AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/15 10:16

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma aurkeztu dute asteburuan, 43 herritarren kontra martxan diren prozesu judizialak direla-eta. Vox alderdi faxistak iazko apirilean Azpeitian egindako agerraldi baten aurka, jende andanak egin zuen protesta kalean, eta 20 lagun deitu zituzten deklaratzera horregatik; gainera, Azpeitiko Gaztetxearen 20. urteurrenaren bueltan sortutako muntaia poliziala tarteko, 23 gazte ikertuak izaten ari dira, eta laster deklaratu beharko dute epaitegian.

Prozesu judizial horien aurrean elkartasuna antolatzeko asmoz sortu dute Azpeitia Errepresioaren Aurka, eta hiru aldarri nagusi egin dituzte: "herriko pertsonen eta kolektiboen aurkako jazarpen eta presio poliziala" gaitzetsi dute, "beldurra eta desmobilizazioa sortzea helburu duten muntaia mediatikoak eta kriminalizazio-kanpainak" salatu dituzte, eta "estatuak faxismoarekiko duen konplizitatea eta antifaxisten aurkako errepresio sistematikoa" seinalatu dituzte.

"Argi eta garbi adierazi nahi dugu prozesu judizial horiek ez direla kasu isolatuak: oinarrizko eskubideak urratu eta adierazpen-, antolakuntza- eta protesta-askatasunak zigortzen dituen eredu errepresibo baten parte dira, estatuaren eta indar polizialaren egiturazko izaera autoritarioa agerian uzten dutenak", azpimarratu zuten plataforma aurkeztean. Jopuntuan dauden pertsona guztiak babesteko, "adierazpen-, antolakuntza- eta protesta-eskubideak defendatzeko" eta "elkartasuna antolatzeko" sortu dute Azpeitia Errepresioaren Aurka, eta mobilizazio-deialdi bat egin dute hilabete honetarako: manifestazio bat izango da abenduaren 27an, 19:00etan plazatik hasita, Errepresioaren aurrean, klase-elkartasuna lelopean.

Bi prozesu martxan

Joan den udakoa da zabalik dagoen prozesu judizialetako bat. Gaztetxeko urteurrenean, pertsona batek edukiontzi batean errotulagailu batekin idatzitakoa ("ACAB") hartu zuten aitzakiatzat poliziek, azpeitiar hori isuntzeko eta, gero, isun horren aurrean kexatu ziren lagunen aurka oldartzeko. Udaltzainek deituta, Azpeitiko Alde Zaharra ertzainez bete zuten goizaldean, eta dozenaka gazte jazarri eta kolpatu zituzten. "Muntaia mediatiko izugarria egin zuten hainbat komunikabidek hurrengo egun eta asteetan, herriko gazteria kriminalizatzeko helburuarekin", ekarri du gogora plataformak. Gertakari horiei lotuta, 20 pertsonak deklaratu beharko dute aurki.

Bigarren auzia 2024ko apirilekoa da. Vox alderdi faxistak hauteskunde-kanpainan herrian jarritako propaganda-postua zela-eta jende ugari batu zen Alde Zaharrean, eta haien aurka egin zuen Poliziak, Voxekoak babestuz. Alderdi faxistak jarritako salaketa tarteko, herriko 23 lagunek deklaratu behar izan dute epailearen aurrean, eta Voxekoek egingo dute laster. 

"Faxismoaren hedapena errealitate ukaezina da, eta inpunitate osoz esku hartzen du kaleetan. Guk, honen aurrean, faxismoaren aurka antolatzeko eta borrokatzeko beharra eta zilegitasuna aldarrikatu nahi ditugu", dio Azpeitia Errepresioaren Aurkak: "Ideia arrazistak, indarkeria matxistaren ukapena, euskararen kontrako jarrera zapaltzaileak, langileriaren eskubideen kontrako neurriak edota frankismoarekiko atxikipena dira Vox bezalako mugimenduak ezaugarritzen dituztenak, eta horiek ezin dira inolaz normalizatu".

EZ DAGO IRUZKINIK