Skip to Content
IKUSPUNTUA / Politika instituzionala

Hauteskunde-kanpainei jokoa ez egitea

IKUSPUNTUA

Nabaria da hauteskunde-kanpainan gaudela. Ohituta beharko genuke interes partidistek gidatutako egunerokotasunera, baina hauteskunde-garaiko interesek politikagintza burgesaren zurrunbilo intentsibo batean sartu gaituzte, berriro. Sare sozialen eta komunikabideen monopolioa eskuratu dute hilabeteotan koiunturaren gaineko errelatoa eurenganatzeko saiakerek, beraien mesedera edo kontrakoen kaltera eraikitako errelatoek, gizartearen etsaiak eta munstroak asmatzeko beharrek eta, nola ez, zirko mediatikoek. Ohikoa da dena, baina esan bezala, ohiko neurritik gorakoa orain.

Alde batetik alderdiek ezkutuan, sare sozialetan, egiten duten estoldetako kanpaina dago. Horren adibideetako bat izan da Gasteizko etxegabetzeak izandako trataera sareetan joan den asteetan. Egunkarietako berrietan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren kontu ofizialen argitalpenetan edo etxegabetxearen aurka idazten zuten horienetan ehunka, eta milaka, kontu troll etxegabetzearen alde posizionatu ziren, gezurrez edo egi erdiez babestutako falaziekin. Astroturfing izena du horrek: sareetan gutxiengo baten iritzia gehiengoaren iritzi espontaneo bezala saltzearen fenomenoa. Alderdi instituzionalek, eta oligarkek orkestratutako eta finantzatutako politizazio eta desinformazio kanpainak izaten dira. Horri esker, gizartearen, eta batez ere gazteen, errealitatearen pertzepzioa eraldatzea lortzen dute, esaterako, gorroto diskurtsoak normalizatuz eta gehiengoaren iritzia eskuinerantz biraraziz. Horretarako milaka euroko inbertsioak egiten dituzte, finantzatutako milaka bot edo administratzaile bakarra duten hamarnaka kontu izanda.

Beste alde batetik, hauteskunde-kanpainaren dimentsio publikoagoa dago. Horretarako, momentuko gertakariak beraien indarguneekin lotzen dituzte, edo aurkariaren ahulguneekin. Lerroburuak eta diskurtsoa eraikiz, zertaz hitz egin behar den eta zertaz ez erabakitzen dute. Eskuinak eta eskuin muturrak, EAJ, PP edo Voxek, programa sozialen faltan etxebizitzaren antzeko gaiez mintzatzea ekiditen dute. Kontrara, PSOEren eta Sumarren gobernuei gaia hauspotzea komeni zaie, etxebizitzaren inguruko haserrea oposizioak bereganatzeko duen zailtasunagatik.

EAJren kasuan esaterako, hamarkadak daramatza biolentziaren aitzakiarekin kanpaina egiten, itxurazko segurtasun faltaren zentsaziotik segurtasunezko diskurtso irmoak aireratzen. Adibide gisa azken astetako hainbat gertakari: Gasteizko etxegabetzea, Vito Quilesen etorreraren testuinguruan gertatuko istiluak eta Blocus delako fenomenoa. Hiru gertakari horiek ez dute elkarren artean loturarik, baina EAJk bere mesederako testuinguru bat eraikitzeko desitxuratu ditu. Polizia dispositibo ikaragarria bidali zuen eta oso biolentoa izan zen jarduketa bat planifikatu zuten sei adin txikiko dituen familia bat etxegabetzeko. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ez zuen horren inguruko azalpenik eman, bortizkeria eta desproportzioa nabarian uzten zituzten irudiak publikoak ziren arren eta azalpenak eskatu bazitzaizkion ere. Bere lehen adierazpenak etxegabetzearen inguruan Vito Quilesen harira arratsaldean egondako istiluekin batera eman zituen. Istiluen atzean antolakunde politiko antifaxistarik ez zegoela argi egonda ere, antifaxismoaren aurka egiteko eta, bide batez, etxegabetzea ekidin nahi izan zuten gazteak kriminalizatzeko erabili zuen bere hitz hartzea. Azkenik, Blocus fenomenoari eman dion gehiegizko dimentsioa ere hor dago. EAJri soilik mesede egingo lioketen istiluak inbokatu badituzte ere, ez da ezertxo ere gertatu, baina hor dago EAJren hazia: antolatu zuen polizia dispositibo erraldoia eta hartutako ezohiko segurtasun neurriena, eta martxan jarritako kanpaina mediatikoak gizartean sortutako kezkarena.

Guretzako horregatik da ezinbestekoa militantzia kontziente eta politizatu batek osatutako antolakunde sendoak eraikitzea, herrietan eta auzoetan lur hartu behar dutenak. Bitarteko eta baliabide handiak dituztelako alderdi instituzionalek eta burgesiek masetan interbenitzeko eta horren kontrako aldea izatea tokatzen zaigulako. Gure baliabideak ordea mugatuak dira. Horregatik, militantziaren lan nekaezinean oinarritzen den kontzientzia sozialistaren hedapenean lan egin behar dugu batetik, eta, bestetik, beraien interes partikularrak soilik defendatzen dituzten alderdiekiko independentzia politikoz jardun. Izan ere, zuhurtzia politikoa eskatzen du, batez ere hauteskunde-kanpainetan, alderdi politikoei jokoa ez egiteak eta era berean beraien kanpainarako turko-buru ez bilakatzeak.