Azken urtean Gazako Zerrendan muturreraino biziagotutako erasoaldiaz gain, Zisjordanian ere okupazioa areagotzeko lanekin jarraitzen du Israelgo Estatu terroristak: zazpi kokaleku berri eraiki ditu Zisjordanian B zonaldetzat jotzen den eremuan. Osloko Akordioen arabera, Palestinako Agintaritzaren mende dago zona hori. 30 urte igaro dira ituna sinatu zenetik.
Nazioartean hitzartutako mugak inpunitate osoz urratzen ditu Israelgo Estatuak. Siriako Golango Gainetan ere areagotu du okupazioa, muga inbaditu baitu Bashar al-Assaden gobernuaren erorketaz baliatuta. Siriako Armada Arabiarraren (SAA) baliabideak bonbardatu ditu, gainera. Golango Gainetan kolono kopurua bikoizteko asmoa adierazi dute agintaritza sionistek, eta, horretarako, 40 milioi shekel (10 milioi euro inguru) bideratuko dituzte.
Zisjordanian, egonleku berrietatik bost oso "aurreratuta" omen daude. Belen ekialdean daude horiek, eta Ramala inguruan beste biak. Nazioarteko itunen arabera, Israelgo Estatuak, berez, ez du bertan egoteko berme juridikorik, baina kolonoek aurrera egin dute hala ere. Bakea Orain erakundearen arabera, kolono sionistek diru-bilketa kanpainak abiatu dituzte B zonaldean, kokalekuen arteko errepideak eraikitzeko.