AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/23 19:19

Bi aste geratzen dira Gasteizko (Araba) jaiak hasteko, eta Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurkako beto politikoa mantentzen du Gasteizko Txosna Batzordeak: aurten ere, txosnagunearen parte izatea debekatu die Mugimendu Sozialistako bi antolakundeei, aterabide bat bilatzeari uko egin baitiote berriz ere Sorturen inguruak eta Jardunek.

Festen parte izateko debekuaren kontra eta txosnagunean tokia izatearen alde, kanpaldi bat hasi dute gaur GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Andre Mari Zuriaren Plazan kanpatu dute arratsaldean, txosnaguneko beto politikoaren aurkako protesta-ekintza modura. Kanpaldiaren barruan, eta euren aldarrikapenak zabaltzen jarraitzeko, kontzertu bat antolatu dute iluntzeko 20:30erako, J Martina taldearekin.

Gutxienez lau atxilotu eta zaurituak, eta kalez jantzitako polizien erasoak

Gasteizko Udaltzaingoa eta Ertzaintza, ordea, kanpaldia hasi bezain pronto bertaratu dira Andre Mari Zuriaren Plazara. Hainbat pertsona identifikatu dituzte agenteek eta plazaren alde bat hartu dute, polizia-lerro bat osatuz. 20:30ak ere ez zirenean, plazan zegoen jendearen kontra oldartu da Polizia; bai kanpaldian parte hartzen ari zirenen aurka, bai inguruan zeuden pertsonen aurka.

Ertzaintzak eta udaltzainek parte hartu dute kargan eta atxiloketetan, eta gutxienez lau lagun atxilotu dituzte, hainbat pertsona atxikitzeaz eta zauritzeaz gain. Kalez jantzitako polizia-agente ugarik parte hartu dute interbentzioan, eta, besteak beste, borra luzagarriak erabili dituzte jendearen kontra.

Elkarretaratzea bihar arratsaldean

Gaur jasandako errepresio poliziala gogor salatu dute Gasteizko GKSk eta sindikatuak. Errepresio polizialari ez! Protesta eskubidea bermatu lelopean, kontzentrazio bat antolatu dute bihar arratsalderako: 18:00etan egingo dute protesta, Andre Mari Zuriaren Plazan bertan.

Jaietako ekimenak bihar eta abuztuaren 4an eta 5ean

Betoaren gainetik, aurten ere Gasteizko jaiei begirako hainbat ekimen antolatu dituzte GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Gaurkoa zen lehenengo hitzordua, kanpaldia eta J Martinaren kontzertua, baina hura galarazi dute polizia-indarrek.

Hurrengo ekimenak bihar izango dira: DDJ KA arituko da arratsaldean Elizondo tabernan eta Dizkobolo elektrotxarangak jardungo du jarraian, 21:00etan Faroloitik abiatuta. Gaueko 23:00etan, berriz, Hala Bedi tabernan segituko dute egitarauarekin, Fokin B2B Nolo eta MDM B2B Papatraumaren eskutik.

Abuztuaren 4an eta 5ean, baimenik ez izan arren, txosnagunea muntatuko dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Gasteizko Letren Fakultatearen aurrean. Abuztuaren 4an izango dira muntaketa-lanak, 11:00etan, eta 19:00etan irekiko dute txosna. Gonbidatu ugarik emango dute kontzertua egun horretan, hain justu, Mirotz, Zero, Rodeo eta DJ Penes y comediasek.

Hurrengo egunean, abuztuaren 5ean, 12:30ean hasiko da egitaraua: bermuta, bazkaria, Belarrijana podcastaren grabaketa eta Gaztetxarrak txarangaren emanaldia antolatu dituzte. Gauean, 21:00etan hasita, Mutiko, Sedientos de Cumbia, Kiliki, Malakias Mx3 eta DJ deLow Costen txanda izango da Letren Fakultate aurreko taula gainean.


EZ DAGO IRUZKINIK