1936ko estatu kolpea eta hark ekarri zuen garbiketa politikoa ez zen bat-bateko auzi bat; aitzitik, Espainiako Bigarren Errepublikan (1931-1936) bizi izan zen gizartearen polarizazio politiko eta sozial muturrekoaren ondorio izan zen. 1936ko otsaileko hauteskundeetan, Fronte Popularrak (ezkerreko alderdien koalizioak) hauteskundeak irabazi zituen, baina nahiko parekatua egon zen gobernu berria eratzeko lehia: hain zuzen ere, ezkerrak irabazi zuen, botoen %48rekin; bitartean, eskuinak (CEDA, Confederación Española de Derechas Autónomas) botoen %46,5 lortu zituen eta zentroak, berriz, %5,4. Eskuineko alderdiek koalizioa eratu zuten baina ez ziren gai izan hauteskunde-programa bateratu bat diseinatzeko; hori dela eta, CEDA bigarren indarra izan zen, sozialisten atzetik. Katalunian botoen gehiengoa ERC alderdiak (ezkerreko errepublikano nazionalistak) jaso zuen eta, Euskal Herrian, hauteskundeak EAJk eta karlistek irabazi zituzten –lehenak Euskal Autonomia Erkidegoan eta bigarrenak Nafarroan–. Manuel Azaña errepublikanoa izendatu zuten Gobernuko presidente, eta hark amnistiari buruzko dekretua indarrean jarri eta bi urteko agintaldi progresistan eginiko erreforma-politika berreskuratzeari ekin zion. Sektore eskuindarra Gobernu berriaren eta hark bultzatutako erreformen kontra agertu zen eta errepublikanoen aurkako kanpainak sustatu zituen. Horrela, 1936. urteko udaberritik aurrera, Errepublikaren kontrako konspirazio militarrak antolatzen hasi ziren eta, uztailean, Errepublikari leiala zen teniente bat hil zuten. Errepublikanoek erailketa horri Calvo Sotelo parlamentariaren hilketarekin erantzun zioten. Gertaera horrek, eta lehenago aipatutako faktoreek, martxan jarri zuten estatu kolpea, militar kolpistek hainbat hilabetez prestatu zutena. Hala, 1936ko uztailaren 18an, Espainiako Estatuan bizi izan den gerrarik krudel eta gogorrenari hasiera eman zioten Emilio Mola jeneralak gidatutako militarrek.
Estatu kolpea jo zuen koalizio militarrak ideologia kontserbadorea, monarkikoa eta faxista zuen eta Bigarren Errepublikarekin amaitu nahi zuen, estatu autoritario bat sortuz eta langile mugimendu antolatua ezabatuz. Ondorioz, Gerra Zibilaren eta ondoren ezarritako frankismoaren helburua estatu mailako purga edo garbiketa politikoa egitea izan zen
Aipatu den bezala, ideologia kontserbadorea, monarkikoa eta faxista zuen koalizio militar horrek Espainiako Bigarren Errepublikarekin amaitu nahi zuen, estatu autoritario bat sortuz eta langile mugimendu antolatua ezabatuz. Ondorioz, Gerra Zibilaren eta ondoren ezarritako frankismoaren helburua estatu mailako purga edo garbiketa politikoa egitea izan zen. Langile mugimendua antolatuta eta indartsu zegoen; batik bat CNT (anarkista) eta UGT (sozialista eta PSOEri lotua) sindikatuetan antolatzen ziren langileak eta sindikatu horiek hainbat greba gidatu zituzten, bai eta lan arloko erreformak sustatu eta lortu ere. Horrek guztiak beldurra eragin zuen eskuin kontserbadorean eta patronalean; hain zuzen ere, polarizazio politiko hori eta indarrean zeuden gatazka sozialak izan ziren 1936ko estatu kolpea eta ondorengo gerra ekarri zuten faktore nagusietako batzuk. Francisco Franco jenerala izan zen altxamenduaren lider politikoa eta militarra, 1936ko uztailaren 20an hil zen José Sanjurjo jeneralaren lekukoa hartuta –hasiera batean Sanjurjo generalak izan behar zuen matxinadaren buru nagusi–. Horiez gain, Emilio Mola jenerala, “zuzendari” ezizenez ezaguna, konspirazioaren antolatzaile nagusia eta burmuina izan zena Iruñetik; Gonzalo Queipo de Llano jeneralak Sevillan estatu-kolpea gidatu zuen eta Andaluzia mendebaldeko errepresioaren erantzule izan zen, eta Miguel Caballanes jenerala Zaragozan matxinatu eta altxatutakoen lehen gobernu batzordearen buru izan zen. Ezin aipatu gabe utzi Falange Española alderdi faxistak eta errekete karlistek babes paramilitarra eman ziotela estatu kolpeari; Juan March espainiar enpresari eta finantza-gizon aberatsak kolpearen zati handi bat ordaindu zuela, Dragon Rapide hegazkinaren alokairua barne, eta, azkenik, Adolf Hitlerren Alemania naziaren eta Benito Mussoliniren Italia faxistaren babesa ere jaso zuela, tropak eta hegazkinak bidali baitzizkioten.

Rafael Cruz Gizarte Mugimenduen Historiako irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta, haren hitzetan (2007), garbiketa politikoa lurralde bateko populazioaren homogeneizazio politikoan datza, helburu duelarik etsai politikoa deuseztatzea indarraren, errepresioaren eta intimidazioaren bitartez. Horixe izan zen Gerra Zibilaren helburua: ezkertiarra, sozialista, anarkista edo komunista izan zitekeen edo haiekin ustezko loturarik izan zezakeen pertsona oro erreprimitu eta kasu askotan deuseztatzea. Hego Euskal Herriko errealitatera jauzi eginez, frankismoa gogorki ezarri zen bertan Francisco Francoren diktadurak iraun zuen bitartean (1936-1975). Erregimenak euskal nortasunaren, hizkuntzaren eta autogobernuaren aurkako errepresio bortitza aplikatu zuen, nahiz eta lurraldearen arabera ezberdintasun nabarmenak egon. Gipuzkoa eta Bizkaia “probintzia traidore” deklaratu zituzten; Nafarroak eta Arabak, berriz, matxinoen aldeko posizioa hartu zuten; haatik, errepresioa bortizki bizi izan zuten. Nafarroak erresistentzia-lerrorik izan ez zuen arren, Gerra Zibilean bortizkeria eta errepresio izugarria jasan zuen. Hain zuzen ere, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsean erregistratutakoaren arabera, frankismoak 3500 pertsona baino gehiago erail zituen Nafarroan 1936 eta 1948 bitartean. Horrela, Espainiako Estatuan, Nafarroa izan zen garbiketa politiko handiena pairatu zuen lurraldea; 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrari botoa eman ziotenenen %8,17 eta %9,38 artean erail zituzten, iturri ezberdinen arabera. Erail zituzten pertsonen gehiengoa Erriberakoa zen: mendebaldeko Erriberako 859 pertsona erail zituzten (Nafarroa osoan eraildakoen %30,1); erdialdeko Erriberako 363 pertsona (%12,7) eta Tuterako Erriberako 456 pertsona (%15,9). Ondorioz, hildakoen %59 Nafarroa hegoaldekoak izan ziren. Erailketa gehienak Erribera inguruan gertatu izanaren arrazoia da ezkerrak presentzia eta indar handiagoa zituela han, 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak botoen %37,8 lortu baitzituen. Adibide moduan, Sartaguda dugu, “alargunen herria” izenez ere ezagutzen dena: Gerra Zibilean mila biztanleko 67,6ko erailketa-tasa izan zuen.
Garbiketa politikoa lurralde bateko populazioaren homogeneizazio politikoan datza, helburu duelarik etsai politikoa deuseztatzea indarraren, errepresioaren eta intimidazioaren bitartez
Sartaguda dukerria zen, eta ia udalerri guztia Infantadoko dukearena zen. Dukearen administratzaileak auzokideei lurrak lantzen uzten zizkien, errenta baten truke, eta lurrak neurri arbitrarioen arabera banatzen ziren, hau da, ez zegoen inongo berdintasunezko parametrorik. Sartagudan, Fronte Popularrari botoa eman zioten gizonen %40 eraila izan zen, edo, beste era batera esateko, 25 eta 29 urte bitarteko gizonezkoen %41 eta 30 eta 34 urte bitarteko gizonezkoen %49 erail zituzten. 1200 biztanle inguruko dukerri horretan, 84 auzokide izan ziren erailak. Uztailaren 20tik aurrera, hilabete batez gutxienez, nazionalen esku-hartzeak, miaketak, dokumentuen eta liburutegien konfiskatzeak, uxaldiak etab. bizi izan zituzten auzokideek. Gizonezko asko atzeman zituzten eta Iruñeko espetxe probintzialera eraman zituzten, beste batzuk boluntario gisan frontera, eta abar. Sartagudako emakumeek –haietako asko alargun bihurtuak– torturak eta miseria jasan zituzten: emakume askori ilea larru-arras moztu zieten eta errizino-olioa edanarazi, eta hori gutxi ez, eta senarrak atxilotuta zituztenez, familiaren zaintza eta sostengu ekonomiko osoa beraien gain erortzen zen. Horrez gain, Errepublikaren aldekoek besokoak jarri behar zuten, matxinatuek behartuta, eta, beraz, herriak kontzentrazio eremu irekiak bilakatu ziren. Ezin aipatu gabe utzi, “Sanjurjo Errekete Tertzio” izenekoan indarrez alistatuak izan ziren Sartagudako 78 gizonezkoetatik 46 hil zituztela San Gregorion (Zaragoza), alistatuetatik %59, hain zuzen ere.

“Sanjurjo Tertzioa” Gerra Zibileko lehen hilabeteetan Zaragozan sortu zen unitate militarra izan zen; Pedro Peñarredonda Samaniego komandanteak, 1931tik erretiratuta zegoen ofizialak, sortu zuen, José Sanjurjo militarraren omenez. Indarrez alistatutako errepublikanoz edo ezkertiarrez osatua zegoen, nagusiki nafarrez, eta ezker alderdiarekin bat egiten zutenak desagerrarazteko prozesu moduan erabili zen. Jakina denez, unitate hori Huescako frontean errepublikanoen aurka borrokan ari zela, gutxienez konpainia bateko kideak agintarien aurka altxatu, eta errepublikanoei batzen ahalegindu ziren. “Alpargaten konplota” izenez ezagutu zen konspirazio hori, esaten baitzen planaren jarraibideak oinetakoetan ezkutatuta zeramatzatela. Hala ere, salatari batek unitateko buruari jakinarazi zion plana, eta 800 gizonez osatutako unitatea atzeraguardiara bideratu zuten. Azkenik, San Gregorioko kuartelera eraman zituzten unitateko kideak, eta gehienak fusilatuak izan ziren.
Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsean erregistratutakoaren arabera, frankismoak 3500 pertsona baino gehiago erail zituen Nafarroan 1936 eta 1948 bitartean
Militarrak izan ziren Gerra Zibileko indarkeria politikoaren erantzuleak, bai eta bando frankistaren arduradunak ere, eta aliatutzat izan zituzten erreketeak eta falangistak; azken horiek ere indarkeria hori sustatu eta elikatu zuten. Mola jeneralak zuzendutako militarrek uztailaren 19ko goizaldean ezagutarazi zuten beren bandoa Nafarroan, helburu izanik autoritate-printzipioa berrezartzea eta ezkerreko elementu guztiak ezabatzea. Fronte Popularreko alderdien, langile sindikatuen eta ezkerreko koadro politikoen suntsipena zuten xede, baita alderdi demokratiko moderatuagoak desagertzea eta Errepublika babestu eta sostengatu zuten indar politikoen deuseztatzea ere. Altxamendu horretan, kontuan hartu beharreko bi agente garrantzitsu nabarmendu ziren: Nafarroako karlistek osatutako Junta Central Carlista de Guerra de Navarra eta Escuadra del Águila talde paramilitarra. Lehenengoari erreparatuz, 1936ko uztailaren 19ko gauean Beorlegui koronelaren (Ordena Publikoko burua, Molak izendatua) ekimenez sortu zen organo politiko eta militar nagusia izan zen, Gerra Zibilean karlistek erabili zutena Alderdi Tradizionalistaren mobilizazioa errazteko, erreketeen kontzentrazioak antolatuz, kontingenteak konpainietan banatuz (tertzioak), eta garraioa eta osasun-ekipoak prestatuz. Junta horretako lider esanguratsuenak Joaquín Baleztena Azcárate presidentea eta José Martínez Berasáin presidenteordea eta batzordeko benetako indar politikoa izan ziren; Berasáin Bilboko Bankuko zuzendaria zen Nafarroan. Bigarrenik, Escuadra del Águila izenekoa, 18 bat matoiz osaturiko talde antolatua zen; Falangearen aginduetara zegoen eta izua eta errepresioa hedatzen zuten herritarren artean, atxiloketa ilegalak eta baimenik gabeko fusilamenduak egiten baitzituzten. Galo Egüés Cenoz falangista eta pistolero nafarra izan zen eskuadra horren burua eta, Gregorio Apesteguia, “el lechero de la Rochapea” ezizenez ezaguna zen kriminala, izan zuen laguntzaile fidel. Ezkertiarren eta sindikalisten etxeetan sartzen ziren, goizeko ordu txikietan, haiek hiltzeko eta, horrela, izua eta ezinegona herritar babesgabeen artean zabaltzeko. Azken horiek etsai moduan seinalatzen zituzten, gizatasuna ebasteko eta, hala, matxinatuek gauzatutako basakeriak eta errepresioak garaileekiko fideltasuna eta kohesio soziala lortzea bilatzen zuen.

Espetxeak, sakak eta fusilamenduak
Espetxeak
Nafarroan hainbat espetxe egon ziren Gerra Zibil garaian, batik bat 1936ko uda eta udazken artean; alegia, errepresioaren eta garbiketa politikoaren unerik gorenenean. Kartzelak zigortzeko, torturatzeko eta gizatasuna lapurtzeko espazio bilakatu ziren, eta, behin atxilotuta, ia ezinezkoa zen kartzelatik bizirik eta aske ateratzea. Hauek izan ziren Nafarroako kartzelak: Iruñeko espetxe probintziala, San Kristobal gotorlekua, Eskolapioetako espetxea, Falangearen salestarren kartzela, barruti judizialetako kartzelak, udal-kartzelak, eta Iruñeko zezen plaza –azken hori une puntualetan erabilizen–. Horrela, matxinatuek neutralizatu beharreko elementuen zerrendak zituzten; zerrenda horiek osatzeko, ezkerreko alderdien eta sindikatuen egoitzen erregistroetan konfiskatutako dokumentazioa eta aurreko istiluetan atxilotutakoen zerrendak baliatu zituzten. Gerra Zibilaren aldekoek, beraz, koadro politikoak atxilotu edo fusilatzeaz gain, ezkerreko alderdiekin edo ideologiarekin nolabaiteko lotura edo gertutasuna zuen pertsona oro neutralizatu zuten, izan espetxe horietara atxilo eramanez edo erailda.
"Sanjurjo Tertzioa" indarrez alistatutako errepublikanoz edo ezkertiarrez osatua zegoen, nagusiki nafarrez, eta ezker alderdiarekin bat egiten zutenak desagerrarazteko prozesu moduan erabili zen
Uztailean, altxamenduaren ondorengo 13 egunetan, 750 pertsona eraman zituzten atxilo Iruñeko espetxe probintzialera; abuztuan, berriz, 336 pertsona. Guztira, hilabete eta erdian Nafarroan gutxienez 1086 pertsonari ukatu zitzaien askatasuna. Espetxeen artean, azpimarratzekoa da Iruñetik gertu dagoen Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua. Izan ere, Europa osoan ezagutzen den presoen ihesaldirik jendetsuena gertatu zen kartzela hartan. Hasiera batean San Kristobal gotorlekua Iruñea defendatzeko eraiki bazen ere, zaharkitua gelditu zen gudako abiazioa agertu zenean. Ondorioz, 1934ko iraultzaren ondotik, Estatuak San Kristobal gotorlekua espetxe moduan erabili zuen 1936ko amnistiara arte. 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondoren, gotorlekua berriz ere presondegi gisa erabiltzen hasi ziren, eta kartzela hura Espainia osoko milaka presoz bete zen. Espetxe hartako bizi baldintzak gogorrak ziren: gosea, hezetasuna, gaixotasunak eta indarkeria presente zeuden egunerokoan. 1938ko maiatzaren 22an, San Kristobal gotorlekuko preso politikoek (gehienak sindikalistak eta denak errepublikanoak) ihesaldi masiboa gauzatu zuten: 795 presok egin zuten ihes kartzelatik, baina soilik hiru iritsi ziren Frantziara. Ihesaldi horretan, 220 preso inguru fusilatu zituzten ihesi ari zirela inguruko herrietan, eta, gainerakoak berriro ere atxilotu egin zituzten. Zenbait preso politikok espetxe barrutik antolatu zuten ihesaldi hura; alabaina, presoek pairatzen zuten desnutrizioak, egoera fisiko kaxkarrak, desorientazioak eta ingurua ez ezagutzeak, beste hainbat faktorerekin batera, ihesaldiak arrakastarik ez izatea eragin zuen. Amaitzeko, ihesaldia antolatzeaz akusatutako 14 preso fusilatu zituzten militarrek.
Altxamenduaren ondoko hilabete eta erdian, Nafarroan gutxienez 1086 pertsonari ukatu zitzaien askatasuna
Bestalde, espetxe hartan ohikoa zen presoak gaixotasunagatik hiltzea, batik bat, tuberkulosiak jota. Lehen urteetan hildako berrehun preso inguru Antsoaingo zendeako hilerrietan lurperatu zituzten. Gune hori saturatuta zegoela eta, agintari militarrek beste lurperatze leku bat diseinatu zuten gotorlekutik gertu, Ezkaba mendiaren iparraldean, eta “botilen hilerria” izenez ezaguna. 1942. eta 1945. urteen artean erabili zen eta 131 preso inguru lurperatu zituzten bertan, gehienak tuberkulosiaren eraginez hilak. Gatibuen gorpuak hanken artean edo albo batean botila bat zutela lurperatu zituzten, eta botilen barruan hildakoaren filiazioa jasotzen zuen dokumentu bat zegoen. Hilerri hori itxi ostean, 2007an Aranzadi Zientzia Elkarteak lehen kanpaina egin zuen gorpuak hobietatik ateratzeko; ordutik aurrera, dozenaka gorpu atera dituzte hobi horietatik, senideek hala eskatuta.
Ezkaba mendiaren iparraldean hilerri bat gaitu zuten, "botilen hilerria" izenez ezaguna. 1942. eta 1945. urteen artean erabili zen eta 131 preso inguru lurperatu zituzten bertan, gehienak tuberkulosiaren eraginez hilak
Espetxeen atalarekin amaitzeko, azpimarratzekoa da dozenaka emakumek antolatu zuten elkartasun sarea. Emakume haiek ahal izan zuten guztia egin zuten San Kristobal gotorlekuan gatibu zeudenei laguntzeko eta espetxealdia eramangarriago egiteko, eta beren bizitza arriskatu zuten zeregin horretan, izan beren ideologiagatik, izan elkartasunagatik, izan presoekin zuten ahaidetasun loturagatik.

Sakak eta fusilamenduak
Sakak legez kanpo burutzen ziren presoen fusilamenduak ziren. Presoak kartzeletatik taldeka eta modu klandestinoan ateratzen zituzten, normalean goizeko ordu txikietan, eta, inongo baimen legalik gabe, leku bakarti batean fusilatu eta gorpuak desagerrarazi egiten zituzten. Karlistek, falangistek eta Guardia Zibileko agenteek gauzatzen zituzten saka horiek; militar kolpistak eta agintari zibilak jakinaren gainean egoten ziren, eta praktika horiek babesten zituzten. Falangistak eta erreketeak lan zikinaz arduratzen ziren eta Guardia Zibilak presoak lekualdatzen eta exekuzio piketeak osatzen laguntzen zuen. Exekuzioetan apaizak presente egon ohi ziren, eta beren egitekoa fusilatuak izango zirenei asistentzia espirituala ematea zen.
Fusilatua izatetik libratzeko, aportazio ekonomiko handiak egitea, influentziadun pertsona izatea, edo/eta, kasu batzuetan, matxinatuek atxilotuen familiako kideei exijitzen zizkieten mesede sexualak onartzea ziren eskaintzen zitzaizkien alternatibak
1936. urtean, gutxienez 114 saka edo legez kanpoko fusilamendu kontabilizatu ziren probintziako hainbat udalerritan. Saka horiek gauzatzen ziren lekuei erreparatuz, aipatzekoak dira Urbasako hiru gune esanguratsu: “Sima de El Raso”, “Sima de Otsoportillo” eta “Balcón de Ubaba” edo “Balcón de Pilatos”. Lehenengoari dagokionez, 2013an Aranzadi Zientzia Elkarteak 10 gizon fusilaturen gorpuak errekuperatu zituen bertatik, gehienak 20-40 urte bitartekoak eta pare bat 50 urtetik gorakoak: buruan tiro batekin hil zituzten eta harkaitzetan behera jaurti zituzten. Bigarrenak ere hobi komun gisa funtzionatu zuen, eta errepresioaren biktima ugari jaurti zituzten bertatik. Azkenik, “Balcón de Pilatos”, harkaitzez betetako amildegia, ez zen soilik fusilamenduetarako erabili, baizik eta biktimen gorpuak amildegitik behera bota eta desagerrarazteko ere erabili zen. Horrela, leku horiek hainbat herritarren infernu eta azken oroitzapen bilakatu ziren. Fusilatua izatetik libratzeko, aportazio ekonomiko handiak egitea, influentziadun pertsona izatea, edo/eta, kasu batzuetan, matxinatuek atxilotuen familiako kideei exijitzen zizkieten mesede sexualak onartzea ziren eskaintzen zitzaizkien alternatibak. Azkenengo aukera horri dagokionez, Valentín Chivite erreketeen tokiko burua mesede sexualak eskatzeagatik akusatua eta kartzelaratua izan zen 1936an Tuterako espetxean.

Memoria historikoa
Diktadorearen heriotzaren ondoren, hildakoen bi komunitate sortu ziren: batetik, alderdi garaileko hildakoak, publikoki oroituak eta goraipatuak izan zirenak monumentuen, hileta-erritualen eta eroritakoen omenaldien bitartez; bestetik, berriz, estatu-kolpearen aurka altxatu ziren sektore politikoko kide izan ziren biktimak, isilduak, gizatasuna ostu eta oroimena ukatu zietenak
Diktadorearen heriotzaren ondoren, matxinatuek eta haien aldeko sektoreek berehala jarri zuten martxan isiltasun eta ahanztura kanpaina bat, estatu-kolpearen aurka altxatu ziren sektore politikoko kideak isilarazteko eta Gerra Zibilak eragin zituen hilketa guztiak ahazteko. Horrela, Fernando Mikelarenak (2015), Sin Piedad: Limpieza política en Navarra, 1936 liburuan, hildakoen bi komunitate sortu zirela aipatzen du: alderdi garaileko hildakoak, publikoki oroitu eta goraipatuak izan zirenak monumentuen, hileta-erritualen eta eroritakoen omenaldien bitartez; eta bestetik, berriz, isilduak, gizatasuna ostu eta oroimena ukatu zieten biktimak. Frankistek fusilatutako asko ez ziren heriotza-erregistroetan inskribatu, eta horrek azaltzen du zergatik egon diren heriotza berantiarreko espediente ugari. Hala eta guztiz ere, frankismoaren biktimak isilaraziak eta ahanzturara kondenatuak izan baziren ere, haien familia, lagun, kide eta auzokideak arduratu ziren eta egun ere arduratzen dira oroituak izan daitezen. Hala, familia askok eta askok errepresaliatuen inguruko informazioa aurkitu eta jaso dute, gorpuak exhumatu eta identifikatu dituzte, eta beren herrietan lurperatu dituzte; zeregin horietan jardun dute eta jarduten dute egundaino, gaian adituak diren beste zenbait elkarte eta profesionalekin batera. José María Jimeno Jurío historialari eta etnografo nafarra izan zen gerora “memoria historiko” moduan ezagutu denaren aitzindarietako bat. Nonahi aritu zen datuak eta dokumentuak biltzen, elkarrizketak egiten, artikuluak eta ikerketak idazten eta beste hainbat modutara laguntzen frankismoak, batik bat Nafarroan eta Errioxan, eraildakoen memoria berreskuratzea posible izan zedin. Aipatzekoa da, halaber, Fernando Mikelarenak, nafar historialari eta idazleak, Nafarroako biktimak dokumentatzeko lehen saiakera egin zuela eta idatziz erregistratu zituela. Bestetik, memoriaren auzian Nafarroan lan handia egin duten beste bi elkarte Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea-1936 eta Alargunen Herria Elkartea dira, eta egun Nafarroan hainbat memoria-gune daude izendatuta; esaterako, San Kristobal gotorlekua, Sartaguda, etab.
Familia eta herritarren iniziatibari esker, Nafarroa aitzindari izan zen fusilatuen exhumazioetan eta, 1978ko martxoan, Martzilla herrian (Nafarroa Garaia) haien omenezko lehen panteoia inauguratu zen
Familia eta herritarren iniziatibari esker, Nafarroa aitzindari izan zen fusilatuen exhumazioetan eta, 1978ko martxoan, Martzilla herrian (Nafarroa Garaia) haien omenezko lehen panteoia inauguratu zen. Eraildako errepublikanoen gorpuak lehen aldiz lekualdatu ziren: hobi komunetatik atera eta beren jatorrizko herrietako hilerrietara eraman zituzten. Hala, frankismo ostea garaituen oroimena aldarrikatzeko unerik egokiena ez zela zirudien arren, familia eta senideek oztopo administratiboak gainditu zituzten, baita kasu batzuetan mehatxuak ere, eta beren senideak herriko hilerrian lurperatzeko prozesua abiarazi zuten. Beste familia batzuk ere saiatu ziren, baina ez zuten lortu, inork ez zielako informaziorik eman hobien kokapenen inguruan edo gorpuak Erorien Haranera eraman zituztelako, edo, beste kasu batzuetan, gorpuak desagerrarazi egin zituztelako. Nolanahi ere, 1978ko martxoaren 27an batzorde bat izendatu zuten, Nafarroan gorpuen bilaketarekin hasteko. Prozesu horretan hainbat apaiz, alkate eta zinegotzik hartu zuten parte, eta oraindik klandestinitatean zegoen EAJ alderdiko kide batzuek zenbait hileta antolatu zituzten. 1971n, Nafarroako hainbat apaizek Espainiako Elizari barkamena eskatzeko exijitu zioten, Gerra Zibilean hartu zuen paperagatik. Elizak, baina, uko egin zion eskaera horri, eta, beraz, Nafarroako hainbat apaizek Elizaren jarrera salatu zuten eta familiako kideei barkamena eskatu zieten beren sermoietan. Azkenik, azpimarratzekoa da gorpuak berreskuratzeko prozesu horretan Martzilla eta Sartaguda izan zirela herririk garrantzitsuenak, lehenago aipatu moduan, lehenengoa aitzindari izan zelako frankismoak fusilatuak exhumatu eta beren herrietako hilerrietan hobiratzen; eta bigarrena, berriz, frankismoak gogorren kolpatu zuen herria izan zelako, fusilatuen ehunekorik handiena bertakoa izan baitzen. Gaur egun, udalerri horretan dago Memoriaren Parkea.
Egun, Nafarroan, hainbat eta hainbat hobi daude identifikatuta eta horietako askotan esku hartu da. Hobi horietan lurperatuta zeuden eta dauden frankismoaren biktimak, oro har, gizon xumeak ziren, gizarte justuago baten alde borrokatzen zirenak, Errepublikaren aterkipean kokatzen zirenak. Haietako asko langile sindikatuetan afiliatuta zeuden, hala nola UGTn eta CNTn, eta Fronte Popularrari eman zioten botoa. Beren idealengatik, mundu ikuskeragatik eta gizartea eraldatzeko zuten grinagatik erail zituzten, eta beren heriotzaren erantzuleek isilarazi eta ahanzturara kondenatu nahi izan zituzten; aitzitik, beren ahaideak, kideak eta auzokideak gai izan ziren elite politikoei aurre egin eta jazotakoa berriro ere oroimenera ekartzeko, eta egun ere gai izaten jarraitzen dute. Gai izan dira Gerra Zibilak eta ondorengo frankismo garaiak ekarri zuen garbiketa politiko hori guztia gogora ekartzeko. Lan handia dago oraindik egiteko, hobi asko exhumatzeko eta gorpu asko berriro bere izenez identifikatzeko.
