ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Periódico
2025/01/08 12:16

Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez presidenteak gidatuta, Espainia: 50 urte askatasunean lelopean inauguratu ditu erregimen frankistaren "amaiera" eta "demokraziarako Trantsizioaren" hasiera ospatzeko ekitaldiak. Horrela, Espainiako Estatuan azken bost hamarkadetan ezarri den Trantsizioari buruzko kontakizun ofiziala indartuko du. Hainbat azterlanen arabera, polizia-indarrek, indar parapolizialek eta eskuin muturrekoek 1975etik 1982ra bitartean egindako 200 erailketak jarraitzen dute zigorrik gabe gaur egun. Ikerlari adituek diotenez, errepresioarekin lotutako krimen horien "ahanzturaren eta zigorgabetasunaren gainean sortu zen" Espainiako Estatuko demokrazia , eta "trantsizio-prozesu garbi eta aparteko baten" irudia eman zuen horrek guztiak.

Reina Sofia Museoan antolatutako ekitaldian, Sanchezek "demokraziaren 50 urteak gogoratzearen garrantzia" azpimarratu du, "herrialdearentzat funtsezko eraldaketa bat" izan dela argudiatuta, eta azaldu du ospakizun horrek "totalitarismoaren aurrean askatasunaren defentsa" sendotzea bilatzen duela. Carmina Gustrán historialariak, bestalde, urte osorako programatutako jarduerak zehaztu ditu, Trantsizioaren aurpegia garbitzeko asmoz, gizarte zibileko hainbat sektorek izango duten parte-hartzea nabarmenduz.

Felipe VI .a erregearen falta nabarmenak markatu du hitzordua, dena den: ez omen du bertaratzerik izan, "Errege Jauregian enbaxadoreei harrera egiteko zeremonian hartutako konpromisoagatik". Moncloatik diotenez, erregeak Trantsizioa oroitzeko beste ekitaldi batzuetan parte hartuko du. Hala ere, oposizioko alderdi nagusiak ez dira egon. PPk eta Voxek ekitaldiak gaitzetsi dituzte aurrez, "oroitzak egungo arazoen arreta desbideratzen" duelakoan. Borja Semper PPko bozeramaileak "Francoren irudia egungo politikaren fokua desbideratzeko erabiltzea" leporatu dio Sanchezi. Voxek, berriz, ekimena "nekrofilia zentzugabea" dela esan du.

Eskuineko intelektual eta politikari ohiek sinatutako manifestu batek ere kritikatu du Espainiako Gobernua, "ospakizun gerrazibilista bat" delakoan. Sinatzaileek salatu dutenez, memoria historikoa eta Francoren figura "espainiarren artean beharrezkoa ez den zatiketa sustatzeko erabiltzen ari dira". Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroak oroitza-ekimena defendatu du, "demokraziaren arrakasta kolektiboaren aitorpen gisa", eta oposizioari eskatu dio "askatasunaren ospakizunarekin" bat egin dezala.

NO HAY COMENTARIOS