Sanferminen atarian Iruñeko kaleak hartu ditugu indarkeria matxistaren aurka. Jakin badakigu jaiak direla sexu-eraso gehien pilatzen diren uneetako bat, Iruñean bezala Bilbon, Baionan, Gasteizen, baita beste hamaika herritan ere.
Aurten, gainera, hamar urte betetzen dira mugarri esanguratsu batetik: bost gizonek, tartean guardia zibil batek eta Espainiako militar batek, sanferminetan emakume bat bortxatu zutenetik, eta milaka lagunek kaleak bete zituztenetik. Hemezortzi, dirudun zirujau bat Nagore Laffage bortxatzen saiatu zenetik, eta erail zuenetik.
Erantzun jendetsu horiek ez ziren hutsetik sortu, mobilizazio-ziklo baten kate-segida izan ziren (Ni Una Menos, Me Too, greba feministak eta beste hainbat borroka nazioartean), zeinak lagundu baitzuen indarkeria matxista eta emakumeen aurkako zapalkuntza eztabaida publikoaren erdigunean jartzen, eta emakumeen kontzientzia zabaltzen.
Ezkerreko alderdiek azkar atzeman zuten protesta horietan hauteskunde-aukera, eta emakumearen auziari tokia eman zioten beren programetan. Orduan piztutako borroka-grina instituzioetara bideratu zuten; protestetan maiz, beren izaera matxista eta klasistagatik, seinalatzen zituzten instituzio berberetara. Gerora etorri ziren lege aldaketak, kanpaina sinbolikoak eta kaleen hustea.
Baina indarkeria matxista ez da amaitu; kontrara, matxismoaren aurkako borroka apaldu eta ideia erreakzionarioek arnasa hartu ahala, emakumeon aurkako erasoak gogortu dira, kopuruz eta biolentzia mailaz.
Hala ere, hau ez da etsipenerako mezu bat. Hamar urteko ikuspegiak argi utzi digu zer dugun egiteko: matxismoaren aurkako jarrera gizartean berriz orokortu eta indar politiko gisa artikulatu, gizarte aske baten eraikuntzaren norabidean.
Matxismoa desagerraraztea helburu, segi dezagun kalea borroka-lehentasun bihurtzen jai eremuetan, herri eta auzoetan.