ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/30 15:04

Agerraldi bateratu bat egin dute Ipar Euskal Herriko Itaiak eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritako gaztetxeek eta kolektiboek, ziztada bidezko erasoak direla-eta. "Azken asteetan biderkatzen joan dira xixta bidezko erasoak; Bidarten, Baionan, Arangoitzen, Donibane Lohizunen, Mugerren eta beste hainbat lekutan gertatu dira, denak festa giroan", azaldu dute. Frantziako Estatuan, "festak berriz hasi direnetik", eta hiru hilabeteko epean, 450 aldiz salatu dituzte mota horretako erasoak. 

Herri ugaritako jaien atarian egonik, Itaiak azpimarratu du premiazkoa dela antolatzea, "xixta bidezko erasoak ez daitezen normalizatu". Hain justu horregatik egin dute agerraldia, "egoera salatzeko eta horren kontra borrokatzeko tresnak eraikitzeko asmoz". "Ez dugu beldurra anplifikatu nahi, [...] egoeraren berri ematearekin batera, horren kontra egiteko baliabideak eraikitzeko beharra azpimarratu nahi dugu", gaineratu du.

"Emazte langileek beste gizarte bat eraiki nahi dugu, zeinetan ez dugun erasorik jasanen, eta horren bidean, erasotua babestu eta erasoen aitzinean antolatuko gara", jakinarazi dute Itaiako kideek: "Babesa antolatzeaz gain, erasotzaile horiei kontra eginen diegu, eraso horiek eta erasotzaileek ez baitute inongo lekurik". "Festa modu seguruan egin ahal izateko, zaintza eta babesa antolatzera eta erantzunak modu sistematikoan ematera dei egiten dugu", aldarrikatu dute.

Emakumeak jopuntuan

"Gizarte honetan emazteak bigarren mailan diren heinean, fenomeno horrek [ziztada bidezko erasoen fenomenoak] gehienbat emazteak arriskuan jartzen ditu", seinalatu dute: "Jadanik ekonomikoki, kulturalki eta politikoki ahuldua den subjektua, oraindik eta zaurgarriago bilakatzen du".

Itaiako kideek azaldu dute, gainera, hainbatetan sexu-erasoak ere izaten direla ziztada bidezko erasoen eskutik. Haien esanetan, gizarte kapitalistak "hedatzen" duen ideietako bat da "emazteen gorputzarekin nahi dena egin" daitekeela, eta horrek emazteak "erasotu potentzial bihurtzen" dituela salatu dute. "Eraso bakoitzak sistema kapitalista elikatzen du, beharrezkoa baitzaio bere funtzionamenduarentzat", diote.

Arazoaren erroa

"Xixten fenomenoa ez da arazo isolatu bat, harreman kapitalisten bortizkeriaren ondorio da", zehaztu du Itaiak: "Horretarako, nondik heldu den ulertzeko, errora jo behar dugu, errotik buru egiteko". Gogorarazi du "erasoei kontra egiteko espazioak eta bitartekoak sortu" dituela Itaiak, eta horrekin lotzen dituela "festetan gertatzen diren erasoen prebentzioa, erasoen kudeaketa eta horien salaketa tresnak".

NO HAY COMENTARIOS