AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Cintruenigon, bi emakume labanarekin mehatxatu ditu haietako baten bikotekide ohiak
Neska lagun ohiaren etxera sartu zen gizona, eta bi labana hartuta egin zien mehatxu berari eta berekin zegoen lagun bati. Duela aste gutxi ezarri zioten bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua.
2022ko otsailaren 7
Cintruenigon, bi emakume labanarekin mehatxatu ditu haietako baten bikotekide ohiak

Iragan larunbatean jakinarazi zutenez, Cintruenigon (Nafarroa) emakume bati eta bere lagunari eraso zien emakumearen bikotekide ohiak. Neska lagun ohiaren etxera sartu zen erasotzailea, bi emakumeak barruan zeudela. Gela batean babestu ziren biak, kisketa itxita. Orduan, sukaldetik hartu zituen bi labana gizonak, eta horiekin jo eta sastakatu zuen gelako atea. Foruzainei deitu zieten emakumeek, eta haiek etxera bertaratzean atxilotu zuten gizona.

Duela aste gutxi, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua ezarri zioten erasotzaileari, baina hura hautsita eraso zion.