Hasi da uda eta, horrekin batera, zenbait lan-sektoretan, biziagotzen hasiak dira lan-baldintza miserableak; esaterako, turismoari lotutako lanetan, ostalaritzan edota haurren zaintzan. Horri lotuta, uda garaian ere lan-baldintzak borrokatzera deitu dute Euskal Herriko kostaldeko hainbat Laneko Autodefentsa Sarek; hain justu, Lea-Artibaikoak, Urola Kostakoak, Donostiakoak, Busturialdekoak eta Bidasokoak.
Seinalatu dute udan, eta turismoaren gorakadarekin bereziki, ohikoa dela behin-behineko kontratuak, kontraturik gabeko lanak, ordaindu gabeko ordu estrak, lan-hitzarmenen urraketa, atseden falta edota ordutegi bereziki gogorrak nagusitzea eta hedatzea hainbat lanetan, baita lana bera areagotzea ere. "Urte osoan zehar pairatzen ditugun lan-esparruko arazo eta baldintza txarrei, udako lan-merkatuak dituen ezaugarri eta arazo propioak ere gehitu behar zaizkie", zehaztu du Busturialdeko Laneko Autodefentsa Sareak.
Urola Kostako Laneko Autodefentsa Sareak salatu du, gainera, "oso hedatuta" dagoela "sufritu egin behar denaren ideia, esaterako, gazte langileon kasuan". "Urteko garai honetan diru-sarrera gehigarriak lortzearen aitzakiapean, badirudi langileok edozer onartu behar dugula", gaineratu du. "Ez diezagutela saldu, uda izateagatik, lanean gehiegikeriak pairatzea onargarria denik", nabarmendu du Bidasoko Laneko Autodefentsa Sareak.
Udako lan asko aldi baterakoak izateak, gainera, antolatzeko zailtasunak are gehiago handitzen dituela uste dute, eta horregatik ere egin dute borrokarako dei ozen bat. "Udako lanek ez dezatela lan-baldintzen urraketa normalizatu, eta aldi baterako lanak ez daitezela izan antolakuntzarako oztopo", aldarrikatu du Donostiako Laneko Autodefentsa Sareak.
Tailerrak
Laneko Autodefentsa Sareek zenbait ekimen antolatu dituzte udako lanak borrokatzeko deiari lotuta. Busturialdean, Gazte Koordinadora Sozialistarekin elkarlanean, jardunaldi bat egingo dute gaur arratsaldean: ostalaritzako langileen eta begiraleen lan-eskubideak argituko dituzte, eta lan- eta bizi-baldintzen borrokari buruz hausnartuko dute, besteak beste.
Lea-Artibain ostalaritzako lan-itunari buruzko tailerrak egingo dituzte Mutrikuko (Bizkaia) Gaztetxean eta Ondarroako (Bizkaia) Guzur Etxean; uztailaren 5ean eta 6an, hurrenez hurren.
Urola Kostan aurreko astean egin zituzten nominak irakurtzen ikasteko tailerrak, Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialistan eta Zarauzko (Gipuzkoa) Gaztelekuan.
Harremanetan jartzeko
Aipatutako Laneko Autodefentsa Sareek, gainera, harremanetan jartzeko deia egin diete lanean aipatutako arazoak eta baldintzak jasaten ari diren beharginei. Guztiek dituzte posta elektronikoa nahiz telefono zenbaki bat erabilgarri: las.leartibai@gmail.com edo 602 659 783 Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sareak, las.urolakosta@gmail.com edo 622 218 525 Urola Kostakoak, las.busturialdea@gmail.com edo 618 699 346 Busturialdekoak, las.bidasoa@gmail.com edo 613 855 897 Bidasokoak, eta las.donostia@gmail.com edo 623 319 927 Donostiakoak.