AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Festetan ziztadak salatu dituzte Bidarraien, eta eraso matxista bat izan da Hendaian
Bidarraiko jaietan, ziztada bidezko eraso bat baino gehiago izan direla salatu du Ipar Euskal Herriko Itaiak, aste honetan bertan. Bestalde, Hendaian, emakume bati bere bikotekideak eraso diola argitara eman da.
2022ko uztailaren 20
Festetan ziztadak salatu dituzte Bidarraien, eta eraso matxista bat izan da Hendaian

Bi motatakoak dira aste honetan Ipar Euskal Herrian salatu diren erasoak. Batetik, Bidarraiko (Nafarroa Beherea) festetan ziztada bidezko eraso bat baino gehiago izan zen larunbateko jai momentuan, Itaiak salatu duenaren arabera. Antolakundeak eraso horiek gaitzetsi eta goranzko joera hartzen ari diren ziztada bidezko erasoei modu antolatuan erantzuteko deia luzatu du.

Hendaian (Lapurdi), bestetik, emakume bati eraso dio bere bikotekideak. Kalean zirela jo zuen neska laguna gizonak, eta inguruan ziren lekukoak labana batekin mehatxatu zituen. Erasotzailea epailearen esku gelditu da.