Skip to Content
AKTUALITATEA / Azaroak 29: hauteskundeak

Alderdi politiko parlamentarioen aurrekariak aztergai (III): PSE-EE eta PSNko hautagaiak

Hirugarren atal honetan, PSOEko politikarien aurrekariak aztertu ditugu. Hala, gutxienez lau kidek aurrekari zalantzagarriak dituzte; artean, Patxi López lehendakari ohiak.
2026eko azaroaren 28 - 07:03
Alderdi politiko parlamentarioen aurrekariak aztergai (III): PSE-EE eta PSNko hautagaiak
— ARGAZKIA Gaceta

AKTUALITATEA

Artikulu-sortaren hirugarren atal honetan, PSE-EEko zein PSNko hautagaiak ikertu ditugu. Hego Euskal Herriko lau lurraldeak aintzat hartuta, 55-60 hautagai inguru aurkeztu ditu igandeko hauteskunde orokorretarako, haren kideak Senado de Progreso hautagaitza kolektiboan integratu baititu. Hala, ekinbide politiko "desegokiei" eta herri-mugimenduko eragileen aurkako jardunari erreparatuta, datozen lerrootan lau kideren berri emango dugu.


Kongresurako Bizkaiko PSE-EEren lehen hautagaia da Patxi López Álvarez. 2009an, EAJkoa ez zen lehen lehendakaria bihurtu zen López, eta 2012ko abendura arte eutsi zion gobernu-taldeari. Ordutik, goi-karguak izan ditu Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Diputatuen Kongresuan. Ganbera horretako lehendakari ere izandakoa da. Hala, lehendakari ohi horrek ere baditu aurrekari aipagarriak. Esaterako, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean, polizia dispositibo erraldoia mobilizatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Konfrontazioak bizi izan ziren lekuan leku, eta Xuban Nafarrate larri zauritu zuen buruan Ertzaintzak Gasteizen (Araba). Rodolfo Ares sozialista zen Segurtasun sailburu, eta erkidegoko poliziaren ardura ukatu besterik ez zuen egin. Artean, López bera zen lehendakaria. Hori gutxi ez, eta egun batzuk beranduago, Ertzaintzak kargatu egin zuen Athleticen partida osteko batean, Bilbon, eta gomazko pilota batek Iñigo Cabacas jo zuen buruan. Kolpeak lesio larriak eragin zizkion garezurrean eta burmuinean, harik eta hiru egun eta erdi beranduago hil zen arte. Horrez gain, duela bi hilabete eta erdi ez beste, 2011z geroztik PSE-EE inguruko zenbait sozietate diru publikoz hornitu zela jakinarazi zuen Ahoztar Zelaieta kazetariak.


José Ignacio Asensio Bazterra da aurrekari penalak dituen PSE-EEren beste hautagai bat; hain zuzen, Kongresurako Gipuzkoako PSE-EEren bigarren hautagaia. Gipuzkoako Aldundiko  Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua da, baita Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) buru ere. Era horretan, zenbait eskandaluk zuzenean harrapatu dute Asensio. Adibidez, Naiz hedabideak kontatu eran, 2020ko maiatzean amoniako kopuru handi bat Zubietako (Gipuzkoa) Arkaitzerreka errekara isuri zela argitaratu zen, eta horrek larri kolpatu zuela bertoko ekosistema. Zubietako errauskailuarekin lotu zuten gertakaria, baina Asensiok horixe ukatu zuen. Hainbat herritarrek gertakaria salatu zuten GuraSOS plataformaren bidez, eta Donostiako (Gipuzkoa) 5. Instrukzio Epaitegiak Asensio bera eta lau enpresatako arduradunak inputatu zituen. Izan ere, errauskailuan zegoela produktu kimikoaren jatorria erakutsi zuen ikerketak. Pare bat urte beranduago, beste isuri bat antzeman zuten Zubietan: lixiba-isuria izan zen 2022ko uztailean. Errauskailuaren arduradunak ikertu zituzten berriro ere, eta 2025eko urrian hamazazpi arduradunek deklaratu behar izan zuten. Asensio ez zuten inputatu ordu hartan, baina GHK da instalazio horren titularra. Azkenik, 2023ko urrian Gipuzkoako Fiskaltzak zuzenean jo zuen Asensioren saila. Izan ere, 5.500 lixiba tona Zubietatik Nafarroara eta Bizkaira mugitu izana leporatu zioten politikariari, eta ingurumenaren aurkako eta dokumentuak faltsutu izanagatiko delitu zantzupean ikertu behar izan zuten. Azkenerako, kasua artxibatu zuten, eta GuraSOSen errekurtsoa ezeztatu zuen epaileak, orain dela urte erdi.


Bestalde, Inaxio Illarramendi Lizarreta da PSE-EEren Gipuzkoako laugarren hautagaia; Zarauzko zinegotzi da gaur egun. Illarramendik duela bi urte jarri zuen bere burua foku mediatikoan, Zarauzko (Gipuzkoa) Hiruputzu Gaztetxeko bi kideren aurkako salaketa ipini zuenean Ertzaintzaren komisarian: zenbait egun lehenago, Gaztetxera bertaratu zen Illarramendi musika-kontzertu batez gozatzeko, baina Gaztetxeko zenbait kidek adierazi zioten ez zela ongi etorria bertan; besteak beste, Zarauzko Gaztetxea urte gutxi lehenago desalojo-arriskuan egon zenean, proiektua birkokatzeko aterabide bat lantzearen kontra bozkatu zuen udalean bere alderdiak, PSE-EEk. Bada, hurrengo egunean gertatutakoa salatu zuen udal-taldeen aurrean, Gaztetxearen aurkako kanpaina mediatiko handi bati bide egin zion masa-hedabideetan, eta handik gutxira aurkeztu zuen Gaztetxeko bi pertsonaren kontrako salaketa poliziala.


PSN: lotura enpresarialak eta gardentasun falta


Nafarroara etorrita, PSNko bi hautagai ageri zaizkigu zerrendan. Batetik, Elma Saiz Delgado (Kongresurako alderdiaren lurraldeko lehen hautagaia), eta Juan Cruz Cigudosa García bestetik (zerrenda horretan bigarrena). Saizi dagokionez, aurrekari penalik ez badu ere, zenbait polemikak jo dute politikari sozialista (Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburu izandakoa da): lehenik, 2023ko abenduan, IMEL Consultoría Jurídico Tributaria enpresak pandemian zehar zenbait diru laguntza publiko jaso zituela argitaratu zen. Saizek enpresa horren partizipazioak eduki zituen, baina ostera akzioak 2019an saldu zituela alegatu zuen PSNko kideak. Bigarrenik, bitan ezarri dizkio zigorrak Hauteskunde Batzordeak; bai "hausnarketa-eguna" ez errespetatzeagatik (Salvador Illa PSCko hautagaiarentzat eskatu zuen botoa 2024ko maiatzean), bai egitura publikoen "izaera neutrala" ez errespetatu izanagatik (aurtengo otsailean bertan). Berriki, politikariak NICDO sozietate publikoarekin duen harremana berriro ikertzea galdegin du akusazioak, Sendaviva parkea berritzeko lanetara bideratutako dirua dela eta. Aurrez, NICDOko administrazio kontseiluko kide izan zela argitu zuen Saizek, baina ardura politikoak eduki aurretik betiere.


Cigudosaren kasuan, behin agertu da foku mediatikoan. Unibertsitate eta Berrikuntza Digitaleko sailburu zela, hainbat alderdik berezko zereginetan atzerapena leporatu zioten 2023ko urtarrilean, 28 espediente garaiz argitaratu ez zituela argudiatuz. Kasu harengatik gardentasun faltagatik kritikatu zuten Cigudosa.