ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/03 14:47

Aurreko astean izan ziren Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) errektoretzarako hauteskundeak. Errolda osoaren %78 abstenitu zen bozetan, baina bozkatu zutenen artean Joxerramon Bengoetxea hautagaia nagusitu zen. Bera izango da, hortaz, EHUko errektorea hurrengo sei urteetan. Gaur goizean, Gasteizko (Araba) campusean elkarretaratu dira ikasle ugari, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) deituta: doako unibertsitatearen aldeko aldarri argi bat egin dute.

UIBk ikasturtea hasi zenetik egindako exijentziak babestu dituzte berriz: EHUn bekak hobetu ditzatela eta matrikulen prezioak jaitsi ditzatela eskatzen ari dira. Hauteskundeetan parte hartu zuten ikasleen bikoitzak babestu dituzte UIBren aldarri horiek: azaroan 10.000 baino gehiago ziren exijentzien alde sinatu zutenak, eta beste 500 bat sinadura gehiago bildu dituzte ordutik.

Negoziazio-mahai bat sortzeko eskaera

Doako unibertsitate batera bidean egindako eskaerek zer nolako babesa jaso duten ikusita, UIBk errektore berriari eskatu dio negoziazio-mahai bat eratu dadila, aldarriei buruz hitz egiteko eta horien aldeko pausoak emateko. "Errektore berriak hauteskunde-kanpainan zehar hainbat promesa egin ditu, matrikulak merkatu eta bekak hobetuko dituela esanez eta ikasleon baldintza politikoak hobetuko dituela esanez", gogorarazi dute UIBko kideek. Uste dute "bere hitza betetzeko" unea dela orain.

Unibertsitatea, gero eta garestiagoa

UIBk ohartarazi du, berriz ere, "gero eta garestiagoa" dela unibertsitatean ikastea, "langile familion erosahalmena gero eta txikiagoa den bitartean". "Unibertsitate-eredu honek enpresen interesak lehenesten ditu ikasleok eta langileok bazter utziz: matrikulak garestiagoak dira aurrekontuak inoiz baino handiagoak direnean, eta bekak inoiz baino ikasle gehiagok behar dituen testuinguru batean". Azaldu du, hala, ikasleen %65ek ez daukatela beka bat eskatzeko aukerarik, eta horretarako aukera dutenen artean ere %53ri ukatzen dizkietela dirulaguntzak.

"Unibertsitatea ikasleon eta langileon interesetara egon behar da, sarbidea ikasle guztiok eduki behar dugu bermatuta eta, horretarako, ezinbestekoa da doako unibertsitatearen bidean borroka egitea eta pausoak ematea", aldarrikatu dute. Horretan ari da lanean UIB, eta beharrezkotzat jo du mobilizatzen segitzea, "gure baldintzak hobetzea nahi badugu". "Aldaketak borroka bidez lortzen dira eta, beraz, presioa egiten nahiz mobilizatzen jarraitzeko gure konpromisoa adierazi nahi dugu", dio.

NO HAY COMENTARIOS