Zizurko ikasle andana mobilizatu da, irakasle erasotzaile baten aurkako epaiketa hasi denean

Atzo hasi zen Zizur Nagusiko (Iruñerria, Nafarroa) institutuan aritu zen irakasle baten aurkako epaiketa. Gizonezkoak aitortu duenez, 41 emakume grabatu zituen ezkutuan, gehienak ikastetxe horretako ikasleak; 30 inguru. Horrez gain, baina, bere etxetik eta hainbat komertziotan ere grabatu zituen hamar bat emakume. Gero, irudi horiek adimen artifizialarekin manipulatu zituen, biktimak biluzik ager zitezen. Fiskaltzak 180 urteko kartzela-zigorra eskatzen du beretzat.

2023ko urrian atera zen argitara kasua, erasotzailearen bizilagunetako bat konturatu zenean kamera bat heltzen zela bere etxeraino, pita-hari bati lotuta. Gizonaren beste bizilagun baten irudiak topatu zituzten gailuan; 13 urte baino ez zituen orduan. Gerora jakin zen IES Zizurko hainbat ikasle eta irakasle grabatzen ere aritu zela, baita beste hainbat emakume ere, denda batzuetako aldageletan.

Atzo bertan, epaiketa hastearekin batera, Zizur Nagusiko ikasle ugari mobilizatu ziren, hezkuntzan ere indarkeria matxistaren aurka borroka egingo dutela adierazteko. Iruñerriko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) azaldu duenez, "guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea eta erasotzaileen inpunitatearekin amaitzea", eta beharrezkotzat jo zuen "ikasleok bide horretan antolatzen eta borrokatzen jarraitzea".

Institutuko beste irakasle batek argitaratutako komentario matxistak eta faxistak ere salatu zituen mobilizazioan IASek. "Ezin dugu utzi irakasle erasotzaileen inpunitatea normalizatu dadin, eta jarrera horiei aurre egin behar diegu", seinalatu zuen. Horrekin batera, ikastetxeko zuzendaritzak kasu horien aurrean hartu izan duen jarrera kritikatu zuen ikasle-antolakundeak: "Antolatzen diren ikasleei mehatxu egin, ikasleria isilarazi, gertatzen dena isilarazi...".

Irungo beste irakasle bat, ikerketapean

Bestalde, atzo bertan komunikabide ugarik eman zioten ahotsa Irunen (Gipuzkoa) jardun zuen beste irakasle bati: ikerketapean dago 13 eta 15 urte arteko hiru ikasleri dirua eta opariak eskaintzeagatik, sexu-harremanak izatearen truke. Ikasle ohi batek jakinarazi duenez, irakasle horrek pornografia ikusarazten zien bere klaseetan, eta komentario sexualak egiten zizkien. Gipuzkoako Fiskaltzak 22 urterainoko kartzela-zigorrak eskatzen ditu beretzat.