ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
EH Bilduko Mertxe Aizpurua eta Ion Iñarritu, eta ERCko Gabriel Rufian. FOTOGRAFÍA / EFE
2024/12/19 22:14

Atzoko bozketaren ostean, Espainiako Estatuan errealitate bat da Justiziaren zerbitzu publikoaren eraginkortasunari buruzko Legea, horren parte diren xehetasun guztiekin. Neurri sortaren parte da, esaterako, okupazioaren aurkako lege-aldaketa bat: aurrerantzean prozedura bizkorraren bidez epaituko dituzte okupazio kasuak, eta azkarrago etorriko dira etxe-kaleratzeak edo bestelako desalojoak.

EAJk proposatu zuen okupazioa modu eraginkorragoan zigortzeko neurria, eta aldakorra izan da proposamen horren aurrean alderdi parlamentario batzuek erakutsi duten jarrera, bai eta euren botoa ere. Paradoxikoa badirudi ere, nagusiki ezkerrekotzat jotako taldeek babestu dute legea, eta baztertu egin dute eskuinekoek. Ikus dezagun zer posizio izan duten alderdi nagusiek.

EAJ

Prozedura Kriminalaren Legea aldatzeko emendakin bat aurkeztu zuten jeltzaleek. Azaroaren 14an, lege-proiektuari osorik bide egin ziotenean, EAJko eledun Aitor Estebanek modu tranpatian esan zuen "okupazioarekin amaitzea" dela helburua, baina horrek ez duela "zerikusirik etxe-kaleratze kasuekin". Ekimena justifikatzeko, okupazioaren inguruko mamua zabaltzen aritu zen Esteban, Portugaleten (Bizkaia) ustez okupazio bat jasan zuen andre bat aipatuta: esan zuen neurri berriak "pertsona kaltetuei" lagunduko diela "euren etxebizitza lehenbailehen berreskuratzen".

EH Bildu

Azaroaren 14an, neurri sortaren eta, beraz, okupazioaren aurkako neurriaren alde bozkatu zuen EH Bilduk. Gero esan zuen "akatsez" eman zuela aldeko botoa, eta bere esku zegoen guztia egingo zuela hutsegitea konpontzeko. Aukera izan duenean, baina, ez du egin: Kongresuan bigarrenez bozkatu behar izan duenean, atzo bertan, berriz bozkatu du baietz.

EH Bilduko Ion Iñarritu sionistaren adierazpenak lausoak baina esanguratsuak izan ziren atzo: mantendu zuen "nahasi" egin zirela azaroan alde bozkatu zutenean, baina gaineratu zuen lege-proiektua "konplexua" dela bere osotasunean eta "pozgarria" dela erakunde espainiarretan azkenerako erdietsi duten akordioa, Justiziaren zerbitzu publikoaren eraginkortasunari buruzko Legeari dagokionez.

Podemos

Alderdi morearen esanak aldatu egin dira egun batetik bestera. Ez zuen lege-proiektua babestu azaroaren 14an, are gehiago: mehatxatzeko plantak egin ditu hainbat egunez, esanez atzera botako zuela neurri sorta osoa, "zuzenean pertsona zaurgarriei eragiten" dien okupazioaren aurkako neurria baztertzen ez bazen. EAJren emendakinaren alde bozkatu zuten taldeak kritikatu ditu Ione Belarrak, gainera.

Une erabakigarrian, ordea, betikoei huts egin die Podemosek: atzo bere botoa aldatu zuen eta testua oso-osorik onartu zuen. Aldaketa justifikatzeko, esan zuen gobernuak "neurri sozial berriak" iragarri dituela, hala nola, "kolektibo zaurgarrien etxegabetzeak" beste urtebetez eteteko errege-dekretu bat eta "garraiorako laguntzak".

PSOE/Sumar

Lege-proiektua Kongresuan onartu eta Senatura eraman zutenean, betoa jarri zion PPk, eta gogor kritikatu dute hori bai Podemosek bai PSOEk, azpimarratuz "Justizia modernizatzeko arau gako bat blokeatzen" ari zela. Azaroaren 14an neurri sortaren aurkako jarrera bat antzeztu zuen PSOEk, eta ez zuen aldeko botoa eman. Gerora, baina, kezka erakutsi du Podemosek egindako blokeo-mehatxuekin, eta adierazi du "formulak bilatzen" ari zela testua osorik onar zedin. Atzoko behin betiko bozketan, azaroan emandako botoa aldatu eta baietz bozkatu zuen gobernu-alderdiak.

PSOEk bezalaxe jokatu du Sumar taldeak: ez zuen lege-proiektuaren alde egin azaroan, baina bai atzo.

PP

PPk neurri sortaren alde bozkatu zuen azaroan. Gero, baina, betoa jarri zion Senatuan, eta botoa aldatu zuen atzo: ez zuen testua babestu. Irrigarria dirudi, baina PPk argudiatu zuen, besteak beste, lege berriak babesgabe uzten dituela indarkeria matxistaren biktimak. 200 emendakin baino gehiago aurkeztu ditu, eta horiei entzungor egin zaiela salatu du.

Kataluniako Junts eta ERC alderdiek mantendu egin dute aldeko botoa, bai azaroaren 14an bai atzo, abenduaren 19an.

NO HAY COMENTARIOS