Israelgo Auzitegi Gorenak joan den ekainaren 25ean eman zuen irizpena, aho batez: aurrerantzean, gazte judu ultraortodoxoak errekrutatzeko aukera izango du Israelgo Estatu genozidak. Denbora luzez izan da sionisten artean desadostasunak sortu dituen auzi bat, baina palestinarren kontrako oldarraldi bete-betean, indar militarrak sendotzen saiatzeko beste pauso bat eman dute agintaritza sionistek.
Auzitegiak esan du ez dagoela "oinarri legalik" haredi gizonezkoak errekrutatuak izatetik salbuesteko. Armada sionistan jarduten ez badute, gainera, hainbat murrizketa ezarriko dizkietela jakinarazi du: aditzera eman du dirulaguntza publikoak kenduko dizkietela errekruta izatera uko egiten dieten judu ultraortodoxoei, hala nola, hezkuntzari edo laguntza sozialari lotutakoak.
Uste da 67.000 inguru direla errekrutatuak izan ahalko liratekeen gizonezko berri horiek (badirudi Israelgo Estatutzat jotzen den eremuan %13 direla haredi deiturikoak); gutxi gorabehera, bost dibisio militar osatuko lituzketenak. Oraindik ez dute argitu, baina, ea guztiak batera deituko ote dituzten armadara, edo gradualki egingo ote duten.
Ehunka helegite
Salbuespen militarrari buruzko agindua martxoaren amaieran agortu zen, baina, otsailerako, helegite ugari aztertzen ari zen jadanik Israelgo Auzitegi Gorena. Izan ere, haredi gizonezkoen salbuespen-egoeraren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten 240 "norbanakok", Arma Anai-Arrebek eta Israelgo Kalitatezko Gobernu baten aldeko Mugimenduak.
Orain arte ultraortodoxoak zerbitzu militarretik salbuetsi dituen agindua ez da lege bat izan, xedapen betearazle bat baizik. Epe jakin bat igaro den bakoitzean berritu izan dute xedapena, indarrean mantenduz, baina badirudi aurrerantzean ez dela hala izango.