AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Neska batek eraso matxista bat jasan du Altsasuko institutuan
Institutuko zuzendaritzarengana jo zuen ikasleak erasoa jasatean, baina Sakanako IAk jakinarazi duenez, zuzendaritzak ez zion "irtenbiderik" ez "babesik" eskaini. Gaur goizean eserialdi bat egitera deitu dute IAko kideek.
2022ko apirilaren 6
Neska batek eraso matxista bat jasan du Altsasuko institutuan

Sakanako Ikasle Abertzaleakek azaldu duenez, atzo eraso matxista bat egin zioten neska bati Altsasuko (Nafarroa) IES Altsasu BHI institutuan. Ikastetxeko zuzendaritzarengana jo zuen ikasleak, baina han ez zioten ez "irtenbiderik" ez "babesik" eskaini: "erasotua zalantzan jarri eta erantzukizuna beregan jarri dute", Sakanako Ikasle Abertzaleaken esanetan.

"Horrelako adibide horrekin argi geratzen da IES Altsasu BHIko zuzendaritzak, martxoaren 8a eta azaroaren 25a bezalako egunetan, propaganda feminista erabiltzen duela soilik bere aurpegia zuritzeko", salatu dute IAko kideek. "[...] kasuari emandako erantzunak argi uzten du sistema kapitalistaren mesedera dauden instituzioek ez dutela inolako baliabiderik indarkeria matxistari benetan aurre egiteko; gainera, erasotzailearen figura babestu eta normalizatzen dute", gaineratu dute.

Gertatutakoa salatzeko protestara deitu du Sakanako IAk. Gaur, apirilaren 6an, eserialdi bat egingo dute institutuko patioan, 11:50ean.