AKTUALITATEA / Errepresioa
Ekainaren 20an mobilizatzera deitu dute, Jaurlaritzaren kriminalizazioa eta Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko
Elkarrekin antolatu dute manifestazioa Flotillak, Justizia Aranarentzat plataformak, Amaia Zabartek, Errekaleor Bizirikek, GKSk, Herri Nortek, Iraultza 1921ek, Bultzadak, Azpeitia Errepresioaren Aurkak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Mbolo Moyo Dolek. Inpunitate poliziala eta herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioa gaitzetsiko dituzte, EAJren eta Ertzaintzaren jardunbidea seinalatuz.
2026eko ekainaren 6 - 10:18
Ekainaren 20an mobilizatzera deitu dute, Jaurlaritzaren kriminalizazioa eta Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko

Agerraldi indartsu bat izan da gaur goizean Bilbon (Bizkaia), Arriagaren pareko eskaileretan, mobilizazio-deialdi baten berri emateko. Izan ere, manifestazio bat antolatu dute elkarrekin Euskal Herriko hainbat kolektibok eta pertsonak, berriki izan diren errepresio kasu ugarien ostean. Ekainaren 20an izango da "eskubide zibil eta politikoen" aldeko manifestazioa, Bilbon bertan.

Protestaren bidez, Ertzaintzaren bortizkeria eta inpunitatea gaitzestea da asmoa, bai eta, horren eskutik, biktimen eta antolakunde politiko eta sozialen aurka Eusko Jaurlaritzak hartzen duen jarrera kriminalizatzailea salatzea ere, seinalamendu-kanpaina horri "amaiera emateko". "Mobilizazio honekin asmo argi bat daukagu: herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioa amaitzea eta inpunitateari mugak ipintzea", aldarrikatu dute. "Herri-mugimenduko kide eta eragileen aurka abian diren ehunka prozesuak bertan behera" gera daitezela exijitu dute, eta mobilizatzeko deia luzatu diete "egungo egoera kezkaz bizi duten guztiei".

EAJ eta Ertzaintza, herri-mugimenduen aurka

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak duen erantzukizuna azpimarratu dute, bere eskumenekoa baita Ertzaintza, eta ohikoa baita Segurtasun sailburuak adierazpen kriminalizatzaileak egitea ertzainek modu biolentoan jardun ondoren, agerraldian seinalatu dutenez. Ertzaintzaren jardunbide bortitzei "kriminalizazio-kanpainekin erantzun diete EAJk eta Bingen Zupiria sailburuak, Ertzaintzaren aurkako gorroto irrazionala dagoela eta bizikidetza-arazoak daudela" esanez, baina horri buelta eman diote prentsaurrekoan bildu direnek: "Uste dugu justu kontrakoa ari dela gertatzen eta begi- bistako arazo bat dagoela: herri-mugimenduen aurkako gorrotoa dago EAJren eta Ertzaintzaren aldetik, eta kriminalizazioa zein biolentzia polizialaren areagotzea horren lekuko dira". Horiek horrela, "oso kezkagarritzat" jotzen dituzte Jaurlaritzaren eta Zupiriaren jarrerak, "herri-mugimendua kriminalizatzen eta Poliziaren gehiegikeriak zuritzen ari baitira"

Uste dute, dena den, "akatsa" dela eztabaida "polizia-ereduan" zentratzea. Bi arrazoi nabarmendu dituzte: "Batetik, poliziaren gehiegikeriei aurpegia zuritzeko ariketa bilakatzen delako; eta bestetik, Poliziaren egiturazko funtzioa sistema kapitalista eta bere instituzioak defendatzea delako". Eta gaineratu dute: "Horregatik gertatzen dira hainbeste talka Euskal Herrian, ez iraganeko gomutak direla eta: Euskal Herrian kapitalismoaren injustiziei aurre egiten dien herri-mugimendu zabala dagoelako. Azken finean, jokoan dagoena zera da: zenbateraino daukagun marjina kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriei erantzuteko".

Ondokoak dira mobilizazioaren deitzaileak: