ARTEKA / Armagintza
Estatu inperialista garaikideen funtzioa gerra kapitalistan
Gastu militarra funtsezko tresna ekonomikoa da kapital monopolistaren biziraupenerako.
Estatu inperialista garaikideen funtzioa gerra kapitalistan
— ARGAZKIA Iker Orueta

SARRERA

Komunikabideetan, gerra eta haren inguruko fenomenologia osoa aberrazio, akats diplomatiko edota interes indibidual hutsek mugituta jarduten duten lider autoritarioen gutizia gisa aurkeztu ohi da. Aitzitik, gerra agintari baten edo bestearen borondate indibidualetan oinarritzen dela proposatzen duen ikuspegiak aurrez aurre egiten du talka mundu mailako sektore industrial-militarraren hazkuntza sistematiko, planifikatu eta azeleratuarekin.

Halabeharraren emaitza izatetik urrun, gastu militarra funtsezko tresna ekonomikoa da kapital monopolistaren biziraupenerako. Stockholmeko bakerako ikerketaren nazioarteko institutuaren (SIPRI) datu berrienek era ezin hobean azaltzen dute fenomeno hori: 2024ean, mundu mailako gastu militarrak marka guztiak hautsi zituen eta 2,718 bilioi dolarrekoa izatera iritsi zen (2024ko balio konstantean), edo bestela esanda, 2.718.000.000.000 dolar urte batean; balio errealetan %9,4ko igoera 2023koaren aldean. Horrek esan nahi du Gerra Hotza amaitu zenetik urte arteko jauzirik handiena izan dela.

Estatu Batuak dira, inongo zalantzarik gabe, joera militarista horren buru; izan ere, 997.000 milioi dolarreko gastua erregistratu dute, hau da, %5,7ko urte arteko hazkundea, eta 2027rako 1,5 bilioi dolarreko zenbatekora iristeko aurreikuspenak egin dituzte. Bestalde, Europako blokea (Europar Batasuneko herrialdeak eta Erresuma Batua) 422.734,8 milioi dolarrera iritsi da, hau da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, %13,5eko igoera izan du.

Gerra agintari baten edo bestearen borondate indibidualetan oinarritzen dela proposatzen duen ikuspegiak aurrez aurre egiten du talka mundu mailako sektore industrial- militarraren hazkuntza sistematiko, planifikatu eta azeleratuarekin

Europako kasua bereziki paradigmatikoa da ilustratzeko gerrak interes estrategikoa duela, indar militarraren erabileraz haratago. Izan ere, oraintsuko armatze-hazkundeak argi uzten ditu kapitalismo garatuan gerra ezinbestekoa egiten duten mekanismo nagusietako bi.

Lehenik eta behin, potentziek haien posizio inperialistari eusteko duten premia, posizio hegemoniko hori nahitaezko baitzaie haien kapitala balorizatzeko; hori periferia globalaren kontura egiten dute, hain zuzen ere, Hego Ameriketako, Afrikako eta Asiako hegoaldeko zenbait erregioren kontrolaren eta erauzketaren bitartez. Egiturazko menderakuntza-borondate hori, zeina historia modernoan egoera zenbatezinetan egiaztatu den, argi eta garbi konfirmatu zen duela gutxi Municheko Segurtasun Konferentzian, non eta Marco Rubioren parte-hartzean, eta gainera, agintari politikoen eta enpresari europarren multzo zabal baten txaloaldia jaso zuen.

Bigarrenik, eta ez garrantzi gutxiagokorekin, berrarmatze orokortu horrek gainbeheran dagoen Europako arlo industrial bat indarberritzeko premia larriari erantzuten dio. Zorra eta inbertsio publikoa era masiboan arlo militarrera bideratuz, estatuak erreskate ekonomikoaren motor gisa jokatzen du, kontinenteko goi burgesiaren neurrira diseinatutako balorizazio ziklo berri bat prestatzeko. Funtsean, instituzioetatik bultzaturiko berregituratze kapitalistarako estrategia bat da, zeinak, neurri batean, Estatu Batuetako eredua imitatzen duen eta, are, 2024ko Draghi Txosten txalotuan jada argi eta garbi zehazten hasita zegoen.

Estatu Batuetan, gobernuak monopsonio (erosle bakar) baten gisan jokatzen du, guztiz itxia den oligopolio baten irabazi-marjinak bermatzeko: 2020 eta 2024 artean, soilik bost kontratistak (Big Five deitzen zaien horiek) bereganatu zituzten 771.000 milioi dolar Pentagonotik. Europan, zentralizazio prozesu berdin-berdina gertatzen ari da: Ukrainako gerrak bultzaturik, Europako gastu militarra %17 hazi zen (693.000 milioi dolarreraino), eta aldi berean instituzio komunitarioek ReArm Europe plana sustatu dute, baita antzeko beste ekimen batzuk ere; plan horren helburua 800.000 milioi euro mugiaraztea da, zor bateratua jaulkitzearen bitartez, Europako oinarri industrial militarra berregituratzeko eta blindatzeko.

Berrarmatzeak gainbeheran dagoen Europako arlo industrial bat indarberritzeko premia larriari erantzuten dio

Ekialde Ertainean, gastu militar osoa %15 hazi zen (243.000 milioi dolarreraino), Israelek izugarri bultzatuta. Haren aurrekontu militarra oso denbora laburrean %65 handitu zen, 46.500 milioiraino (barne produktu gordinaren %8,8ra iritsiz, munduko bigarren kargarik handiena). Gastu erraldoi horrek ahalbidetzen du Gazan eta Libano hegoaldean lurrak desjabetu eta suntsitu ahal izatea, eta orain, gainera, ia eskualde osora hedatzen hasi dira prozesu horiek.

Era berean, Hegoalde Globaleko tokiko burgesiek eta estatuek kapital militarra erabiltzen dute baliabideen barne kontrolerako eta gizarte errepresiorako: Mexikok %39 handitu zuen bere gastua (16.700 milioi dolar) Guardia Nazionala eta Itsas Armada finantzatzeko, “krimena borrokatzeko” kanpainapean; finean, barne militarizazio prozesu bat. Myanmarren, gastuak %66ko jauzi izugarria izan zuen (5.000 milioi dolar) barne gatazken kontrako gerrari eusteko. Kasu horietan guztietan, ezegonkortasunaren aurrean jabetza kapitalistaren ordenari eusteko berme fisikoa dira armak.

2024ko datuen arabera, begi bistakoa da NATOko 32 kideek gastua handitu zutela (1.506 bilioi dolar, guztiak batuta), eta zenbait potentziak, esaterako Txinak, euren armategia modernizatzen jarraitzen dutela (314.000 milioi dolar, %7ko igoera; era berean, Japoniak gastu militarra %21ean handitu du, nahiz eta herrialdearen ekonomia txikitzen ari den). Berrarmatze orokortu eta koordinatu hori ez da defentsarako erabaki isolatuen batura, ezpada kapitalismo global bati emandako erantzun sistemikoa, zeinak errentagarritasun arazoak konpondu ezinik, era estrukturalean baliatzen baitu ekonomia belikoa.

Hurrengo lerroetan, Ipar Atlantikoko Tratatuaren erakundea osatzen duten bi bloke nagusiek kapital metaketaren logikaren alde gerra-ahaleginak bideratzeko erabiltzen dituzten zenbait mekanismo aztertuko ditugu. Egungo krisi kapitalistaren testuinguruan, bereziki bizkortuta ikusten da logika hori.

1. Estatu Batuak

1.1 Testuinguru historikoa, gobernuaren monopsonioa eta kapital metaketa

Estatu Batuetako sistema estatuaren aparatuarekin korapilatuta dauden irabazi asmoko korporazio komertzialen sare baten gainean eraikita dago. Gerra Hotza amaitu ondoren, 1993ko “Azken Afaria” izenarekin ezaguna den ekitaldi historikoan AEBko Gobernuak armagintzako industria-exekutiboei jakinarazi zien ezinezkoa zela sektoreko enpresa guztiei eustea, eta izugarrizko kontzentrazio prozesua bultzatu zuen (l. irudian ikus daiteke). Gaur egun, 2026ko Defentsa Nazionalerako Estrategiak erabat hausten du joera horrekin; izan ere, oraingo joeraren arabera, “fabrika gudu zelaia bezain esanguratsua izan daiteke”, eta industria-oinarria biziberritzea hartu du helburu nagusitzat.

Estatua monopsonio gisa

Estatu Batuetako sistema estatuaren aparatuarekin korapilatuta dauden irabazi asmoko korporazio komertzialen sare baten gainean eraikita dago

Industria hori biziberritzeko mekanismo nagusia Defentsa Departamentuaren eskuraketen (procurement) eta ikerketa, garapen, proba eta ebaluazioaren (RDT&E) kontuen bidezko aurrekontu esleipena da. 

Merkatu horretan, Gobernuak monopsonio posizioa dauka; hau da, abangoardiako gaitasun militarren legezko erosle bakarra da, eta horrek erabateko boterea ematen dio. 2000. urte fiskalean I+Gren arloko eskuraketak egiteko finantzaketa konbinatua 100.000 milioi dolar ingurukoa izan zen termino konstanteetan, eta 2024. urte fiskalerako, aldiz, promulgaturiko defentsa-aurrekontuak guztira 910.000 milioi dolar batu zituen[1].

1. irudia. Estatu Batuen ohiko gastu militar zuzenaren eboluzio absolutua eta urtetik urterako aldaketa

2026. urte fiskalerako aurreikuspenek erakusten dute estatuaren esku hartzea eskala handiko gerra bateko ekonomiari dagokiona dela. 2026rako aurrekontuak, guztira, 961.000 milioi dolar batu ditu (848.300 milioi arautu gabeko aurrekontuan eta 113.300 milioi gastu finko eta derrigorrezkoen aurrekontuan). Horrek esan nahi du inbertsio zorroa Defentsa Departamentuaren finantzaketa osoaren %40rainokoa dela eta 384.300 milioi dolarrera iritsi dela.

Hazkunde horri One Big Beautiful Bill Act (OBBBA) legedi berria promulgatu izana gehitu zaio. Legedi horrek 150.000 milioi dolar gehigarri sartu ditu sektore zehatzetan, eta, horrela, defentsarako gastua bilioi bat dolarreko mugaren gainetik jarri du. Funts horiek modu honetan banatzen dira: 

·Itsasontzigintza: 29.000 milioi dolar.

·Misilen aurkako defentsa, munizioak eta azpiegitura, eta ostatua: ·25.000 milioi dolar eremu bakoitzean.

·Itsasertzeko Guardia: 23.000 milioi dolar.

·Adimen artifiziala eta eskifaiarik gabeko sistemak: 16.000 milioi dolar.

·Disuasio nuklearra: 15.000 milioi dolar.

·Indo-pazifikoko operazioak: 12.000 milioi dolar.


OBBBA legedi berriaz gain, duela gutxi 200.000 milioi dolarreko sorta gehigarri bat eskatu zaio Kongresuari, Irango gerra dela eta.

Oligopolioa: Big Five-en hegemonia

Kapital-itsaso horren banaketak agerian uzten du zeinen muturrekoa den Estatu Batuetako industrian gertatzen ari den kontzentrazioa, bai eta klaseen polarizazioan duen eragina ere. Hornitzaileen dibertsifikazioari buruzko diskurtso ofizialak gorabehera, sistemak kapital intentsiboaren eskala bat behar du, eta eskala horri oligopolio batek baino ezin dio eutsi. Estatistika-datuak argigarriak dira: 2020. eta 2024. urte fiskalen artean, enpresa pribatuek 2,4 bilioi dolar jaso zituzten guztira Pentagonoaren kontratuetan, hau da, epe-muga horretan Defentsako Departamentuak arautu gabeko gastuaren %54 inguru.

Dirutza ikaragarri horretatik, 771.000 milioi dolar (maila federalean kontrataturiko guztiaren ia herena) Big Five izenarekin ezagutzen diren bost enpresek bereganatu zituzten. Metaketa korporatibo horren aukera sozialaren kostuaren neurria adierazteko, nahikoa da esatea AEBko Gobernuak bost enpresa pribatu horietan inbertitu zuela diplomaziara, garapenera eta nazioarteko laguntza humanitariora bideratu zuenaren halako bi baino gehiago (356.000 milioi dolar) bosturteko horretantxe.

1.2 Estatuaren arrisku kapitala

Oligopolioko kontratista handiek (Big Five enpresak) menperatutako ekosistemaren eta eskuraketen araudi federalaren (FAR) zurruntasuna saihesteko, Silicon Valley epizentro komertzialek bezain arin eta haien logika beraren pean funtzionatzen duten entitate berezituak diseinatu ditu AEBko Gobernuak. Haien helburua da likidezia injektatzea startups deiturikoak sustatzeko; horretarako, Estatuak bere gain hartzen du banku komertzial pribatuak lehen instantzian saihesten duen lehenengo ikerketa-faseen finantza-arriskua.

2. irudia. DIU mekanismoaren finantzaketa 2023 eta 2026 artean

In-Q-Tel (IQT): Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIAk) ezarri zuen 1999an, eta formalki, inbertsio estrategikoko enpresa independente eta irabazi asmorik gabeko gisa funtzionatzen du. Haren helburu nagusia ez da finantza-itzulkin tradizionala, baizik eta teknologia disruptiboak azkartzea eta sektore pribatutik sektore publikora transferitzea, segurtasun nazionaleko arkitekturan integratzeko 36 hilabete baino lehenago. IQTk sistematikoki bermatua du boto-eskubiderik gabeko behatzaile eserleku bat berak inbertitzen duen enpresa bakoitzeko administrazio kontseiluan, eta horrek etengabeko ikuskaritza eta zuzendaritza teknologikorako ezkutuko gaitasuna bermatzen ditu.

Haren finantzaketa urtean 60 milioi dolar ingurukoa den arren, haren egiturazko balioa daukan aparteko eragin biderkatzailea da (signaling effect): IQTren hasierako inbertsio batek ukaezinezko berme-zigilu gisa jokatzen du, eta ehunka milioi dolar erakartzen ditu automatikoki arrisku kapital pribatu tradizionaletatik.

Defense Innovation Unit (DIU): 2015ean jarri zen martxan, eta haren sorrerako asmoa berrikuntza komertzialeko nukleoetan txertatzea zen, teknologia zibil helduetara iritsi ahal izateko, ohiko ikerketa militarrean lortu ezin den abiaduran. 2. irudian ikus daitekeen moduan, lehia geopolitikoak egokitzapen bizkorragoa exijitzen zuen heinean, kapital fluxua biderkatu egin zen. Epe laburrean, helburu legegilea da DIU unitatea 1.000 milioi dolarretik gorako kapital masa izango duen potentzia bihurtzea.

Office of Strategic Capital (OSC): 2022an ezarri zuten, eta haren zeregina “kapital pribatua teknologia kritikoetara erakarri eta goratzea” da, Estatuaren laguntzari eutsiz hazi fasetik hasita BPGan kontsolidatu arte (seed to GDP).
Zuzeneko maileguak, mailegu bermeak eta laguntza teknikoa emateko aginpidea du. Palanka-efektuko tresnarik indartsuenak hauek dira: SBICCT ekimena (2023), zeinak funts bakoitzeko 175 milioi dolarreko palanka-efektua ematen duen, eta ekipoen finantzaketa, zeinak 10 milioi eta 150 milioi dolar bitarteko mailegu zuzenak ahalbidetzen dituen fabrikazio komertzialeko instalazioetarako. Kongresuak 984 miloi dolarreko mailegu muga baimendu zuen ahalegin horretarako.

Erro-finantzaketa (SBIR eta STTR): Sorrera-mailan, Gobernuak milaka mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertain sostengatzen ditu programa horien bidez. 2022. urte fiskalean, agentzia federalek 4.730 milioi dolar inbertitu zituzten guztira (4.120 milioi SBIRen eta 618,3 STTRen). Historikoki, inbertsio horren zatirik handiena Defentsa Departamentutik dator, urtean 1.000 milioi dolar baino gehiago bideratzen baititu sistematikoki ikerketa-funts horietara.

Estatu Batuetako armagintzaren ekoizpen ahalmen ikaragarriari eustea ezin da soilik barne eskariaren mende egon

Laburpen gisa, arrisku kapital sare zabal horren bitartez, Estatuak oso-osorik sozializatzen du ikerketaren eta garapenaren finantza-arriskua. Funts publikoei esker, teknologiek heldutasun maila eta bideragarritasun teknikoa lortzen dutenean, sektore militarreko talde handiek enpresa txiki horiek bereganatzen dituzte edo haien produktuak lizentziatzen dituzte, eta, era horretan, irabazien pribatizazioa bermatzen dute eskala industrialean.

1.3 Diplomazia hertsagarria eta esportazioak

Estatu Batuetako armagintzaren ekoizpen ahalmen ikaragarriari eustea ezin da soilik barne eskariaren mende egon. Ikerketaren eta garapenaren kostu itzelak amortizatzeko, estatuak eskaera kanpora atera beharra dauka. Puntu horri dagokionez, gobernu federalak arrisku kapitalaren erosle edota inbertsore gisa jokatzeaz gain, salmenta globalen sustatzaile gisa ere jarduten du, bere hegemonia diplomatikoa erabiliz merkatuak ziurtatzeko. Hedatze komertzial hori funtsezko bi mekanismoren bidez egituratzen da instituzionalki: Foreign Military Sales (FMS) eta Foreign Military Financing (FMF).

3. irudia. FMS programari lotutako salmenten bitartez eskuratutako irabaziak

Foreign Military Sales (FMS): gobernutik gobernurako mekanismo zorrotz bat da. Nazio aliatuek ez dute gerrarako ehiza-hegazkinik edota misil sistemarik erosten korporazioekin zuzenean negoziatuz; horren ordez, akordio formala (LOA) sinatzen dute AEBko Gobernuarekin. Estatu iparramerikarrak berak erosten die materiala bere kontratista pribatuei, eta, gero, bezeroa den herrialdeari transferitzen dio. Maila estrategikoan eta ekonomikoan, horrek mendekotasun harreman bat inposatzen du arlo logistikoan, mantentze-lanetan eta softwarea eguneratzeko; ondorioz, material hori erosi duten herrialdeak harrapatuta gelditzen dira hamarkada luzez. 3. irudiak eta horri lotutako datuek argi erakusten dute zenbaterainoko balioa eskuratzen den maila internazionalean: hiru urteko batez besteko higikorrak argi erakusten du egiturazko jauzia; izan ere, 55.900 milioi dolarretik (21-23 zerga-aldia) 83.600 milioi dolarrekoa izatera pasa da (22-24 zerga-aldia), eta horrek esan nahi du %49,6ko hazkunde garbia egon dela atzerriko kapitalaren xurgapenean. 2020tik 2024rako bosturtekoan, NATOko 32 herrialde kideek soilik 141.120 milioi dolarreko balioa zuten salmentak metatu zituzten. Salmenten datu-taulak argi uzten ditu hainbat aliaturen partaidetza masiboak; hala nola, Polonia (29.050 milioi USD), Australia (23.310 milioi), Alemania (17.360 milioi), Kanada (10.252 milioi) eta Saudi Arabia (7.616 milioi).

Foreign Military Financing (FMF): FMS salmentarako administrazio bidea bazen, FMF erakundeak dirulaguntzak ematen ditu zuzenean. Hala, FMFk estatubatuarrek ordaindutako zergak baliatzen ditu itzuli behar ez diren dirulaguntzak (grants izenekoak) emateko edota gobernu atzerritar “lagunei” maileguak emateko. Hala ere, nazioarteko “laguntza” hori legezko agindu zorrotz batek baldintzatzen du: dirua soilik erabil daiteke enpresa estatubatuarrei armak, zerbitzuak eta formazioa erosteko. Termino makroekonomikoetan, FMFk dirulaguntza zirkular gisa funtzionatzen du: Estatuak bere zerga-oinarritik aberastasuna ateratzen du, diru hori atzerriko nazio bati uzten dio nominalki, eta hark, kontratuak derrigortuta, berehala itzultzen du kapitala AEBko armagintza oligopolioko diru-kutxa korporatiboetara. FMFren oinarrizko aurrekontu erregularra urtean 6.000 milioi dolar ingurukoa bada ere, kopuru hori txiki geratzen da azken aldiko larrialdiko jabetze osagarrien ondoan. Esaterako, 2023ko urriko gertakizunen ondoren, Israeli emandako laguntza militarra 18.000 milioi dolarretik gorakoa izan zen urte bakar batean, eta Ukrainari eskainitako segurtasun laguntza (2022-2025) 65.000 milioi dolarreko kopuru harrigarrira iritsi da.

FMSren eta FMFren arkitektura konbinatuak erakusten du diplomazia hertsigarria eta armen esportazioa gainbalioaren gauzatzea kanpora eramateko estatu-tresnak direla

Laburtuz, FMSren eta FMFren arkitektura konbinatuak erakusten du diplomazia hertsigarria eta armen esportazioa gainbalioaren gauzatzea kanpora eramateko estatu-tresnak direla. Aliatuak produkzioa bereganatzera behartuz, eta zorpetze publikoa periferiako erosketak finantzatzeko erabiliz, AEBk bere monopolio nazionalen eskala-ekonomiak bermatzen ditu.

1.4 Saiheste burokratikoa eta larrialdiko botereak

AEBko Gobernuak ondo baino hobeto daki bere eskuratze lege estandarrek, Eskuraketen Araudi Federalaren (FAR) menpean egituraturik egonik, mugatu egiten dutela sarritan kapitala injektatu eta balorizatu ahal izateko behar den abiadura. Desadostasun instituzional horiek saihesteko, Estatuak legezko saiheste mekanismoak eta botere betearazleak erabiltzen ditu, eta modu zuzenean esku hartzen du ekonomian, defentsa-produkzioa lehenesteko eta blindatzeko.

Other Transaction Authority (OTA): beste transakzio batzuetako agintaritzak legez lotesleak diren kontratazio tresnak dira, zeinak eskuratze lege eta araudi federal (FAR) gehienetatik aske dauden. Mekanismo horren pizgarririk garrantzitsuena da enpresei haien jabetza intelektualaren eskubideak gordetzeko ahalmena ematen diela. 2024. urte fiskalean, Defentsa Departamentuak OTArentzat zituen betebeharrak, prototipoak garatzeko, 16.000 milioi dolarretik gorakoak izan ziren. Gainera, prototipo batek arrakasta eduki eta gero, eskala handiko “ekoizpenerako OTA” baterako zuzeneko transakzio bat egiten da, eta adibidez, 2024an bakarrik, 2.000 milioi dolarreraino iritsi zen. Araudi federaletatik kanpo jardutean, gobernuak galdu egiten du kontratisten benetako kostuak sistematikoki gainbegiratzeko eta mozkin tarteak ikuskatzeko ahalmena.

Defense Production Act (DPA), III. titulua: defentsa ekoizpenaren legeak (APD) ekonomia pribatuan esku hartzeko aparteko botereak ematen dizkio presidenteari. Zehazki, III. titulua sistematikoki erabiltzen da defentsarako funtsezkotzat jotzen diren eta merkatu librearen presiopean porrot egingo luketen industria nazionalak ezartzea, hedatzea, babestea edota lehengoratzea finantzatzeko. Haren kuantifikazioak kapital zuzeneko injekzioak erakusten ditu; hala nola 3.200 milioi dolar COVID-19ari erantzuteko (182 konpainiatan banaturik), 100 milioi lur arraroetako imanetan, edota 50 milioi arma hipersonikoetarako material konposatuetan. 2026. urte fiskalerako, DPA legearen III. tituluaren peko kontuak 2.000 milioi dolar inguruko aurrekontu baliabide totala erabili ahal izango du.

Zerga-salbuespenak eta subsidio periferikoak

Lehia askearen edo karga fiskal arruntaren menpe egon beharrean, sektore industrial-militarrak zerga-ingeniaritza estraktiboa darabil Altxor Publikotik zuzeneko errentak erauzteko.

Zerga-ingeniaritza estraktiboa: OBBBA lege berriak I+G nazionaleko gastuen berehalako kenkari osoa berrezartzen du 2025etik aurrera; horrela, urtean 31 milioi dolar baino gutxiagoko diru-sarrera gordinak dituzten enpresei kenkari hori atzera eginezko moduan aplikatzeko aukera ematen die 2022-2024 urteetarako (174. sekzioa). Emaitza: I+G inbertsio berrietarako zerga tasa marjinal efektiboa (METR) -%30,3koa da, eta inbertsioa zorrarekin finantzatzen bada, tasa efektiboa -%47,2ra iristen da.

Laguntza periferikoak: Export-Import Bank izenekoak (EXIM) erabilera bikoitzeko teknologien eta defentsaren inguruko sektoreen finantza-arriskua diruz laguntzen du. Bestalde, gobernuak erregai fosilen industriari eusten dio kenkari fiskalekin eta zuzeneko dirulaguntzekin, zeinak urtean 10.000 milioi eta 52.000 milioi
dolar artekoak izatera iristen diren. Energiaren prezio baxuei era artifizialean eutsita, estatuak defentsarako oinarri industrialaren funtzionamendu-kostu nagusietako bat ezabatzen du.

1.5 Egituraren sintesia

Aurreko ataletan azaldutako finantza- eta legegintza-arkitekturaren azterketak garbi erakusten du estatuak arlo militarrean duen rol aktiboa. Estatu Batuetako datuek adierazten dutenez, XXI. mendeko sektore industrial-militarrak, funtsean, korporazio publiko-pribatu erraldoi gisa funtzionatzen du, zeinetan estatuak sistematikoki bere gain hartzen dituen ikerketa-, kapitalizazio- eta salmenta-arriskuak, eta, aldi berean, irabaziak oso errotuta dagoen oligopolio batean pribatizatzen dituen. Horrekin batera, oligopolio horrek estatuak ematen dion ikuspegi estrategikoaren arabera jarduten du.

I+G inbertsio berrietarako zerga tasa marjinal efektiboa (METR) -%30,3koa da, eta inbertsioa zorrarekin finantzatzen bada, tasa efektiboa -%47,2ra iristen da

Honako eskema honetan, estatuak zenbait fasetan edo eremutan duen parte hartze maila laburtu nahi izan da, eta zenbatetsitako balioak eman dira, atal osoan zehar aipaturiko zati bakoitzean mekanismo ekonomiko bakoitzak zer pisu hartzen duen kalkulatuta[2].

2. EUROPA

Ongizate estatuaren ereduaren bilaketak eta klase ertainen sustapenak bultzaturiko “erlaxazio-aldi” baten ondoren, gero eta gordinagoa den inperioen arteko lehiaren aurrean, Europak bere mekanismo instituzional guztiak martxan jarri ditu kontinentea berrarmatzeko eta berrindustrializatzeko. Estatu Batuetan ez bezala, hainbat eta hainbat mekanismo ekonomiko iragankor abiatu dira estatuz gaindiko finantzaketa eredu bat ezartzeko.

2.1 Kapitala zuzenean injektatzeko mekanismoak

Zuzeneko finantzaketa

Europako Defentsa Funtsak (EDF) ia 8.000 milioi euroko hornidura jaso zuen: 2.700 milioi ikerketara bideratu zituzten, eta 5.300 milioi gaitasunen garapenera. Sare zibilaren kooptazioa sistematizatzeko, EUDISek Bruselako arrisku kapitalaren enpresa gisa jarduten du, 2.000 milioi eurorekin (336,6 milioi bereganatu ditu, EDFren %31 2025ean); eta horri FAST tresna gehitzen zaio, 150 milioirekin, likidezia injektatzeko eta atzerriko kapitalek startup estrategikoak eros ez ditzaten.

Estatu Batuetako datuek adierazten dutenez, XXI. mendeko sektore industrial-militarrak, funtsean, korporazio publiko-pribatu erraldoi gisa funtzionatzen du

Bakea sustatzeko Europako funtsak (EPF), nahita diseinatu zena Europar Batasuneko Tratatuko 41(2) artikulua saihesteko aurrekontuz kanpoko mekanismo gisa, 170.000 milioi euro baino gehiagoan igo zuen bere muga. Dirulaguntzen eskema zirkular erraldoi bat balitz bezala jarduten du: ekipoen emaitzak egiten dituzten estatuei diru-itzulketa partziala bermatzen die, eta armategiak hustera, eta kontratu berriak egitera bultzatzen ditu. Blokeo politikoak saihesteko, Hungariako betoa kasu, aktibo subirano errusiar geldiarazien mozkinen %90 konfiskatzea baimendu zen (2024an 1.500 milioi eta 2025erako 2.000 milioi injektatuz), eta ULCM mekanismoa egituratu zen, 18.100 milioi euroko ezohiko zorra jaulkiz.

Dirulaguntzak eta salbuespenak

Korporazioek egindako inbertsioa berreskuratzen dela ziurtatzeko, ASAPek (500 milioi euro) ekoizpenaren eskaintza fisikoa diruz laguntzen du, eta EDIRPAk (310 milioi) erosketa bateratuen eskaria diruz laguntzen du. Epe ertainean, EDIP programak 1.500 milioi euro mobilizatzen ditu, eta SEAPak sortzen ditu; egitura horiek nazioarteko organizazio estatusa hartzen dute, eta horrek BEZaren %20ko eta zerga berezien salbuespen masiboak ekartzen ditu.

Ongizate estatuaren ereduaren bilaketak eta klase ertainen sustapenak bultzaturiko “erlaxazio-aldi” baten ondoren, gero eta gordinagoa den inperioen arteko lehiaren aurrean, Europak bere mekanismo instituzional guztiak martxan jarri ditu kontinentea berrarmatzeko eta berrindustrializatzeko

Berrarmatzeko mega-planaren ardatz eraldatzailea SAFE tresna da, zeinak 150.000 milioi eurorainoko maileguak injektatzeko asmoa baitu. EBk bonu arruntak jaulkitzen dizkie gobernuei 45 urterainoko amortizazio epearekin. Horien inpaktuak Europako gastu arrunteko erritmoaren %25 gainditzen du, eta zenbait potentziak onura jasotzen dute, hala nola Poloniak (43.700 milioi euro), Errumaniak (16.700 milioi), Frantziak eta Hungariak (16.200 milioi) eta Italiak (150.000 milioi).

Europako Inbertsio Bankuaren biraketa (EIB)

Banku komertzialen ESG araudiak zuzentzeko, EIBk (Europako Inbertsio Bankua) bere estatutu mugak desegin zituen, eta muga orokorra marka guztiak hautsi zituen 100.000 milioi euroko zenbatekora igo zuen 2025erako. Kopuru horretatik, %4,5 (4.500 milioi euro) oso-osorik segurtasun- eta defentsa-sektorera bideratzea erabaki zen, eta, horrela, 2024an emandako 1.200 milioiak ia laukoiztu egin ziren.

2.2 Lege aldaketak, aparteko ahalmenak eta planak edota politika aldaketak

Erregulazioak eta industria-estrategiak

Defence Readiness Omnibus paketeak funts zibilen hautagarritasuna (Cohesion, Horizon Europe), aldatu zuen “erabilera bikoitzeko” teknologiak finantzatzeko. Esparru horrek ingurumen-burokrazia desegin du, eta korporazio militarrei 42.500 eta 51.300 milioi euro bitarteko zuzeneko aurrezki proiektatua eragingo die 2026tik 2036ra bitarteko hamarkadan. Arrakasta politikoa tokiko ekosistema zibila xurgatzean datza; Euskadin (4.000 milioi euro baino gehiagoren hartzailea), ITP Aero enpresak funts “berdeak” bahitzen ditu industria militarra indartzeko, Clean Aviation programan (700 milioiz hornitua) parte hartzearen bitartez.

Bakea sustatzeko Europako funtsak (EPF), nahita diseinatu zena Europar Batasuneko Tratatuko 41(2) artikulua saihesteko aurrekontuz kanpoko mekanismo gisa, 170.000 milioi euro baino gehiagoan igo zuen bere muga

Industria-estrategiak (EDIS) nahitaez bete beharreko helburuak ezartzen ditu: erosketen aurrekontu nazionalen %50, gutxienez, Europako hornitzaileei bideratzea (%60, 2035rako), eta Europakoak ez diren osagaiak %35era mugatzea (Buy European). Horrez gain, EDIP araudiak larrialdi ahalmenak ezartzen ditu, eta, ondorioz, krisi egoeretan, industria-kontratistek eskaera militarrei lehentasuna eman behar diete, dituzten konpromiso zibilen gainetik.

ReArm Europe eta Readiness 2030

Egitasmo horrek hurrengo hamarkadan 800.000 milioi euro mobilizatzeko helburua dauka. Ezin denez zuzeneko hain zerga-bilketa handirik egin, zor bateratua (SAFE) erabiltzen da, eta ihes klausula nazionala deritzona aktibatzen da.
Horren ondorioz, gastu militarra defizitaren mugen barruan konputatzetik salbuetsita geratzen da, 650.000 milioi eurorainoko eremu fiskal artifizial bat sortuz, zeinak estatuei monopolio militarraren alde zorpetzeko askatasun osoa ematen dien.

2.3 Militarismoaren egitura sendotzea, mugak eta gizarte ongizatearen hondatzea

Behin betiko kontsolidazioa 2028.-2034. aldirako urte anitzeko finantza-esparruan (MFP) gauzatuko da. Lehiakortasunerako Europako Funts berriaren barruan (409.000 milioi euro), 130.700 milioi bideratuko dira oso-osorik defentsarako eta espaziorako, hau da, guztizkoaren ia herena (%31,96), eta aurreko zikloaren oinarria halako hamar.

“Autonomia estrategikoa” bilatu arren, Estatu Batuekiko mendekotasuna saihetsezina da. Europak FMS kanal estatubatuarraren bitartez eginiko erosketek %89ko igoera ikaragarria izan zuten 2021 eta 2022 artean. Bestalde, Europako industriak ekoizpen zurruntasun handia eta ito guneak dauzka; likidezia masiboki injektatzeak inflazio sektorial larriagoa dakar, besterik gabe.

Produkzio modu kapitalistaren pean gerra ez da anomalia bat, ez diplomaziaren porrota, ezta saihestu ahal den tragedia bat ere; egiturazko beharrizan saihetsezina da

Benetako kostua langile klaseak hartuko du bere gain, bizi baldintzak okertuko baitzaizkio. Berrarmatze hori zorraren bidez finantzatzeak bonu subiranoak ezegonkortuko ditu: Alemaniako Bund-ak oinarrizko 40 punturainoko (%2,9) igoerak izan ditzake, eta horrek modu katastrofikoan igoko lituzke diferentzialak (spreads), bai eta zorraren kostua ere periferian. Barne produktu gordinaren %1 eta %2 artean hezkuntzatik, osasungintzatik eta trantsizio berdetik oligopolio militarrerantz mugitzea aukera-kostu suntsitzailea da, eta aberastasunaren transferentzia-mekanismo erregresibo ikaragarria.

3. Ondorioak

Produkzio modu kapitalistaren pean gerra ez da anomalia bat, ez diplomaziaren porrota, ezta saihestu ahal den tragedia bat ere; egiturazko beharrizan saihetsezina da. 2024ko kopuru errekorrak, 2,718 bilioi dolarreko gastu militar globalarekin, ez dira mundu irrazional baten isla, ezpada errentagarritasun errukigabearen logikapean jarduten duen sistema batena. Joko taula horretan, estatuen zeregina –eta, bereziki, NATO osatzen duten estatuena, 1,506 bilioi dolarren edo munduko gastuaren %55en erantzuleak baitira– erabat desmitifikatua geratzen da. Estatu kapitalista modernoa ez da denon ongizatea zaintzen duen arbitro neutrala, burgesia monopolistaren metaketa bermatzeaz arduratzen den komite exekutiboa baizik.

Produkzio modu kapitalistaren pean gerra ez da anomalia bat, ez diplomaziaren porrota, ezta saihestu ahal den tragedia bat ere; egiturazko beharrizan saihetsezina da

Egindako analisiak agerian utzi du estatuak elkarri lotuta dauden bi formatan hartzen duela bere gain rol hori, eta bi forma horiek ezinbesteko bihurtzen dute gerra.

Estatua merkataritza- eta lurralde-inperialismoaren bermatzaile gisa: kapitalismoa, metaketa eta zentralizazioa funtsezko ezaugarri dituen heinean, sistema hedakorra da, eta, ondorioz, nahitaez inperialista da haren fase gorenean. Foreign Military Sales (FMS) eta Foreign Military Financing (FMF) programen bitartez, Estatu Batuek egiten duten diplomazia hertsatzailea adibide ezin hobea da ikusteko nola estatuak bere hegemonia erabiltzen duen herrialde aliatuak eta periferikoak behartzeko haren industria nazionalaren gehiegizko produkzioa beregana dezaten.

Gerraren aldeko gerra (estatua errentagarritasun kapitalistaren gordetzaile): kapital pribatuaren eraketa gelditu egiten denean, irabazi tasak erortzeko duen joeragatik, gerrak merkatu artifizial bat sor dezake. Sektore industrial-militarra hustubide ezin hobea da: suntsitzeko, biltegiratzeko edota zaharkitutzat jotzeko ondasunak ekoizten ditu. Mega-zorpetzearen bidez, NATOko estatuek teknologia-arriskuak sozializatzen dituzte haien enbrioi faseetan. Estatu Batuetan, hori oligopolioaren Big Five direlakoetan kontzentratzen diren 771.000 milioi dolarretan ikusten da; Europan, berriz, zor bateratuaren bidez 800.000 milioi euro baino gehiago mobilizatzeko plan bortitzean, eta 130.700 milioi soilik defentsa eta espaziora bideratuta 2028-2034 aurrekontu-ziklorako esleipenean. Zifra horietatik eta jada hain errentagarriak ez diren beste sektore batzuetatik egindako kapital-mobilizazio guztitik eta defentsa-sektore osoaren mozkin izugarrietatik ondorioztatu daiteke sakrifizioa baino gehiago, gerra-ekonomiak interes argia pizten diola kapitalari dezelerazio edo krisi garaian.

KONTSULTAGAI INTERESGARRIAK

U.S. Department of Defense. (2025). 2025 National defense strategy of the United States of America. U.S. Department of Defense.

Draghi, M. (2024). The future of European competitiveness: A competitiveness strategy for Europe. European Commission.

Stockholm International Peace Research Institute. (2025). SIPRI military expenditure database.

Costs of War. (n.d.). Costs. Watson Institute for International and Public Affairs, Brown University.

Mattick, P. (1959). Economics of the war economy. American Socialist, 6(4).

Vranken, M. (2023). Fanning the flames: How the European Union is fuelling a new
arms race. Transnational Institute (TNI) & European Network Against Arms Trade (ENAAT).

OHARRAK

[1]Grafikoan eta testu barruan ageri diren zifrak desberdinak dira grafikoan gauzatutako gastua ageri delako eta testuan, berriz, aurrekontua aipatzen delako.

[2]Proportzioak zenbatetsi egin dira; izan ere, ez dago mekanismo bakoitzaren zenbateko zehatzik urte bererako. Balioak doitu egin dira, oinarri hartuta 2022 eta 2025 artean ezagutzen ditugun datuak.