AKTUALITATEA
Greba-eguna da gaur Hego Euskal Herrian, espekulazioaren kontra eta etxebizitza-eskubide bermatuaren alde. Goizeko lehen ordutik, milaka lagunek egin dute bat grebarekin, lantegiak hustuz eta tokian toki kaleak hartuz. Eguerdian lau hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran batu dituzte indarrak grebalariek, eta mobilizazio masiboak izan dira etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak deituta: manifestazio erraldoiak egin dituzte Etxebizitza-eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelotzat hartuta. Antolatzaileen arabera, 200.000 manifestari baino gehiago bildu dira sei protestak kontuan hartuta.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistako eta Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideek hartu dute hitza mobilizazioen bukaeran, eta etxebizitzaren negozioa gaitzetsi dute: "Krisia dela diote, baina zer da krisia ez bada gutxi batzuek gehiengo baten kontura aberasteko aukera paregabea?". Horiek horrela, etxebizitza-krisiari aterabide bat emateko eta espekulazioa eta errentismoa amaitzeko, hiru eraldaketa-ildo proposatu dituzte: "Batetik, espekulatzaileen espropiazioa. Hemen milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daude; berreskuratu eta guztion behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu. Bigarrenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatu behar dugu. Inor ez dadin bizi langileen soldataren kontura. Eta, hirugarrenik, etxebizitza eta baliabide guztiak langile-klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu". Izan ere, sindikatuek salatu dute etxebizitza dela langile-klasearen pobretzerako elementu nagusietako bat.
Alderdi instituzional guztien erantzukizuna
"Etxebizitza-krisi bat dela esaten digute, etxebizitzak falta direla, eskaintza arazo bat omen dagoela… Eta hori konpontzeko, noski, espekulazioaren patronalari diru gehiago eman behar omen diogu. Diru-laguntzak, hobari-fiskalak, lursail publikoak… Hilero-hilero gure alokairu edo hipoteketatik aberasten diren horiek ez dute nahikoa eta sistema publikoa ere diruz hustu nahi dute", esan dute hitz-hartzeetan. Azaldu dute, gainera, "hori guztia ez litzatekeela posible izango espekulazioa eta errentismoa aktiboki babesten dituzten alderdi politikorik gabe".
Espainiako Estatuko hauteskunde orokorrak ate joka direnean, alderdi instituzional guztien erantzukizunak nabarmendu dituzte: "Bakoitzak badu bere ardura. Batetik, PP, EAJ edo UPN, ezkutatu gabe etxebizitzaren negozioa finantzatzen dutenak; are gehiago, negozio horren parte direnak, eta aldi berean, langile-klasearen eskubide ekonomiko eta politikoak murrizten dituztenak. Bestetik, PSOEren gobernua seinalatu behar dugu. PSOE alderdi errentista da, zortzi urtetan zehar ezer egin ez duena, eta are gehiago, etxebizitzaren negozioaren aldeko politikak bultzatu dituena".
Eta, horrekin batera, tokian tokiko instituzioen erantzukizunaz ohartarazi dute: "Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru-aldundiek ere, dituzten eskumen zabalak baliatuta, etxebizitzaren negozioa indartzen duten politikak sustatu dituzte. Higiezinen enpresen eta errentisten interesei erantzunez, banketxeetara bideratzen diren dirulaguntzak eta abalak bultzatu dituzte, eraikuntza-ziklo berri bati ateak irekitzeko araudia aldatu dute, eta etxejabe handiei zerga-onurak eskaintzen dizkiete". Udalen kasuan, "alderdi politiko desberdinek gobernatuta ere, alternatiba errealik eskaini gabe etxegabetzeak baimentzen edo gauzatzen" dituzte, gaurko manifestazioan gogora ekarri dutenez. Aldarrikatu dute, hala, "errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia" dela.
"Etxebizitza eskubide bermatu bat izan behar da"
Sindikatuek berriz defendatu dute, hala, "eskubide bermatu bat" izan behar dela etxebizitza, "hezkuntza edo osasungintza diren neurri berean". Eta gaineratu dute: "Has gaitezen honetaz hitz egiten, has gaitezen pentsatzen nola egin genezakeen hori posible. Eta guk argi diogu, ez dago arazo teknikorik, ez da etxebizitzarik falta. Nola faltako dira etxebizitzak Euskal Herrian 150.000 etxe baditugu erabilera sozialik gabeak? Nola faltako dira etxebizitzak horiek eraikitzeko baliabide tekniko gehien dagoen garai batean? Arazoa politikoa da, bizitzeko behar ditugun baliabideak kapitalisten esku daudelako eta ez langile-klasearen esku".
Langile-klasea antolatzeko beharra
"Badaude bitartekoak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, badago modua langileon pobretzeari buelta emateko. Baina, jakin badakigu gaur-gaurkoz ez dagoela norabide horretan urratsak emateko borondaterik. Ez dago langile-klasearen aldeko indar-korrelazio politikorik. Eraiki beharra dugu. Eta hori ez da eraikitzen ogi-apurrak eskatuz, hori eraldaketa sakonak exijituz lortuko da", erreibindikatu dute bestalde etxebizitza-sindikatuek: "Hurrengo hilabeteetan irekiko diren eszenatokien aurrean indartu, antolatu eta mobilizatu behar gara; bai eskumako gobernu baten murrizketei aurre egiteko, zein balizko beste gobernu progresista bat eman nahi ez dituen aurrerapausoak ematera behartzeko".