AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Azken egunetan gutxienez bost emakumeri eraso diete Gasteizen, Irunen eta Zornotzan
Irungo taberna batean ukituak egin zizkion gizon batek emakume bati, eta Zornotzan, berriz, bi emakumeri eraso zieten kalean, gauez. Gasteizen, bestalde, bi emakumeri eraso zieten beren bikotekideak kasu batean, eta bikotekide ohiak bestean.
2022ko ekainaren 14
Azken egunetan gutxienez bost emakumeri eraso diete Gasteizen, Irunen eta Zornotzan

Joan den asteburuan, gutxienez bost emakumek jasan dituzte eraso matxistak Euskal Herrian. Batetik, larunbat goizaldean, gizon batek ukituak egin zizkion emakume bati Irungo (Gipuzkoa) taberna batean, jai-giroan. Emakumearen lagun batek eman zuen abisua, eta atxilo eraman zuten erasotzailea.

Bestetik, Zornotzan (Bizkaia), bi emakumeri eraso zieten igande goizaldean. 04:30ak aldera, Larrea auzoan, gizon bat jarraika zuela ohartu zen emakume bat, eta ihes egin behar izan zuen. Etxera heltzean eman zien gertatutakoaren berri udaltzainei. Handik gutxira, eta ingurune berdinean, beste emakume bati egin zion eraso gizon batek.

Gasteizen (Araba), gainera, bi gizon atxilotu dituzte asteburuan, genero indarkeriagatik. Larunbatean bikotekideari eraso zion 22 urteko gizon batek Gasteizko Alde Zaharrean, eta igandean, berriz, neska lagun ohiaren aurka jo zuen 41 urteko gizon batek, Aldabeko etxebizitza batean.