Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, adingabeak dituzten bi familia etxegabetu dituzte Gasteizen lau egunean, bizitoki-alternatibarik gabe. Lehen etxegabetzea urriaren 2an izan zen, Cercas Bajas kalean, eta bigarrena astelehenean, San Martin auzoan. Gainera, duela bi aste eskas Nueva Fuera kalean izandako etxegabetzea ekarri du gogora: beste familia bat kanporatu zuten urte luzez bizi izan den etxetik. Horiek horrela, etxe-kaleratzeen kontrako protesta bat egin zuen sindikatuak atzo arratsaldean, Andre Mari Zuriaren Plazan, eta kaltetutako familiei elkartasuna adierazi zien: "Ez zaudete bakarrik".
Sindikatuak kritikatu egin zuen etxegabetutako pertsonengan jartzea beren egoeraren ardura, adierazi zuenez, "benetan lotsagarria dena guztiontzako nahikoa etxe eta baliabide daudenean adingabeak dituzten familiak egun batetik bestera kalean uzten dituen sistema" baita. Etxebizitzaren arloko dekretu posibleak eztabaida betean daudenean egin du salaketa sindikatuak, oroitarazi baitu joan den ostiralean, Kongresuan dekretuei buruzko bozketa izaten ari zen bitartean, familia bat kanporatu zutela etxetik. "Aste hauetako lerroburu eta promesa handietatik urrun, hau da familia langileen egunerokoa: lau egunean bi etxegabetze Gasteizen, eta, batez beste, egunean hiru etxegabetzetik gora Hego Euskal Herrian".

PSOEren eta uda-gobernuaren aurkako kritikak
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, atzokoan, bere kritiken zati handi bat zuzendu zuen PSOEren aurka; PSOErena da Gasteizko Udaleko alkatetza. Izan ere, alderdiari leporatu zion bere burua etxebizitza-arazoaren konponbidetzat aurkeztea, familia zaurgarrien etxegabetzeek aurrera jarraitzen duten bitartean.
"PSOEren hipokrisia zuzenean salatu nahi dugu. Etxebizitza-arazoa konponduko duen eragile gisa aurkeztu nahi izan du bere burua, baina, bitartean, bere udaletan poliziak familia zaurgarriak etxegabetzen ditu eta gizarte-zerbitzuek sistematikoki ukatzen dute bizitoki-alternatiba", seinalatu zuen. Gaineratu zuen Espainiako Gobernuak hartutako neurriak ez direla nahikoak, eta etxebizitza-dekretuek errentatzaileen interesen alde egiten dutela. Neurri nagusia "gutxi batzuen negozioa finantzatzen jarraitzea, errentatzaileei zergen %100 murriztea eta haien irabaziak konpentsazioen bidez bermatzea" dela gogorarazi zuen, hain justu.
PSOEri eta EAJri, Gasteizko Udaleko gobernu-taldeko kide diren heinean, hirian gertatzen diren etxegabetzeen erantzukizuna ere egotzi zien sindikatuak: "Zuzenean dira gure hirian gauzatzen diren ehunka etxegabetzeen erantzule. Sistematikoki ukatzen dituzte bizitoki-alternatibak eta familia zaurgarriak udal-etxebizitzetatik kanporatzen dituzte". Era berean, hutsik dauden udal-etxebizitzak euren esku mantentzea edo jabe pribatuei saltzea kritikatu zuen.
Hurrengo urratsak
Mobilizazioa eta kaltetutako pertsonen antolakuntza defendatu zituen sindikatuak atzoko elkarretaratzean, etxegabetzeei aurre egiteko bide gisa: "Lerroburu handiekin saldu nahi dizkiguten apurren eta espekulazioa zuzenean finantzatzen duten neurrien aurrean, antolakuntza eta borroka besterik ez zaizkigu geratzen". Etxebizitza-sindikatuek familien prozesu judizialetan, gizarte-zerbitzuen aurrean eta jabeen aurrean laguntzeko orduan egiten duten lana aldarrikatu zuen, hala.
Gainera, datozen egunetarako hitzordu batzuen berri eman zuen, borrokan jarraituko baitu kaleratutako familientzako bizitoki-alternatibak exijitzeko eta etxegabetzeei aurre egiteko. Gaur, 09:00etan, urriaren 2an etxegabetutako familiarekin batera joango da oinarrizko gizarte-zerbitzuetara, alternatiba bat eskatzeko; eta bihar, 19:00etan, etxegabetzeen kontrako batzar ireki bat egingo du, Venezuela kaleko 10. zenbakian. Horrez gain, urriaren 23rako, familia baten etxegabetzea dago finkatuta Sansomendin, baina desalojoari aurre egiteko mobilizatuko da sindikatua.