ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Volodimir Zelenski (X)
2025/06/03 08:35

Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak akordio batera iritsi ziren atzo, alde bakoitzeko gutxienez 1.000 gerra-preso (zauritu larriak, gaixoak eta 18 eta 25 urte arteko soldadu gazteak barne) eta gerran hil diren 6.000 militarren gorpuzkiak trukatzeko. Rustem Umerov Ukrainako Defentsa ministroak eman zuen akordioaren berri Istanbuletik, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak baieztatu egin zuen informazioa. Gainera, beste 200 pertsonako truke gehigarri bat aztertzen ari direla ere esan zuen, preso politikoak edo kazetariak barne har ditzakeena, UNIAN agentziak jasotzen duenez.

Akordioa Turkian egindako elkarrizketa-txandaren baitan adostu dute, eta su-eten baterako proposamenak ere jorratu dituzte bertan. Vladimir Medinski Errusiako ordezkaritzaren buruaren arabera, Moskuk "bizpahiru eguneko" su-etena proposatu du, "eremu grisetan" gorpuak berreskuratzea ahalbidetzeko. Bestalde azaldu duenez, Errusiak datorren astean entregatuko ditu soldadu ukrainarren gorpuzkiak, DNA proben bidez identifikatu dituztela ziurtatuz. Baieztatu du, gainera, su-etena lortzeko eta bake-itun bat sinatzeko Errusiak dituen baldintzak zehazten dituen memorandum bat eman diotela Kievi.

Aldi berean, Ukrainak proposatu du ekainaren amaieran egitea goi-bilera bat Zelenskik berak, Vladimir Putinek eta Donald Trumpek, konponbidean aurrera egiteko. "Arazo guztiak liderren mailan konpon daitezke", defendatu du Umerovek.

Halaber, Ukrainako ordezkaritzak zerrenda bat eman dio Errusiari: ustez, bertan ageri dira 2022ko otsailetik Errusiara "deportatu" dituzten adingabeen izen-abizenak. Andrei Yermak Ukrainako presidentearen bulegoko buruak adierazi duenez, "benetako fede ona ez dira hitzak, ekintzak baizik", eta haur horien itzulera "bake justu eta iraunkor baten zati integrala da". Errusiak ez du oraindik erantzun ofizialik eman.

NO HAY COMENTARIOS