AKTUALITATEA / Gerra

Volkswagenek Israelgo talde bati saldu dio lantegi bat, armak ekoizteko

Osnabrückeko fabrika gerra-teknologiako sistemak ekoiztera bideratzea hitzartu dute VW Taldeak, Aurelius inbertitzaile israeldarrak eta Rafael enpresa militar israeldarrak.
2026eko irailaren 8 - 07:34
Volkswagenek Israelgo talde bati saldu dio lantegi bat, armak ekoizteko
— ARGAZKIA autonext.co

Volkswagen Taldeak Osnabrücken (Saxonia Beherea) duen lantegi enblematikoak behin betiko utziko dio ibilgailu komertzialak egiteari, eta osagai eta azpiegitura armamentistikoen fabrika bihurtuko da. Lantegiak, historikoki ezaguna dena kabrioletak ekoizteagatik, aire-defentsarako sistema aurreratuak fabrikatzera bideratuko du bere jarduna, Rafael Advanced Defense Systems konpainiaren eskutik. Estatu-enpresa israeldar bat da Rafael, eta Burdinazko Kupula deituriko sistema garatzeagatik da ezaguna nazioartean. Astelehen honetan ofizialdu dute albistea, euren asmoak jasotzen dituen memorandum bat sinatu dutenean Saxonia Behereko Estatu federatuak, Volkswagen automobil-partzuergoak, Rafael enpresak eta Aurelius Capital inbertsio-sozietate israeldarrak.

Saxonia Behereko ministro-presidente Olaf Liesek akordioa aurkeztean nabarmendu du eskualdeko gobernuak "benetako aukera industrial" bat ireki duela Osnabrückeko hiri-komunitatearentzat. Liesen esanetan, instalazioek "ekoizpen-lan konplexuetan espezializazio handiko ibilbide tekniko luzea dute", eta nazioartean gaur egun nagusitzen den testuinguru aldakorrean, "Alemaniak eta Europak beren gaitasunak indartu eta independenteagoak izan behar dute".

Aldaketa horren zutabe nagusia, antza, Rafael Advanced Defense Systemsekin hasitako lankidetza estrategikoa da. Egoitza Israelen duen enpresa hori mundu mailako liderretako bat da misil gidatuen, gurutzaldi-jaurtigaien, tripulaziorik gabeko aire-ontzien eta gerra elektronikoko sistemak atzemateko sareen garapenean. Bere produkturik ospetsuena da Burdinazko Kupula, alegia, Israelgo okupazio-indarrek misilen aurka erabiltzen duten ezkutua, nahiz eta Iranek duela gutxi frogatu duen ez dela hutsik gabea. Enpresako zuzendari Joav Tourgemanek, akordioaren sinaduraren harira, adierazi du "teknologia guztia Alemanian ekoizten dela bermatu" nahi dutela aliantzaren bidez, "Alemania eta Europa babesteko", ustez.

Misilen aurkako ezkutu ospetsuaz gain, Israelgo enpresaren katalogo teknologikoak punta-puntako hainbat sistema biltzen ditu, hala nola Iron Beam, distantzia laburreko aireko mehatxuak neutralizatzeko diseinatutako laser bidezko energia-arma; baita babes aktiboko Trophy sistema ere, talkaren aurretik jaurtigaiak detektatzeko eta geldiarazteko gai dena. Alemaniako Leopard 2 tankeek badute teknologia hori.