AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gasteiz Hoy-ren bidez
2026/01/30 09:12

"Lehenengo gure pankartaren debekua etorri zen. Gero, Iraultza 1921i buruzko aipamen oro zelaien barruan. Jazarpena bidaietan, gure izena esateko debekua eta abar luze bat. Orain, Mendizorrotza janzten duten muralen zentsura oraindik asimilatu ez dugunean, alaveszaleok jasaten dugun jazarpenari buelta berri bat ematen zaio, gure etxean bertan, gure izena daramaten bufandak eta arropak konfiskatuta", azaldu du alaveszaleen taldeak ohar baten bidez.

Mendizorrotzan adin guztietako zaleen aurka izan diren miaketak ere salatu ditu, Alavesen eta Betisen arteko azken partidaren ostean. Izan ere, Ertzaintzako Segurtasun Koordinatzailearen aginduz, dispositibo polizial erraldoi bat ezarri zuten orduan, eta kontrol ugari izan ziren: Iraultza 1921en bufandak bilatu eta harmailetara sartzea galarazi zuten poliziek, besteren artean. Gasteiz Hoy-k jakinarazi duenez, norbaiti bufanda kentzean, jabearen telefono-zenbakia jasotzen zuten agenteek, partidaren ostean bufanda itzultzeko, teorian.

Alaveszaleen kontrako "olatu errepresiboa" salatzearekin batera, erantzuleak seinalatu ditu Iraultza 1921ek: "Mendizorrotzako 'segurtasunaren' ardura duten Ertzaintzako agintariek eurek erabaki dute legezkotasun zalantzagarriko jazarpen horri ekitea eta aurrera eramatea. Polizia-agintariek lasaitasuna eta ordena zegoen lekuan kaosa sortu dute, suhiltzaile piromano baten ildo beretik". Ohartarazi du, gainera, "Eusko Jaurlaritzaren parte den Ertzaintzaren hierarkiaren barruan jarduten duten bitartean" gertatzen dela hori: "Eusko Jaurlaritzak, esku batekin, Iraultza 1921 elkartea elkarte gisa aitortu eta baliozkotzen du eta, bestearekin, haren existentzia soila zigortzen du".

Taldearen iritziz, "alaveszaleon aurkako eraso kolektibo" horren helburua da "zalegoaren eragilerik nabarmenetako bat bistatik galtzea". Horren aurka, baina, aldarrikatu du "ez dela horrela izango": "Debekatutako zortzi letrek eta lau zenbakiek eta harrotasunez ordezkatzen dituzten pertsonek Mendizorrotzan jarraituko dute egoten, beraien etxea eta alaveszale guztiona baita".

EZ DAGO IRUZKINIK