Azken urteetako gatazkek ‒Ekialde Hurbiletik Ekialdeko Europaraino, Saheletik Asia-Pazifikoraino‒ eta gero eta ozenago jotzen diren gerra-tronpetek, mundu mailako tentsioaren gorakada agerian utzi dute. Hala ere, konfrontazio hori ez da beti modu zuzenean eta ikusgarrian agertzen: askotan, zigor ekonomikoen, presio diplomatikoaren, zibererasoen edo delegazio bidezko gatazken bidez egiten da. Horregatik, ezin da gaur egungo gerraren ulerkera ikuspegi militar hutsera mugatu.
Aldaketa horiek ez dira ausaz gertatu. Mundu ekonomikoaren berrantolaketak, potentzia berrien agerpenak eta krisi kapitalistak inperialismoa areagotu dute.
Artikulu honen abiapuntua ideia sinple bat da: kapitalismoaren parte estrukturala da gerra, baina haren formak historikoki eraldatzen dira. Helburua konfrontazio hori nola antolatzen den ulertzea da, zein diren bere adierazpen nagusiak eta zer muga dituen gaur egungo gerra ereduak.
Gatazka inperialistaren oinarri ekonomikoak
Gerra kapitalisten lehen teorialariek gerra kaosarekin eta ziurgabetasunarekin lotzen zuten. Gerra napoleonikoetan aritutako Carl von Clausewitzen arabera, gerra hiru elementuren arteko tentsio dinamikoaren emaitza da: herrien pasioak eragindako indarkeria itsua, zoriaren eta probabilitateen jokoa, eta gobernuen zuzendaritza politikoa. Hiru dimentsio horiek etengabeko desorekan mantentzen dira eta horrek gerrari izaera kaotikoa ematen dio.
Gerra kapitalistak hartzen duen itxura kaotiko horren atzean, ordea, ez dago zori hutsa. Aitzitik, ordena kapitalista erreproduzitzeko ezinbestekoak diren joerak daude, errentagarritasunaren bilaketan. Gerraren itxura kaotikoa, beraz, azaleko fenomenoa besterik ez da. Hori ulertzeko, beharrezkoa da kapitalaren barne-dinamiketara jotzea; ezinbestekoa da aztertzea nola pilatzen diren, nola zentralizatzen eta nola zabaltzen diren mundu osoan zehar kapitalaren garroak.
Ildo horretatik, gerra garaikidea ezin da kapitalaren kontzentrazio- eta zentralizazio-joeretatik bereizi. Kapitalaren funtsezko joerak dira horiek: lehenak, akumulazio bidez ekoizpen-unitateak handitzeari egiten dio erreferentzia; bigarrenak, berriz, kapital batek beste bat xurgatzeari. Vladimir Leninek azpimarratu zuen lehiak berak bultzatzen duela ekoizpenaren kontzentrazioa eta horrekin batera, monopolioen sorrera. Hau da, sektore osoak menderatzeko gai diren unitate-ekonomiko erraldoiak sortzen ditu lehiaren logikak.
Prozesu horrek forma konkretuak hartzen ditu kapitalen integrazioan. Alde batetik, integrazio horizontalaren bidez, sektore bereko enpresak bateratzen dira, merkatu-kuota handiagoak kontrolatzeko; bestetik, integrazio bertikalaren bitartez, ekoizpen-kate osoaren kontrola bereganatzen da, lehengaien ustiaketatik hasi eta banaketaraino. Modu horretan, kapitalak gero eta eskala handiagoan kontzentratzeko joera hartzen du.
Joera hori, ordea, ez da enpresa mailan soilik geratzen eta eraldaketa sakonak eragiten ditu. Nikolai Bukharinen arabera, kapitalaren zentralizaziorako joerak berebiziko garrantzia du inperialismoaren fasean, izan ere, joera horren eraginez, kapitalistak ez dira jada sakabanatutako agenteak, estatu-egituren baitan antolatu eta kapital-bloke nazionalak eratzen baitituzte. Horrela, enpresa mailako kontzentrazio eta integrazio prozesuek eskala handiagoan erreproduzitzen jarraitu, eta ekonomia nazional osoen artikulazio eta lehia sistema eratzen dute. Ondorioz, honela berrantolatzen da munduko ekonomia: estatuen bidez lehiatutako kapital blokeen sistema gisa. Joera horrek, bere adierazpen garatuenean, lurralde eta ekonomia osoen gaineko kontrolerako disputa dakar, estatuen arteko lehia politiko eta militarrean islatzen dena.
Ildo beretik, ezin da kapitalismoa ulertu estatuen eta kapital handiaren arteko koordinazio gero eta handiagoa kontuan hartu gabe. Finantza-kapitala ‒industria-kapitalaren eta bankuen batasunak‒ ekonomia menderatzeaz gain, botere politikoarekin artikulatzen da. Horrela, estatua ekonomiaren antolatzaile kontziente bihurtzen da, eta horrenbestez, akumulaziorako baldintzak bermatzeko, sektore estrategikoak babesteko eta garapen ekonomikoa zuzentzeko ahalmena du.

Ondorioz, kapitalaren kontzentrazio- eta zentralizazio-prozesuek koordinazio politiko zentralizatuagoa eskatzen dute ezinbestean. Kapital-bloke nazionalen sorrera ez da, beraz, fenomeno ekonomiko hutsa, estatuaren papera bera eraldatzen baitu, kapitalaren antolakuntza orokorraren funtsezko egitura bihurtzeraino. Horrela garatzen da kapitalaren eta estatuaren arteko erlazio organikoa.
Horren haritik, bankuak ‒eta bereziki banku zentralak‒ funtzio erabakigarria betetzen du. Finantza-kapitalak kredituaren eta inbertsioen gaineko kontrola bereganatzen duen neurrian, banku zentrala kapital horren koordinazio-instantzia goren bilakatzen da: kapital-fluxuak erregulatzen ditu, agente ekonomikoak diziplinatzen eta sistemaren egonkortasun orokorra bermatzen. Alde horretatik, banku zentrala sistemaren “finantza-garuna” dela baiezta daiteke.
Kapitalaren zentralizazioaren bidez, enpresa mailako kontzentrazio eta integrazio prozesuek eskala handiagoan erreproduzitzen jarraitu, eta ekonomia nazional osoen artikulazio eta lehia sistema eratzen dute. Ondorioz, honela berrantolatzen da munduko ekonomia: estatuen bidez lehiatutako kapital blokeen sistema gisa
Finantza-kapitalaren, estatuen eta banku zentralen arteko artikulazioek inperialismoari jarduteko koherentzia eta batasuna ematen diote, barnean interes eta frakzioen arteko talkak dituzten arren. Bloke horiek ez dira enpresen elkarketa hutsak; aitzitik, bankuak, industria eta estatu-aparatuak modu integratuan artikulatzen dituzten egitura konplexuak dira. Ondorioz, ez dira kapital isolatuak lehia internazionalean aurrez aurre jartzen direnak, gaitasun ekonomiko, finantzario eta militarra modu koordinatuan mobilizatzeko gai diren egitura politiko-ekonomikoak baizik. Horri dagokionez, Leninek planteatutako moduan, inperialismoa finantza-kapitalaren politika gisa ulertu behar da: estatuaren bidez artikulatzen den hedapen eta lehia forma, zeinak mundu mailako botere-harremanak egituratzen baititu.
Hala ere, kapital monopolistak ez du estatuaren edo bankuen papera soilik eraldatzen, izan ere, kapitala mundu osoan zehar hedatzen den modua ere eraldatzen du. Kapitalaren esportazioa inperialismoaren ezaugarri nagusienetakoa da. Funtsean, kapitala errentagarritasun handiagoko lurraldeetara lekualdatzen da; izan inbertsio, kreditu edo azpiegitura moduan.
Kapitalaren esportazioak egiturazko behar bati erantzuten dio. Izan ere, ekonomia zentraletan, kapital-metaketa masiboak eta merkatuen saturazioak errentagarritasunaren gainbehera eragiten dute. Presio horrek balioztatze-baldintza hobeak eskaintzen dituzten espazioetara bultzatzen du kapitala: lan-indar eta baliabide merkeagoak, erregulazio ahulagoa edo kontrol politiko handiagoa duten lurralde periferikoetara. Kapital esportazioa, beraz, metaketa kapitalistaren barne-kontraesanen adierazpen zuzena da, irabazi tasaren beheranzko joeraren aurkako behin-behineko konpentsazio mekanismoa.
Kapitalaren hedapenak espazio ez kapitalistak bereganatzeko eta espazio kapitalistak etengabe birkonfiguratzeko joera du. Horrela, merkatu-harremanak esfera berrietara hedatzen dira eta kapitalaren balioztatze-logika gero eta lurralde gehiagotara zabaltzen da.

Bukharinen arabera, kapitala beste lurraldeetan ezartzeak ez du soilik merkatu berriak irekitzea eta irabaziak eskuratzea ahalbidetzen; lurralde horien integrazio behartua ere eragiten du. Kapitalaren hedapenak, bere behar propioen arabera, ekonomia horien egitura berrantolatzeko joera du. Horrela sortzen dira menderakuntza-harremanak, esportaziora bideratutako azpiegituren bidez, kanpo-eskaeraren menpeko ekonomia sortuz eta estatuak finantza internazionalen menpeko bihurtuz, alegia. Aurrerapen gisa agertzen denak, beraz, integrazio behartua eta menderakuntza dakartza, merkatu nazionalen erabateko anexio ekonomiko eta politikoa barne.
Prozesu hori ekoizpenaren globalizazioaren oinarria da. Gaur egungo balio-kate globaletan, merkantzien diseinua, fabrikazioa eta muntaketa herrialde desberdinetan egiten dira. Lanaren nazioarteko banaketa errentagarritasunaren arabera berrantolatzen da, eta zentro inperialistetan balio handiko jarduerak kontzentratu eta lan intentsiboko prozesuak periferiara desplazatzen dira. Arghiri Emmanuelen arabera, egiturazko desberdintasun hori nazioarteko truke-harremanen bidez ere erreproduzitzen da, truke desorekatuaren bitartez: lan intentsiboagoa duten ekonomiek ‒oro har periferikoek‒ sortutako balioa ez dute osorik bereganatzen.
Kapitala beste lurraldeetan ezartzeak ez du soilik merkatu berriak irekitzea eta irabaziak eskuratzea ahalbidetzen; lurralde horien integrazio behartua ere eragiten du. Kapitalaren hedapenak, bere behar propioen arabera, ekonomia horien egitura berrantolatzeko joera du
Ondorioz, kapitalaren esportazioa, inperialismoaren funtsezko mekanismo gisa, zentro inperialistako kapitalaren errentagarritasuna bermatzeko tresna da. Aldi berean, ekoizpen kapitalista mundu osoan zehar hedatu eta antolatzen du, eta garapen desorekatuan sakondu.
Are gehiago, kapital finantzarioaren garapenak eta nazioarteko hedapenak ez du lehia desagerrarazten, eraldatu egiten du. Kapitala kontzentratu eta estatuarekin artikulatu ahala, lehia isolatutako enpresen artekoa izatetik estatu mailan antolatutako kapital-blokeen artekoa izatera igarotzen da. Baldintza horietan, lehia horren luzapen gisa agertzen da gerra, beste bitarteko batzuekin.
Kapitalaren esportazioak, hedatzeko behar mugagabeak eta merkatuen anexioak inperialismoa muturrera daramate. Une horretan, gerra ez da salbuespen bat, kontraesan horiei irtenbidea emateko muturreko mekanismoa baizik, finantza-kapitalak ezinbestekoa baitu lehia ekonomikoak erabaki ezin duena indarrez berrantolatzea
Bloke bakoitzak bankuak, industria eta estatu-aparatuak bere baitan integratzen dituenean, merkatuen, baliabideen, lan-indarraren edo ibilbide estrategikoen gaineko talkak ezin dira jada esparru ekonomiko hutsean ebatzi. Kapitalaren esportazioak, hedatzeko behar mugagabeak eta merkatuen anexioak inperialismoa muturrera daramate. Une horretan, gerra ez da salbuespen bat, kontraesan horiei irtenbidea emateko muturreko mekanismoa baizik, finantza-kapitalak ezinbestekoa baitu lehia ekonomikoak erabaki ezin duena indarrez berrantolatzea.
Ekonomiaren nazioartekotzeak berak aurkakotasun horiek sakontzen ditu, izan ere, ekonomiak gero eta interkonektatuagoak izan, orduan eta zuzenagoa da burgesia nazionalen interesen arteko talka. Ekoizpenaren eta finantzen globalizazioak, harmonia sortzetik urrun, tentsio-guneak biderkatzen ditu: hornidura-kateak,
lehengaietarako sarbidea, kontrol teknologikoa edo merkatuen gaineko kontrola lehia estrategikoaren ardatz bihurtzen dira. Horrela, mundu-ekonomiak mugak desagerrarazi ordez, gatazka-espazio trinko eta estrategiko bihurtzen ditu. Hori dela eta, estatuek ‒burgesiaren komite zentral gisa jokatzen dute‒ funtzio aktiboagoa hartzen dute, protekzionismo eta muga-zergen bidez barne-merkatua babestuz eta kanpoan hedapen ekonomikoa eta merkatu berrien irekiera sustatuz. Barne-babesa eta kanpo-hedapena prozesu beraren bi aurpegi dira, Bukharinek azpimarratzen duen bezala.

Aldi berean, botere-instantzia supraestatalak garatzen dira ‒nazioarteko erakunde ekonomiko, finantzario, politiko eta militarrak‒, eta mundu mailako ordenaren antolaketan parte hartzen dute.
Ondorioz, inperialismoak integrazio ekonomikoa eta konfrontazio geopolitikoa uztartzen ditu. Merkatu globala artikulatzen duten prozesuek beraiek sortzen dituzte, aldi berean, merkatu horren kontrolaren gaineko disputa, bitarteko ekonomiko, politiko eta militarren bidez. Horrela, gerra ez da salbuespen bat, kapitalismoaren fase inperialistan errotutako konstante historiko bat baizik.
Merkatu globala artikulatzen duten prozesuek beraiek sortzen dituzte, aldi berean, merkatu horren kontrolaren gaineko disputa, bitarteko ekonomiko, politiko eta militarren bidez. Horrela, gerra ez da salbuespen bat, kapitalismoaren fase inperialistan errotutako konstante historiko bat baizik
Hori dela eta, bakea ez da egoera iraunkorra inperialismoan. Gatazka ez da desagertzen gerra gabeko garaietan; aitzitik, indarkeriaren mehatxuak berak geldiarazten du eta “bake” egoera erlatibo hori mantentzeko ohiko mekanismoak dira armamentuaren pilaketa, prestaketa militarra edota hedapen estrategikoak. Horrela, gerra ez da agertzen gatazka pizten denean bakarrik, sistemaren dinamika osoan presente dago, modu latentean.
Gainera, “bake” garaian ere, gaitasun militarrak harreman ekonomikoak baldintzatzen ditu. Itun ekonomiko, komertzial eta finantzarioak, azken batean, indar-korrelazio militarraren gainean eraikitzen dira. Indar hori, gainera, aktibo bihurtzen da akordio mesedegarriak eskuratu edo inposatzeko. Ildo horretan, Clausewitzek planteatutako ideia iraul daiteke: gerra politikaren jarraipena da beste bitarteko batzuekin eta, aldi berean, politika bera ere gerra potentzial horren menpe antolatzen da. Horrela, ekonomia, politika eta gerra batasun beraren hiru momentu jarraikor direla agerian geratzen da.
Kapitalismoaren fase inperialista, beraz, sistemaren erreprodukzio modu zabaldua da. Kapitalaren metaketaren kontraesanek eta errentagarritasunaren presioek tentsio estruktural iraunkorra sortzen dute, eta baldintza horietan finantza-kapitalaren uneoroko errealitate bilakatzen da gerra inperialista.

Izan ere, kapitalaren muturreko zentralizazio mekanismoa da gerra, kapital masa handiak desagertu edo xurgatzen baitira eta irabaziak gero eta agente gutxiagoren esku kontzentratzen. Horrela, gerra, kapital guztientzat funtzionala izatetik urrun, haren posizio hegemonikoa indartzen duten kapital frakzio nagusientzat da nagusiki funtzionala. Suntsiketa hutsa izatetik at, kapitalak haren metatze-baldintzak bortizki berrantolatzeko duen mekanismoa da: merkatuak birbanatu, hierarkia berriak ezarri eta balorizaziorako espazioak irekitzeko.
Botere suntsitzailearen eta indar produktiboen suntsiketa masiboaren errentagarritasunaren itxurazko kontraesana argitzeko, beharrezkoa da ekoizpen militarra eta gerraren balorizazio-funtzioa aztertzea.
Ildo beretik, armagintza-industria funtsezko sektorea da inperialismoan. Gainmetaketa testuinguruetan, kapital masa handiak xurgatzeko gaitasuna du, merkatu zibilaren muga zuzenetatik harago, estatua bera baita haren bezero nagusia. Horri gehitzen zaio gerraren eta ondorengo berreraikuntzaren funtzioa: suntsipenak kapital finkoaren balioa deuseztatzen du eta, aldi berean, inbertsio-ziklo berriak irekitzen ditu azpiegituretan, energian edo finantza-esparruan. Horrela, gerra eta berreraikuntza ez dira aurkako fenomenoak, baizik eta metaketa kapitalistaren une osagarriak.
Inperialismoaren mekanismoak
Oinarri material horiek ez dira abstrakzio hutsean geratzen; aitzitik, eguneroko jardun politiko eta ekonomikoan adierazten dira. Kapitalen arteko talkak ez dira soilik ekoizpenaren edo merkatuen mailan gauzatzen, presio ekonomiko, finantzario eta politikoen bidez ere garatzen dira, eta botere-harremanak etengabe berrantolatzen dituzte.
Hasteko, gatazka ekonomiko hedatua talka horren adierazpen nagusietako bat da. Zigor ekonomikoak, muga-zergak, merkataritza- eta finantza-blokeoak edo baliabide estrategikoen kontrola kapitalaren tresna sistematikoak dira. Errusiaren aurkako zigorrak Ukrainako gerraren testuinguruan edo AEBk Txinaren teknologia aurreratuen esportazioari ezarritako murrizketak nazioarteko balio-kateen kontrola birbanatzeko saiakerak dira. Finantza-sistemarako sarbidea mugatzeak ‒SWIFT sistematik kanporatzea, esaterako‒ edo presio-tresna gisa dolarraren nagusitasuna erabiltzeak erakusten du lehia ekonomikoa botere-harremanetan errotutako konfrontazio zuzena dela. Horrela, presio ekonomikoak gerra ordezkatu beharrean haren forma espezifiko gisa dihardu.
Gerra politikaren jarraipena da beste bitarteko batzuekin eta, aldi berean, politika bera ere gerra potentzial horren menpe antolatzen da. Horrela, ekonomia, politika eta gerra batasun beraren hiru momentu jarraikor direla agerian geratzen da
Bestetik, inperialismo hori aliantza-sistemen bidez egituratzen da. NATO bezalako erakundeen bidez, potentzia inperialisten hegemonia instituzionalizatzen dute, eta horrela, mendeko estatuen lerrokatze politikoa eta integrazio ekonomiko zein militarra ziurtatu. Ukrainako gerran agerian geratu den bezala, aliantzak interes estrategikoak inposatzeko tresnak dira. Modu berean, Indo-Pazifikoan AEBren inguruan artikulatzen ari diren aliantzek Txina erasotzeko funtzio estrategikoa betetzen dute.

Azkenik, tresna horiek guztiek gerraren mehatxu iraunkorraren baitan funtzionatzen dute. Hedapen militarrek, base estrategikoek eta presentzia armatuak ‒Ekialdeko Europan, Hego Txinako itsasoan edo Ekialde Hurbilean‒ presio zuzena ezartzen dute. Indar militarra baldintza orokorra da, akordio ekonomikoak, merkataritza-harremanak eta aliantza politikoak egituratzen dituena. Mehatxu inplizitu horrek baldintzatzen ditu harreman ekonomiko eta politikoak.
Aitzitik, prozesu bakar baten adierazpen desberdinak dira: ekonomia, politika eta indar militarra modu bateratuan artikulatzen dira, eta kapitalaren mundu mailako erreprodukzioa egituratzen dute. Horrenbestez, konfrontazioa ez da soilik bitartekoen mailan egiten, baizik eta forma historiko zehatzak hartzen ditu, une bakoitzeko baldintza materialetara egokituz. Hori dela eta, gaur egungo testuinguruan, inperialismoa ez da nagusiki konfrontazio zuzen orokorretan agertzen, baizik eta forma zatituago, zeharkakoago eta luzaroagoetan, non gatazka globala modu deszentralizatuan eta askotariko mailetan gauzatzen den.
Gerra kapitalistaren forma garaikideak
Aurreko atalean ikusi dugun bezala, inperialismoa askotariko formen bidez eramaten da aurrera. Gaur egungo gerraren formek ez dute haren funtsa aldatzen, baizik eta adierazpen historikoa eraldatzen dute: logika bera mantentzen da, baina bitartekoak, eskalak eta artikulazio moduak berritzen dira. Inperialismoaren egungo fasean, XX. mendean bezalako potentzia handien arteko zuzeneko konfrontazio militar orokortua ez da gaur egun nagusitzen. Hala ere, horrek ez du esan nahi gerra desagertu denik; aitzitik, haren forma historikoa eraldatu da. Bloke nuklearren arteko talka zuzena kostu politiko eta material jasanezina den neurrian, konfrontazioak forma zatituagoak, zeharkakoagoak eta luzaroagoak hartzen ditu. Lehia, ordea, ez da apaltzen, egiturazko izaera bera mantentzen du.
Testuinguru horretan, delegazio gerra bihurtu da forma nagusienetako bat. Zuzenean elkar aurre egin ordez, gatazkaren bitartekari gisa dihardute tokiko aktoreek ‒menpeko estatuak, miliziak edo armada aliatuak‒. Horrela, gatazka deszentralizatzen den arren, inperialismoaren hierarkizazioa eta zentralismoa islatzen du: lurralde periferikoak ez dira subjektu autonomoak, proiekzio-eremu bihurtzen diren espazioak baizik, eta konfrontazio globala modu lokalizatuan adierazten da.
Siriako, Yemengo edo Libiako gerren kasuan, bloke desberdinek gatazka bera elikatzen dutela agerian geratzen da, baliabide ekonomiko, militar eta logistikoak injektatuz. Ildo horretan, gatazka horiek ez dira soilik konfrontazio geopolitikoaren eszenatokiak; kapitalarentzat balioztatze-espazio berriak ere badira. David Harveyk azaltzen du prozesu horiek desjabetze bidezko metaketarekin lotuta daudela: gerraren testuinguruan, lurra, baliabide naturalak edo azpiegitura estrategikoak eskuratzeko eta berrantolatzeko aukerak zabaltzen dira, sarritan tokiko egitura ekonomiko eta sozialak deseginda. Horrela, konfrontazioak, botere-harremanak birdefinitu ez ezik, kapitalaren balioztatze baldintzak bortizki berrantolatzen ditu.

Testuinguru horretan kokatzen da segurtasun enpresa pribatuen hedapena ere. Enpresa horiek ‒soldatapeko indar armatu gisa jarduten dute‒ azpikontratatzeko mekanismo bihurtzen dute gerra bera. Horrela, potentzia inperialistek esku-hartze militarra modu malguagoan gauzatu dezakete, kostu politikoak murriztu eta erantzukizun zuzena saihesten baitute. Gainera, maiz, armada erregularrak mantentzea baino merkeagoak dira, egitura arinagoak eta konpromiso instituzional txikiagoak baitituzte. Aldi berean, indarkeria bera balorizazio-espazio bihurtzen da, gatazkaren luzapena eta suntsiketa interes ekonomikoekin zuzenean lotzen baita.
Forma horrek ondorio espezifiko bat dakar: gerra kronifikatzea. Helburua ez da jada garaipen erabakigarri bat lortzea, aurkaria etengabe ahultzea eta posizio estrategikoak ziurtatu edo blokeatzea baizik. Horregatik, gatazkak luzatu egiten dira, baliabideen etengabeko injekzioak ebazpen azkarra eragozten duelako. Gerrak, horrela, ez du momentu puntual baten izaera; baldintza iraunkor bihurtzen da, eta eskualde osoen suntsiketa, desartikulazio soziala eta dependentzia egoera dakartza.
Gaur egungo gatazketan, gero eta ohikoagoa da konfrontazioa askotariko bitartekoen bidez gauzatzea: zibererasoak, desinformazio kanpainak, presio ekonomikoa edo operazio ezkutuak. Tresna horiek ez dira isolatuki agertzen, baizik eta modu koordinatuan artikulatzen dira; dimentsio militarra, ekonomikoa, teknologikoa eta informatiboa uztartuz. Horrela, gudu-zelaiaren kontzeptua bera zabaltzen da: ez da espazio militar hutsera mugatzen, baizik eta gizarte osoa hartzen duen eremu bihurtzen da, non azpiegitura kritikoak, komunikazio-sistemak edo finantza-sareak borroka-eremu bilakatzen diren.
Delegazio gerren bidez gatazka deszentralizatzen den arren, inperialismoaren hierarkizazioa eta zentralismoa islatzen da: lurralde periferikoak ez dira subjektu autonomoak, proiekzio-eremu bihurtzen diren espazioak baizik, eta konfrontazio globala modu lokalizatuan adierazten da
Testuinguru horretan kokatzen dira azken urteetan hedatu diren “gerra hibridoa” edo “eremu grisa” bezalako kontzeptuak. Oro har, “gerra hibridoa” deiturikoak gatazkaren hainbat dimentsio ‒militarra, ekonomikoa, teknologikoa eta informatiboa‒ modu koordinatuan erabiltzea esan nahi du, eta konfrontazioa ez-linealagoa eta jarraituagoa bihurtzen du. Hala ere, aipatu terminoak fenomeno horiek izendatzeko erabiltzen diren arren, ez dute errealitate berririk sortzen: jada existitzen diren dinamiken formulazio ideologikoa dira. Izan ere, tresna horiek guztiak lehendik deskribatu dugun logika beraren adierazpenak dira, hau da, inperialismoa modu desberdinetan artikulatzeko moduak.

Hori dela eta, “eremu grisaren” ideia ez da ulertu behar gerra eta bakearen arteko eremu neutro gisa. Aitzitik, gatazkaren forma espezifikoa da, eta bereizketa hori lausotu eta konfrontazioa etengabekoa bihurtzen du. Zibererasoek, finantza-presioek edo desinformazio kanpainek ez dute gerra ordezkatzen: gerra bera dira, beste bitarteko batzuekin egina.
Garapen teknologikoak joera horiek indartzen ditu, baina ez du haien izaera aldatzen. Dronek, doitasun handiko armek edo urrutiko esku-hartze gaitasunek indarra proiektatzeko moduak eraldatzen dituzte, eta interbentzio puntualagoak eta politikoki “kudeagarriagoak” ahalbidetu potentzia hegemonikoentzat. Hala ere, “kostu txikiago” horiek ez dira unibertsalak: zentro inperialistentzat bideragarriak diren heinean, periferian suntsiketa sozial eta material sakonagoak eragiten dituzte. Teknologiak, beraz, ez du gerra neutralizatzen; haren desoreka areagotzen du.
Gerra garaikidea ez da gatazkaren forma klasikoekiko haustura, fase berri batera egokituta dagoen forma baizik. Hain zuzen ere, konfrontazioa lausotu, luzatu eta sistemaren eguneroko funtzionamenduan integratzen duen fasea
Ondorioz, gerra garaikidea ez da gatazkaren forma klasikoekiko haustura, fase berri batera egokituta dagoen forma baizik. Hain zuzen ere, konfrontazioa lausotu, luzatu eta sistemaren eguneroko funtzionamenduan integratzen duen fasea. Gaur egungo gatazkek, askotariko forma hartu arren, logika bera jarraitzen dute. Hala ere, forma horiek ‒bereziki delegazio gerrak eta konfrontazio hibridoak‒ ez dira neutroak, ezta egonkorrak ere: tentsioak kanporatu eta kudeatzeko balio duten heinean, aldi berean, kontraesan berriak sortu eta metatzen dituzte, frikzio-iturri bihurtzen baitira. Horrenbestez, gaur egungo gerraren formek haren dinamika konplexuago eta ezegonkorrago bihurtzen dute, eta hurrengo faseetan agerikoago bihurtuko diren talken baldintzak prestatzen dituzte.
Delegazio bidezko gerren mugak eta gatazkaren birkonfigurazioa
Gerra delegazioaren bitartez garatzea ez da inperialismoaren kontraesanen irtenbide egonkorra, kontraesan horien kudeaketa forma espezifiko eta mugatua baizik. Aurreko ataletan ikusi dugun bezala, kapitalarentzat gerra ez da salbuespena, baizik eta metaketaren baldintzak berrantolatzeko tresna bat; eta inperialistek, konfrontazio zuzena saihesteko, lehia hori sarritan zeharkako formetan kanalizatzen dute. Hala ere, forma horrek berak bere baitan mugak ditu. Delegazio gerrek, konfrontazioa “kanporatzen” duten heinean, ezin dituzte beren jatorria diren kontraesanak desagerrarazi: aitzitik, lekualdatu, pilatu eta, azkenean, areagotu egiten dituzte.
Gonzalo Fiorek dioenez, gatazkaren forma horiek ezin dute sistemaren tentsioa baretu; kontrara, hurrengo talka zikloak prestatzen dituzte. Delegazio gerrek kapital metaketarako aukerak irekitzen dituzte ‒suntsiketa, berreraikuntza, baliabideen kontrola‒, baina aldi berean frikzioak sortu. Ez dira, beraz, soilik errentagarriak diren eszenatokiak; kostuak, ziurgabetasuna eta kontrol galerak ere sortzen dira.

Ikuspegi horretan sakonduz, frikzio horiek hainbat mailatan agertzen dira. Lehenik, maila ekonomikoan, gatazka luzeek baliabide materialen xahuketa dakarte, eta horrenbestez, hornidura-kateak eten eta merkatuen egonkortasuna kolokan jartzen da. Bigarrenik, maila politikoan, delegazio bidez jarduteak aliatuen menpekotasuna eskatzen du, baina mendekotasun hori inoiz ez da erabatekoa. Tokiko interes propioak garatzen dituzte, eta horiek ez datoz beti bat potentzia babesleen estrategiekin. Hirugarrenik, maila militarrean: gatazkak luzatu ahala, eskalada kontrolatzeko gaitasuna ahuldu egiten da, eta aurreikusi gabeko dinamikek protagonismoa hartzen dute.
Horrela, delegazio gerren kontraesana azaleratzen da. Alde batetik, gerra mota hori beharrezkoa da potentzia handientzat, konfrontazio zuzena saihesteko. Bestetik, forma horrek berak baldintza berriak sortzen ditu, kontrolatzeko gero eta zailagoak direnak eta tentsioa pilatzen dutenak. Ez da, beraz, egonkortasun mekanismo bat, ezegonkortasunaren kudeatzeko era bat baizik.
Suntsiketa materialak berreraikuntza-prozesuak irekitzen ditu, eta finantza-kapitalak, kredituaren eta zor publikoaren bidez, posizio nagusiak eskuratzen ditu. Aldi berean, baliabide estrategikoen kontrola berrantolatzeko, merkatu berriak irekitzeko eta dependentzia-harremanak sakontzeko baldintzak sortzen dituzte gatazka luzatuek. Horrela, gerra forma horiek bereziki funtzionalak izan daitezke kapital frakzio jakinentzat.
Horrez gain, industria militarrarekin lotutako kapital frakzioek ere etekin zuzenak lortzen dituzte, armamentuen ekoizpena eta hornidura etengabea eskatzen duten gatazka luzeen bidez. Bada, gerra delegazio bidez garatzen denean, ez da soilik konfrontazio politiko eta militarra kudeatzen; ekoizpen, finantzaketa eta berreraikuntza ziklo bat aktibatzen da, kapital jakin batzuentzat errentagarritasun-iturri bihurtzen dena.
Gatazka periferiko batean sortutako talkek erraz gaindi dezakete jatorrizko esparru lokala. Une horretan, zeharkako konfrontazioaren markoa estutu egiten da, eta potentziek gero eta modu zuzenagoan esku hartzeko joera hartzen dute
Hala ere, onura horiek ez dira orokorrak ezta egonkorrak ere. Ez dira, beraz, errentagarriak soilik diren eszenatokiak; kostuak, ziurgabetasuna eta kontrol galerak ere sortzen dituzte. Gatazkak luzatu ahala, baliabideen xahuketa, aliatuen autonomizazioa eta eskalada kontrolatzeko zailtasunak areagotu egiten dira, eta blokeentzat beraientzat frikzio-iturri bihurtu.
Delegazio gerren mugak agerian geratzen dira tentsio metatu horiek jauzi kualitatiboak eragiten dituztenean. Gatazka periferiko batean sortutako talkek erraz gaindi dezakete jatorrizko esparru lokala: azpiegitura estrategikoen aurkako erasoek, hornidura energetikoaren etenek edo potentzia handien interes zuzenei eragiten dieten gertakariek eskalada dinamika azkartzen dute. Une horretan, zeharkako konfrontazioaren markoa estutu egiten da, eta potentziek gero eta modu zuzenagoan esku hartzeko joera hartzen dute. Joera horrek ez du automatikoki eskalada zuzena eragiten, baina baldintza jakin batzuetan, bereziki tentsioa pilatzen denean, jauzi kualitatiboak eragin ditzake.
Ukrainako gerraren kasuak argi erakusten du dinamika hori. Urteetan zehar, delegazio bidez kudeatu zen gatazka. Hala ere, tentsio ekonomiko, militar eta politikoen metaketak marko hori gainditu zuen. Donbassen urte luzez hildakoak eragin ondoren, AEB eta EBren interbentzio zuzena ez zen haustura bat izan. Jokoan zeuden interes estrategikoak bermatzeko delegazio gerra nahikoa ez zenean, beste baldintza batzuetan eman zitzaion jarraipena aurreko faseari.

Antzeko joerak ikus daitezke beste agertoki batzuetan ere, non zeharkako mekanismoak gero eta gehiago uztartzen diren esku-hartze zuzenagoekin. Horrek erakusten du delegaziozko gerra ez dela azken fase egonkor bat, trantsiziozko forma bat baizik, eta azken horrek gatazkaren intentsitatea eta eskala handitzeko joera du.
Ondorioz, inperialismo garaikidean gerra ez da soilik askotariko formatan agertzen den fenomenoa; forma horien arteko tentsioak dira sistemaren dinamika bultzatzen dutenak. Delegazio gerrek, errentagarritasun aukerak sortzen dituzten heinean, aldi berean blokeen arteko konfrontazioa sakontzen dute. Horregatik, ez dira egonkortasun mekanismotzat hartu behar, kontraesanak metatzen dituzten dispositibotzat baizik, eta horien bidez sortzen dira inperialismoa fase berrietara igarotzeko baldintzak. Gatazkaren forma horiek, sistemaren tentsioa lekualdatu nahian, hurrengo talka zikloak prestatzen dituzte.