IKUSPUNTUA / Sindikalismoa

Klase-batasuna ezinbestekoa da osasungintzako greba batean

IKUSPUNTUA

Aste interesgarriak dauzkagu aurrean: etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak, hauteskundeak, faxismoaren kontrako kontzentrazioak… Eta borroka zurrunbilo horren guztiaren artean, osasungintzaz ere hitz egin beharko dugu. Lehenik eta behin, sindikatu medikuak hauteskundeak igaro arte euren greba mugagabea atzeratzea erabaki zuen, baina orain iritzia aldatu du eta kontzentrazioak deituko dituzte erkidego batzuetan. EAEn, gainerako sindikatuek greba-egunak deituko dituzte urritik abendura bitartean.

Orain, osasungintzari eta gertatzen ari den desegiteari dagokionez, mahai gainean dagoen grebari hainbat ideia gehitzea gustatuko litzaidake. Argi dago osasun-langileok gaur egun gure lan-baldintzen okertzea bizitzen ari garela. Eta, modu berean, pazienteak gero eta kolapsatuagoa dagoen osasun publiko batekin baztertuta geratzen ari direla (itxaron-zerrendak, gainezka egiten duten osasun-zentro eta larrialdiak, farmako eta material gabezia…). Nire ustez, egoera aztertu ahal izateko, horietako fenomeno bakar batean zentratzea akatsa litzateke, izan ere, honen guztiaren atzean kaltetua langile-klase osoa da, osasun-langileetatik hasi eta pazienteetara arte.

Beste aldi batzuetan egin dugun bezala, Osakidetzako kolaborazio publiko-pribatuari buruz hitz egin dezakegu, edo aipa dezakegu nola zerbitzu publikoak pribatura bideratzen ari diren kolapsoari aurre egiteko behin-behineko neurri gisa. Egoera honen guztiaren aurrean batzuek negozioa egiteko aprobetxatzen ari direla ere aipa dezakegu. Baina horretaz guztiaz gain, jadanik kondenatuta dagoen ontzi bat salbatzeko partxeak jartzeaz harago neurriak mahai gainean jarri beharko genituzke. Edo okerragoa dena, ezin ditugu interes partikularrak bakarrik kontuan hartuta gure ontzi propioa salbatzea helburu duten aldarrikapenak uztartu.

Horren aurrean antolatzeko, argi utzi nahi dut gaur egun osasun-baliabideen xahutze irrazionala egon badagoela eta erabakiak hartzeko negozioa osasunaren gainetik lehenesten dutela. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zait, alde batetik, osasun-zerbitzu pribatuak epe laburrean langile guztion alde sozializatzeari buruz hitz egiten hastea. Baina bestetik, horren ostean, beharrezkoa izango da epe luzerako osasun-plangintza bat mahai gainean jartzea, zeina gehien behar dutenen interesen menpe egongo den. Horretarako, beharrezkoa da ulertzea osasun-langile eta paziente guztiok norabide berean borrokatu behar dugula, iparra galdu gabe. Klase-batasuna da gure ezinbesteko tresna.