Gastu militarrera bideratutako zenbatekoa %25 igotzearekin aski ez eta, NATO osatzen duten gainontzeko estatuek egin bezala, Ukrainari emandako laguntza militarra indartzen jarraituko du Espainiako Estatuko "gobernurik aurrerakoienak". Alemaniak berriki jakinarazi du, beste estatu batzuei Leopard 2 tankeak bidaltzeko baimena emateaz gain, berak ere arma astun horiek helaraziko dizkiola Ukrainari. Bultzada horri heldu eta erabaki berdina hartu du Espainiako Gobernuak: Leopard 2 tankeak emango dizkio Ukrainari, Errusiari aurre egiteko.
Dirudienez, ekarpen hori egin ahal izateko azken xehetasunak lotzen ari da Espainiako Lurreko Armada. El Mundo-ren arabera, Espainiako Estatuak 1998an erosi zizkion 108 tanke Alemaniari, eta horietatik 53 omen daude erabilgarri. Zaragozan dituzte gaur-gaurkoz. Ceutan eta Melillan ere badituzte zenbait tanke, baina erabilera ematen omen zaie han.
Tankeen bidalketari buruzko hautua ez da Diputatuen Kongresuan eztabaidagai izango. Gobernuak argi esan du "aliatuekin egotea" eta, zehazki, "Ukrainarekin egotea" dela bere erabakia. Pedro Sanchez Espainiako presidentea izan zen Ukrainari Leopard 2 tankeak eskaintzen aurrenekoa, uda aurretik. Gerora, baina, arma astun horiek "egoera negargarrian" zeudela esan zuen Margarita Robles Defentsa ministroak. Azkenean, badirudi egoera onean daudela horietako batzuk, eta Ukrainak erabili ahal izango dituela aurki.
Mendebaldeko estatuek Ukraina armatzen jarraitzeko egindako mugimenduen harira, irmo hitz egin du Errusiak: berriz jo ditu "probokaziotzat" NATOren azken esku-hartzeak, eta ohartarazi du suntsitu egingo dituela Ukrainara bidalitako tankeak, Leopard 2 ibilgailuak edo Amerikako Estatu Batuen Abrams tankeak kasu. Errusiak behin eta berriz esan du gatazka "kualitatiboki" areagotu dezaketela Ukraina gehiago armatzeko mugimenduek.