AKTUALITATEA / Errepresioa

Ekitaldi antifaxistak egingo dituzte urriaren 31n Lizarran eta Garesen

Hamahiru lagun daude auzipetuta Voxen aurkako protesta bat dela-eta, eta hainbat ekimen antolatu dituzte urriaren 31rako, "kontzientzia antifaxista zabaltzeko" eta "prozesu judizialari zein isunei aurre egiteko dirua biltzeko" asmoz.
2026eko urriaren 19 - 09:53
Ekitaldi antifaxistak egingo dituzte urriaren 31n Lizarran eta Garesen

Lizarraldeko eta Garesaldeko hamahiru pertsona epaituko dituzte azaroaren amaieran, otsailean Lizarran faxismoaren aurka egindako protesta bati lotuta. Voxek Julio Ruiz de Alda falangista lizartarra eta "Plus Ultraren balentria" goratzeko antolatutako ekitaldi baten aurka, ehunka lagun mobilizatu ziren otsailaren 25ean, "eta orain erakundeek opari batekin eskertzen digute: inputazioak eta isunak", aurreko ostiralean egindako agerraldi batean salatu zutenez. "Mozal Legeak 1.500 euro erauzten dizkigu isunetan. Bestalde, hamahiru pertsonak hertsapen eta mehatxuengatiko prozesu judizial bati egin behar diogu aurre", azaldu zuten.

Errepresio kasu horren aurka, baina, erantzuna izaten ari da eskualdean, eta hainbat ekimen antolatu dituzte urriaren 31rako. Agerraldian eman zuten egitarau antifaxisten berri, hain zuzen ere. Garesen, batzar ireki bat egingo dute 11:00etan,  Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformaren eskutik, eta boxeo-tailer bat egingo dute jarraian. Lizarran, berriz, 10:30ean ekingo diote jardunaldiari: faxismoaren aurkako mezuekin kamisetak egingo dituzte San Martin plazan, eta 12:30ean, hitzaldi bat izango da Kultur Etxean, Julio Ruiz de Aldari eta familia horrek frankismoan izandako inplikazioari buruz. Ondoren, bermuta, bazkaria eta kontzertuak (Melocotón Gigante eta Bolbora) eskainiko dituzte plaza berean.

Auzipetuen esanetan, "kontzientzia antifaxista zabaltzea eta prozesu judizialari zein isunei aurre egiteko dirua biltzea" da urriaren 31ko ekitaldien helburua, ezinbestekotzat baitaukate faxismoari aurre egitea. "Errepresioak ez du gure konpromiso antifaxista itzaliko. Babes mediatiko eta ekonomikoa duten faxista gutxi batzuen aurrean, gehiengo antifaxista eta borrokalaria dago Lizarraldean eta Garesaldean", gaineratu zuten agerraldian.