Skip to Content
AKTUALITATEA / Soldata sistema

Tubos Reunidosek ez die azaroko soldata ordainduko Iruña Okako langileei

Hartzekodunen konkurtsoko kudeatzaileak jakinarazi du Premium Threadseko beharginei ez dietela ordainduko hilabete honetan; ikusteke dago zer gertatzen den Amurrioko eta Trapagarango lantokietan.
2026eko azaroaren 26 - 06:31
Tubos Reunidosek ez die azaroko soldata ordainduko Iruña Okako langileei
— ARGAZKIA Tubos Reunidoseko langileen manifestazio bat apirilean.

AKTUALITATEA

Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) fabrikak dira Tubos Reunidosek dituen lantegi nagusiak, 900 eta 400 langilerekin hurrenez hurren, baina enpresaren ziurgabetasun-egoerak ez du bi horietan soilik eragin. Iruña Okako (Araba) Premium Threads fabrika ere Tubos Reunidosena da, eta bertako langile-batzordeak salatu duenez, lantoki horretan jarduten duten 60 beharginei ez diete azaroko soldata ordainduko, diru-likidezia falta eta "narriadura progresiboa" argudiatuta.

Hartzekodunen konkurtsoan dago Tubos Reunidos (aurreko hilean jakin zen interesdun nagusien eskaintza guztiek kaleratzeak barne hartzen zituztela), eta prozesu horren kudeatzaileak jakinarazi du Iruña Okako plantillak ez duela kobratuko. Premium Threadseko langile-batzordeak seinalatu duenez, dena den, ez dute arrazoitu ea zergatik ezarri duten neurria lantegi zehatz horretan. Momentuz ez dago argi ea zer gertatuko den Amurrioko eta Trapagarango fabriketan aurrerantzean. 

Iruña Okako beharginek azaldu dute, bestalde, haiek jasango duten ez-ordaintzea ez datorrela bat Tubos Reunidosek egindako azken iragarpenekin: urrian, 26 milioi euroko balioa duten hainbat eskaera jaso omen zituzten Amurrioko eta Trapagarango lantegietarako, eta 3.100 tonako beste eskaera bat ere egin omen zioten azaroan, Amurriorako soilik. Horiek horrela, enpresaren finantza-egoera eta baliabide-banaketa argitu dezala exijitu diote langileek zuzendaritzari, gardentasuna galdeginez.