ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Azaroko grebako irudiak. Argazkia: ELA
2021/01/20 11:40

Urtarrilaren 26rako grebara deitu dute Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan soldatapeko zaintza lanetan. Joan den azaroaren 17an egin bezala, "eredua aldatzea" beharrezkoa dela nabarmenduko dute: beharginen baldintzak hobetzea eta langile gehiago kontratatzea, besteak beste, "zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa" izan dadin.


Horretarako, adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan, etxez etxeko laguntza zerbitzuan, tele-asistentzian, desgaitasuna duten pertsonentzako arreta zentroetan, adingabeen zentroetan nahiz zaintza lanekin lotutako bestelako eremuetan egin dute grebarako deia, besteak beste, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.


Egoeraren inguruko hainbat adibide azaldu dituzte deialdian. Esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundia ordezkapen eta erretiroak pribatizatzen ari dela Kabia organismo autonomoan eta Egogain foru-egoitzan. Etxez etxeko langileen kasuan, berriz, pandemia garaian egin gabeko orduak berreskuratzeko eskatzen ari dira beharginei, zerbitzu horiek kontratatzen dituzten udalen oniritziarekin. Antzeko kasuak salatu dituzte Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere.


Zazpi eskari zehatz


Zazpi eskakizun zehatz egingo dituzte datorren astearteko greban:


  • Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa.
  • Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea.
  • 10.000 profesional gehiago kontratatzea eta lanaldia %100eraino luzatzeko aukera izatea.
  • Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.
  • Zuzeneko arretaren ratioak hobetzea.
  • Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak hartzea.
  • Langileen osatze emozionalerako planak abiatzea.


Elkarretaratzea gaur, Bilbon


Sektoreko langileen borrokari babesa adierazteko eta erresidentzietan dauden pertsonen defentsan, elkarretaratzera deitu dute Bilbon (Bizkaia) gaur arratsalderako; hain zuzen, egoiliarren senideek, Babestu elkarteak eta Bizkaiko pentsiodunek.


17:00etan hasiko dute mobilizazioa Moyua plazatik, Diputazioaren egoitzara joateko. Azken egunetan, Bizkaiko egoitzetan COVID-19 kasu ugari atzematen ari direla ohartarazi dute (Muskizen, adibidez), bai egoiliarren bai langileen artean, eta horietan esku hartzeko eskatuko diote Foru Aldundiari.