ACTUALIDAD / Itaia
Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzera deitu du Itaiak
Matxismoaren gogortze testuinguruan eta, konkretuki, uda garaian, eraso matxistei kolektiboki erantzuteko beharra nabarmendu du. Aurten beteko dira hamar urte, sanferminetan, bost gizonek emakume bat bortxatu zutenetik.
2026eko ekainaren 17 - 07:53
Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzera deitu du Itaiak

"Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko unea da", azpimarratu du Itaiak udaren atarian. Emakumeen Antolakunde Sozialistak salatu du azken hilabeteetan izugarriak izan direla argitara atera diren indarkeria kasuak, eta urtea hasi zenetik, gutxienez lau erailketa matxista eta bi hilketa saiakera izan direla Euskal Herrian, azken urteetako daturik okerrena.

Matxismoaren gogortzen ari dela eta hori, besteak beste, ideia faxisten eta matxisten zabalpenaren ondorioz gertatzen dela seinalatu du Itaiak. Izan ere, uste du mezu horien hedapenak "emakumeen kontrako jarrera eta diskurtsoak normalizatzeko eta legitimatzeko testuingurua" ahalbidetu duela; bai kalean, bai sare sozialetan, bai estatu-instituzioetan. Horrekin batera, antolakundeak gogora ekarri du aurten beteko direla hamar urte Iruñeko sanferminetan bost gizonek, tartean guardia zibil batek eta militar batek, emakume bat bortxatu zutenetik eta, horren aurrean, erantzun irmo eta jendetsua izan zenetik gizartean. Itaiak jarraian adierazi du, orain ere, momentua dela indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko eta bertan "posizioak irabazteko".

Uda garaia gainean dela, beraz, eraso matxista ororen aurka egiteko eta antolatzeko deia luzatu du berriz Itaiak, gogoraraziz "jaietan eta bestelako testuinguan ugaritzen eta indartzen" dela biolentzia hori. Gaineratu du "denen ardura dela erasotua babestea eta erasotzailearen kontra posizionatzea", eta mezu irmo bat eman du indarkeria matxistaren aurka: "Aski da".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/itaiasarea/status/2066853449665318994