IKUSPUNTUA / Indarkeria matxista

Emakumeen boto eskubidea deuseztatzetik harago

Badira ia oharkabean igaro diren albisteak, baina etor daitekeenaren iragarle direnak. Estatu Batuetan, mugimendu ultrakontserbadorearen alde erradikaleneko hainbat fakziok Estatu Batuetan sufragio femeninoa baliogabetzea proposatu dute, familia unitateko boto sistema ezarriz, azken erabakia senarrak bakarrik har dezan.

Kezkagarriena ez da duela ehun urte emakumeen boto eskubidea legeztatu zuen Hemeretzigarren Emendakina indargabetzeko prest dagoen gehiengo parlamentarioa existitzea. Kezkarako benetako arrazoia da aukera horrek ultraeskuinaren foro marjinalen ondare izateari utzi diola, plataforma mediatikoetan, eztabaida guneetan eta, areago, Pentagonoko kupula politikoan lekua hartzeko. 

Sufragio femeninoa deuseztatzea emakumeen aurkako eraso zuzena da, eta ultraeskuinaren ideia higuingarri eta erabat matxista eta faxistetan oinarritzen da.

Talde ultrakontserbadore eta erlijiosoek urteak daramatzate emakumeen gaineko erabateko mendekotasuna aldarrikatzen, emakumeak "lehen etsai politikotzat" hartzen edota "ugalketarako makina huts" bilakatzearen alde egiten. Ideia horiek sare sozialetara ere egin dute jauzi tradwife fenomenoaren bidez, baita influencer misoginoen bitartez ere; neurri batean, emakumeak umiliatzeak eta horiei eraso egiteak milioika bisualizazio eta diru mordoa ematen baitie. Eta normalizatu dute otzantasuna eta senarrarekiko obedientzia emakumearen bertute nagusi gisa goratzea. Horren adierazgarri dira dagoeneko ugaritzen hasiak diren "emazteentzako eskolak", emakumeei isilik egoten, baimena eskatzen eta men egiten irakastea helburu duten espazioak.

Epsteinen kasuak agerian utzi zuen oligarka eta gobernari bortxatzaileen eta pedofiloen esku zegoela mundua; emakume langileok ez garelako haientzako ezer, nahierara erabili eta botatzeko zerbait, besterik gabe. Ustelkeria moral hori argi ikusi dugu martxan jarritako politiketan: abortua 21 estatutan debekatu edo larriki murriztu dutenean; familia tradizionalaren izenean emakume asko indarkeriazko harremanetan giltzapetzen dituztenean; emakume migratzaileak osasun zentroetara joateari uzten diotenean, ICEk atxilotuko dituen beldurrez; edo trans pertsonen existentzia bera ukatzen dutenean. Neurriok lotsa barik aplikatzen ari diren agenda autoritarioaren parte dira: estatu militarizatua, eskubide sozial eta politikoen suntsipena, migrazioaren aurkako politika zorrotzak, antifaxismoaren kriminalizazioa kalean, unibertsitateetan.

Arduratzeko modukoa da emakumeei botoa deuseztatzeko proposamena, eta are kezkagarriagoa da kapitalismoa krisi garaian zer gizarte eredu eraikitzen ari den geure begiekin ikustea. Faxismoak emakumeak gorroto ditu, baina gorroto berezia die emakume politizatu eta antolatuei. Gure zapalkuntza gordinki sakontzera datorrelako, emakume komunistok matxismoaren eta faxismoaren aurkako borrokan lehen lerroan egon behar dugu.