AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Gasteizen, familia bat alternatibarik gabe etxegabetu nahi dute gaur

Etxegabetzeari aurre egiten ari da Etxebizitza Sindikatu Sozialista, baina protestara batu diren ehunka lagunen kontra gogor kargatzen ari da Ertzaintza. Gutxienez lau atxilotu eta zauritu ugari daude.
2026eko urriaren 23 - 07:42
Gasteizen, familia bat alternatibarik gabe etxegabetu nahi dute gaur

Berehala etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat Gasteizko Sansomendi auzoan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asteak daramatza egoeraz ohartarazten: bizitoki-alternatibarik ez daukan familia batek, sei adingabe tartean, gaur galduko du etxea. Erakunde publikoek ez diete inolako alternatibarik bermatu. Horiek horrela, etxe-kaleratzearen aurka mobilizatu da Etxebizitza Sindikatu Sozialista.

Bart arratsaldean, kanpaldi bati ekin zion sindikatuak familiaren etxearen parean, protesta modura. Etxegabetzea gaur goizerako dago ezarrita, eta jende ugari zegoen bertan lehen ordutik, desalojoari aurre egiteko prest. 09:30 aldera, ehunka ikasle eta irakasle heldu dira Sansomendira: Gasteizko 11 ikastetxetan deitu dituzte etenaldiak, etxe-kaleratzearen kontra protesta egiteko. Huetos hiribideko 28. zenbakian bildu da jendea.

Karga polizial bortitzak: lau atxilotu eta zauritu ugari

10:00ak ere ez zirela, Ertzaintza borrakadaka sartu da tokira, eta karga polizialei ekin die: atariaren parean zegoen jendea jipoitzen hasi da, eta kordoi poliziala ezarri eta gainerako manifestariak eremutik urrundu ahala, kanpoaldean ere egin ditu kargak. Borraz zauritutako pertsona ugari daude, eta foam balak ere jaurti dituzte ertzainek: gutxienez pertsona bat jo dute bularraldean.

Bortizkeria izugarriarekin jarduten ari da Ertzaintza, eta protestan zeuden gutxienez lau pertsona atxilotu ditu gainera. Horietako bat adin txikikoa da.