Gazte Koordinadora Sozialistako hainbat kidek agerraldia egin dute gaur Donostian (Gipuzkoa), urtarrilaren 29rako antolatu dituzten mobilizazioen berri emateko. Egun horretan Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) kaleak hartzera deitu dute gazteria, Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa gelditu aldarripean egingo diren bi manifestazioetara batuta.
"Pobreziaren gorakada eta eskubideen ezabapenak normalizatzen ari diren garai honetan, komunikabide nagusiek eta alderdi politikoek COVID-19a bihurtu dute etsai nagusi. Gure ustez, horren guztiaren atzean burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa ezkutatzen da", azaldu dute GKSko kideek gaurko agerraldian: "Horren aurrean, pobretzen ari garen gazte sektoreok kalera atera behar dugu eta politikoki antolatzen jarraitu behar dugu, enpresarien eta politikarien fartsatik kanpo".
Bizi ereduen pobretzea, ofentsiba ekonomikoaren eskutik
Batetik, "gazteriaren ia erdia pobreziaren atalasetik gertu" bizi dela nabarmendu du GKSk: "Gure egunerokotasunaren parte bilakatu dira langabezia tasa ikaragarriak, soldata baxuak, lan ezegonkorrak, lan kaleratzeak, aldi baterako lanak… Gutxieneko dirusarreraren bermerik gabe eta bizitzeko oinarrizko produktuen garestitzearekin, bizi eredu pobreak finkatzen hasi dira".
"Pobreziaren gorakada" hori ez dela "kasualitatez gertatzen" ohartarazi du, gainera: "Gizarte kapitalista krisian dago eta burgesiak ofentsiba ekonomikoa jarri du martxan. Langileria lanpostutik bota, soldatak murriztu, lan baldintzak okerragotu, eskubide politikoak ezabatu eta bizi baliabideak garestitu dituzte".
Aurrekari arriskutsuak ofentsiba politikoan
"Burgesiaren ofentsiba ez da soilik ekonomikoa", xehatu dute, bestalde, GKSko kideek: "Gero eta nabarmenagoa da estatuek funtzio errepresiboa betetzen dutela proletalgoarekiko: askatasun faltan eta pobrezian oinarritutako bizi eredura ohitu nahi gaituzte".
Zentzu horretan, azken urtean "oso aurrekari arriskutsuak" ezarri direlakoan dago GKS, "eskubide zibil eta politikoak ezabatzea normalizatzea lortu" dutelako. "Koronabirusaren ideologia sanitarioak horretarako funtzioa ere bete du, horren izenean konfinamenduak, etxeratze agindua, konfinamendu perimetralak, poliziaren jazarpena, kontrol mekanismoak eta bestelako neurri totalitarioak justifikatu dituztelako", gaineratu du: "Basakeria neurri totalitarioen normalizazioa da".
"Enpresari handiak eta politikariak gero eta testuinguru errepresiboagoa sortzen" ari direla dio GKSk, eta horren isla direla "kriminalizazioaren, bazterketaren eta polizia jazarpenaren normalizazioa". Burgesiaren ofentsiba politikoaren barruan kokatu dute hori guztia, azpimarra eginda "neurri politikoen eta ekonomikoen arteko lotura" nabarmenari.
Gazte proletarioen antolakuntza independentea
GKSk azpimarratu du "alderdi politikoen bitartez" ezin zaiola "errealitate horri aurre egin". "Bankari eta enpresari handiek erabaki ekonomiko nagusiak hartzen dituzte eta miseria ekonomikoa sortzen dute, eta alderdi politiko parlamentario burgesek miseria hori kudeatu baino ez dute egiten", salatu du. Gaur egungo alderdi politikoak, hala, "ordena burgesaren zaindariak bihurtu" direla dio.
"Horregatik, beharrezkoa da enpresarien eta beren alderdi politikoetatik kanpo antolatzea. GKS klase independentzia horren adierazpen bat da, gazte proletarioen antolakuntza politikoa bultzatzen duena", zehaztu dute GKSko kideek: "Bankarien, enpresari handien eta politikari profesionalen mundu honi, proletalgoaren antolakuntza independentearen bitartez egin behar diogu aurre".
Beharrezkotzat jo dute, hortaz, "kalera ateratzea, eta promesa faltsuen eta itxaropenik ezaren gainetik proletalgoa batzea". "Gazte proletario bakoitzak bere arazoak baditu ere, beharrezkoa iruditzen zaigu guztion eskubideen alde mobilizatzea. Izan ere, antolakuntza independente indartsurik eta erantzun zuzen eta jendetsurik gabe, ezingo diogu egoera honi aurre egin", azaldu dute.
Gaurko agerraldia, bideoan: