AKTUALITATEA
Gasteizko Alde Zaharreko familia baten aurkako etxegabetze-agindua salatu du berriki Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Abenduaren 2an izan daiteke kaleratzea, eta etxerik gabe utzi dezakete bi adingabe dituen familia bat, inolako bizitoki-alternatibarik eskaini gabe. Blackstone putre-funtsa da etxebizitzaren gaur egungo jabea eta familiaren kaleratzea sustatu duena.
Bere garaian, hipoteka-betearazpen baten ondoren, Blackstonek eskuratu zuen etxearen jabetza. Urte luzez hutsik eta egoera penagarrian egon ondoren, beste aukerarik ez zuen familia bat sartu zen etxebizitzara, eta hura birgaitu zuen. Ordutik, hainbat urtez bizi izan da bertan. Denbora horretan, familiak eta sindikatuak etxebizitzaren egoera erregularizatzeko ahaleginak egin dituzte. Blackstonen erantzuna, ordea, ezezkoak eta presioak izan dira, familia etxegabetzeko prozedura judiziala abiaraztearekin batera. Azkenean, epaitegiek funtsaren alde egin dute, eta familia kaleratzeko agindua eman dute, nahiz eta ez daukan nora joan.

Sindikatuaren arabera, kasu honek agerian uzten ditu etxebizitzaren krisiaren bi aurpegiak: "Langileentzat ezegonkortasunaren, pobretzearen eta bazterkeriaren iturri dena, negozio-aukera bikaina da espekulatzaileentzat eta errentistentzat. Abenduaren 2an familia batek bere etxea gal dezake, putre-funts baten irabaziak handitzen jarrai dezan".
Horiek horrela, etxegabetzea "berehala eta behin betiko eten" dadila eskatu du, baita familiak etxebizitzan bertan bere egoera erregularizatzeko aukera izatea ere. Gasteizko Udala (PSOE-EAJ) zuzenean interpelatu du gainera, hirian bizitoki-alternatibarik gabe gauzatu nahi den enegarren etxegabetzea baita honakoa. "Abenduaren 2an familia hori kalean geratzen bada, erantzukizun osoa udalaren eta egoera hori ahalbidetu duten instituzioen gain egongo da", ohartarazi dute sindikatutik.
Putre-funtsak, epaitegiak, Polizia eta instituzioak erantzule
Izan ere, azpimarratu dute putre-funtsak ez direla egoera honen erantzule bakarrak, eta "etxegabetzea ahalbidetu duten epaitegiak, errentatzaileen aldeko legeak, agindua indarrez gauzatuko duen Polizia eta egoera hori eragozteko neurririk hartu ez duten instituzioak" ere erantzule zuzenak direla.
Etxebizitza "langileon bizitzak garatzeko ezinbesteko baliabidea" dela gogorarazi dute, eta, horrenbestez, "pertsona guztientzat bermatutako eskubidea" izan beharko lukeela. "Hala ere, hori ezinezkoa da jabeen interes ekonomikoak lehenesten dituen sistema kapitalistaren barruan", ohartarazi dute: "Horregatik, langile-klasearentzat, etxebizitzaren arazoaren muinean errentatzaileak eta espekulatzaileak daude".
Espekulazioaren eta espekulatzaileen aurka
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, "etxebizitzaren krisiari aurre egiteko ezinbestekoa da espekulazioa debekatzea, espekulatzaileak desjabetzea eta etxebizitza behar sozialen arabera modu justuan planifikatzea". Horretarako, "hutsik dauden etxebizitzak, negozioetarako erabiltzen direnak eta jabe handien esku daudenak desjabetzearen alde" egin du, "inolako konpentsaziorik gabe, baliabide horiek gizartearen gehiengoaren, langile-klasearen, beharrak asetzeko erabil daitezen".
Norabide horretan, Blackstone bezalako espekulatzaileei aurre egiteko, sindikatuak azaroaren
11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin du, "espekulazioaren aurka eta guztiontzako
etxebizitza bermatuaren alde". Eta gaineratu du: "Etxebizitzaren arazoari ez zaio
amaiera emango alderdi politikoen adabaki eta apurren bidez. Historiako lorpen sozial eta
politiko handiek erakutsi bezala, langile-klasearen tresna bakarrak antolakuntza eta borroka dira".