AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Kanpaldi bat egin dute Gasteizen, gaurko ezarritako etxegabetzearen aurka

Sei adingabedun familia bat etxetik bota nahi dute gaur Sansomendin, alternatibarik gabe. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatuta, protesta egiteko kanpaldi bati ekin zioten atzo arratsaldean.
2026eko urriaren 23 - 06:16
Kanpaldi bat egin dute Gasteizen, gaurko ezarritako etxegabetzearen aurka

Gasteizen, gaurko dago ezarrita Sansomendin bizi den familia baten etxegabetzea, bizitoki-alternatibarik gabe. Desalojoaren aurka protesta egiteko, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak kanpaldi bat hasi zuen atzo arratsaldean, familia bizi den tokian: kanpin-dendak jarri zituzten eta bertan egin du gaua jende ugarik, etxe-kaleratzeei ezetz esanez.

19:00etan ekin zieten hainbat ekimeni kanpaldian: txokolate beroa banatu zuten eta zenbait musika-emanaldi izan ziren, hala nola, Kullen eta Kilikiren kontzertua eta jam session bat.

Gaur goizean, asanblada bat egin dute bertan, goizerako finkatuta dagoen etxe-kaleratzeari aurre egiteko prest baitago sindikatua. Azken egunetan, desalojoa salatzeko ekimen ugari izan dira Gasteizen: aurreko astean, elkartasun-argazki bat atera zuten sindikatuko hainbat kidek, auzoko eskola-komunitateek eta bizilagunek; eta agerraldi bat egin zuen Miguel de Unamuno ikastetxeko hezkuntza-komunitateak, bertan ikasten baitute kalean gelditzear dagoen familiako hiru kidek. Sei adingabe ditu familiak.