UTE Bilboko Argiak enpresako langileek greba egin zuten apirilean, kide baten kaleratzea salatzeko eta bera berriz hartzea exijitzeko. Zuzendaritzak ez zituen langileen eskaerak bete eta, maiatzaren 4an, grebari ekin zioten berriro. Bi aste iraun behar zuen grebak hasieran —maiatzaren 25era arte, alegia— baina, zuzendaritzak negoziatzeko asmorik erakutsi ez duela ikusita, lanuztea luzatzea erabaki dute beharginek.
Hitzarmen kolektiboaren inguruko negoziazio eskaerak eragin zuen langilearen kaleratzea eta, beharginek salatu zutenez, haien aurkako "errepresalia" izan zen. Zuzendaritzak negoziazioei etengabe uko egin izanak, langileei ezarritako gutxieneko zerbitzu altuek eta langileen "legez kanpoko zesioek" ezaugarritu dute, besteak beste, Bilboko lan-gatazka hori.