Gaur goizean, sei adingabedun familia bat bortizkeria ikaragarriarekin etxegabetu dute Gasteizko Sansomendi auzoan: kaleratzearen aurka protesta egiteko mobilizatu diren ehunka pertsonen aurka kargatu du Ertzaintzak, eta ia 100 zauritu daude. Oraintsu, bortizkeria poliziala salatzeko eta etxegabetzearen "erantzukizun politiko eta instituzional guztiak" seinalatzeko agerraldi bat egin du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, udaletxearen aurrean.
Izan ere, EAJren eta PSOEren udal-gobernuaren erantzukizuna nabarmendu dute sindikatutik, "alternatibazko bizitokirik gabeko etxegabetze honen arduraduna" delakoan. "PSOEk bere burua etxebizitzarako eskubidea defendatzen duen alderdi aurrerakoi gisa aurkezten duen arren, argi geratzen da, beste behin ere, errentadunen alderdia dela, espekulatzaileen zerbitzura dagoena, eta langile-familien egoerarekiko hauteskunde-interes hutsetik harago inolako interesik ez duela".
Horiek horrela, "alderdi instituzionalen iruzurraz" ohartarazi dute sindikatutik: "Etxebizitzaren Legea aurkeztu zutenean, etxegabetzeak debekatuta zeudela esan ziguten. Ordezko bizitokirik gabeko etxegabetzeak ezingo zirela inolaz ere gauzatu esan ziguten. Bada, Gasteizen, hilabete honetan bakarrik, dagoeneko alternatibarik gabeko lau etxegabetze izan ditugu. Non dago moratoria? Non daude etxebizitzari buruzko dekretuak? Eta, batez ere, non daude neurri horiek aurrerapauso handitzat saldu zizkiguten alderdi politikoak?".
Udalaren eta komunikabideen difamazio-kanpaina
Horrekin batera, "udalak eta haren aldeko komunikabideek abiarazitako kriminalizazio- eta difamazio-kanpaina" gaitzetsi du sindikatuak, "etxegabetzearen eskandaluaren aurrean, propaganda arrazista eta klasistaren makina martxan jarri" baitute. "Helburua beti bera da: langile-klaseari egoztea haren miseriaren errua, eta gure artean aurrez aurre jartzea, benetako errudunak ezkutatzeko".
Horren aurrean, argitu du, lehenik eta behin, udalak ez diola inolako bizitoki-alternatibarik eskaini etxegabetutako familiari: "Atzo, familiak udal-aterpetxera joateko aukera aipatu zuten; baina leku hori ezin da, inolaz ere, adingabeak dituzten familientzat erabili". Bigarrenik, sindikatuak gogorarazi du "kalitatezko alternatiba" bat eskatu dutela hasieratik, "ez familia etxe horretan geratzea". Eta gaineratu du: "Jabearen eta maizterren arteko liskarra sustatu nahi duten diskurtsoak faltsuak dira".
Sindikatuak berriz aldarrikatu du, hala, etxebizitzak "bermatutako eskubide" bat izan behar duela, "osasuna eta hezkuntza diren bezala". "Gaixo bat ospitaleko ohe batetik kanporatzen badute beste gaixo bati arreta emateko, ez dugu eztabaidatzen nork merezi duen ohe hori; aitzitik, ohe gehiago exijitzeko antolatzen gara. Horixe da klase-kontzientzia izatea, eta etxebizitzaren arazoaz eta haren benetako errudunez jabetzea", ipini dute adibide modura.

Poliziaren muturreko indarkeria, adingabeak tartean egonda
Bestalde, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gaurko etxegabetzean erabilitako "muturreko indarkeria" salatu du sindikatuak. "Erabateko basakeriaz jardun dute. Are larriagoa da hori kontuan hartuta ehunka adingabe zeudela bertan. Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) antolatuta, ikasle asko familiari elkartasuna adierazteko deialdira joan dira", azaldu du.
Hain zuzen ere, goizean Sansomendin bizitako biolentziaren berri eman dute sindikatuko kideek, Ertzaintzak "gupidarik gabe" jardun duela esanez: "Aurrez abisatu gabe oldartu da; foam pilotak behin eta berriz jaurti ditu, manifestariei zuzenean apuntatuz; eta dozena bat aldiz oldartu da adingabeen, auzokideen, adinekoen eta abarren aurka". Horrez gain, jakinarazi du gutxienez lau pertsona atxilotu dituztela ertzainek, bi adingabeak (atxilo jarraitzen dute), eta 90 zauritu daudela denera. "Horietako batzuek lesio larriak dituzte, borren eta foam piloten ondorioz".
"Bizi garen sistemaren gordintasuna eta bidegabekeria agerian geratzen dira gure begien aurrean: milaka euroko kostua duen polizia-dispositiboa antolatzeko baliabide nahikoak daude, baina ez ordea familia bati etxebizitza bermatzeko", adierazi dute sindikatuko kideek, azkenik: "Espekulazioaren eta errentismoaren zerbitzura dauden politikarien iruzurraren aurrean, langile-klaseak bere interesen alde antolatu behar du; pertsona guztientzako kalitatezko etxebizitza bermatua". Orain, arratsaldeko 19:00etan, manifestazio bat egingo dute Andre Mari Zuriaren Plazatik abiatuta.