huanggang hirian lehenik, eta Hubeieko probintzian (60 milioi biztanle) ondoren. Txina estatu erabat planifikatu eta zentralizatua izanik gai izan da horrelako neurriak modu azkar eta eraginkorrean gauzatzeko. Kontrara, Espainiako Estatuak, epe luzera begirako estrategia faltak eraginda eta estatuan pisuzkoa den turismoaren sektorea guztiz galdutzat eman nahi ez izateak bultzatuta, martxoaren 16ra arte itxaron du bere mugak ixteko. Ordurako, 9.000 kasu baino gehiago zeuden baieztatuta estatuan bakarrik.
Zabalpenaren kontrola gauzatzeari begira, oso garrantzitsua da sintomak dituzten pertsonei zein gaixoekin kontaktuan egon direnei koronabirusa duten zehazteko proba egitea.[1] Espainiako Estatua, ordea, gomendatzen den populazio talde guztiei probak egiteko zailtasunak izaten ari da, eta ondorioz, baita gaixotasunaren sintoma arinak dituztenei ere; hau da, pazienteen %80, ez da koronabirus berriaren baieztapen probarik egiten ari, hori eginez gero hartu beharreko isolamendu neurriak ere bertan behera geratu direlarik.[19] Modu horretan, gaixoekin etxeetan konfinatuta dauden pertsonak kutsatu eta gaixotasuna transmititu lezakete lantokietan edo kalean, birusaren hedapenaren kontrola are gehiago zailduz.
Osasun sistemaren saturazioa ere gaixotasunaren hedapena murriztea ekiditen duen beste faktoreetako bat da, orokorrean, hilkortasun tasa handitzea eragitearekin batera.[20] Jakina denez, zenbat eta baliabide gutxiago eduki, orduan eta aukera handiagoak daude osasun sistema saturatzeko, eta horixe da Espainiako Estatuan gertatu dena. 2008ko krisialdi kapitalistaren ondotik burututako murrizketa eta kaleratze masiboek ondorio zuzenak dituzte oraingoan ere, bereziki aipagarria izanik Madrilgo kasua, zeinetan heriotza tasa gainerako erkidegoetan baino handiagoa den, eta zer esanik ez Txinarekin alderatuz gero.[21]
Aurretik aipatutako faktoreez gain, badaude horrelako epidemien aurrean erantzuteko ezintasun nabariak eragiten dituzten beste faktore orokor batzuk. Horietako bat osasunaren kudeaketa eta osasun sistema bera logika kapitalistak gidatuta egotea da.[22] Egun Europako herrialde batzuetan dauden osasun sistemek, hasiera batean, Sobietar Batasuna eta garaiko bloke sozialistatik eratorritako antolaketa eskemak izan arren, industria farmazeutikoaren eta lan-indarraren mantenu fisiologikoaren oinarri eta beharrei jarraituz antolatu dira, bilakaera hori are nabariagoa izan delarik azken hamarkadetan.
Horrelako epidemietan agerian geratzen da errealitate hori, baita orokorrean langileriari gaitasun eta jakintza medikua eskuratzea ekiditeko, osasunaren kudeaketa erreala egiteko aukera blokeatzeko, eta bere osasun egiturara subordinatzeko hamarkadetan burgesiak egin duen lana ere. Modu horretan, langileria kondenatuta dago gertatzen ari denaren gaineko desinformaziora eta egoerari aurre egiteko inpotentzia onartzera. Burgesiaren erabakiei inolako kritikarik egin gabe; pandemiaren muina ulertu eta horren arabera jardun beharrean, epai moralak egitera, burgesiak berak sortutako psikosi orokortura edo pasotismo eta sumisio posizioak hartzera kondenatuta dago.
Azkenik, aipamena merezi duen beste gai bat da txertoarena. Koronabirus berria detektatu eta berehala norgehiagoka basatia abiatu dute potentzia inperialista nagusiek, AEBak buru direla.[23] Oraindik ere txertoak zer erabilgarritasun edukiko duen guztiz argi ez dagoen arren, pentsatzekoa da psikosi sozialaz baliaturik eskaria ikaragarri handia izango dela.
Horretan guztian, ordea, arazo bat dago. MOEk txertoa garatzeko 12-18 hilabete artean beharko direla aurreikusi du, eta beraz, agertokirik onenean ere, txertoa ez litzateke hurrengo udazkenean berriz ere Covid-19a berragertzen denerako prest egongo. Egoeraren kudeaketak, eta batez ere hurrengo udazken-negukoak, erakutsiko digu egun bizi dugun pandemiaren dimentsio erreala.
Aipatu beharra dago, neumonia eragiten duten beste bi koronabirusen txertoak garatuta daudela baina ez direla erabiltzen, eta farmazeutika asko SARS birusaren txertotik abiatuta ari direla horren antza handia duen Covid-19aren txertoa garatzen. Harritzekoa da komunikabideetan Txina norgehiagoka horretan ez agertzea, are gehiago, printzipioz birusa eskuratu zuen lehen herrialdea izan zela jakinda.[24]
3.2. Kontrol soziala
Birusaren hedapena geratzeko abiaturiko politiken artean, garrantzitsuenetako bat ari da izaten kontrol sozial masibo eta zorrotza, baita agerraldiaren eta hartutako neurri politikoen aurkako balizko kritika eta protestak zein aurretiaz han-hemenka beste gai anitzen inguruan abiaturik zeudenak erreprimitzea eta kontrolatzea ere. Zentzu horretan, Txinak aurrera eramandako neurriek eta erabilitako teknologiak agerian utzi ditu kapitalak kontrol eta bigilantzia sozialerako garatu dituen tresnak.
Hori gutxi balitz, munduko zenbait lekutan, Txinan barne, salbuespen-egoera ezartzera iritsi dira, militarrei eta burgesiaren aparatuei erabateko kontrola emanez eta langileria subordinazio egoera latzenetako bat bizitzera behartuz. Burgesiak inposatutako neurri horren helburu bat gaixotasunaren zabalpena moteltzea bada ere, ez dugu ahaztu behar langileriaren erantzun edo jardun politiko posiblea deuseztatu egiten duela.
Nolanahi ere, argi dagoena da, egungo egoera aurrekari garrantzitsu bat izan daitekeela salbuespenezko politikak normalizatzeko, etorkizunean benetako krisi politiko baten aurrean burgesiak tresna hori berriz erabiltzea erraztuz. Aurreikusgarria da denborak aurrera egin ahala salbuespen-egoerak sortu ditzakeen zailtasun edo krispazio ekonomikoek, psikologikoek eta sozialek orain artean nagusi izan den sumisio egoera aldatu dezaketela. Horrekin batera, emaitzak espero ez bezalakoak direla ikusteak eragin dezaketen atsekabe eta haserre sozialak, salbuespen-egoera mantentzeko orain artean erabili ez dituzten bitartekoak ezartzera behartuko lukete estatua.
Salbuespen-egoera ezarri eta indar polizial eta militarrek kaleak hartzeko babes sozial handia behar da, eta zer esanik ez egunotan ezarri duten bezain erraz egiteko. Horretan, paper nabaria izan dute burgesiaren masa aparatu komunikatiboa osatzen duten hedabideek. Birusa hedatzen hasi zen unetik, edozein neurri hartzea ahalbidetuko lukeen psikosi orokortu bat sortu eta etengabe elikatzeaz arduratu dira. Hainbestekoa izan zen hasieran komunikabideek egindako kanpaina, ezen jende asko koronabirus kasu berri bakoitzarekin mugikorrera notifikazio bat jasotzera iritsi zen. Argi geratu dena zera da: langileria oso egoera zaurgarrian dago burgesiaren kanpaina mediatikoen aurrean.
Gainera, sozialdemokraziak horretan guztian erakutsi duen izaera kolaborazionistak burgesia indartu besterik ez du egin; programa sozialistaren eta langileriaren botere independentearen gabezian, egoera nahi bezala kudeatzeko ateak irekita izan ditu.[25]
Aipa ditzagun ondorengo lerroetan agerian geratu diren beste zenbait elementu. Txinako Estatua gai izan da biztanle bakoitzaren posizioa, kontaktuak, mugimenduak, datu fisiologikoak... etengabe kontrolatzeko. Horretarako, ordea, ez dute Polizia etxez etxe joateko beharrik eduki. Funtsean, mugikorrak, bideo-zaintza kamerak eta abar erabili dituzte; herri, auzo eta biziguneetan kontrolak eta Poliziaren fitxaketak jartzearekin batera. Horiek, ordea, kapitalaren tresna politiko garrantzitsua den kontrol sozialaren bitarteko soil batzuk dira, eta koronabirus berriaren krisiak beren irismen eta eraginkortasuna agerian utzi ditu.
Txinan populazioaren erabateko kontrola egitea ahalbidetu duten bitartekoak teknikoki askoz garatuago eta hedatuago dauden arren, gurean ere ez dira falta. Espainiako Estatuaren kasuan, zenbait bozeramaile juridikok eta politikok neurri horiek ezartzea ezinezkotzat jo dute, legeak datu pertsonalak babesten dituenaren aitzakiapean. Kapitalaren nazioarteko hedapenak, ordea, teknologia horren nazioarteko izaera agerian jartzen du. Horien ezarpenak dimentsio publikoa hartzeak, baina, lege burgesak goresten dituen askatasun formalen falazia agerian uztea eragingo luke, kontrol sozialaren jopuntuan dagoen langile klasearen begiak hein batean irekitzea eraginez.
Txinako langileriak alor horretan bizi duen egoera benetan lazgarria da; eta gurean, askatasun burgesaren lainoak ikustea zailago egiten duen arren, burgesiak arma politiko berak erabiltzen ditu langileriaren antolaketa eta aukera politikoak ezeztatzeko. Zentzu horretan, hurrengo hamarkadetan munduko langileriaren askatasun politikoetan atzerakada handia eragingo lukeen eredu txinatarraren hedapena hertsiki jarraitu beharreko fenomeno bat izango da, argi izanik lan garrantzitsua izango dela Txinako langileriak bizi dituen baldintza zehatzak unibertsal ez bilakatzea.
3.3. Populazioaren mugimenduaren murrizketa eta isolamendu politikak
Populazioaren mugimenduaren murrizketa eta isolamendua, hau da, berrogeialdia, pandemiaren kontrolerako neurri nagusietako bat dela baieztatu da.[4,26] Gainera, azken egunotan argitaratutako artikulu zientifikoek berrogeialdiaren garrantzia azpimarratu dute. Dirudienez, birusagatik kutsatutako pertsonek sintomak garatu baino egun batzuk lehenago birusa transmitituko lukete, batzuen arabera, bost eguneko epean.[26] Hortaz, ez litzateke nahikoa sintomak dituzten pertsonak isolatzearekin, eta transmisioa eteteko ezinbestekoa izango litzateke populazio asintomatikoak dagozkion isolamendu neurriak hartzea.Espainiako Estatuak, Frantziako Estatuak, Italiak, Txinak, baita Munduko Osasun Erakundeak ere, bat egin dute ideia horretan. Ezarpen errealean, ordea, desberdintasun nabariak ikus ditzakegu estatu batetik bestera.
Berrogeialdiaren ezarpen zorrotzena Txinak aurrera eraman eta MOEk bere egin duena da. Txinako Gobernuaren osasun publikoko politikan zenbait dira nabarmendu beharreko puntuak, Txina estrategia bera jarraitzen saiatu diren gainerako estatuetatik desberdintzen duena. Aurretik aipatu bezala, isolamendu neurriak oso azkar hartu zituzten han, horrekin batera hartutako beste erabaki garrantzitsu bat ekoizpenaren etete orokorra eta lantokien itxiera izanik, epidemiari aurre egiteko ezinbestekoak ziren esparruak salbuetsiz. Hartutako neurrien ondorioz, ondorio ekonomiko nabariak izan zituen Txinak, datu bat aipatzearren, otsailean esportazioak %17 jaitsi ziren iazkoekin alderatuz.[27]
Oraindik goiz da datu ekonomiko orokorrak jakiteko, baina azken asteotan munduan zeharreko burtsek izan duten joerak etor daitekeenaren aurreikuspen bat egiteko parada ematen du. Jakina da, kapitala mundu mailan nagusi den harreman soziala den heinean, zuzenean baldintzatzen dutela bere baitako lurralde eta esparruetan gertatzen diren arazoek.
Koronabirus berriaren agerpenak etengabeko krisian dagoen formazio sozial kapitalistaren lur-jotze berri baten atarian jarri gaitu. Hala ere, gaur-gaurkoz ia ezinezkoa da koronabirusak eragindako krisialdi komertzialaren ondorio ekonomiko errealak zein izango diren zehaztea. Jakina da, haatik, krisialdiak gehien kolpatuko duen sektorea, beste behin ere, langileriarena izango dela; bizirauteko ezinbesteko baldintza zaien hileroko soldataren gabezian egoera larrian geratuko direlarik asko.
Nazioarteko burgesiak eta bere estatu aparatuek langileriaren gain jarriko dute gainbalioaren erauzketa prozesuak izan duen geldialdiaren karga, eta berriz ere, langileriaren bizi baldintzak mutur fisiologikoraino xahutzeko ekinbidean kokatuko da burgesia. Bai Txinan, bai Euskal Herrian, baita munduko beste herrialdeetan ere. Bien bitartean, osasun sistemak, miseriazko egoera horrek eragindako gaixotasunen aurrean, lanera joan ahal izateko baldintzetan mantenduko du langile klasea.
4. EUROPAKO BURGESIAREN NAHI ETA EZINA. MASA ALDERDI KOMUNISTAREN URGENTZIA
Oro har, Europan bloke politikoa osatzen duten estatuek antzeko zailtasunak izango dituztela aurreikusi genezakeen arren, bakoitzak dauzkan berezitasunak aztertu ahal izateko denbora eta gaitasun falta dela eta, batez ere Espainiako Estatua, eta beraz, Hego Euskal Herriko egoera aztertzera murriztuko naiz, Europari dagozkion ondorio orokorrak lantzearekin batera.
Ipar Euskal Herriari laburki erreparatuz, Frantziako Estatuan ere, beranduago izan arren, antzeko neurriak hartu dituzte. Hala ere, joan den asteburuan hauteskundeak burutu izanak, neurri horien eraginkortasun zein beharrezkotasunaren eta Frantziako Gobernuak gaixotasuna kontrolatzeaz gain izan ditzakeen interes politikoen inguruan hausnartzera behartzen gaitu. Momentu ezin hobean iritsi zaio Frantziako Estatuko burgesiari salbuespen-egoera ezartzeko aitzakia, azken hilabeteotan langileriak pentsioen erreformaren kontra egindako borroken inguruan pilatutako indar guztia neutralizatzea lortu baitute egun batetik bestera.
Espainiako Estatua, ekonomikoki erdigune inperialistan kokatu arren, ahula den estatua da. Europarekin eta AEBekin bloke politikoan kokatuz eta bertako estatu nagusien atzetik joanez eta euren sinergian funtzionatuz lortzen du bere potentzia. Horri, estatuaren ekonomian enpresa txiki eta ertainek, eta oro har, autonomoek duten pisua gehitzen badiogu, ekoizpenaren etete orokor batek ondorio larriak izan ditzakeela ondoriozta genezake.
Hain zuzen ere, horretan datza Espainiako Estatuan eta, oro har, Europan garatutako osasun politikak Txinakoekin alderatuta aurki daitekeen desberdintasun bat: ez da ekoizpena eten, birusa transmitizen jarraitzeko aukerak mantenduz. Aurreikusgarria da, alabaina, denborak aurrera egin ahala, lehengaiak (piezak, tresneria, mantenua...) eta lan-indarra (langileak gaixotzean berrogeialdian geratu beharko dute) murrizten doazen heinean, modu mailakatuan ekoizpena gutxitzen joango dela.
Hari berari jarraituz, aipatzekoa da azken egunetan zenbait enpresa handik eginiko ekoizpenaren murrizketa edo itxierak ez direla langileriaren osasuna lehenetsiz hartutako erabakiak izan, produktibitatearen jaitsiera dela eta, burgesiak hartu dituen erabaki ekonomiko koiunturalak baizik. Etxeetan jendearen konfinamendua bultzatuz transmisioa moteltzen bada ere, jendearen mugikortasuna dagoen bitartean, birusak leku batetik bestera mugitzen jarraituko du, populazioaren parte handi bat erasanez: lantokietara joatera behartuta dauden langileetatik hasi eta beren familietaraino.
Txinak Europako estatuen aurrean Covid-19ak eragindako krisialdiari aurre egiteko erakutsitako eraginkortasunak, sistema planifikatuen gailentasuna erakutsi du. Izan ere, ekonomian zein gizartean berehalako esku hartze zuzenak egin ahal izateak abantaila nabariak eman dizkio Txinari, bai ondorio ekonomikoak kudeatzerako orduan, bai gaixotasuna kontrolatu eta pertsonen ongizatea bermatzeko garaian ere. Liberalismo ekonomikoaren eta Europan gailentzen den sistema politiko demokratikoaren mugak agerian geratu dira. Litekeena da, gainera, muga edo ezintasun horiek baldintzatutako politiken ondorioak agerian geratu ahala, zilegitasun krisi orokortu bat gertatzea Europan.[25]
Txinak izan duen estrategia jarraitu nahi, baina horrek dakartzan ondorioak bere gain hartu ezin izateak, nahi eta ezinaren agertoki batera eraman du Europa. Aurreikusgarria da, beraz, Europan koronabirusak izango duen bilakaera Txinakoarekin alderatuz motelagoa izango dela, nahiz eta dimentsio handiagoak hartuko dituen. Ziurrena da aurreikusi diren bi aste horiek ez direla nahikoa izango Covid-19aren agerraldia kontrolatzeko, eta bistan da Europan estatu guztien aurretik dagoen Italiako egoerak horretan pentsatzera eramaten gaituela. Oraingoz salbuespen-egoera mugagabe baten aurrean gaude, harik eta tenperaturen igoerak eta udaberriaren iritsierak birusa ahuldu eta kantonatzen hasten diren arte, behintzat.
Espainiako Estatura itzuliz, gobernuak ez du berme errealik jarri egoeraren ondorioak konpontzera begira, eta langileriak igaro beharko ditu osasun publikoko politiken ondorio ekonomikoak eta politikoak: soldataren murrizketatik hasi eta langileen berregituraketen ondoriozko kaleratze masiboetara.[25] Espainiako Gobernuak adierazi du salbuespen-egoera igarotzean patronalarekin eta estatuko sindikatu nagusiekin, UGTko eta CCOOko mertzenarioekin, negoziatuko duela ondorioei aurre egiteko neurrien paketea. Langileriak, hortaz, burgesiak hartuko dituen neurriak pairatzea beste aukerarik ez du izango.
Klase ertaina ere ez da egoera horretatik kalterik jasan gabe irtengo. Esaterako, legeagatik zein ezintasun ekonomikoa dela eta beren jarduera murriztu edo itxi behar izanagatik, kinka larrian geratu dira enpresa txiki asko. Arazo horiek, ordea, irtenbide posible batetik urrun dirudite, are gehiago egoera honek iraungo duena oraindik ere zehazki ez dakigula kontuan hartuta.
Horrek guztiak proletarizazio prozesu are nabariagoan sartu dezake klase ertaina, eta horrek, bere proiektu politikoa izan den sozialdemokraziaren gainbehera oraindik eta gehiago sakondu lezake.[25] Egoera honekin, ordea, Europa mailan eman daitekeen fenomeno bat dela kontuan hartuta, azken hamarkadetan antzeman daitekeen Europaren gainbehera areagotu dezakeen beste une garrantzitsu baten hasieran gaudela pentsa genezake. Orain artean jazotako hegemonia aldaketa nagusietan gertatu den bezala, aurreikusgarria da gainbehera hori ez dela goizetik gauera emango, baina gerta daiteke koronabirusaren krisiak uste baino kolpatuago uztea azken mendeetan munduaren erdigunea izan den potentziaren hegemonia.
Nabaria da, egungoa bezalako gertaerei aurre egiteko, laguntza ekimenak sortzeko zein estatuaren partetik askatasun politikoen desegiteak eta murrizketa ekonomikoak gauzatzen diren bakoitzean horien aurrean defendatzeko, ezinbestekoak zaizkigula masa alderdi komunista eta jendartearen ideologizazio eta politizazioa; eta beraz, horiek lortzeko bidean lanean jarraitzeko zeregina dugula.
Sozialdemokrazia, beste behin, burgesiaren
diskurtso, neurri eta estrategiaren aurrean ezintasunean agertu izanak
eta bere proiektu politikoaren krisia areagotzeko atarian egoteak
beharrezkoa egiten dute zeregin hori. Baina beharrezkotasunetik harago,
egungoa bezalako egoeren aurrean, burgesia eta kapitalaren egiturazko
dinamika horren guztiaren erantzule zuzen bezala seinalatzeko beharrak,
osasun krisien desagertze eta kontrol errealerako aukerak irekitzeko
derrigortasunak, langile klasearen osasuna errealki zaindu eta hobetzeko
premiak, burgesiaren subordinazioaren aurrean langile klaseak bere
askatasun erreala gauzatzeko beharrak, eta funtsean, bere interes
errealak defendatzeko eta etorkizun batean egikaritzeko zereginak,
agerian uzten dute betebehar historiko horrek gaur egun duen urgentzia.
5. BIBLIOGRAFIA
1-
Yang Y, Peng F, Wang R, Guan K, Jiang T, Xu G et al. The deadly
coronaviruses: The 2003 SARS pandemic and the 2020 novel coronavirus
epidemic in China. J Autoimmun, 2020 Feb 19; [Epub].
https://doi.org/10.1016/j.jaut.2020.102434
2- Guan W, Ni Z, Hu Y,
Liang W, Ou C, He J et al. Clinical Characteristics of Coronavirus
Disease 2019 in China. N Engl J Med, 2020 Feb 28; [Epub]. DOI:
10.1056/NEJMoa2002032
3- Malik YS, Sircar S, Bhat S, Sharun K, Dhama
K, Dadar M et al. Emerging novel coronavirus (2019-nCoV)—current
scenario, evolutionary perspective based on genome analysis and recent
developments. Vet Q, 2020 Feb 3; 40(1): 68-76.
4- Word Health
Organization. Coronavirus disease 2019 (COVID-19) situation Report –46.
World Health Organization, 2020 Mar 6. Available from:
https://www.who.int/docs/default-
source/coronaviruse/situation-reports/20200306-sitrep-46-covid-19.pdf?sfvrsn=96b04adf_4
5-
Baud D, Qi X, Nielsen-Saines K, Musso D, Pomar L, Favre G. Real
estimates of mortality following COVID-19 infection. Lancet Infect Dis,
2020 Mar 12; [Epub]. https://doi.org/10.1016/ S1473-3099(20)30195-X
6- Perlman S. Another Decade, Another Coronavirus. N Engl J Med, 2020 Feb 20; 382 (8): 760-762.
7-
Morens DM, Daszak P, Taubenberg JK. Escaping Pandora´s Box - Another
Novel Coronavirus. N Engl J Med, 2020 Feb 26; [Epub]. DOI:
10.1056/NEJMp2002106
8- Calisher C, Carroll D, Colwell R, Corley RB,
Daszak P, Drosten C et al. Statement in support of the scientists,
public health professionals, and medical professionals of China
combatting COVID-19. Lancet Glob Health, 2020 Feb 18; [Epub].
https://doi.org/10.1016/ S0140-6736(20)30418-9
9- Peña-Otero D,
Díaz-Pérez D, de la Rosa-Carrillo D, Bello-Dronda S. ¿Preparados para el
nuevo coronavirus?Are We Ready for the New Coronavirus? Arch
Bronconeumol, 2020 Mar 14; [Epub].
https://doi.org/10.1016/j.arbres.2020.02.009
10- Word Health
Organization. Coronavirus disease 2019 (COVID-19) situation Reports.
World Health Organization, 2020. Available from:
https://www.who.int/emergencies/diseases/novel-coronavirus-2019/situation-reports
11-
Mizumoto K, Chowell G. Estimating Risk for Death from 2019 Novel
Coronavirus Disease, China, January–February 2020. Emerg Infect Dis,
2020 Mar 13; [Epub]. https://doi.org/10.3201/eid2606.200233
12- Mitjá
O. COVID-19: hay que esperar lo mejor y estar preparados para lo peor.
Agencia SINC. Lunes 24 de Febrero de 2020; Epidemiología. Recuperado a
partir de:
https://agenciasinc.es/Opinion/COVID-19-hay-que-esperar-lo-mejor-y-estar-preparados-para-lo-peor
13-
Redacción La Vanguardia. China también envía suministros médicos a
España para combatir el coronavirus. La Vanguardia. Viernes 13 de Marzo
de 2020; Emergencia Sanitaria. Recuperado a partir de:
https://www.lavanguardia.com/vida/20200313/474107261151/china-suministros-medicos-espana-coronavirus.html
14-
Ramos R. Reino Unido se declara impotente ante el coronavirus y da
prioridad a la economía. La Vanguardia. Viernes 13 de Marzo de 2020;
Internacional. Recuperado a partir de:
https://www.lavanguardia.com/internacional/20200313/474112559284/reino-unido-impotente-coronavirus-prioridad-economia.html
15-
World Health Organization. Report of the WHO-China Joint Mission on
Coronavirus Disease 2019 (COVID-19). World Health Organization; 2020 Feb
16-24. Available from:
https://www.who.int/docs/default-source/coronaviruse/who-china-joint-mission-on-covid-19-final-report.pdf
16-
del Castillo C, Biosca J, Herrera E. Las medidas de China contra el
coronavirus son efectivas, pero ¿se podrían aplicar en España?
Eldiario.es. Miercoles 11 de Marzo de 2020; Internacional. Recuperado a
partir de:
htps://www.eldiario.es/internacional/medidas-coronavirus-efectivas-podrian-Espana_0_1004750243.html
17-
Perfil. Coronavirus: cronología de la expansión del virus chino que
preocupa al mundo. Perfil. Domingo 2 de Febrero de 2020; Internacional.
Recuperado a partir de:
https://www.perfil.com/noticias/internacional/coronavirus-cronologia-de-la-expansion-del-virus-chino-que-preocupa-al-mundo.phtml
18-
Vidal M. Cuarentena en China por el coronavirus: salir de casa solo
cada dos días y a por víveres. El País. Jueves 6 de Febrero de 2020;
Sociedad. Recuperado a partir de:
https://elpais.com/sociedad/2020/02/05/actualidad/1580918404_556864.html
19-
Tardón L. La Comunidad de Madrid ya no hará la prueba del coronavirus a
pacientes con síntomas leves. El Mundo. Viernes 13 de Marzo de 2020;
Salud. Recuperado a partir de:
https://www.elmundo.es/ciencia-y-salud/salud/2020/03/13/5e6b4230fdddff878c8b4624.html
20-
Ji Y, Ma Z, Peppelenbosch MP, Pan Q. Potential association between
COVID-19 mortality and health-care resource availability. Lancet Glob
Health, 2020 Feb 25; [Epub].
https://doi.org/10.1016/S2214-109X(20)30068-1
21- Velasco M,
Mucientes E. Los datos del coronavirus en España. El Mundo. Domingo 15
de Marzo de 2020; Salud. Recuperado a partir de:
https://www.elmundo.es/ciencia-y-salud/salud/2020/03/15/5e6dc297fdddff6d798b459e.html
22-
Gedar Langile Kazeta. Osasunaren oinarri ekonomikoez. Gedar Langile
Kazeta. Igandea 2020ko martxoaren 15a; Editoriala. Hemen erabilgarri:
https://gedar.eus/editoriala/osasunaren-oinarri-ekonomikoez
23-
Economía Digital. EEUU y Alemania luchan por derechos de la vacuna
contra el coronavirus. Economía Digital. Domingo 15 de Marzo de 2020;
Política y Sociedad. Recuperado a partir de:
https://www.economiadigital.es/politica-y-sociedad/coronavirus-eeuu-y-alemania-luchan-por-derechos-vacuna_20043786_102.html
24-
Munster VJ, Koopmans M, van Doremalen N, van Riel D, de Wit E. A Novel
Coronavirus Emerging in China - Key Questions for Impact Assessment. N
Engl J Med, 2020 Feb 20; 382 (8): 692-694.
25- Gurrutxaga M.
Koronabirusak kendu dituen karetak. Gedar Langile Kazeta. Astelehena
2020ko Martxoaren 16a; Koiuntura. Hemen erabilgarri:
https://gedar.eus/koiuntura/manexGM/koronabirusak-kendu-dituen-karetak
26-
Lauer SA, Grantz KH, Bi Q, Jones FK, Zheng Q , Meredith HR et al. The
incubation period of coronavirus disease 2019 (COVID-19) from publicly
reported confirmed cases: Estimation and application. Ann Intern Med,
2020 Mar 10; [Epub]. https://doi.org/10.7326/M20-0504
27- Vidal M.
China empieza a creer que lo peor de la epidemia ha quedado atrás. El
País. Domingo 8 de Marzo de 2020; Sociedad. Recuperado a partir de:
https://elpais.com/sociedad/2020-03-08/china-empieza-a-creer-que-lo-peor-de-la-epidemia-ha-quedado-atras.html