Joan den ostiralean, urriaren 8an, bost egunerako elkargune sozialista bilakatu zen Altsasu (Nafarroa). Egun horretan hasi zen Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea, eta gaur izan du azkeneko eguna.
Hainbat auzi estrategiko lantzeko saioak egin dituzte egun hauetan; besteak beste, krisi kapitalista, Euskal Herriko testuinguru politikoa, zapalkuntzei aurre egiteko metodologia, borroka ekonomikoa ikuspuntu sozialistatik eta askatasun politikoen aldeko borroka izan dituzte aztergai Topaguneko hitzaldi eta mahai-inguruetan. Horretaz gain, aisialdi eskaintza berezia izan da; musika emanaldiak, kirol ikuskizunak, gaitasun zehatzak lantzeko tailerrak, eta abar.
Atzo arratsaldean izan zen ekitaldi politiko nagusia, Gune Nagusiko karpan. Oholtza gainean hitza hartu zuten Gazte Koordinadora Sozialistako eta Ikasle Abertzaleakeko kideek. Preso eta gainontzeko errepresaliatu politiko guztiak gogoan izanda ekin zioten ekitaldiari, eta ozen aldarrikatu zuten amnistia osoa.
Azken bi urteek klase borrokaren gaurkotasuna erakutsi dutela azaldu zuten: "[Burgesiak] Salbuespen egoera politikoak ezarri ditu munduko lurralde askotan, eta ofentsiba ekonomiko eta politikoa bizkortu du, proletalgoaren eskubide zibil, ekonomiko eta politikoak ezabatuz. Alde batean alderdi komunistaren hutsunea dena, burgesiaren totalitarismoa da beste aldean".
Dena den, "errealitate hori ezkutatzen duten ideologiak hedatu" direla seinalatu zuten: "Ideologia horiek klase borroka bera ezkutatzen saiatzen dira eta kapitalismoak berez sortzen dituen arazoak kapitalismoa gainditu gabe konpondu daitezkeenaren ideia zabaltzen dute". Ideologia horiekin hausteko beharrari egin zioten azpimarra GKSko eta IAko kideek.
Heltzen dionak norabide bati
Komunismoa "askatasun unibertsalerako proiektua" dela nabarmendu zuten, "proletalgoaren diktaduraren bidez burgesiari boterea kendu eta gizarte aske baterako baldintza material eta kulturalak ezarri nahi dituena". Hain justu, norabide horretan ari da lanean Mugimendu Sozialista, atzokoan gogorarazi zutenez.
Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak izan direla esan zuten, besteak beste, Kontseilu Sozialisten sorrera: "Demokrazia proletarioaren haziak dira Kontseilu Sozialistak, proletalgoari politikoki antolatzeko aukera ematen diotenak eta militante komunisten sarea handitzen ari direnak".
"IAk eta GKSk ere pausoak ematen jarraitzen dugu, hezkuntza eta gazte esparrutik burgesiaren boterearen aurkako dinamika politikoak antolatuz, eta gero eta jende gehiago antolakuntza komunistara batuz. Esparru desberdinetan, baina norabide berdinean gabiltza lanean Mugimendu Sozialistatik. Ez ahaztu: Mugimendu Sozialistak klaserik gabeko gizarte baten alde egiten du lan, eta ikuspegi estrategiko horren baitan kokatzen ditu gainontzeko auziak", zehaztu zuten atzoko ekitaldian.
"Askatasunerako prozesu politiko hori maila internazionalean gauzatu behar dugu eta, horretarako, alderdi komunista internazionalaren norabidean lanean jarraitu behar dugu", gaineratu zuten. Gazte Topagune Sozialista, hain zuzen, lan horren emaitza delakoan daude, baita "Mugimendu Sozialistaren aurrerapauso horiek ospatzeko momentua" ere.
Hautu bat
Bestalde, komunismoa "giza emantzipaziorako eta askatasunerako proiektua" izanda, "mezu unibertsal baten eramaile" dela ohartarazi zuten: "Komunismoa giza askatasunaren alde dauden milioika pertsonei zuzentzen zaie mundu osoan eta, ondorioz, gu guztioi ere zuzentzen zaigu".
"Militante komunista definitzen duena hautu etiko bat da: norberak, bere gaitasunen arabera, gizateriaren askatasunaren alde lan egiteko borondateak egiten gaitu militante komunista", esan zuten: "Erabaki horren aurrean, era batera edo bestera, guztiok aurkitzen gara uneren batean, eta norberaren duintasuna eta handitasun etikoa bere gaitasunak gizateriaren garapen askearen mesedetan ipintzen dituenean agertzen da".
"Orain arteko garai historiko guztiak klase dominazioaren kapitulu desberdinak" izan direla eta "komunismoak etapa berri bat irekitzea helburu" duela azaldu zuten; hain justu, "askatasunaren erreinuaren etapa, ekoizpen bitartekoen sozializazioan oinarritzen dena".
"Giza historiak zentzurik badu, hori askatasunaren aldeko borroka etengabean oinarritzen da, kontrara, historia klase dominazioaren eta basakeriaren eszenatoki baino ez da bihurtzen. Horregatik, alderdi komunistaren eraikuntzan lanean jarraituko dugu, horren bitartez etorkizunean klaserik gabeko gizartea ezarri arte". Hori argituz itxi zuten ekitaldi politiko orokorra GKSko eta IAko kideek.
- Ikusi hemen urriaren 8ko kronika eta argazki galeria
- Ikusi hemen urriaren 9ko kronika eta argazki galeria
- Ikusi hemen urriaren 10eko kronika eta argazki galeria
- Ikusi hemen urriaren 11ko kronika eta argazki galeria