Atzo, hilak 25, egun osoko jarduna izan zuten Arabako Gazte Koordinadora Sozialistako kideek Legution (Araba). Goizean goiz elkartu ziren dozenaka lagun, GKSk kideen formakuntzan sakontzeko antolatzen dituen mintegietanparte hartzeko. Militanteak "tresna teorikoz hornitzera" bideratutako mintegien laugarren saioa izan zen atzokoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, "militantzia sozialistari aurkezten zaizkion erronkei aurre egiteko ezinbesteko elementua da formakuntza politikoa eta, Araban ere, norabide horretan trebatzeko espazioak sortzeko ari gara lanean".
Behin mintegia amaituta, bazkaltzeko aukera izan zuten bertaratutako gazteek, arratsaldeko lan egunerako
indarrak hartzeko. Bazkalostean, Legution abenduan birjabetutako Desjabetuon
Hotelean lanean jardun zuten. "Militantzia politikoa
aurrera eramateko espazioak egokitzera bidean, lan egunak tresna
garrantzitsua" direla adierazi dute GKSko kideek; "esfortzu militantea biltzeko eta antolatzeko aukera eskaintzen digute, denbora
laburrean aurrerapen handiak erdiestera bidean". Era berean, lan
teknikoetan trebatzeko aukera ere izan zuten atzo.
Lanen jarraipena, Gazte Sozialisten Topagunera bidean
Desjabetuon Hotelean lan egun ugari izan dira azken hilabetean, baina atzokoa izan zen GKSk herrialdean antolatutako lehena. Martxan jartzeko "bultzada nabarmena" eman zioten atzo guneari; izan ere, datozen aste eta hilabeteetan ekimen garrantzitsuak hartuko ditu Desjabetuon Hotelak, besteak beste, San Blas jaietako (otsailak 1) egitaraua, eta batez ere, Euskal Herriko Gazte SozialistenTopagunea. Topaguneari begira daude dagoeneko Desjabetuon Hoteleko kideak, "proiektua egonkortzeko ezinbesteko ekimena" izango dela iritzita.