AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Ziztatu eta sexu-erasoa egin diote emakume bati Bidarten
Azkenaldian gutxienez bost pertsona ziztatu dituzte Bidarteko diskoteka batean, baina oraindik ez dakite zein substantziarekin. Eraso horietako batean, sexu-erasoa ere jasan zuen emakume batek.
2022ko maiatzaren 17
Ziztatu eta sexu-erasoa egin diote emakume bati Bidarten

"Ziztadaren fenomenoa" delakoak kezka sortu du Ipar Euskal Herrian. Antza, azkenaldian gutxienez bost lagun ziztatu dituzte Bidarteko (Lapurdi) La Licorne diskotekan, eta ziztatua izan zen emakumeetako bati, gainera, sexu-erasoa ere egin zioten.

Azterketa toxikologikoen emaitzen zain daude oraindik, baina gaur-gaurkoz, ez dakite zehazki zein substantzia ziztatzen dieten biktimei. Frantziako Estatuan, ziztada bidezko 60 eraso inguru salatu dituzte apiriletik.

Antza, sorbaldan, besoan, bizkarrean, aldakan, ipurdi aldean zein izterrean jaso dituzte ziztadak. Esan bezala, oraindik ez dute droga arrasto zehatzik atzeman, baina zenbait sintoma jasan dituzte biktimek: zorabioak, goragalea, paralisi txikiak, oreka galerak, eta abar.