2020. urtea hastearekin batera, bere jardun politikoarekin jarraitzen du Gazte Koordinadora Sozialistak. Asteburu honetan, mintegien laugarren saioari heldu diete GKSko militanteek, eta ehunka lagun bildu dira formakuntza saioetan. Pasa den urrian eman zieten hasiera mintegiei, eta hiru saiorekin itxi zuten urtea. Aurtengo lehenengo saioan, Engelsen Bakuninistas en acción testua landu dute gazteek, 1873. urteko udan Espainiako Estatuan izan zen altxamendua aztertuz, irakaspenak ateratzeko asmoz.
GKSren esanetan, "formakuntza mintegiak, ildo sozialistaren praktika politikoa garatu ahal izateko ezinbesteko espazioak dira; militantziari tresna teorikoak eskaintzeaz gain, militantziak berak gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko, hausnartzeko, eta irakaspen garaikideak ateratzeko". Aurrekoetan bezala, asteburu berean bost saio egin dituzte Euskal Herrian barrena.
Arabaren kasuan, Legutioko Desjabetuon Hotelean izan zen atzoko formakuntza mintegia. Horren ostean, lan egunean jardun zuten bertaratutako gazteek.