Aurreko larunbatean, CAF enpresak Beasainen (Gipuzkoa) egin zuen urteroko Akziodunen Batzar Nagusia, eta 2025eko emaitzen berri eman zuen bertan. Ia 4,5 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, 2024an baino %7 gehiago hain zuzen ere. 6.027 milioiko kontratazioetara iritsi zen, marka historikoak hautsiz eta %28ko gorakada bat lortuz; eta, guztira, 146 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen, 2024an baino %42 gehiago.
Hurrengo urteetarako dituen erronka nagusien inguruan ere hitz egin zuen batzarrean enpresako zuzendaritzak: "modu errentagarrian hazten jarraitzea, marjinak pixkanaka hobetzea, finantza-diziplina sendoa mantentzea eta epe luzean balio iraunkorra sortzen jarraitzea". EITBk jaso duenez, bide horretan, CAFek garrantzia berezia eman dio inoiz sinatu duen kontraturik potoloenari: iaz hitzartu zuen Belgikarako 180 tren egitea, Société Nationale des Chemins de fer Belges (SNCB) sozietatearekin egindako akordio baten bidez.
Larunbateko Akziodunen Batzar Nagusia hasi baino pare bat ordu lehenago, CAFen egoitzarako sarbideak blokeatu zituzten ekintzaile ugarik, enpresak palestinarren genozidioan duen erantzukizuna salatzeko. Eguerdian, gainera, milaka lagun mobilizatu ziren Beasainen bertan, Israel desegitera bidean harreman oro eten! lelopean. Izan ere, CAFek negozioak ditu Israelekin, sionisten asentamendu ilegalak elkarren artean lotzeko tranbideak egiten ari baita, besteren artean.