ACTUALIDAD / Itaia
Uztailaren 4an mobilizatzera deitu du Iruñerriko Itaiak, sanferminetako talde-bortxaketaren 10. urteurrenean
Jaietan kaleak hartzeko eta eraso matxistei kolektiboki erantzuteko beharra nabarmendu du Emakumeen Antolakunde Sozialistak. Aurten beteko da hamarkada bat bost gizonek emakume bat taldean bortxatu zutenetik, Iruñeko sanferminetan.
2026eko ekainaren 22 - 10:21
Uztailaren 4an mobilizatzera deitu du Iruñerriko Itaiak, sanferminetako talde-bortxaketaren 10. urteurrenean

"Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko unea" dela aldarrikatuz, mobilizazio-deialdi bat egin du Iruñerriko Itaiak datorren uztailaren 4rako, San Fermin jaien atarirako hain zuzen ere. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da manifestazioa udaletxe aurretik, eta "jaietan kaleak hartzeko eta eraso matxistei kolektiboki erantzuteko" beharra azpimarratuko dute, urteurren bati erreferentzia eginez batik bat: aurtengo sanferminetan beteko dira hamar urte bost gizonezkok (tartean guardia zibil bat eta militar bat) emakume bat taldean bortxatu zutenetik eta horren aurka "erantzun irmoa eta jendetsua" eman zenetik, gerora La Manada izena hartu zuen auziaren aurka. "Momentua da indarkeria matxistaren aurka berriz kaleak hartzeko eta bertan posizioak irabazteko", dio Iruñerriko Itaiak.

Sanferminetan emakumeen aurkako erasoak areagotu egiten direla gogoraraziz, eraso matxista ororen aurka erantzutera deitu du antolakundeak. Itaiak berriki egin du agerraldi nazional bat, hain justu, biolentzia matxistaren aurka mobilizatzeko deia zabaltzeko: gogoan izan du aurten lau erailketa matxista izan direla jada Euskal Herrian (horietatik hiru Nafarroan), eta uda garaian larriagotu egiten direla erasoak. "Guztion ardura da erasoei aurre egitea eta erasotzaileen aurka posizionatzea", gaineratu dute antolakundetik.